Sarrerako metaforatik hizkuntza analitikora pasatuz, zergatik erabaki du orain ETAk su-eten iraunkorra eskaintzea? Erantzuna erraza bezain korapilatsua da. Erakunde armatua gidatzen dutenek oraingoa ikusi dutelako horretarako une aproposa. Ez 80ko hamarkadaren hasieran. Ezta Aljerko elkarrizketen porrotaren ondoren ere. Are gutxiago 1998an, Lizarra-Garaziko ateak parez pare zabaldu zirenean. Ez, unea 2006ko martxoaren 22a zen. Aurreko saio guztietan izan dira pentsatu dutenak hura zela une aproposena. Eta izan dira, halaber, unean uneko abaguneko garaileak, jarraitu behar zela pentsatzen zutenak. Nork daki oraingoan oreka zein den?
Irentsi beharreko arantzak
Denborak esango du oraingoan prozesu hau bere bururaino onik iritsiko den, baina badira baiezkoa adierazten duten faktore ugari: su-etenak hartu duen hasierako indarra, iraganean landu eta etorkizunerako iragarri den sukalde lana, sortu den egoera berriarekiko izan diren era guztietako sostenguak -mediatikoak, nazioartekoak, instituzionalak...-, euskal gizartean orain artean ezagutu gabekoa zen ilusio uholdea... Horiek eta askoz arrazoi gehiago ere badira oraingo saioarekiko konfiantza handia izateko. Besteak beste, badirudi ezker abertzaleak ondo olioztatu duela barne kohesioa, hitz larriz idatzitako Erabakia orain edo etzi hartzeko osagai funtsezkoa dena. Eta hala ere, oraindik zalantza guztiak ez dira guztiz askatu, bake prozesu batean, gutxienez erdibidea pasatu aurretik nekez iragarri baitaiteke halakorik.
Eta su-etenaren pilota ETAren teilatutik erori den indar berdinaz erortzen dira galderak. Galdera bakoitzak badu bere arantza. Batek halakoa egingo du: «Eta su-etenaren posizioa defendatzeagatik urtetan zergatik jaso dut nik halako egurra? Orain entzungo didate!». Eta zabaldu den bake prozesuan sinesten badu, galdegileak lehenengo arantza irentsi beharko du. Beste baten galdera halakoa izango da: «Horrenbesteko sufrimendu eta borrokaren ondoren, orain Euskal Herriaren erabaki eskubidearen bermea ere eskaini ez denean, hau onartu beharrean gaude?». Eta honek ere bere arantza barrura. «Bizitza guztia espetxean iragan behar zuten hiltzaile hauek kalera?». Eta arantza barrura. «Torturatzailea epaitu gabe, eta gainera niri irribarre eginez eta ezer lortu ez dudala adieraziz?». «Demokrazia negoziatzen, errendizioa eskura dugunean?». «Urtean 60 hildako izan ditugun garaian Espainiaren batasunari amore eman gabe eutsi bagenion, zergatik jarri arriskuan orain batasun hori?».
Galderak dozenaka pila daitezke eta denek izango dute euren arantza dosia. Baina atzerrian arrakastaz eraman diren bake prozesuetan ikasten den lehen ikasgaia horixe da, arantza ugari irentsi behar izaten dela eta alde bakoitzak bere parrokia arantza irenste horretarako prestatu behar duela. Alde horretatik, bake prozesu hau hasi besterik ez da egin, horrexegatik mentalizazio lana garrantzitsua izango da. Garai bat bukatu da eta beste bat hasi da, eta eragile politiko-sozialek, instituzioek eta herritarrek garai berriarekiko egokitze trantsizioa iragan beharko dute. Hor dago trantsizioaren gakoa: lerro nagusi batzuk marraztu ahal izango dira seguruenik, baina inork ez daki prozesua zehatz-mehatz nola bukatuko den.
Bada joera pentsatzeko ezer gutxi aldatuko dela eta egoerak antzera jarraituko duela. Batzuek saldu ere hala saltzen dute. Bakoitzak du aldaketa hitzaren bere adiera subjektiboa, baina aldaketa asko oso objektibagarriak izango dira, batez ere sufrimenduari dagozkionak. Gatazkak bizi izan dituzten beste herrialde batzuetara begiratuta, aldaketa ugari egon dira, nagusiki indar politiko-sozialen harremanei dagokienez.
Inor ez da horren inozoa arantza hauek guztiak baketsu, zintzo eta leial irentsiko direla pentsatzeko. Sukalde lanetan dabiltzanek prozesuaren luzera, gogortasun eta zailtasunari horrenbeste erreferentzia egiten dietenean, horrexegatik da, besteak beste. Baina bakoitzak jakin beharko du bere leialtasun eta zintzotasuna noraino eraman behar duen eta noraino ez, bai norbera eta bai prozesua bukaerara onik heltzea nahi bada. Iragana hor da beti, ahaztu ezina da eta begirunezko memoria sendoa ere eraiki beharko da. Bestelako kontua izango da iraganetik behin eta berriz prozesua oztopatzeko osagaiak berreskuratzen badira.
Prozesuaren puntu beroak
Bi legealdiko prozesua. Bake prozesua luzea izango da eta dena ondo badoa gutxienez Espainiako Legebiltzarreko zikloaren bi legealdi iraungo du. Dagoeneko lehenengoaren erdian gaude eta 2008an irekiko den bigarrena ere osorik beharko litzateke. Hori gutxienez. Alec Reid apaiz eta bitartekari irlandarrak aditzera eman duenez, Irlandan baino azkarrago joango da prozesua. Besteak beste, kontuan hartu behar da hemen ez dagoela hango komunitate zatiketa edota autogobernuaren bidean jadanik kilometro ugari egin direla. Prozesuaren denbora eta metodologia kontuak nahiko aurreratuta daudela dirudi, baina alderdien mahaia dela-eta sortu diren lehen eztabaida publikoek adierazten duten moduan, sei-zortzi urteko prozesu bat blindatzeko bada oraindik zer eraiki.
Bi mahaiak. Anoetako eskemari jarraituz, -edo komenientzien arabera, Ajuria Eneko Itunarenari, nahi bada- ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko mahaia abian da jada, nahiz eta ofizialki, Espainiako gobernu buru Jose Luis Rodriguez Zapaterok hilabete batzuk barru elkarrizketei ekiteko Kongresuaren baimena lortzen duenean eratuko den.
Alderdien mahaia eratzea korapilatsuagoa izango da, baina denbora kontua besterik ez da eta, ikusten denez, ez gehiegi ere, uda osteaz hitz egiten ari baita. Batzuek lehenago nahiko lukete, Batasunak moduan, eta beste batzuek beranduago, EAJk moduan, jeltzaleek bi mahaien arteko distantzia denboran irudikatu nahi dutelako.
Nafarroa. Prozesu osoan giltzarri bilakatuko da. Alderdien mahaiei dagokienez, esaterako, seguruenik bi mahai eratuko dira, bata EAE mailan eta bestea Nafarroan eta ikusi beharko da biak nola lotu teilatu bereko dinamikan ibili daitezen. UPNk hartuko duen jarrera izango da oztopo handiena, beste indarrek, PSNk barne, argi baitute eratu behar dela. Datorren urteko hauteskunde ostera arte zaila izango da zerbait serioa eta eraginkorra eratzea eta orduan ere funtsezkoa izango da UPN Gobernutik kanporatzea eta gainerako indarrek hartzea Nafarroako gidaritza instituzionalaren lidergoa.
Euskal Herriaren erabaki ahalmena. Eduki mailan prozesuaren giltza nagusia da, ez berau prozesuan zehar gauzatuko delako, baina bai etorkizunean gauzatu ahal izan dadin ateak irekitzeko. Formulazio adostuak izango diren edo hauek nola gauzatuko diren asmatu ezinean, hona eszenatoki posible bat. Bistan da indar burujabe zaleen biltze prozesu bat ematen ari dela, Oinarrizko Hitzarmena sinatutako indarrak hor dira eta EAJk ere garbi adierazia du Euskal Herriak subjektu gisa erabakitzeko duen eskubidea. Baina nola eraman hori errealitatera? Katalunian bada begiratu beharreko ispilu txiki bat: gorabehera ugari ondoren, PSOE eta CiUk akordioa sinatu dute, Artur Masen alderdiaren esanetan «une historiko honetan horraino hel daitekeelako». EAJ eta PSOEren arteko eszenatoki posible bat da Kataluniako hori, baina EAJn ere bi joera ezagunak lehian dira alderdia PSOEren gurpil horretara edo bloke soberanistara bideratzeko.
Alderdien lidergoa. Legealdi honi begira PSOE eta Batasunaren unea da, orain arte ikusten ari den moduan, baina EAJk ere ez du jokoz kanpo geratu nahi. Bai EAJ bai beste indar politikoak jakitun dira herri honetan jeltzaleek duten indarraz, baina, aldi berean, ezaguna da trantsizio garaiek asko alda ditzaketela indar harremanak eta inork ez du lasterketaren aurrean egoteko aukerarik galdu nahi. PSOEk bi norabidetan jokatuko du alde horretatik: PSOE arduratuko da EAJri eskua luzatzeaz eta PSE Batasunarekin eskuz esku aritzeaz. 2008tik aurrera, bigarren legealdiari begira, PSOEren eta EAJren arteko dialektika handitu daiteke, baina ordurako Batasunak ere beste indar bat izan dezakeela irudikatzen du, batez ere prozesuan duen protagonismoak izugarri indartuko duela pentsatzen duelako. Eskema posible nagusi bat da aipatutakoa, eta tartean mugimendu askok norabide batean edo bestean jarri ditzakete aktoreak, edozelako trantsizio garaietan gertatzen den moduan.
Batasuna. Adierazpen publikoetan ahots esanguratsuetan entzuten den arabera, ez dirudi datozen hauteskundeetara izen horrekin aurkeztu ahal izango denik. Sukalde inguruetan ere hori da entzuten dena. Batasunan, sinesten da, edo behintzat hala adierazten da, bake prozesuaren indarrak gauza asko alda ditzakeela eta kontu honetan ere posible dela azkenean aurkeztu ahal izatea.
Presoak. Sasoi honetan inozoenak ere badaki ezin dela horrelako prozesu bat amaierara eraman, konpondu beharreko gatazka horren ondorioz preso diren guztiak kaleratu arte. Baina bistan da prozesu mingarria izango dela. Dagoeneko, besteak beste, Parot doktrina hor dago galga gisa, baina espetxe munduan giro berriaren aztarnak sumatzen hasiko dira. Prozesua indarrez hasiz gero, Madrilen argi dute hurbilketa mugimenduak hilabete batzutan has daitezkeela, ez preso guztiena, baina bai mugimendu esanguratsuak. Askatze kontuak bestelakoak dira eta preso askoren atzerriratzeaz ere irakurri eta entzun da.
Biktimak. Gai korapilatsuena, zalantzarik gabe, ia mende erdiko gatazkak sufrimendu ugari barreiatu duelako han-hemenka. Alde horretatik Espainiako Gobernuarena da posizio gaitzena, ezker abertzalearen eremuan sufritzen dutenek beti jakin izan dutelako garaia heltzen denean berradiskidetze prozesua ezinbestekoa dela; biktimen artean behintzat ez dela garaile eta garaiturik izango. Gaitza denentzat izango da, baina ETAren biktima izan direnen artean zailago, batez ere urteetan garaile bakarraren diskurtsoa oso indar handiz landu izan delako. Bere burua gatazka honen biktimatzat duen bakoitzak eta gizarte osoak lan itzela egin beharko dute memoria eta begirunearen ikuspegitik.
«Ez ditut lagunak berriz armekin ikusi nahi»
Osagai asko dira klabeak prozesu luze honetan eta izango da hariari jarraitzeko denborarik. Euskal Herriaren ondoren Irlanda da bizitzen ari garen prozesu honetan ia gehien entzuten den herrialdea. Hango esperientzia funtsezkoa izan ei da gauden uneraino iristeko. Kazetari honek Ostiral Santuko Akordioen ondorengo lehen hauteskundeak bertatik bertara bizi izan zituen Ipar Irlandan eta Sinn Feineko militante bati barrutik ateratako esaldia iltzatu zitzaion urdailaren barrenean. Ezagun hori ere zenbait urtez espetxean izandakoa zen.
Hauteskunde eguna zen eta Sinn Feineko militante eta laguntzaileek zenbait herritar etxeetatik hautestontzietara laguntzen zituzten beren autoekin, bestela bazen batzuk etxean geratzearen arriskua-eta. Kalean baziren prozesua zalantzan jarri eta abstentzioa bultzatzen zuten kartel batzuk, Republican Sinn Fein alderdiak sinatzen zituen, iraganean mugimendu errepublikarrean izandako zatiketa txiki baten ondorioa zen. «Zer indar dute?», galdetu nion lagunari. «Txikia -erantzun zidan-, jende jatorra da eta gauza askotan nahiko ados nago haiekin». Eta nik, «baina abstentzioa eskatzen dute gaurko, eta zu Sinn Fein laguntzen ari zara jendea zure autoan bozkatzera eramanez». Eta haren erantzuna: «Bai, ez ditut lagunak berriz armekin ikusi nahi».