Pantxoa Etchegoin: «Kultura bizitzeko eta plazer hartzeko molde bat da»


2021eko uztailaren 20an
Etchegoin gazterik hasi zen lanean inportazio-esportazio alorrean. Hogeita zortzi urterekin auto istripu larria izan zuen eta bihurgunea izan zen hura beretzat. Ordura arte lanorduetatik kanpo aritu zen kulturgintzan (AEKn irakasle, antzezle Xirristi-Mirristi taldean...). Lanorduak ere hartan nahi zituela ohartu eta Euskal Ikasketak burutu zituen Baionan.

Sortzea arriskuak hartzea dela dio eta ez die kritikei beldurrik, gauza oro eztabaidagarria baita. Dena den, ez du zalantzarik: nahiago du «ur lasterra, ur geldia baino». Grinatsu hitz egiten du, grina baitu hitz egiteko, partekatzeko.

Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu zen iaz eta euskararen alorrean egiten zenuten lana bereganatu zuen. Zein eragin izan du horrek?
Zorionez EEP sortu da eta hori urrats bat da aintzinerat. Lehen aldikotz Frantziako Estatuak, Kontseilu Orokorrak, Akitaniak, herriko etxeek bere gain hartu dute hizkuntza politika. EEP dago alor linguistikoaren aitzinerat eramateko eta EKE euskal kulturaren garatzeko. Badira bi erakunde teorian, ez direnak maila berean, ez dute aurrekontu bera, guk 800.000 euroko aurrekontua baitugu eta haiek 1.700.000koa. Euskara eta euskal kultura osagarriak dira, baina egun bada tentazioa euskara EPE da eta kultura EKE esateko. Batek bestea haziko du, euskal kulturaren berezitasun handiena euskara baita eta sorkuntzak aberasten du hizkuntza.

"Bide gurutze batean dago EKE" esana duzu.
Bide gurutzean gara, orain arte egiten genituen gauza batzuk (itzulpengintza, toponimia) EPPren gain direlakoz. EKEn euskararentzat genuen lanpostua mantentzea erabaki dugu ikusi dugulako euskal kulturaren ezagutarazteko eta bertan parte harrarazteko beharra zegoela. Pario handia egin dugu gerora begira, EKEren diru laguntza murriztu baita.
EKEk elkarteak laguntzen ditu, baina baditu gero eta ekintza propio gehiago ondare alorrean, teknologia berrietan, erakusketetan, ikusgarrigintzan, hedapenean.
Halaber, zubi bat egin behar da eskolaren eta euskal kulturren artean. Haurrek behar dute euskara ikasi eta euskaraz bizi, eta euskaraz bizitzeko hurbilagotik behar dituzte ezagutu euskal idazleak, bertsolariak, behar dute antzerkia egin, kantatu... Eskolaz kanpo haurrak kirola egiterat edo kantuz egiterat joaten dira. Eta arlo horietan guztietan izugarrizko lana dugu egiteko euskal kultura ezagutarazteko eta euskara biziarazteko.

Bide horretan, Batek Mila egitasmoa jarri zenuten martxan.
Batek Mila ber denboran bi pario bateratzea da, alde batetik euskal kultura zentzu guztietan baloratu behar dugu, jendeak gehiago hitz egin, irakurri, dantzatu behar du eta bestetik, ingurumena kontuan hartu behar da. Errealitatea da Iparraldean biztanleen %75 ez dela euskalduna eta hirigunean bizi dela. Inkestek erraten dute 20 urteren baitan aise jende gehiago izanen dela kanpotik jina.
Gogoeta sakona egin dugu ikusteko nola indartzen ahal dugun euskara eta nola joaten ahal garen euskaldun ez direnengana eta nola eman parada haiei gureganat etortzeko eta gure kulturaren ezagutarazteko. EKEn entseatzen gara Batek Milaren bitartez euskal kulturaren baloratzeko eta publiko berriak hunkitzeko. Gure erronka biziki arriskugarria da. Batzuek diote euskal kultura saldu nahi dugula, baina ez dugu segurki saldu nahi, salbatu, indartu, aberastu eta baloratu nahi dugu.

Iaz Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak inkesta egin zenuten. Zer ondorio atera duzue?
Horrelako programa bat baliatzen delarik, behar da jakin jendeak zer nahi duen, zein lotura duen euskal kulturarekin. Iparraldean jendea anitz lotua da euskal ondareari, hizkuntzari, baina anitz lotua da baita ere erritoei, mitoei, dantza, kantua, pilota... Bi hizkuntzak elkarren ondoan bizi direlarik, frantsesak menperatzen du gure hizkuntza, eta inkestan ikusten da badugula izugarrizko lana euskal kulturaren ezagutarazteko, gauza konkretuak eta xumeak eginez. Jende gehiena sentitzen da euskaldun eta frantses, edo frantses euskaldun baino gehiago eta hori kontuan hartu behar da. Inkesta bat inkesta bat da, ez gara behartuak inkestak hitzez hitz erraten dituen ondorioak segitzera. Inkestaren ondorioak preseski gure kezkekin eta Batek Mila programaren helburuekin bat doaz. Gauza batzuk kezkagarriak dira, adibidez, jende elebidunaren %50ak ez du ezer irakurtzen euskaraz eta hor izugarrizko lana dago egiteko euskal literaturaren inguruan. Bikulturatasunean bizi gara eta oreka atzeman behar dugu, euskarak eta euskal kulturak leku bat ukan dezaten.

Jendeak inkesta batean erantzuten duenaren arabera sortu behar al da kultura?
Sorkuntza gakoa da euskal kulturaren geroan. Euskal kultura helarazi behar diogu jendeari, bereziki belaunaldi berriei. Kultura, izan ere, transmisioa da lehen-lehenik. Arbasoek eman diguten altxor hori opari bat da, baina behar dugu hazi eta helarazi. Bistan da, sorkuntza arriskua da beti eta nik nahiago dut ur lasterra ur geldia baino. Esperimentazioak, esperientziak behar ditugu euskal kulturan, arriskuak hartzea. Trukaketa izan behar du eta guk azkarrak izan behar dugu beste kulturei zerbait ekar diezaiekegula erakusteko.
Sorkuntza aipatzen delarik, ez da herri kultura/amateurra/profesionala sailkapenik egin behar, denak dira beharrezkoak. Kultura bizitzeko molde bat da eta plazer hartzeko molde bat eta are gehiago, partekatzen den zerbait. Behar da eman, hartu, beti horrela izan da eta batzuetan guhaurek, eskualdunek berek ere barneko oposaketa bat ukaiten ahal dugu eta hori gainditu behar dugu. Sorkuntza abentura, forma berriak atzematea, arriskatzea ere bada; eta arriskurik gabe xahu gara. Ez badugu ikusminik eta jakin-minik ez dugu egingo.
Iparraldean, jendartean topikoa da "gu artistak gara eta gero erakundeak daude» esatea. Artistek egiten dute sorkuntza, baina gaur egun sorkuntza alde gehiagotik egiten da, leku guztietatik, sortzaileak daude eta gero laguntzaileak. Bakoitza bere lekuan egonez, elkar aberastu behar dute.

Batekmila ikusgarria aurkeztu zenuten 2005aren amaieran. Eztabaida piztu du ikuskarian euskara eta erdara hitz egiten direlako.
Pario handia da ikusgarria. Euskal kulturaren baloratzea zen xedea, kasu honetan euskal kondairak. Euskal kondairek irudimena aberasten dute zinez, sakonduz gero anitz hunkitzen dute. Eta publiko berriak hunkitu nahi genituen. Batekmila ikusgarriaren bi herenak euskaraz dira eta gero ulermen gako batzuk eman ditugu erdaraz euskaraz ez dakitenentzat. Ikusgarriak indarguneak eta ahulguneak izan ditu. Theatre du Rivage orain arte lan gutxi egina zen euskal artistekin, aktore gehienak Hegoaldetik Iparralderat etorri dira lan egitera, Ballet Biarritzeko dantzari profesionalek ere lan egin dute, konpositore garaikide batek parte hartu du. Abentura humanoa izan da, biziki memento hunkigarri eta ederrak ukan dituzte, eta arte adierazpide ezberdinen arteko trukaketa izan da. Iparralde eta Hegoaldearen arteko egiazko trukaketa izan da eta frogatu dugu gai garela ere Iparraldean proiektu baten inguruan euskal artista batzuk lanean jartzeko euskara ez dakien taula zuzendari batekin. Helburua bete dugu, euskalduna ez zen jendea gureganatzea lortu dugu, Luhusoko emanaldien ikusleen %50a ez zen euskalduna eta bizkitartean publiko hori joan zen etxerat esanez dena ez duela ulertu baina preziatu du. Batzuk ez zituzten euskal kondairak ezagutzen eta jakin-mina sortu zaie.
Lehendabizikoz lortu dugu biziki gutxi lan egindako egiturekin lan egitea, Baionako kontserbatorioa, Ballet Biarritz, Theatre du Rivage... partaidetza hori egundaino lortu gabea zen eta gu izan gara ekimena eraman dugunak. Ikusgarria denbora gutxian egin da eta agian denbora gehiago behar zuen, sakontzeko. Esperimentazio bat izan da eta horrek ez du esan nahi hori horrelakoz egin dugulako gauza guztiak horrela eginen ditugunik. EKEk egiten dituen gauzen %80a euskaraz dira.

Kritikak jaso dituzue Olentzerok ipuinak kontatu zituelako euskaraz eta frantsesez Eguberrietan BAB2 merkataritza zentroan, EKEren eskutik.
Olentzeroren istorioari ez zaio behar baino leku gehiago eman behar. Eguberrietan, egunero 25.000 jende pasatzen den tokian, urtetan bizar txuria izan den lekuan, Olentzero ezagutaraztea lortu dugu lehen aldikoz. Mila aldiz sinpleagoa litzateke guretzako euskaldunak bakarrik ibiliko diren toki txiki batean Olentzero jartzea, baina errealitatea kontuan hartu behar da. BAB2ren zuzendaritzaren bilana biziki baikorra da eta prest daude urrunago joateko. Carrefourrek ere zerbait egin nahi du Olentzeroren inguruan eta hori oso baikorra da. Ez da sinplea euskal kultura ezagutaraztea eta oraino ez du inork aterabiderik atzeman. Ni prest nago aterabideak atzemateko, mintzatzeko eta ideiak partekatzeko. Kritika daiteke, behar ditugu kritikatzaileak eta entseatuko gara euskaraz gehiago egiten edo beste sistema batzuk atzematen. Haatik, gauzak osoki euskaraz egiteagatik ez da jende euskaldun gehiago etortzen ekitaldietarat, hori ere hala da. Lehen-lehenik publiko euskaldunak etorri behar du, eta zorigaitzez, frankotan, guti etortzen da.

Zein ekintza egingo duzue aurten Batek Milaren baitan?
Batzuk aipatzekotan, erran nezake lan berezi baten eramaten ari garela hiru sareetako eskoletako haurrekin, euskal zuhur-hitz eta alegien inguruan, BatBigaHiru programaren bitartez. Iparraldeko 500 haurrek parte hartzen dute. Mintzaldi, topaketa edo ikusgarri andana eginen dugu euskal literaturaren inguruan, bertzeak bertze mediateketan. Euskal antzerkiaren topaketak egingo ditugu azaroan, gogoeta egingo dugu herri antzerkiaz, amateurraz eta profesionalaz. Egunotan euskal antzerkia ere erakutsiko dugu, Iparraldeko eta Hegoaldeko taldeek parte hartuko dute. Eta azkenik, erakusketa berri baten ekoizpen lanetan hasiak gara, ibiltaria eta interaktiboa izanen da. 2007ko udan estreinatuko dugu eta Euskal Munduak ukanen ditu ardatz.

Zein aurrekontu duzue aurtengorako? Hegoaldean herri ertain batek kulturarako duen aurrekontuaren parekoa duzuela esan duzu inoiz.
(Kar-kar) Diru horrekin ez dugu mirakulurik egiten ahal. EKEk hautu bat egiten du duen diruarekin, erran lezake lau gertakari edo lau elkarte bakarrik lagunduko dituela urtean, baina ez du hori egiten. Baditugu artista amateurrak, profesionalak eta erdian artista andana profesionaltasunaren bidean. EKEk praktika amateurretan ari direnei ematen die diruaren %75a. Profesionalak ere laguntzen hasia da eta hor lan handia dago egiteko hedapenean. Erdian direnak ere lagundu behar ditugu, formakuntzan, egonaldiak eginez, adierazpen ezberdinen trukatzeak eginez. Entseatzen gara dugun diruarekin ahal bezainbat elkarte laguntzen; 50 elkarte laguntzen ditugu. Badakigu diru laguntza publikoak murriztuko direla Frantzian ondoko urteetan, baita Europakoak ere, beraz, ene ustez gure parioa izanen da partaidetzak ediretea. Ahalbideak bateratu eta diru laguntza pribatuak bilatu beharko ditugu, mezenasak.

Ataria berritu zenuten iaz (www.eke.org), barne eta kanpo komunikaziorako.
Hau ere Batek Mila programan sartzen da, eta ikusgarriarekin batera, ekimen ederrenetarikoa izan da. Ez da dudarik, euskara eta euskal kultura teknologia berrien bitartez ere baloratu behar ditugu. Horretarako, lau hizkuntzatan jarri dugu ataria. Gure erronka nagusia atari honen aberastea eta egunero biziaraztea da. Sortu genuenetik, ohartzen gara joanago eta gehiago bisitatua dela, egunean 1.000 konexio dauzkagu, mundu guztitik. Hegoaldean ere ohartzen gara ongi baliatzen dutela. Orain, partaidetza gehiago ediren behar dugu, zubiak eraikiz bertze atari batzuekin.
Gure ataria elkarteen laguntzeko ere pentsatua izan da. Intranet sistemari esker, bai kultura argibideen hedatzeko, bai beren ezaugarrien hobeki ezagutarazteko. Halere, hor badugu oraino formakuntza eta sentsibilizazio lan handia egiteko.

Azken boladan Iparraldean jaio dira mugaz gaindiko hainbat sorkuntza lan: Kaukasiar kreazko borobila, EKEren Batekmila...
Bai, horiek oro pozgarriak dira baina ez dira mirakuluz etorri. Bada zenbait urte Chimères konpainiak lan egiten duela Hegoaldeko antzerkilariekin eta kalitatezko antzezlanak eskaintzen dituztela. Guhaurentzat ere Batekmila ikusgarrian izan diren partaidetza desberdinak, jokalari, dantzari eta beste, aitzinetik egin lanaren fruituak dira. Joanago eta harreman gehiago dugu Hegoaldearekin, Iparraldeko artisten ezagutarazteko eta Hegoaldekoen honera ekarrarazteko. Eiki, urrunago joan behar dugu oraino, baina urratu ditugun bide horiek ez dira, ene ustez, debaldekoak izan. Aipatu nahi ditut adibidez Donostia, Getxo, Amurrio, Bilbo, Tolosa, eta Arrasateko udalekin ditugun harreman jarraikiak. Duela bizpahiru urte, Eusko Jaurlaritzarekin izenpetu hitzarmenak ere indar berria eman digu alor horretan. Nik zinez nahi nuke hainbertze aipatzen ditugun Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko harreman horiek hitzetarik obretara pasa ditzagun eta behin betikoz oraino buruan dugun muga psikologiko hori gaindi dezagun, euskal kultura trukaketa gehiago eginez. Hastapen-hastapenean gara baina piesago ere izan gara! Beraz, aurrera.


Azkenak
2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola drogatu eta bortxatu azaltzen duen informazioa partekatu dute milaka gizonek Telegramen, ikerketa batek azaleratu duenez

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok parte hartzen dute emakumeak nola drogatu eta bortxatu azaltzen duten txat-taldeetan. Gainera, kanal horiek loturak eskaintzen dituzte eguneroko produktuen itxura daukaten narkotikoak eskuratzeko. Agintariek eta plataformak egoera... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Behe Banda
Barra warroak
Asko maite zaituztet, baina...

Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Eguneraketa berriak daude