Katalanismo eta euskaltzaletasun politikoen arteko begiradak (1876-1919)

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Eusko-katalanismoaz Gregorio Balparda bilbotar politikariak Errores del nacionalismo vasco (1918) idatzi zuen, mugimendu politiko egituratua gorpuzturik zelakoan. Liburuko atal baten izenburua aski adierazgarria dugu: Del bizcaitarrismo fenicio al catalanista y judaico. Bere helburua: autonomia politikoaren kontra egitea Espainiako batasunaren alde eginez. Beraz, kategoria berria asmatu zuen, Espainiaren batasunaren etsaia horrela identifikatuz. Katalanismoak jadanik ez zuen onespenik espainiar monarkiko eta eskuindarren baitan. Euskal abertzaletasunak lehen arrakasta politiko handia lortu zuen Bizkaian: Bizkaiko Diputazioan gehiengoa 1917ko hauteskundeetan. Beraz, aginte publikoan nabarmenago ageri zen. G. Balparda, delako eusko-katalanismoaren indarra aitzakiatzat harturik, espainolismo monarkikoa aldarrikatzeko, 1919an, Liga de Acción Monárquica alderdiaren sortzailetakoa izan zen. Espainiar nazionalismoaren defendatzaile ziren monarkikoak bildu egin ziren eta ondoko diktaduretako -Primo de Rivera eta Franco- agintari eta zerbitzari publiko askoren mintegia bihurtu zen delako Liga berria.

Baina, benetakoa ote zen delako «vasco-katalanismoa» edo G. Balpardaren asmakizun edo aitzakia hutsa nazionalismo espainiarraren aldeko mugimendua bideratzeko?

Katalunian, 1906az gero, mugimendu sozialen eran autonomia politikoaren aldeko joera hezurmamitu zen. 1905ean Gipuzkoan ere antolatu zen Liga Foral autonomista delakoa. 1914an Kataluniako Mancomunitat erakundetu ondoren, Hego Euskal Herrian antzeko mankomunitatea sortzeko egitasmo proposamenak agertu ziren. Euskal Herriko Diputazioek finantza publikoen arloan autonomia garatu zuten kontzertu ekonomikoaren babesean. Administrazio publikoko beste arloetan ere, beste horrenbeste lortzeko nahia behin eta berriz adierazi zuten, baina arrakastarik ez zuten izan. Bidea asmatu ezinik ari ziren.

Euskal Diputazioek 1917an Gasteizen onartu zuten programa bateratuan, jauzi politikoa eman zuten, bereziki kontzeptuen arloan: Foru aginte osoaren itzultzea eskatzetik autonomia murritzagoa -baina aginte politikoz betea- eskatzera igaro ziren. Euskal jatorriko aginte publiko administratiboaren sorburu den aginte politikoa nahi zuten. Autogobernu politikoaren premia eta egarria sarri adierazita zegoen, joera guztietako alderdien aldetik. Baina bereziki, XX. mende hasieran tradizionalismo katolikoko kideak foruzaletasunaren diskurtsoari loturik agertu ziren. Bestalde, errepublikano federalen baitan ere indartsu ageri zen eskari bera. Eta tartean, abertzaletasun jeltzalea bereziki hirigune modernizatuetan, udal hauteskundeetan sendotzen hasi zen.

Baina, autonomia kontzeptua eta autonomismoa zehaztu zirenean, hitzak eta kategoria politiko honek, hainbat politikarien artean, ezinegona sortu zuen. Ez baita ahaztu behar urte batzuk lehenago Espainian gertatu zena: Cubak autonomia aldarrikatu zuen eta ondoren independentzia lortu. Horrez gainera, 1918ko urtarrilean, Thomas Woodrow Wilson, Amerikako Estatu Batuen presidenteak herrien autogobernu eta autoerabakikuntzaren printzipioa aldarrikatu zuen, nazioen arteko bake iturri izango zelakoan, bereziki Europan. Eta teoria hau aintzat harturik, I. Mundu Gerraren bake hitzarmena sinatu zen Versallesen eta Europan nazio kultural ziren ugari nazio politiko bihurtu ziren.

Beraz, ez da harritzekoa, nazionalista espainiarrengan edozein autonomiak sorrarazten zuen kezka eta ezinegona. Azken batean, autonomia, balizko nazio berriaren onespenerako aurreneko urratsa besterik ez zelako. Bilboko Hermes aldizkariaren inguruan Eusko gobernua sortzearen premia 1918an aldarrikatu zen lehendabizikoz.

Laburbilduz, 1919an, autonomia politikoa onartzeak nazio izaeraren aitorpena erakusten zuela pentsatu zuten bereziki eskuindarrek eta baita tradizionalista katoliko foruzale ugarik ere.

Eusko katalanismoaren sorrera: Liga Vasco-Navarra-Catalanaren egitasmoa

Hala ere, Euskal Herriko eta Kataluniako buruzagi politikoen arteko loturak XIX. mendean barrena jadanik, herri bietako kontrairaultzaile errege zale eta karlisten artean nabari ziren. Baina oraingoan ez dut tradizionalismo katoliko edo karlistan sakonduko. Garrantzitsuagoa deritzot 1876ko urteaz geroztik gertatu zenari. A. Canovas del Castilloren eraginez, Borbondarrak berriz erregetzara itzuli ziren. 1869koarekin parekatuz gero, Espainian Konstituzio politiko atzerakoiagoa jarri zuen indarrean. Hala ere, erlijio eta sinesmen askatasuna esparru batzuetan onartzen zuenez gero, tradizionalista katolikoek, kontserbadoreak izan arren, ez zuten onartzen Konstituzioa. Berau katolikotasunean oinarrituriko erabateko legea izatea nahi zuten, nazional-katolizismoa, alegia.

Euskal Herriko erakunde foralen laguntzaz, foruzaleek Madrilen La Paz (1876-1878) egunkaria sortu zuten, zuzendaria M. Loredo zelarik eta programa hauxe: «Egunkari honek ez du kolore politikorik, eta ez da inongo alderdiren baitan. Baskongaden eta Nafarroaren Foruak defendatzea da bere egiteko bakarra, gainerakoari dagokionez, gertakari politikoen berri inpartzialki ematera eta edozein eratako albisteak argitaratzera mugatzen da. Idazle euskal-nafarrek idatzi eta kolaboratzen dute bertan, Mañe y Flaquer jaunaren, publizista ilustratu katalanaren salbuespenarekin, zeinek erakunde baskongaden defentsa bikaina egin duen». Euskal Herriko egunkariek foruei buruzko artikuluak argitaratzea debekaturik zuten. Horrez gainera, eskubide konstituzionalen bermeak bertan behera geratuta zeuden eta armada hiri nagusietan tente.

Azkenik, 1877an, A. Canovasek foruen bidezko aginte politikoa eta juridikoa desegin zituen eta diputazio probintzialak aginduz ezarri. Liberal foruzaleak gerraren irabazle izan arren, foruzaletasuna garatzeko bide gabe geratu ziren. Giro horretan, La Paz egunkarian foruzaletasun politikotik abiatuz joera politiko berritzailea ernetzen hasi zen.

Madrilen, foruen aurkako kanpaina mediatikoa ondo antolatu eta hedatu zuten. Behin eta berriro Gerra Zibilaren iturria (1872-1876) foruzaletasunaren bidezko autogobernuan zegoela adierazi zuten.

Salbuespen bakarra Bartzelonan gertatu zen. J. Mañe i Flaquerrek, Bartzelonako egunkariaren zuzendaria, Canovasen joera kontserbadorearen alde zegoen arren, Euskal Herriko Foruen aldeko artikulu sutsuak idatzi zituen. Hamar urte lehenago Euskal Herrian ibilia zen eta foruen bidezko autogobernuaren aldeko sutsua bihurtu zen.

1880an, Espainian joera berriko naziotasun bakarreko nazio politikoaren joera nagusitu zen erabat: Estatua eta nazioa bat eta hiritarrak molde bakarrekoak sortzeko egitasmoa zuena.

Errepublikanoak sistema politiko berrian bazterturik geratu ziren. Erro errepublikanotik, Katalunian, katalanismo politikoaren aitzindaria, Valenti Almirall izan zen. Federal-errepublikanoa izanik Estatu katalanaren alde eginez, katalanismo politikoaren sortzailea dugu. 1882an lehen kongresu katalanista izan zen eta, ondoren, ekainaren 17an sortu zuten Centre Catala. Helburua hauxe: «Catalunya y avant; avuy demà y sempre». F. Pi i Margall zen beste buruzagi errepublikanoa, Espainian federalismo simetrikoaren aldekoa izanik, nazio kontzeptua ikuspegi arrazionalistarekin burutu zuen. Elkarrekin bizitzeko borondatean zegoen nazioaren oinarria eta gai honetan E. Renan eta beste europar intelektualak baino zehatzago idatzi zuen. Bestalde, Euskal Herria ondo ezagutzen zuen. Bergaran bizi izan zen eta bertakoa zuen emazte euskalduna: Arsuaga andrea. Las nacionalidades bere liburu garrantzitsuenean, 1876an, honelako ikuspegia adierazi zuen: «Espainian euskaldunen afera Frantzian baino askoz larriagoa da (...) Garaituak, orain kontua ez da foruak errotik ateratzea, baina bai zerbitzu militar eta zerga-salbuespena kentzea. Horiek kentzeagatik espainolagoak izango al dira? Gehiago parte hartuko al dute gure ideia eta sentimenduetan? Ez al da izango beraien eta gure arteko antagonismoa arrazen aniztasunaren ondorio naturala? Nazionalitateen teorietarako irizpide ezberdinak pixka bat konbinatuta, uste dut euskaldunen independentziaren alde egon beharko litzatekeela. Espainiak onartuko al du?».

V. Almirall Euskal Herrian barrena ibili zen Centre Catalá antolatu ondoren, 1882ko abuztuan. Nafarroan, «euskaroak» zerbait behintzat baziren politikagintzan eta ez soilik kultur arloan. Foruzale politikoak ziren eta Lauburu izeneko egunkarian, 1882ko martxoaren 8an, Kataluniaren gorazarrea argitaratu zuten. Beraien ustez, Katalunian gihartzen ari zen katalanismoa foruzaletasun joeraren antzekoa zen. Arturo Campion, euskal herritar eta katalanen arteko loturen aldeko azaldu zen jadanik. Euskaroak V. Almirallen alde azaldu ziren eta ez F. Piren alde, espainiar federalismoa aurretik jartzen zuelakoan era simetrikoan. J. Mañe, A. Canovasen laguna zen heinean, urrutiratzen zihoan. Irlanda, Katalunia eta Eskozia ziren euskaroen erreferentziak. Giro horretan, 1885ean, Liga Vasco-Navarra-Catalana sortzeko asmoa proposatu zuten. Baina 1886an, jadanik Lauburu egunkaria desagertu egin zen, Bilbon La union vasco-navarra egunkari foruzalea argitaratzen zen aldi berean. Eta luzaro iraun zuen.

Kataluniako Lore Jokoetan F. Sagarminaga, A. Campion eta H. Oloriz partaide izan ziren. 1889an F. Sagarminagak brindis batean hauxe adierazi zuen: «Baskongadoek beraien aberriko foru eta askatasunak goraipatzen dituztenean Kataluniako foruak eta askatasunak goraipatzen dituzte». Manuel Murguia, Galiziako abertzaletasunaren aldekoa ere, Bartzelonan zegoen une horretan.

Espainiaren ikuspegi anitza eta konposatua aldarrikatzen zuten, Espainiaren nortasunaren erakusle.

1893an Reusen bildu zen bigarren Asamblea general de delegados de la unión catalana eta honako hau erabaki zuten: «Galizia, Nafarroa eta Baskongadetako ordezkarien eskualde mailako bilera hasi ekimen bateratu baten bitartez erregionalismoaren planteamendua lortzeko».

Urte adierazgarria da aipatutakoa, Gamazoren aurka 1893ko ekainean egindako manifestazioetan, Iruñean foruzaletasun politikoak mugimendu sozialaren dinamika hartu zuelako. Abuztuan, Gernikan, San Roke egunean, espainiar bandera erre eta S. Aranak idatzi zuen lehen aldiz entzun zirela Bilbon eta Gernikan «Viva Euskeria independiente», «Muera España». Gernikan entzun zituenak eta gero, Lliga de Catalunyako presidente Alsina jauna ikaraturik joan zen; La union vasco-navarra egunkarikoen iritzian, aldiz, Gernikakoak foruzaletasunaren aldeko aldarriak baino ez ziren.

Hurrengo urtean, S. Aranak Errores catalanistas izeneko artikulua argitaratu zuen Bizkaitarra aldizkarian. «Euskalerriako» edo euskaroen joera politikoak kritikatuz, foruzaletasuna «separatismoaren» ildoan bideratu behar zela uste zuen. S. Arana Bartzelonan bizi izan zen eta ezagutzen zuen bertako katalanismoa. Baina bere ustez, bizkaitarren politika «euskalerriako» en edo katalanisten politikatik bereizi behar zen.

1898an aldiz, Bizkaiko diputatu probintzial aukeratua izan zen hauteskundeetan. «Euskalerriako»ekin bat eginda lortu zuen irabaztea.

Beraz, XIX. mendeko azken bi hamarkadetan, liberal erroko foruzaletasun kultural eta politikoaren aldekoak katalanismo politikoaren ildoan ari ziren. «Euskalerriako»engan hala ere, erlijio katolikoaren oinarria nabarmenagoa zen.

Aldi berria hasi zen 1906an, Katalunian Solidaritat Catalana alderdiak hauteskundeetan izugarrizko arrakasta lortu baitzuen. Hurrengo urtean, 1907an, E. Prat de la Riba izendatu zuten Bartzelonako Diputazioko presidente. Katalanismoa botere politiko handiagoak kudeatzen hasi zen. Katalanista politikoentzat Gernikako arbola aginte politikoaren ikurra zen eta 1906an Gernikan izan ziren. Beraz, Euskal Herria eta Kataluniaren artean nolabaiteko zubi politikoak ernetzen hasi ziren, diferentzia nabarmenak ere tarteko zirela. Pompeu Fabra (1868-1948) Bilboko Ingeniarien Eskolan irakasle zen. Katalan hizkuntzaren normalizazio ortografikorako arauak egin zituen (1913). Bilbon zela, 1906an, Lluis Duran I Ventosa politikari adiskideari erantzunez, zera azaldu zion: «Bilbao es una cituat de llengua castellana; San Sebastian-me dieune-s’está castellanisant rapidament. Els bilbains, a casa llur, volen managars-s’ho tot ells sols. Fora ingerencies de gent estrany ! els maquetos que no a fiquin alli aoun no’ls demanen ! Vet-aquí l llur regionalisme…! enamorats de Bilbao, satisfets hiperbolicament del seu engrandiment, en el design de fer-se los superiors s’arrapen adhuc a la llengua: l’euskara es antiquissim, no ve de capt altra llengua, es més llengua que l castellá que al cap de vall no es més que un dialecte llatí (i aquí está la cosa: l’euskara per damunt dels castellá..!) per- no le parlen!. ni l’entenen!! Un dia he estat al Centro Vasco, vaig veure-hi retorls en Bascuense, no hi vaig sentir enraonar sinó en castellá. Molts que es deixen dir biscaitarres ignoren completament el Bascuense; es tant difícil! La seva gran dificultat(?): Una altra prova de superioritat.« (Bilbo, 1906.IV.15).

Katalan hizkuntza eta kulturaren garapena katalanismo politikoaren helburu nagusiena zen. Euskal abertzaletasunak euskaltzaletasuna aintzat zuen, baina helburu nagusia agintea lortzea zen.

Mankomunitatea, foruzaletasunak eta Autonomi Estatutuak (1919)

1914an Kataluniako Mankomunitatea antolatu zen, presidentea E. Prat de la Riba zela (1870-1917). Bartzelona oinarri zuela, administrazio publikoaren tokian tokiko antolaketa bultzatu zuen. Aldi berean, katalan hizkuntzaren eta katalan kulturaren garapenerako erakundeak sortu zituen: adibidez, Institut d'Estudis Catalans. Erakunde akademiko hau, ondoren, Eusko Ikaskuntza sortzeko eredu izan zen. 1916an Lausanan, (Suitza) Conférence des Nationalités delakoan euskal delegazioko buru ziren I. Lopez de Mendizabal, J. Izagirre eta L. Elizalde jeltzaleek parte hartu zuten eta doktrinaren arloan txosten argigarria azaldu zuten. Bertan, katalanistei buruzko informazio zuzena eta berria hartu zuten. Autonomismoa zen bidea.

1917an, Cambo Bilbora etorri zen, burgesien arteko aliantza lortu guran. I. Mundu Gerraren giroan enpresariak izugarrizko irabaziak lortzen ari ziren eta Alba Ogasun ministro zenak irabazien gain zerga berezia jarri nahi zuen. Baina bisitaren harian, euskal abertzaletasunak bilkura egin zuen Camborekin eta baita meeting arrakastatsua antolatu ere. Sotaren gidaritzapeko abertzaletasunak laguntza handia lortu zuen, eta ondoren, baita arrakasta ere Bizkaian hauteskundeetan. Lehenengo aldiz Bizkaiko Diputazioan R. Sota Aburto ezarri zen eta euskal abertzaletasun politikagintza berria ekarri zuen.

Adierazgarriak dira R. Sotak ezarri zituen helburuak presidente kargua hartzeko unean, 1917ko maiatzaren hasieran: Katolikotasunaren defentsa, euskal nortasunaren adierazpena eta lau diputazioen arteko mankomunitatea. Horrez gainera, euskararen ofizialtasuna eta unibertsitate barrutia. Eta berehala, Bizkaiko burua eta beste diputatu batzuk Kataluniara abiatu ziren maiatzaren 28an, Pobleteko monasterioan katalanisten ekitaldian parte hartzeko. Ondoren, Bartzelonan eta Bilbon, autonomia lortzeko bide berriak urratzen hasi ziren.

ARGIAn, 2005eko uztaileko zenbakian azaldu genuen 1917ko Diputazioen arteko bilkuren ondoren, 1918an lehen autonomi estatutuak idatzi zirela. Eta guztia porrotean amaitu zela 1919an.

Euskal Herrian, eskuindar monarkikoek kontzertu ekonomikoaren jarraipena aldarrikatzen zuten, baina autonomia politikoaren aurka zeuden. Adibidez, Arabako diputazioak 1919an autonomi estatutuaren aurka egiteko zera adierazi zuen: «Katalanekin berdintzea beraien mailan egongo bagina bezala gu aurkezten hastea da».

Hala ere, autonomiaren premia euskal gizartean gero eta zabalduagoa zegoen. Foruzaletasun osoa lortu ezinik, autonomia politikoan finkatu zen programa politiko berriaren helburu laburra. Eta jauzi honetan, katalanismoak eragin handia izan zuela ez dago zalantzarik. Beraz, eusko-katalanismo delakoaren programa, nazionalismo espainolaren alternatiba gisa jokatzen hasi zen. G. Balpardak honela idatzi zuen: «Hona hemen, bada, azkenean bizkaitarrismoa zerbaitetan gauzatzera iritsi dela. Bere oinarri sentimentalak bera izaten jarraitzen du, sanrocadarena, esana geratu den bezala. Baina argi dakigu jada zein bidetik eraman nahi dituzten Baskongadak, nahiz eta garbi dagoen Mezu hori gure euskal katalanoideentzat gerora garapena izango lukeen gutxienekoen programa bat dela». Bizkaiko Diputazioan landu zen 1918ko autonomia estatutuaren proiektuak Espainiaren baitan antolaturiko euskal estatu baten itxura zuen: Parlamentua eta Senatua aurreikusten zituen eta berrikuntza handiak ziren ohiko Batzar Nagusien erakundetze foralarekin parekatuz gero.

Beraz, hemen erakutsi dugun bezala, hasierarik jadanik, katalanismo politikoak eta euskaltzaletasun politikoak elkarren arteko begiradak, harremanak eta loturak landu zituzten. 1919an, Espainiako Parlamentuan, eusko-katalanismoak autonomia estatutuen proiektuen eztabaida eragin zuen.

Euskadi-Catalunya mintegia
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP), EHUko Gaur Egungo Historiaren Sailak eta Kataluniako Historia Museoak antolatuta, Euskadi-Catalunya mintegia egingo da hilaren 30ean Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan, Eusko Jaurlaritza eta Catalunyako Generalitatea: Erbestetik parlamentuen eraketara arte (1939-1980) izenburupean. Mintegia Euskal Administrazio Publikoetako langileei zuzenduta dago eta kultura, politika eta unibertsitate arloetako ordezkari euskaldun eta kataluniarrak izango dira hizlari. Hizlarien artean, besteak beste, Iñaki Anasagasti, Euskal abertzaletasunaren Agiritegiko Iñaki Goiogana eta Catalunyako Historia Museoko zuzendari Jaume Sobrequés i Callicó izango dira mintegian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


Konstituzio Foraletik (1808) Autonomia Estatutura (1919): «Euskal Estatua, batua eta hirukoitza»
Izenburuan aipatzen den definizioa, ez da nik asmatua, XIX. mendean barrena pentsatua eta adierazia baizik: R. Ford bidaiari ingelesak 1830ean aipatu zuen lehendabizi, eta ondoren Becerro de Bengoa arabarrak, 1876an, foruen oinarrizko administrazio publikoaren aurkako legearen... [+]

Itzaleko kulturgileen historia
Kulturaren itsasoa zabala da, zabala eta anitza. Baina historia beti erabili izan da norbere intereserako, arma garrantzitsuegia da zientzia hau. Emakumeak kulturaren itsaso horretan izan duen partehartzea, interesatuen enbatak estali izan du. Oraingo historialarien zeregina da... [+]

Soldadutzari ez 1847ko Tafallan
Tafallako karriketan barna paseoan, jai nagusien osteko isiltasunaren babesean eta denboraren zurrunbiloan bidaiari, badirudi oraindik senti daitekeela Lau Izkinetan bilduriko hainbat gazteren haserrearen oihartzuna edo Errekoletak Komentuaren parean labana baten sastada,... [+]

Foruen monumentua: Ehun urte foru jauregiari gibela emanda
Gamazo Espainiako Ogasun ministroak prestatutako zerga-sistemaren aldaketak hautsak harrotu zituen Nafarroan 1893. urtean. Foruen aurkako neurria zela-eta, herritarrak zein erakundeak altxatu ziren. Gamazadaren (altxamenduaren) ondoren, foruen aldeko monumentua eraikitzen hasi... [+]

Sabino Aranaren itzala bere heriotzaren mendeurrenean
Ehun urte beteko dira datorren azaroaren 25ean Sabino Arana Goiri hil zela. Espainiako historiografiak gogor kritikatua, euskal nazionalismotik ere ez omen du merezitako errekonozimendua jaso. Arana bere testuinguru historikoan kokatuta aztertu nahi izan dugu mahai-inguru... [+]

Pablo Antoñana: «Idazle izateko sekretu bakarra dago: asko idatzi, eta idatzitako dena erre»
Iruñean, San Frantzisko plazako etxean hartu gaitu Antoñanak. «Ordena eta txukunkeria irudimenik ez duen jendearen kontuak dira» esanda sartu gaitu bere liburutegian.Argazkien eran oroimenean geratu zaizkion gerrako irudiak erakutsi dizkigu. Sekretario... [+]

150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


‘Kontzertismoa’, beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


‘Kontzertismoa’, beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


2017-08-11 | Markel Ormazabal
Turismoaren festak

Ez hain antzina, hiru mende atzera gehienera, kostako herri baten ur territorialak kanoi baten tiramenaren arabera zehazten ziren: jaurtigaia noraino heldu, lehorretik harainokoa izango zen ur territoriala. Lurraldearen zedarritzeko, ordea, kanoia baino hobea da festa, eta hain... [+]


Ekonomia bertokiratzetik zonbiak hiltzerainoko planak dituzte Amikuzen otsailean

Amikuzeko Zabalik elkartearen otsail ostegunetako zita klasiko bihurtzeko bidean da. Aurten zer antolatu duten iragarri dute eta, gaien ugaritasuna eta gaurkotasuna ikusirik, emango dute zeresan franko.


Gasteiz 1813
Europaren etorkizuna erabaki zuen borrokaldia

Gasteizen edonork identifikatu dezake Andra Mari Zuriaren plazan dagoen monumentua. Bonapartistek orain 200 urte galdutako bataila oroitzen du. Nahitaezko irudia gidaliburu turistikoetan. Kale-izendegian ere presentzia nabaria duen jazoera da eta, hala ere, gasteiztarrek ez... [+]


Eguneraketa berriak daude