Etxebizitza babestuen prezioa gehiago igo zen iaz libreena baino

  • Hipoteka kredituek zerikusi handia dute ikaragarri garesti jarraitzen duten etxebizitzen prezioarekin. Urteroko gehikuntzaren abiadura moteltzen ari dela dirudi ordea. Hego Euskal Herriko etxebizitza babestuen prezioak Espainiako garestienak dira. Katalunia, Balearrak eta Madril dira Hegoaldea bezala metro koadroko 1.000 eurotik gora ordaindu behar izaten dutenak. Ipar Euskal Herriko etxebizitzen prezioen igoera ere ez da gelditzen; igoera hori Hegoaldekoa baino handiagoa izatera iritsi da.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Etxebizitza librearen prezioa 2005ean %12,8 igo zen Espainiako Estatuan eta hain zuzen ere hori izan zen azken lau urteetako gorakadarik apalena. Etxebizitza babestuaren prezioa -araututa dago prezio hori- %5,5 hazi zen, eta etxebizitza librea nahiz babestua barruan hartzen dituen prezioen indize orokorra, berriz, %12,6. 2005eko abenduaren 31n, etxebizitza librearen prezioa metro koadroko 1.824,3 eurokoa zen eta etxebizitza babestuarena, metro koadroko 945 eurokoa. Hala ondorioztatzen da Espainiako Gobernuaren Etxebizitza Ministerioak emandako datu ofizialetatik. Ministerioaren estatistiketan EAE eta Nafarroaren datuak ere badatoz.


Euskal Herria, garestiagoa

Deigarriena da Espainiako Estatu osoko estatistika datu orokorren eta Euskal Herriko datuen artean dagoen aldea. Garestiagoa da etxebizitza Euskal Herrian Espainiako eta Frantziako Estatuetako beste leku gehienetan baino. Gainera, prezioak gehiago igo dira Iparraldean Hegoaldean baino. Hori harrigarria bada, harrigarriagoa da oraindik gehiago garestitu direla araututa egon behar duten eta gizarte funtzioa betetzen duten etxebizitza babestuen prezioak etxebizitza libreenak baino.

Horrela, eta betiere datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herriko etxebizitza librearen prezioa -EAEren eta Nafarroaren artean alde txiki batzuk daudela kontuan hartuz- metro koadroko 2.585,7 eurokoa zen 2005ean; %8,9 igo zen, beraz. Hegoaldeko etxebizitza babestuei dagokienez, 2005ean 1.161 euro balio zuten metro koadroko. Hortaz, hazkuntza %11,3koa izan zen.

Ipar Euskal Herriari erreparatzen badiogu, eskuragarri dauden datuek adierazten dute azken hiru urteetan etxebizitzaren prezioa %15 igo dela eta aurreikuspenen arabera datozen urteetan igoera moteldu eta %10ean kokatuko dela. Hona hemen adibide zehatz batzuk: Miarritzen gaur egun 3.800 euro inguru ordaindu behar da metro koadroa; 2000n, aldiz, 1.900 euro inguru nahikoak ziren. Lapurdiko hirietan metro koadroa 2.900 euroan dago; orain dela bost urte, berriz, 1.300 euro inguruan zegoen. Beraz, %17 igo da prezioa.


Prezioen abiadura modu ordenatuan ari da moteltzen

Gaur egun etxebizitzen prezioa gorantz badoa ere, 2004. urtean prezioen abiadura moteltzen hasi zen eta lehengo urtean ere joera berbera antzeman zen. Horrela, datu ofizialen arabera, etxebizitza libreen prezioaren igoera heren bat jaitsi zen Espainiako Estatuan, 2004ko lehenengo hiruhilekoan %18,4tik %12,8ra pasatuz.

Espainiako Estatuko etxebizitzen prezioaren gorakadari dagokionez, gaur egun abiadura modu ordenatuan moteltzen ari da, 80ko eta 90eko hamarkaden hasieran izandako bat bateko moteltzearekin alderatuta. Halaxe ziurtatu du BBVAko Ikerketa Zerbitzuak egindako Higiezinen Egoera izeneko azken txostenak. Txostenak gaineratzen du etxebizitzen igoeraren moteltzea 2003aren bukaeran hasi zela, Espainiako Gobernuaren Etxebizitza Ministerioak prezio berrien inguruan egindako analisi zehatzak erakusten duenez. Zentzu horretan, urtarokotasun datuak eta elementu irregularrak araztu ondoren, ikusten da etxebizitzen prezioaren joera %13 inguruko gehikuntza tasarantz joatea dela, 2003ko %18ra igo beharrean. Prezioen igoeraren moteltze ordenatu hori, Higiezinen Egoera txostenaren aburuz, orokorra da Espainiako estatu osoan, nahiz eta nabarmenagoa den hiri merkatu handiak dituzten erkidegoetan eta kanpo turismora bideratuta daudenetan.

Etxebizitza libre nahiz babestuen prezioak urtez urte gorantz jarraitu arren, eskuragarri ditugun datu guztiek adierazten dute azken bi urteetan prezioen gorakadan antzemandako moteltze ordenatuak jarraitu egingo duela aurten eta baita datozen urteetan ere bai Hegoaldean eta bai Iparraldean.

Etxebizitza duinak, erosteko moduko prezioan
Etxebizitzen prezioaren igoaldiaren aurrean, talde politiko guztiek beren buruei jartzen dioten helburuetako bat etxebizitzak merkatzea da. Horretarako, eraikuntzaren eta enpresa inmobiliarioen munduan egiten diren espekulazio eta irregulartasun ugariak saihestuko dituen legeria behar da. Legeria hori, besteak beste, espekulazio eta negozio geldiezina ezinezkoak egingo lituzkeen lurzoruaren legea izan liteke. Etxebizitza duinak, erosteko moduko prezioan eslogan eta aldarrikapen ona da, baina gaur egun oso urrun gaude hori lortzetik.

Euskal Herriaren kasuan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Lurzoruaren Legea Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatzeko bezperetan gaude. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak, hirukoak eta PSEk Lege horri buruzko ituna adostu dute aurrez. Arrazoi ezberdinengatik PPk eta ezker abertzaleak ez diote itun horri babesik eman eta Aralarrek, lerro hauek idazten ditugunean, ez du oraindik iritzirik azaldu. Ezker abertzalearen arabera, itun horrek espekulazioa eta higiezin-interesak laguntzen ditu.

Politikako eta gizarteko hainbat frontetatik etxebizitzarako eskubidea eskatzen ari dira eta, aldi berean, eraikuntzaren munduko espekulazioa eta irregulartasunak salatzen dituzte. EAEko hainbat joera politikotako profesionalek sustatzen duten ekimenetako batek «ikuspuntu aurrerakoia» izango duen Lurzoruaren Legea defendatzen du. Euren manifestuan diote desberdintasun ekonomikoak dituen gizarte honetan nabaria dela etxebizitzaren negozioaren -lehen mailako negozio iturria den eta urtetik urtera agresibitate enpresarial handiagoa erakusten duena- eta etxebizitza duina edukitzeko eskubidearen artean dagoen kontrastea. Manifestuaren arabera, etxebizitza erosteko garaian eta baita alokairuan hartzeko garaian ere, gero eta tarte handiagoa dago herritarren ahalmen ekonomikoaren eta etxebizitzen prezioaren artean. Beraz, talde horrek uko egiten dio merkatuko lege hori naturaltasunez onartzeari eta, geldiezina dirudien negozioari aurre egiteko, Legebiltzarretik eratorritako lege bat proposatzen du.

Manifestu horretan gaineratu dute lurzoruaren erabilera iraunkorra, hirigintzaren koherentzia eta gizarte justizia bateratzen dituen Lurzoruaren Legea behar dugula, eta gizarte justizia horrek herri eta gizarte mailako integrazioa lortzeko oinarrizko pausoa izan behar duela. Bestalde, taldekideen ustez, eskatzen duten lege horrek gaur egungo desorekei bukaera eman behar die, lurzorua zentzuz kudeatu behar du eta merkatuko neurrigabeko prezioak geldiarazi behar ditu.

Eraikuntzen erritmoa zertxobait jaitsi da
Etxebizitza babestuen kopurua handituko dela zin egin izan digute behin eta berriz, baina gertatu dena da Hego Euskal Herrian 2005ean eraikuntzen erritmoak zertxobait behera egin zuela. Hala ondoriozta daiteke Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren menpeko Etxebizitzaren Behatokiak eta Espainiako Sustapen Ministerioak eskuragarri jarri dituzten azken datuei erreparatuz gero, datu horiek frogatzen baitute 2000tik 2005erako Etxebizitza Plan Zuzentzailea dagoeneko bukatuta dagoelarik etxebizitza libre nahiz babestuak eraikitzen hasteko garaian atzerakadatxo bat egon dela. Plan horren helburua zen etxebizitza babestu gehiago eraikiz, alokairua sustatzeko jarduerak sendotuz, hiri birgaitze eta hiri berrikuntzen bidez, eta abar euskal herritarrei etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea.

Alabaina, esku artean ditugun estatistika datuen arabera, helburu hori ez da guztiz bete. Badauzkagu EAEko datu ofizialak, 2005eko urtarriletik urrira artekoak. Aldi horretan EAEn 2.868 etxebizitza babestu eta etxebizitza sozial eraikitzen hasi ziren; 2004an, aldiz, 4.427. Berdin gertatu zen etxebizitza libreekin ere: 2005eko lehenengo hiruhilekoan 2.616 egiten hasi ziren eta 2004koan 11.794. Bestalde, aldi berberetan, 2.848 etxebizitza babesturen eraikuntza bukatu zuten 2005ean (3.647rena 2004an) eta 2.637 etxebizitza libre bukatu zituzten 2005ean (2004an, ordea, 10.588).
Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez daukagu, baina adierazle guztiek erakusten dute badirudiela eraikuntzak goia jo duela kostaldean, eta jendea barnealdean bilatzen hasi dela kostaldeak ematen ez dion aukera.


Azkenak
Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]


Miranderi buruzko zikloa abiatuko dute Iruñean, bere obraz eta figuraz gogoetatzeko

Astelehen honetan hasita, astebetez, Jon Miranderen obra izango dute aztergai: besteren artean, Mirande nor zen argitzeaz eta errepasatzeaz gain, bere figurarekin zer egin hausnartuko dute, polemikoak baitira bere hainbat adierazpen eta testu.


Apirila, zikloaren hasiera

Udaberrian orain dela egun gutxi sartu gara eta intxaurrondoa dut maisu. Lasai sentitzen dut, konfiantzaz, bere prozesuan, ziklo berria hasten. Plan eta ohitura berriak hartu ditut apirilean, sasoitu naiz, bizitzan proiektu berriei heltzeko konfiantzaz, indarrez, sormen eta... [+]


2025-03-31 | Nagore Zaldua
Udaberrian sakura loreak eta itsas-tomateak

Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.


2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohea berotzearen teknika

Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau aproposa da udako eta udazkeneko mokadu goxoak emango dizkiguten landareen haziak ereiteko.


2025-03-31 | Garazi Zabaleta
Errekauek
“Errekauek” eta “enkarguk” etxean jasotzeko proiektua Azpeitian eta Azkoitian

Duela lau urte abiatu zuten Azpeitian Enkarguk proiektua, Udalaren, Urkome Landa Garapen Elkartearen eta Azpeitiako eta Gipuzkoako merkatari txikien elkarteen artean. “Orain proiektua bigarren fasera eraman dugu, eta Azkoitian sortu dugu antzeko egitasmoa, bere izenarekin:... [+]


2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Eguneraketa berriak daude