Argentina, 1976ko estatu kolpea: Genozidioa, neoliberalismoa ezartzeko

Goizeko 2:45etan Indar Armatuen hiru buruek -Videla jenerala, Massera amirala eta Agosti brigadierra- osatzen zuten batzarrak boterea hartu zuen. Hasiera-hasierako neurriak izan ziren legebiltzarra deuseztatzea, alderdi politikoak debekatzea, zentsura ezartzea eta lan-legedi osoa bertan behera uztea. Aldi berean, patronalaren presidente Martínez de Hoz Ekonomia ministro izendatu zuten. Gibelean geratu zen aurreko diktadura eten zuen hiru urteko prozesu demokratikoa: «Campora presidentziara, Perón boterera» lemapean, hamazortzi urteko debekua gaindituz, peronistak gobernura heldu ziren berriro. Hurrengo urtean, Perón bera itzuli zen eta segituan egin ziren hauteskundeetan hilabete gutxiko hirugarren agintaldiari eutsiko zion. 1974ko uztailaren 1ean hil zen. Baina Perón Madrilen bizi izan zen hamazortzi urte horietan gauzak aldatu ziren Argentinan. Perónek -1945-1955 artean, batez ere- eraiki zuen industriari esker jaiotako langileria bere agintetik kanpo zebilen eta talde gerrillariek ez zioten bakerik ematen. Boterea bera krisian zegoen. Hiru urte horietan zabaldu zen indarkeria politikoari militarrek segida eman zioten: López Regak zuzendutako AAAk ezkertiarrak errukirik gabe hiltzen zituen. Montoneros taldeak eta Herriaren Armada Iraultzaileak (ERP) kasernak erasoz eta agintariak hilez erantzun zuten.

AEBek, baina, Txileko eta Vietnamgo porrotak jasan eta gero, argi zuten beraien hegemoniari eusteko biderik egokiena, eta bakarra, estatu terrorismoa zela. Testuinguru honetan ulertu behar dira Videla jeneralaren kolpea eta 70eko hamarkadan Hego Amerika odoleztatu zuten diktadurak. Beraz, gizarte-eztandari aurre egiteko ohiko hazkunde ekonomikoa errepresio gordinak ordezkatu zuen. Kolpearen helburuak izan ziren sistema bera kolokan jartzea errazten zuten baldintza sozioekonomikoak ezabatzea eta Nazioarteko Moneta Funtsarekiko (NMF) harremanak hobetzea. 76ko estatu kolpea ezberdina izan zen; aurrekoetan hainbat buruzagi politiko hiltzea nahikoa izan bazen ere, azkenengo honetan antolatuta zegoen guztia txikitzea, gizarte oro beldurtzea ezinbestekoa zen neoliberalismoa sendotzeko. HIJOS (desagerrarazitakoen seme-alabak) taldeko partaidea den Lucía Garcíak dioskun bezala, «oligarkiaren ustez genozidioa beharrezkoa zen herri oso bat desegiteko. 30.000 desagertuak ez ziren -Demonio bien teoriak dioenez- gerrillariak, behargin eta pertsona xumeak baizik; bestela, ezberdina izango zatekeen historia». Córdobako La Perla-n, Banfieldeko El Pozo-n, Buenos Aireseko El Atlético-n edota ESMAn (Armadaren Goi Eskola Teknikoa) eta horrelako milaka atxilotze zentro klandestinoetan torturatu zituzten geroxeago desagerraraziko zituzten 30.000 pertsona. «Ezinezkoa zen, demagun, 5.000 pertsona fusilatzea, Argentinako gizarteak ezingo zuen horrelakorik onartu. Bat egin genuen guztiok, eta ados ez zegoenak alde egin zuen», aitortu zion Jorge Rafael Videla jeneralak María Seoane kazetariari, El Dictador liburua prestatzen ziharduela.

Kolpearen inguruan sortutako boterearen -oligarkia, militarrak eta nazioarteko kapitala- plan ekonomikoa berehala jarri zen martxan; ezaugarri nagusiak honako bi hauek izan ziren: merkatua zabaltzea kanpoko produktuei eta kapital-mugimenduak guztiz askatzea. Aldi berean, NMFk esandakoari jarraituz, ongizate estatua ahuldu zen: hezkuntza eta osasunerako diru kopuruak ia desagerrarazi ziren, langileen erosteko gaitasuna murriztu zen eta 10 orduko lan-eguna dekretatu zen. Arestian esan dugun legez, kapitalaren etekinak handitzeaz gain, garrantzitsua zen herria ekonomikoki ahultzea.

Erik Zubiaga ikertzaile arrasatearrak honela laburbiltzen digu Diktaduraren norabide ekonomikoa: «1976ko erregimenak Argentinako historia osoan sekula ikusi ez diren diru metaketa eta kanpo zorra eragin zituen. Argentinako oligarkiaren pentsamoldean atzerriko kapitalak berebiziko garrantzia izan du betidanik. Baina Diktaduraren kudeaketak barregarri utzi zuen kontzeptu historiko hori. Zortzi urtetan, kanpo zorra 8.000 milioi dolarrekoa izatetik, 45.000 milioikoa izatera pasa zen eta, tarte horretan, industriaren alde esanguratsua desagertu zen. Inflazioak ez zuen behera egin eta Argentinak nazioartean zuen rolak atzera egin zuen, biztanleak txirotuz. Kanpoko produktuei ateak zabaltzeak eta etengabeko zorrak 1980-81eko finantza krisialdia sortu zuten eta harrezkero, ordainezina den zorra».

Rodolfo Walsh kazetari eta idazleak estatu kolpearen lehenengo urteurrena bete zenean Junta militarrari gutun irekia idatzi zion. Bertan juntari adierazi zionez, «gobernu honen politika ekonomikoan krimenen azalpena baino, milioika pertsona pobrezian bizitzera zigortuko zituen aurreikusitako miseria aurkitu behar da». Hurrengo egunean, ESMAko talde batek kale erdian hil zuen Walsh.

Errepresio sistematikoari dagokionez, basatienak hasierako urteak izan ziren. Lehenengo urteko kopuruak hauexek dira: 15.000 pertsona desagerraraziak, 10.000 preso, 4.000 hildako. Militar sekretuek atxiloketak bahiketa bilakatu zituzten eta, gauero, Fokker F27 hegazkinetatik botatzen zituzten ikasleen, langileen eta bestelakoen gorpuak Río de la Platako uretara. Ohikoak ziren torturak, AEBetako eta Frantziako militarrek irakatsiak: elektrodoak, bainuontzia, potroa eta abar luze bat. Sindikatuak, alderdi ezkertiarrak eta talde gerrillariak ez ziren erantzuteko gai izan; ia hogeita bost urte behar izan zituzten herri erakundeetara iristeko. Berragertze honetan garrantzi handia izan zuten Maiatzeko Plazako Amek. Militarren aurkako erresistentziari eusteaz gain, beraien babesari eta ereduari esker heziak izan dira egungo ezker berria osatzen duten gazteak: HIJOS edota piketeroak kasu.

1977ko apirilean hasi ziren Maiatzeko Plazako piramideari bueltak ematen seme-alabak ager zitezen eskatzeko; horrela, geldirik egoteko debekuari uko egin zioten. Oraindik ere ostegunero soinean paratzen duten haurrohiala beranduago agertu zen.

1978ko Munduko Futbol Txapelketak nazioarteko arreta bereganatzeko aukera eman zien: Herbehereetako telebistak, Txapelketako hasierako irudiak eman beharrean, beraiek agertu zituen. Militarren gozamenerako Argentinak irabazi bazuen ere, mundua Argentinari so zegoen eta errepresioa ahultzen joan zen. Lau urte beranduago, gobernuaren noraeza nahiz krisialdi ekonomikoa estali nahian, militarrek Malvina irlak inbaditu zituzten: diktaduraren azken kapitulua izan zen. Zubiagak azaldu duenez, «demokrazia hauskorra etorriko zen, ez baitzen gizarteak eskuratua, militarren gaitasun ezaren ondorioa baizik».

«Nahikoa da Buenos Aires Handian zehar ordu batzuetako ibilbidea egitea, horrelako politikak zonalde hau zein azkar bihurtu duen 10 milioi biztanleko villa miseria (txabolek osatutako auzoak eta hiriak) ikusteko». Egungo Argentina ikusi ez arren, aproposa da Walshen gutunaren pasarte hau gaurko egoera deskribatzeko. Diktaduraren ostean izandako gobernu guztiek eutsi diote aurreko ekonomia politikari, BM eta NMFren errezetak betez. Estatuaren ondasunak eta baliabideak -banka, trenak, gasa, argindarra, petrolioa, telekomunikabideak- pribatizatu ahala, oinarrizko zerbitzu publikoak -osasuna eta hezkuntza, besteak beste- desagertzen joan dira. Lan-malgutasuna finkatu da eta aduanak zabaldu dira, zegoen industria apurra hilzorira eraman arte. Politika neoliberala muturreraino eraman zuena Carlos Menem peronista izan zen. Bigarren agintaldian, 1995ean, jaio ziren Repsol-YPFek miseria gorrian utzitako eskualdetan berebiziko garrantzia izan duten piketeroak. Euren eskubideak defendatzeko errepideak moztuz merkantzien garraioa oztopatzen duten langabetuak dira piketeroak. Bitartean, etengabea da kanpo zorrak sortu duen katea: aurrekoa kitatzeko aitzakiaz, zor berria kontratatzen da; interes tasak gero eta altuagoak izanik, zorra ordainezin bilakatu da. Iazko abenduan, NMFri zor zitzaiona ordainduko ziotela iragarri zuen Néstor Kirchner presidenteak; ordaindutakoa, berriz, zorraren %5 baino ez da izan, atzerriko bankarekiko 124.000 milioi dolarreko zorra daukatelarik. «Zorra ez da herriaren goseaz ordainduko», esan zuen Kirchner-ek hauteskundeetan, baina biztanleriaren %55, 20 milioi pertsona, pobrezian bizi da. Ugariak izan dira, beraz, azken hamabost urteotan matxinadak eta agintarien erantzun bortitza berdina izan da. 2001eko abenduaren 19-20koan hogeita hamabost pertsona hil ziren.

Ekonomia ez ezik, demokraziak beste bigarren erronka izan du: giza eskubideak. Hasiera batean, Alfonsín presidente zela, errepresoreen kontrako mila eta bostehun bat epaiketa hasi ziren arren, gradu ertaineko ofizialen altxamenduek baldintzatu eta geldiarazi zuten prozesua: 1986ko Ley de Punto Finalek eta 1987ko Ley de Obediencia Debidak militarrentzako zigorgabetasuna bermatu zuten. Lehenengo hiru junta militarretako buruak baino ez zituzten espetxeratu; hala ere, hurrengo presidenteak, Menemek, 1989an eta 1990ean indultatuko zituen. Néstor Kirchnerren ekimenez, sistema legitimatu nahian, legeak bertan behera utzi dituzte, hainbat ezkerreko alderdiren eta Plazako Amen onespena bereganatuz. «Etsaia, dagoeneko, ez dago Rosadan (gobernuaren egoitzan)», esan du Hebe de Bonafini Maiatzeko Plazako Amen presidenteak. Amek gobernu bati sostengua eman dioten lehenengo aldia da. 30.000 desagerrarazitakoen itzala luzea da baina.

Demonio bien teoria
Pertsonen desagerpenak ikertzeko nazio komisioaren (CONADEP) 1984ko Nunca más txostenean, honela dio Ernesto Sábato idazleak: «(...) Terroristen delituei, borrokatutakoa baino askoz txarragoa zen terrorismoaz erantzun zieten militarrek, 1976ko martxoaren 24tik Estatu absolutuaren indarra eta zigorgabetasuna izan baitzituzten, eta milaka gizaki bahitu, torturatu eta erail zituzten». Demonio bien teoriak dio muturreko terrorismoek eragindako indarkeria baretzeko eman zutela kolpea militarrek. Sistema kolokan jartzen duten borrokak ez legitimatzeko erabilia izan da baita ere. Sábatoren hitzetan laburbiltzen da teoria ofiziala eta demokraziak militarren teoriari emandako onespena.


Azkenak
Yemenen 68 hildako eragin ditu AEBen bonbardaketa batek

Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.


2025-04-29 | Antxeta Irratia
Lakaxita: beste Irun posible baten erresistentzia 20 urtez

Beste bizi eredu  baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]


Igor Peñalver (ELA Volkswagen): “Jarritako garraiatzaileekin osasun arazoak sor daitezke”

ELA, LAB eta CGT sindikatuek ibilgailu elektrikoak egiteko elektrifikazio prozesuan instalatutako olagarro edo garraiatzaile berria kentzeko eskatu diote Nafarroako Volkswageni. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean eta atzorako greba eguna deitu zuten lantokian: 13:15etatik... [+]


2025-04-28 | Amanda Verrone
Lurrerako giza eskubidea: gaudenen eta eraman gaituztenen alde

Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]


Argindarra itzuli da Euskal Herriko lekurik gehienetara, baina normaltasunera itzultzeko “orduak edo egunak” beharko dira

Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.

Sare elektrikoa erabat erori da... [+]


Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean

Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Felipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Norabidea erakusten duten zenbait ohar, Aritz Otxandianori gertatutakoaren harira

Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen dituzten hedabideak ahalegindu dira eraso hori makro-berriztagarriei buruzko... [+]


Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»

50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.


2025-04-28 | Gedar
Berrarmatzeari eta industria militarrari ezetz esan diete

PSOEren hainbat egoitza eta armagintzarekin lotura duten hainbat enpresa seinalatu dituzte, hala nola, ITP Aero, Dassault eta Lauak.


Kontserbadoreei aldea iraulita, liberalak faborito dira Kanadako parlamenturako hauteskundeetan

Astelehen honetan egingo dituzte Kanadako Komunen Ganberarako hauteskundeak, Trudeau lehen ministro ohia ordezkatu duen Mark Caneyk data aurreratu ostean. Liberalen lidergo aldaketak kontserbadoreei aldea nabarmen murriztea eragin du, eta inkesta gehienek bozetan garaile irtengo... [+]


Eguneraketa berriak daude