Garoñako zentral nuklearra: Erradiografia zorrotza 35 urteko eraikinari


2021eko uztailaren 27an
Bertaratu arte, ia ezinezkoa da Santa Maria de Garoña zentral nuklearra ikustea. Valderejoko parke naturalaren ondoan, haitz garaien babespean dago eta lakuak eta paisaia berdeak inguratzen dute. Aparteko lekua da, natura hutsa. Bihurgune bat hartu ostean, ordea, tximini luzea ageri da bat-batean. Alboan, hormigoizko eraikin iluna eta gertu, goi-tentsioko dorreak. Zentrala ez dago isolaturik: baserri bakan batzuez osatutako Mijaraluenga herria bertan dago, muinoan, eta kilometro gutxira, Burgosko probintziako beste hainbat herri. Miranda de Ebrotik iritsiz gero, sarreran «Hiri ez nuklearra» dioen kartela aurkituko dugu. Ipar-ekialderantz, berriz, Araba dugu, bost kilometrora baino ez. Zentralean zerbait gertatuko balitz, Araba bete-betean hartuko luke eta Garoñaren aurka entzundako kritika gogorren ostean, arrisku hori handia den jakin nahi izan dugu.

Izan ere, martxan jarri zutenetik 35 urte egingo ditu Garoñak maiatzean eta Espainiako zentralik zaharrena izango da. Lehenengo belaunaldiko zentrala da, Vandellos I.a (Katalunia) deiturikoarekin eta Zoritakoarekin (Guadalajara) batera. Vandellos I.a 1989an itxi zuten, istripu batengatik. Zoritakoa, zaharkitua dagoela-eta, apirilean itxiko dute. Garoñak, aldiz, 2009ra arte martxan jarraitzeko baimena dauka, baina PSOEk lehenengo belaunaldiko zentralak ixteko konpromisoa hartu zuen hauteskunde kanpainan. Erakunde sozial, politiko eta ekologistek ere ixteko eskatu dute behin eta berriz. Eta hala ere, Garoñak 2019. urtera arte martxan jarraitzeko luzapena eskatzeko asmoa du uztailean eta Espainiako Gobernuan dagoen PSOEk orain erabakia ez du argi. Prozesu horren nondik norakoak aztertu aurretik, zentralaren egoera ezagutzea komeni da.

Kanpoko jendearekiko, zentralaren segurtasun neurriak zorrotzak dira. Hesiz eta kamerez inguratuta dago eta eremu horretatik at egon arren, gertutik ezin zaio zentralari argazkirik atera. Gerta ez dadin, Guardia Zibilak ingurua kontrolatzen du. «Atentatu terroristen aurkako neurriak dira», azaldu digu Antonio Cornadó Nuclenorreko Kanpo Harremanetarako arduradunak. Nuclenor Iberdrola eta Endesarena da eta zentrala kudeatzeaz arduratzen da: «Guk sarerako ekoizten dugu eta Endesa eta Iberdrolak energia hori banatzen dute -azaldu digu Cornadók-. Gertutasunagatik, ekoizpenaren zati bat Euskal Herrira joango dela pentsatzea da logikoena».


Hesia igarota, energia nuklearrari buruzko erakusketa duen Informazio Zentroraino baino ezin gara sartu. Barrurago, tximinia, erreaktore nuklearra gordetzen duen hormigoizko eraikin itzela, bulegoak, mediku zerbitzua, turbinen eraikina, erradioaktibitate gutxiko hondakinen biltegia eta mantentze-lanetarako eraikina daude, besteak beste. Egun normal batean, zentralean 500 pertsona inguruk egiten dute lan eta horietatik 318 Nuclenorreko langileak dira.


Arazo teknikoak

Zentralen funtzionamendua bi eratakoa izan daiteke: presiopeko ura erabiltzen duena eta ura irakiten erabiltzen duena. Garoñaren teknologia bigarren motakoa da: erreaktorean, uranioaren fisioak ura irakiten jartzen du, lurruna sortzen da, hodietatik lurruna turbinetaraino iristen da eta turbinek energia sortzen dute. Ondoren, lurruna Ebro ibaiko urak kondentsatzen du -zentrala ibai ertzean kokatua baitago- eta zikloa berriz hasten da. Munduan mota horretako 100 erreaktore inguru daudela kontatu digu Cornadók, baina lurrunaren eraginez korrosio maila handia dutela frogatua dago. Hidrogenozko injekzioei esker korrosio maila jaistea lortu dutela eta hodiak pitzatu aurretik aldatzearekin arazoa konpontzen dela erantzun digu.

Korrosioaren eraginez teknikoki zentralak dituen arazo nagusiak bi dira. Batetik, sartze barrak deiturikoetan pitzadurak ikusi zituzten 1981ean. Barra horiek oso garrantzitsuak dira, fisio nuklearraren erreakzioa automatikoki gelditzen duten kontrol barrak bertatik igarotzen baitira. Hau da, istripu nuklearrak gelditzeko funtsezkoak dira. Pitzadurak agertu ziren tokiak inguratuz zigilu mekanikoak ipintzea izan da Garoñak aukeratutako konponbidea. Zentralaren aurkako plataformek azpimarratu dute 97 barretatik 66k zartadurak dituztela, baina zigilua 57 barratan jarri da, gainontzekoetan «arazoa ez delako zigilua ipintzeko bezain garrantzitsua», esan du Cornadók. Gainera, uranioa aldatzeko eta bide batez mantentze-lanetarako zentralak bi urtean behin egin ohi dituen geldialdietan barrak ikuskatzeko aprobetxatzen dute, baina ez denak, «aztertu gabe denbora gehiago daramatenak edo arazoa sortzeko aukera dutenak» bakarrik. Azken finean, pitzadura horiek beste hainbat zentraletan ere gertatu direla eta konponbideak antzekoak izan direla nabarmendu du Cornadók, baina Alberto Frías Eguzkiren baitako Arabarik Gabeko Garoña talde ekologistako bozeramailearentzat, zigiluak aldamioak eusteko jartzen dituzten bridak bezalakoak dira eta ez da inondik inora konponbide serioa.

Beste korrosio arazo nagusia barrilete izenez ezagutzen duten elementuan aurkitu zuten, 1996an. Nukleoko elementuak eusteaz eta erregaia hozteaz arduratzen den elementuari pitzadurak agertu zitzaizkionean, aldatu beharrean barra batzuen bidez eustea erabaki zuten. Konponbide hori ere ez da nahikoa Garoñaren aurkako plataformen ustez, korrosioa gelditzeko balio ez duenez barriletea hautsi egin daitekeela baitiote. Cornadóren hitzetan, Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak ontzat eman ditu konponbideak. Kontseiluak, ordea, sartze barren pitzadurak urteekin leku berrietan agertu eta handitu egin direla eta zigilu mekanikoa duten barretan arazo berriak sortu direla adierazi izan du bere txostenetan. Gainera, Alberto Fríasek ziurtatu du Kontseiluak behin-behineko konponbidetzat baino ez dituela hartu.

Zentralak duen euste sistema ere -material erradioaktiboak erreaktoretik ihes egiten badu eraikinetik ateratzea galarazi behar duen sistema- zalantzan ipini izan da, Txernobilgo ezbeharrean huts egin zuen sistema berdina baita: Mark 1 sistema. Cornadóren esanetan, arazorik ematen ez duen sistema dela frogatuta dago jada. AEBetako hainbat zentral nuklearretan, ordea, sistema hori debekatuta dago. Beste era bateko euste sistema ipintzeko, eraikin berria egin beharko litzateke eta Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak nahiago izan du Garoñari Mark 1ean aldaketa batzuk egin ditzala eskatzea.


Zaharra ala beteranoa?

Garoña zentral zaharra dela eta hurrengo belaunaldietako zentralekin alderatuz teknologia oso zaharkitua duela dio Fríasek. Esaterako, zentralak 466 MWko potentzia du, Espainiako gainontzekoak 1.000 MW inguruan dabiltzan bitartean. Potentzia horrekin, Garoñak Espainiako energiaren %2 eta ekoizpen nuklearraren %7 sortzen du; «EAEk kontsumitzen duen herena, Arabak kontsumitzen duen bikoitza, Nafarroak kontsumitzen duena eta Espainiako zentral eoliko guztiek sortzen duten laurdena», dio Cornadók adibide moduan. Bere ustez, 35 urterekin, zentrala beteranoa da, ez zaharra. «Zaharra izango litzateke mantentze-lanik egon izan ez balitz, baina jaio zenean genuen zentrala eta egungoa oso desberdinak dira, teknologia berriei esker osagaiak aldatzen, hobetzen eta modernizatzen joan garelako. Zentrala gero eta fidagarriagoa da eta funtzionamendua gero eta hobea, eta beraz, gero eta seguruagoa». 2005ean teknologia berrietan 14,7 milioi euro inbertitu zituen Garoñak. Erreaktorearen ontzia -zentralen muina-, ordea, ezin da aldatu, baina egoera onean dagoela dio Cornadók. Fríasen iritziz, lehenengo belaunaldiko zentrala azken belaunaldiko bihurtzea ezinezkoa da: «Erreaktorearen ontzia eta ingurua ezin da aldatu eta funtsezkoena hori da; Seiscientosa hartu eta karrozeria soilik aldatuz BMW bat lortzen saiatzea bezala da».

Zaharra edo ez, zentralak iraungitze data batekin jaio ziren, baina horretan ere ez dira ados jartzen. Fríasek dio 25 urteko bizitza izateko diseinatu zirela; Cornadók berriz, 40 urteko bizitza izateko sortu zirela. Are gehiago, 40 urtetik haratago martxan jarraitzea defendatu du zentraleko kideak. Kontatu digunez, hasierako kalkuluak oso kontserbadoreak ziren eta ikusi da erreaktorearen ontzia segurtasun baldintza onetan mantenduz gero ez duela zentzurik zentralaren bizitza 40 urtera mugatzeak. AEBetan dagoeneko 60 urte bete arte martxan jarraitzeko baimena duen zentralik badagoela gaineratu du. Fríasentzat astakeria da hori eta argi du Garoñako materialen higaduran eta gainbeheran zentralaren antzinatasunak eta teknologia zaharkituak zerikusi zuzena dutela. «Zoritaren patologia Garoñaren berdin-berdina da eta Zorita arazo berdinengatik itxiko dute. Zentral haren gainbehera handiagoa da, sarera bizpahiru urte lehenago konektatu zelako, baina Garoña bide beretik doa». Gainera, berak dio orain aitortu nahi ez badute ere denbora luzez bi zentral egiten zituztenean batak bestearekin esperimentatzen zuela eta Zoritak eta Garoñak hala egin zutela. «Batean zerbaitek huts egiten bazuen, bestean egokitzeko aprobetxatzen zuten eta Garoñako pitzaduren, sartze barren eta abarren egitura-arazoak Zoritako berdinak dira». Horretarako ere erantzuna du Cornadók. Dioenez, Zorita ez dute itxiko arazo teknikoengatik edo segurtasun faltagatik. «Gobernuak 2004an erabaki zuen 2006an ixtea, baina zergatik? Ziurra ez delako? Orduan zergatik utzi dute beste bi urtez martxan?».

Hain zuzen ere, segurtasuna bermatzeak funtsezkoa dirudi zentral nuklearretan, istripu erradioaktibo batek izan ditzakeen ondorio larriengatik. Zentralak martxan jarraitzea «errusiar erruletan jokatzea» dela dio Garoñarik Gabeko Araba taldeko bozeramaileak eta egun bakoitzeko, aukera hori handituz doala uste du, sistema geroz eta pitzatuago dagoelako. Cornadóren arabera, aitzitik, istripua gertatzeko portzentajea oso txikia da eta gainontzeko enpresekin konparatuz, arrisku portzentaje txikiena dutenak industria aeronautikoa eta nuklearra direla gogoratu du. Arriskua minimizatzeko, urtean froga asko eta prestakuntza programa ugari egiten direla dio. Bere hitzetan, barne simulakroak ere egiten dituzte eta prebentzio lanari garrantzia ematen diote, zaharkituak geratuko diren osagaiak lehenago aldatuz. Fríasek dio osagaiak konpontzeko Garoñan egiten den inbertsioa ikaragarria dela «eta beraz, horrek esan nahi du oso gaizki dagoela». Bestalde, edozein zentralen antzera, Garoñak geldialdi automatikoaren aukera du. Zerbait behar bezala ez dabilenean, zentralak gelditu egin beharko luke. Behin baino gehiagotan geratu izan da automatikoki Garoña, baina Cornadóren ustez ez da gauza txarra: «Gelditze maila egokia du; zerbait gertatuz gero ez geratzea izango litzateke txarra».


Hutsegiteak

Prebentzio sistemak erabili arren, ustekabeko bat baino gehiago jazo dira bertan. Cornadók lurrikaren intentsitatea neurtzeko erabili ohi den eskalaren antzekoa erakutsi digu. Nuklearren eskala «istripu» eta «gorabehera» mailaketetan banatua dago eta gorabeheren baitan, arrisku gutxieneko mailak «anomalia» izena hartzen du. Hortik beherako hutsek segurtasunerako arriskurik ez dutela dio eskalak. Garoñak bere bizitza osoan izan dituen okerrik arriskutsuenak hiru «anomalia» izan direla ziurtatu digu Cornadók. Bata ura galdu zuen hodi baten haustura izan zen eta beste bi anomaliak juxtu 2005ean jazo dira. Martxoan, tximiniara doan airearekin lan egiten duten haize aparatuko balbuletako bat gaizki zebilela konturatu ziren. «Aldatu eta kito, ez zen arriskurik egon». Ekologistak Martxan taldeko Francisco Castejónek gogoratu duenez, ordea, Harrisburgeko (AEB) istripu erradioaktiboaren -Txernobilgoaren atzetik, munduko larriena- antzeko zerbait gertatuz gero, haize balbulak funtsezkoak dira erradioaktibitateari eusteko.

Iazko bigarren anomalia: zentraleko tenperatura markatzen duten sentsoreek 3 graduko akatsa zuten. «Itxuraz segurtasunerako ez du garrantzirik», gaineratu du Cornadók. Baina zentralek tenperatura eta presio zehatzetan egiten dutela lan gogoratu du Fríasek eta horregatik, koadro elektrikoak tenperatura gaizki markatzea ez zaio inondik inora hutsala iruditu. Horiez gain, ugariak dira Garoñari buruz ofizialki Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak kaleratu dituen hutsegiteak (ikus hurrengo orrialdean dagoen Sekretismoa izenburuko atala).

Hutsegiterik ez dagoenean ere, ez kaltegarritzat jotzen diren partikula edo isotopo erradioaktiboak aireratzen ditu tximiniak. Fríasek kontatu digunez, ordea, 1970etik hona kaltegarritzat hartzen den partikula kopurua murriztu egin da -lehen 100 milikurioko kopurua osasunerako kaltegarria zela uste zen; egun, kopuru hori milikurio 1ekoa da- «eta beraz, 35 urte hauetan igorri dituzten kopuruak kaltegarriak direla ikusi da». Bestalde, ura hozteko zentralak ibaiarekin sistema irekia duenez, isuriek Ebro kutsatu dutela dio Fríasek: «Ebroko lokatzetan aurkitutako isotopo erradioaktiboei buruz galdetu genienean, Txernobilgo hodei erradioaktiboaren eragina zela erantzun ziguten!». Egun, Garoñak ezingo luke Ebroren alboan egon, zentralak ibaien iturburuan kokatzea debekatua baitago. Dena den, Cornadóren arabera, ibaiko ura, landareak, arrainak, animaliak, airea, elikadura eta oro har ingurumena aztertuz 60.000 analisi baino gehiago egin dituzte eta zentralak inguruan duen inpaktua «antzemanezina» dela ondorioztatu dute.

Eta gizakioi dagokigunez? «Egunerokoan beste hainbat iturritatik jasotzen dugun erradiazio maila kontuan hartuz, zentralak sortzen duena irrigarria da», dio Cornadók. Garoña sortu zenetik bertan 4.000 lagun inguruk lan egin dutela, zerbitzu medikuak denei segimendua egin diela eta eraginik ez dela frogatu esan digu. Halaber, zentraletan lan egiten duten 60.000 estatubatuarri egindako azterketa, Eusko Jaurlaritzak Araban egindakoa eta Espainiako Gobernuak burututako ikerketa aipatu ditu. Horietan, «ezin izan da ondorioztatu zentral nuklearrean lan egiteak horrekin lotutako gaixotasunak sortzen dituenik». Guk 2000. urtean Alcalá de Henaresko Unibertsitateak kaleratutako ikerketa aipatu diogu. Zentraletatik zenbat eta hurbilago bizi, minbizia izateko aukera orduan eta handiagoa dela ondorioztatu zuen azterketak, baina gaixoen ohiturak, aurrekariak eta oinarrizko datuak kontuan hartu gabe egindako ikerketa «oso txarra» dela erantzun digu Cornadók. Fríasek berriz, beste bat aipatu digu: Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutuak egindakoa. Horren arabera, Garoña eta Zoritatik 30 kilometroko distantzian dauden herrietan minbiziak jota hil direnen indizea nabarmena da. Talde ekologistak aspalditik dabiltza zentral inguruetan ikerketa epidemiologikoak egiteko eskatzen. Erantzunik jasotzen ez zutenez, Garoñarik Gabeko Arabak Osakidetzako datuak alderatu zituen eta EAEn minbiziak jota hildako jende kopuru altuena dutenak Garoñatik gertuen dauden hiru zonaldeak direla ikusi zuten. Azterketak bestelako datuak ez zituela kontuan hartu eta zehaztasuna falta zaiola onartu du bozeramaileak, baina segidan istorio zirraragarria kontatu digu: Miranda de Ebroko ospitalean lan egiten zuen medikuak azaldu zien harrituta zegoela jendea larrialdietara ohiko arrazoiengatik joan beharrean minbiziarekin joaten zelako. «Hori esan eta bi hilabetera medikua lekuz aldatu zuten».


Hondakinak, bertan

Kutsadurari lotuta larrialdia sortzen duen beste gai bat hondakin erradioaktiboena da, batez ere behin behineko konponbidea dutelako -urteetan eta mendeetan leku seguruetan gordetzea da egun dagoen aukera bakarra, horiekin zer egin erabaki arte-. Erradioaktibitate baxuko hondakinak bidoietan gordetzen dira eta noizean behin, horiez arduratzen den Enresa enpresak kamioietan Kabrilgo (Kordoba) zentrora eramaten ditu, gainontzeko zentralen hondakinekin batera. Erradioaktibitate altukoak, berriz, erreaktorearen buru ondoan dagoen igerilekuan gordetzen dira, urak hoztu egiten dituelako, erradioaktibitatea gutxituz. Leku faltagatik, ordea, hondakinak lehorrean gordetzen hasi den zentralik badago. Cornadók dio 35 urte hauetan erradioaktibitate altuko 1.400 bidoi hondakin sortu dituztela eta igerilekuak 2.600 osagai gordetzeko ahalmena duela, «2019. urtera arte». Fríasen esanetan, 1997an igerilekuaren %87 beteta zutela dioten txostenak kaleratu izan ditu Kontseiluak. «1999an jada ez zitzaien erradioaktibitate altuko hondakin gehiago sartzen; beraz, lekua egiteko asko estutu behar izan dituzte». Dena den, etorkizunerako, Espainiako zentral guztietako erradioaktibitate altuko hondakinak herri bakarrean biltzea da Enresaren asmoa. Udal horrek urtero 12 milioi euro jasoko lituzke, baina ez dirudi oraingoz hondakinak bere lurretan hartzeko prest dagoen herririk agertu denik.


Luzapenaren erabakitzaileak

Egoera horretan, Garoñak 2019. urtera arte martxan jarraitzeko baimena eskatuko du uztailean. Azken hitza Espainiako Industria Ministerioak izango du, baina lehenago, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak zentralak aurkeztuko dion txostena aztertu beharko du. Txostena idazten 2002. urtean hasi ziren eta Kontseiluak kontuan hartuko dituen hiru ezaugarri nagusiak ditu ardatz: antzinatasuna, segurtasuna eta erradiologi inpaktua. Horrekin batera, Kontseiluak aldizkako ikuskapenak egin ohi ditu eta bere erabakia funtsezkoa da, zentrala martxan jarraitzeko gai ez dela badio, zuzenean itxi egin beharko litzatekeelako. Cornadók Kontseilua 400 teknikari independentez osatua dagoela dioen arren, Fríasek ez du uste hain independenteak direnik. Orokorrean, Kontseiluko kideak energia nuklearraren eta zentralen alde daudela dio. Energia Nuklearraren Batzordea Frankismo garaian jaio zen, Espainian energia nuklearra ezartzeko asmoz. Trantsizioan izena aldatu bazuen ere, kideak berdinak direla dio. «Azken finean, zentral nuklearrei buruzko esperientzia duten teknikariak, logikoki, zentral nuklearretan lan egiten dutenak eta foro nuklearrarekin lotuta daudenak dira. Mundu itxia da». Cornadók berak aipatu digunez, zentralean Kontseiluko bi kide dituzte.

Azken erabakia, dena den, Gobernuaren esku dago. 1971n sortutako zentralari hasiera batean 25 urteko bizitza eman zitzaion, baina PSOEk lau urteko luzapena eskaini zion 1995ean eta ondoren PPk beste 10 urteko bizitza baimendu zuen. Hala ere, talde ekologistak 2009a aurretik itxi egin behar dela uste du eta beste 10 urteko luzapena ez du planteatu ere egin. «2019ra arte eskatuz, gutxienez 2009ra arte jarraitu ahal izateko asmoa dutela uste dut -dio Fríasek-, beste 10 urte aurreikustea astakeria baita». Hala ere, energia nuklearraren aldeko eztabaida puri-purian dago -ikusi orrialde honetako koadroa- eta PSOEk jada ez du hain argi hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoa: zentralak pixkanaka desegitea. «PSOEk bere kanpainetan energia nuklearra ez sustatzeaz hitz egin du beti, eta ez desegiteaz; beste hainbat arrazoiren artean, gaur egun ezinezkoa delako», esan digute Industria Ministeriotik. «Luzapena eskatzen digutenean -gaineratu dute- gaia aztertuko dugu, oraingoz ez dugu ezer erabaki, baina oso zentral zaharra dela kontuan hartuko dugu». Fríasentzat, Zorita itxi egingo badute, ez da normala «ahizpa bizkia» zabalik uztea, baina badaki historikoki enpresa elektrikoen presioa handia dela: «Erabaki honen atzean irabazi ikaragarriak dituen negozioa eta Iberdrola eta Endesa daude; bestela, dudarik gabe, Garoña itxita egongo zen». Ixtekotan, Vandelloseko zentrala da Espainiak duen aurrekari bakarra: deuseztatzeko sei urte eta 94,6 milioi euroko inbertsioa behar izan dira. Orain, hilerri nuklearra da hura, urtetan sortu zituen erradioaktibitate altuko hondakinak han jarraitzen baitute. Hondakinei behin betiko konponbidea aurkitu arte, eta Garoña itxiz gero, bere etorkizuna berdina izango litzateke.

Bitartean, Espainiako Gobernuak ez du zentral honi buruzko iritzirik eman nahi eta energia nuklearraren bilakaerari buruzko Mahaia osatu berri du. Era guztietako erakunde eta elkarteak biltzen dituen Mahai horren lehenengo ondorioak maiatzerako espero dira. Oraingoz, zentralen inguruan ikerketa epidemiologikoak egitearen beharra adostu dute, baina datarik jarri gabe.

Segurtasuna
«Zoritaren patologia Garoñaren berdin-berdina da eta Zorita arazo berdinengatik itxiko dute. Zentral haren gainbehera handiagoa da, baina Garoña bide beretik doa».
Alberto Frías

«Gobernuak 2004an erabaki zuen Zorita 2006an ixtea, baina zergatik? Ziurra ez zelako? Orduan zergatik utzi dute beste bi urtez martxan?».
Antonio Cornadó

Nuklearren eztabaida berpiztua

Batez ere energiaren gero eta kontsumo altuagoak eta petrolioaren garestitzeak eraginda, krisi energetikoa askoren ahotan dago jada. Lobby handiak eta multinazional ugari egoeraz baliatu dira, energia nuklearraren aldeko eztabaida berpizteko. Energia nuklearrik gabe, egungo kontsumoari eustea ezinezkoa dela diote, baina talde ekologistek bidea energia alternatiboak eta energia aurreztea direla erantzun dute. Kiotoko protokoloa betetzeko zentral termikoek baino CO2 gutxiago sortzen dutela eta herrialdeei energetikoki independenteagoak izateko aukera ematen diela ere nuklearren aldeko arrazoi nagusitzat erabili dituzte. Kiotoko protokoloak, ordea, klima aldaketari aurre egiteko energia nuklearra erabiltzea guztiz debekatzen du. Halaber, zentral nuklearrek ordezkatuko lituzketen zentral termikoek berotegi-efektuarengan duten eragina %10ekoa baino ez da. Independentzia energetikoari dagokionez, uranioa ere beste herrialdeetatik inportatu beharko luke Europak eta gainera erregai hori gero eta urriagoa -eta garestiagoa- da. Bestalde, Massachusettseko (AEB) Institutu Teknologikoak 2003an kaleratu zuen ikerketaren arabera, zentral nuklearrak sortutako energia elektrikoa ez da errentagarria eta urtarrileko azken Eurobarometroak dio europarren %12k baino ez duela uste Europako Batasunaren mendekotasun energetikoa nuklearrek konponduko luketela.

Hala ere, nazioartean dauden joerak anitzak dira. Egun, 443 erreaktore daude munduan. Europan, esaterako, hainbatek ez du zentralik (Austria, Italia), pixkanaka ixtearen aldekoak daude (Alemania), beraien zentralak mantentzen dituztenak (Britainia Handia, Holanda, Belgika) eta berriak eraikitzearen aldekoak (Frantzia, Finlandia). Asian, energia nuklearra indartsu berpiztu da eta AEBetan, zentral nuklear gehiago egitea ahalbidetzen duen lege energetikoa onartu berri dute.

Etxea bost kilometrora

Gaubea udaletxe bakarra duten 26 herrik osatzen dute eta 1.200 biztanle ditu. Herrixka txikiz eta nekazal lurrez betetako Arabako leku hau Garoñako zentral nuklearretik 5-7 kilometrora dago. Beraz, Burgosko Gobernu Zibilaren ardurapean dagoen Larrialdi Nuklearrerako Planean, 10 kilometroko eremurako prestatu dituzten ekintzak dagozkio. 10 kilometro horietan 1.700 pertsona bizi dira eta beraientzat konfinamendua eta ebakuazioa aurreikusi ditu planak. 30 kilometroko eremuan, berriz, 50.000 lagun baino gehiago bizi dira eta bertan ur eta elikagaiei dagozkien neurriak hartzea baino ez da aurreikusi. 30 kilometro baino gehiagorako, ez da neurririk ezarri. Baina AEBetan esaterako, ebakuazioa 30 kilometroko eremuan aurreikusi dute eta erradiologi kontrola 80 kilometrora artekoa da. Txernobilgo istripu famatuan, 90 kilometrora arteko zonaldeak ebakuatu behar izan zituzten eta eremu horretan 1.500.000 pertsona bizi dira Euskal Herrian.

Gaubean, zehazki, irratia dute udaletxean. Zentralean zerbait gertatuz gero, irratitik ohartarazteko konpromisoa du Garoñak »orain arte inoiz ez du abisurik eman» eta irrati ondoan zinegotzi edo teknikari batek egon behar du. Gu arratsaldeko 17:00etan hurbildu ginenean, ordea, han ez zegoen inor. Larrialdi abisua jaso ostean, gainontzeko herrietara hots egingo litzateke eta bozgorailuetatik biztanleria konfinatzera deituko lukete. Gainera, herri bakoitzeko udalbatza aretoetan gordeta dauden iodozko pilulak biztanleen artean banatuko lirateke. Egin dituzten simulakroak, ordea, agintarien artean egin dituzte, ez biztanleekin. Horregatik, «teoria hor dago, baina ez dakigu praktikan nola aterako litzatekeen», aitortu digu Rosa Mari Etxebarrieta Gaubeako oposizioko zinegotziak. Ebakuazio planak ere ez dirudi oso txukuna: haizearen arabera Burgoserantz edo Gasteizerantz alde egin beharko lukete, eta errepideak oso txarrak direla kritikatu du Etxebarrietak. Guk, gure simulakro propioa egin dugu. Argazkilariak azeleragailua ondo zapaldu duen arren, bihurgunez betetako Pobeseko bidetik »azkarrena, Etxebarrietaren arabera» 35 minututan iritsi gara Gasteizera eta Alberto Frías Garoñarik Gabeko Arabako bozeramailearen esanetan, hodei erradioaktiboak Gasteizera iristeko 30 minutu inguru beharko lituzke.

Hala ere, Gaubeako jendeak zentralaz ez duela hitz egiten eta beste ardura batzuk dituela ziurtatu digu zinegotziak. Udaleko, Aldundiko eta Jaurlaritzako alderdi guztiek ere zentrala ixtearen aldeko adierazpena onartu dute, baina ez da ezer egin. Etxebarrietak kontatu digunez, Gaubeako diru iturri nagusia zentralak ematen diena da eta diru hori galtzeko beldurra dago herritarrengan nahiz udalean. «Garoña pikutara badoa, ez dago dirurik eta dirurik ez badator, ez dira gauzak egingo», dio. Herriek jasan dituzten berrikuntza eta hobekuntza asko zentralak emandako diruak ordainduak dira. Gainera, Garoñak inguruko errepideak konpondu ditu. Diruak isilarazita agian, herrian inork ez duela zentrala aipatzen errepikatu digu zinegotziak eta arraroa badirudi ere, kanpoan jendea kontzientziatuagoa dagoela uste du.

Teknologia
«Jaio zenean genuen zentrala eta egungoa oso desberdinak dira, teknologia berriei esker osagaiak aldatzen, hobetzen eta modernizatzen joan garelako».
Antonio Cornadó

«Erreaktorearen ontzia eta ingurua ezin da aldatu eta funtsezkoena hori da; Seiscientosa hartu eta karrozeria soilik aldatuz BMW bat lortzen saiatzea bezala da».
Alberto Frías

Sekretismoa
Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak jakinarazitako hutsegiteetako batzuk: 68.000 litro eta bi urtera 14.000 litro ur erradioaktiboren ihesa Ebrora; zentralaren pitzaduren handitzea eta hodi baten apurketaren ondorioz lurrera igaro zen kutsatutako uraren ihesa. Halaber, Garoñarik Gabeko Arabako kideek nabarmendu dute duela urte batzuk lurrun kutsatua erregulatzen duten balbulek huts egin zutela, oker larria dela azpimarratuz, eta programatu gabeko geldialdi asko egon ohi direla diote. Hala ere, zentral nuklearraren inguruan sekretismo handia dagoela uste dute. Haien esanetan, Kontseiluak ezkutatuta zuen txosten baten arabera Garoñako suteen kontrako sistemak akatsak ditu eta beraz, istripua egotekotan ezin da zentrala modu seguruan geldituko denik ziurtatu. Gainera, eskuratu ahal izan duten Kontseiluaren barne txosten batek dio zentral nuklearren batek matxura edo istripua jasanez gero, «herritarrei informazio faltsua edo anbiguoa» eman behar zaiela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Garoña
Enpresa publikoak eraitsiko du Garoña, 40 urtez Iberdrola eta Endesak ustiatu ondoren

Espainiako Gobernuaren Enresa enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna, eta eraisketa lanetarako guztira 475 milioi euroko gastua aurreikusi dute. 40 urtetako etekinak pribatuak izan eta gastuak publikoak izan direla salatu du Araba Garoña Gabe... [+]


Garoña eraisteko baimena eman du Espainiako Gobernuak

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITECO) izan da zental nuklearra eraisteko baimena eman duena. Horri esker, Enresaren enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna.


2022-12-19 | Hala Bedi
Garoñaren desegitea 2023ko ekainean hasiko da

Ekainean hasi eta hamar urte inguru luzatuko dira Garoñako zentral nuklearra desegiteko lanak. Bi fasetan egingo dira, erreaktorea desegin aurretik igerilekuak husteko. Hondakinen %15 zentralean bertan geratuko da.


2021-11-26 | Hala Bedi
Eguzkik alegazioak aurkeztu ditu Garoñaren desegitea “segurua eta gardena” izan dadin

Ascoko zentral nuklearrean izandako istripu hilgarriaren biharamunean, Eguzki talde ekologistak salatu du Garoña desegiteko Espainiako Estuak martxoan aurkeztutako desegite proiektuak ez zituen jasotzen "ez neurririk, ez segurtasun-arriskurik, ez esperientziarik... [+]


2021-11-25 | Leire Artola Arin
Langile bat hil eta beste hiru zauritu dira Tarragonako zentral nuklear batean

Segurtasun iturrien arabera, karbono dioxido isuri batengatik gertatu da Ascoko istripua, ez "jarduera erradiologikoagatik". Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak ohartarazi du zentral horietan “beste ezeren gainetik, lehentasun nagusia” izan behar... [+]


2021-07-27 | Daniel Udalaitz
Zentral zaharkituari ez dizkiote ateak itxi nahi
«Onartezina eta ulertezina da honelako planta batek (Garoñakoak) gaur egun oraindik ere martxan jarraitzea. Bere eragin esparruan bizi diren milioi bat inguru pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen dituen erloju bonba da eta martxan jarraitzeak kalte egiten... [+]

Garoña itxita uztea edo berriro zabaltzea, biak kezka iturri

Garoña itxi zen garaiko ospakizunak urruti daude. Lasaitua hartu genuen gehienok, zentral nuklearraz ahazten has gintezkeelakoan


Garoña 2011: garaipena atzamar puntetan
Garoñako zentral nuklearra 2011n itxiko da azkenean. Ez da onena, baina ezta txarrena ere. Egia esan, aukera okerren artean zuzenetakoa da, betetzen bada bederen eta jadanik badirudi Espainiako Gobernuak oso gaitza izango lukeela atzera egitea. 40 urte egitean itxiko... [+]

2021-05-05 | Arabako Alea
Garoña desegiteko prozesuan gardentasuna eta biziberritze plan bat eskatu du Eguzkik

Eguzkik alegazioak aurkeztu dizkio Garoña desegiteko proiektuari. Talde ekologistak ingurunea eta segurtasuna fase guztietan aztertzea eta ingurunea biziberritzeko plan bat eskatu du, besteak beste.


2019-08-30 | ARGIA
2021ean hasiko dira Garoñako zentral nuklearra eraisten, Espainiako Gobernuak dioenez

2012. urtetik geldi dago Garoñako zentral nuklearra eta 2021ean hasiko dira hura eraisten, Espainiako Gobernuak EH Bilduren galdera parlamentario bati erantzunez informatu duenez.


Garoñako langileek jasotako irradiazio-mailan irregulartasunak atzeman dituzte azken ikuskapenean

Eraiste-aurreko lanen plangintzan gabezia nabariak daudela adierazi du Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak. Ikuskatzea joan den martxoan izan zen, eta batzordeak ateratako txostenak dio langileen irradiazio-mailaren kalkuluaren gainean eragin handia izango dutela plangintzaren... [+]


2019-06-07 | | Arabako Alea
Aurreikusitakoa baino erradiazio gehiago jaso dute Garoñako langileek

Zentral nuklearraren eraispen lanen planifikazioan "gabeziak" daudela egiaztatu du CSNk, eta ohartarazi du egoera horregatik Nuclenorrek erradiazio arriskuen berrebaluazioak egin behar izan dituela. Jasotako erradiazio dosi kolektiboak zehazteaz gain, dosi indibidualak... [+]


Eguneraketa berriak daude