Net Hurbil: Marcos delegatua Gamesaren haize-erroten kontra


2021eko uztailaren 20an
Urtatsez Chiapastik abiatuta, Mexikoko hegotik iparrerantz doa Zero delegatua -Marcos komandanteorde zapatista- bere hauteskunde kanpaina berezia egiten, La otra campaña. Lehen eguneko irudi batzuk ikusi genituen kazetetan, kaskoa jantzita «Sombraluz» bataiatutako motorraren gainean. Urte hasiera hartan esan ziguten Marcosen motorrak atzean daraman kaxan «EZLN: Precaución: pingüino a bordo» ipintzen duela, eta pinguino hori Chiapaseko oihanetan erabakitako «seigarren agiria» dela. Gutxitan erakutsi digute geroztik lider pipaduna; gauza normala, Mexikoko lehendakaria hautatzeko bozketa uztaileko lehen igandean izango da eta. Baina zertan ote da La otra campaña?

Mexikoko La Jornada egunkariak kazetari bat bidali du hilabete guztiotan Marcosen ondoan bidaiatu eta irakurleei kanpainaren berri egunero eman diezaien. Hermann Bellinghausen-ek egiten du eguneroko kronika, euskaldunak Internet bidez irakur dezakeena.

Bellinghausen 1953an jaio zen Mexikon, eta kazetaritzan egiten dituen lanez gain (ikasketaz medikua da) dozena erdi bat liburu plazaratu ditu, horietatik hiru poesiazkoak. Otsail hasieran Oaxaka eskualdean zebilen La otra campañarekin batera. Hilaren 7ko kronikan kontatu zuen nola eraso zien, askoren ustez, Marcos den Kixote gaurkoak hango lurretan eraikitzen ari diren haize-errotei. Eta nola erantzun zioten ez haize-errotek baina bai traste haien zaindariek.

Unión Hidalgo izeneko herrira iritsi ziren Marcos eta kanpainan doazen zapatistak otsailaren 6an. Pazifiko ertzean dago eskualde hori, Istmo deituan. «Neoliberalismoaren martxa -dio Bellinghausen kazetariak- orain eskualde honetara iritsi da eta larrialdian jarri ditu Istmoaren hegoaldeko indigena zapotekoak eta aintziretatik bizi diren ikoot arrantzaleak, huave etniakoak. Mexikoren altxorra den eskualde hau suntsitzeko zorian daude. Zergatik eta bertako haizeagatik».

Ranchu Guabiña izena du zapotekoen hizkuntzan Unión Hidalgok. Bertako herritarrek batzorde berezia antolatu zuten haize-errotak eraikitzeko proiektuaren kontra, indarra hartu zuten, liskarrak piztu ziren... eta espetxeratu egin zituzten beren buruzagiak. La Venta herriko plazan horretaz mintzatu zen Zero delegatua, baina haren aurretik bertako herritarrek hartu zuten hitza.

Nekazari batek salatu zuen hegazti migrariak milaka pasatzen diren leku horretan sekulako triskantza egingo dutela haize-errotek, eta jadanik akabatutako animalia asko aurkitzen dituztela. Izen eta abizenez aipatu zituen beren lurretara etorritako urrutiko enpresak, bi enpresa espainiar: Iberdrola eta Gamesa.

Arrantzale ikoot bat mintzatu zen ondoren. «Arrainek hizketan balekite, zer esango lukete?». Zimendutzat hainbeste tonatako hormigoi puskak behar dituzten errota erraldoi horiek lurpeko ur korronteak hondatuko dituztela. Dorre horientzako bideak eta oinarriak egiteko burutu dituzten bete-lanekin dagoeneko aintzira batzuk desegin dituztela. Eta promotoreek presio gogorra egin dietela lurjabe eta errentero txikiei, bi sosen ordainetan lurrotatik alde egin dezaten. «Baina nor gara gu, eta nortzuk dira haiek» esaldiarekin bukatu zuen, garaiotan nor zein den erabakitzeko dagoen nahaspila adieraziz.


Kixote politikari profesionalen kontra

Marcosek hartu zuen hitza ondoren. Entzuleei gogoratu zien duela 400 urte Don Quijotek aurre egin ziela Gaztelako haize-errota batzuei, eta ondoren Sancho morroiarekin eztabaidan aritu zela, erraldoiak zirela batek, haize-errotak besteak. «Gauza da 400 urte beranduago ohartzen garela egia zela, erraldoiak zirela, eta sistema honek zanpatu egiten gaituela, hiltzen gaituela, gure lur eta ondasunak kentzen dizkigula; ezinezkoa zirudiena lortu duela, haizea merkantzia bihurtzea. Aurretik mintzatu diren lagunek esplikatu digute errota hauen atzean enpresa transnazional erraldoiak daudela, hemengo komunitate, lurjabe eta nekazariei lurrak kendu nahi dizkietenak».

Espainia, AEB eta Frantziako konpainiak daude proiektu honen atzean, zentral eoliko handi bat antolatzeko helburuarekin. Gobernuak oniritzia eman zuen, eta geroztik gobernu federaleko zein Oaxaka estatuko funtzionarioek egiten dute askotan enpresentzako lan zikina, behar dituzten lurrak azkar eta merke eskuratzeko.

Baina orain gauzak duela 400 urte bezala ez direla gertatuko agindu du Marcosek. «Orain herri oso bat dago, Istmoaren hegoaldean, horri aurre egiten. Eta gu etorri gara esatera egia, ez zaudetela bakarrik, gizon eta emakume lagunok. Guk zuekin batera egingo dugu borroka haize-errota horien kontra eta Mexikoko muga berria Istmoan ezarri nahi duen proiektu osoaren kontra». Maisu edo zahar jakintsu baten moduan, inplikatuta dauden guztiei eman dizkie aholkuak. Mexikoko Elektrizisten Sindikatuko ordezkaria bertan denez, zera esan dio: «Gogoan izan arrantxoetako ikasgai zaharra: gizonak zaldia laztantzen du gero bere gainean jartzeko. Hala ari dira goitik elektrizistei bizkarra igurzten, elektrizitatearen pribatizazioan tregua eskaintzen, baina gero haien bila joango dira. Ez utzi engainatzen!».

Gero indigenei esan die parke eolikoari denek batuta egiteko aurre, haiek batuta baldin badaude La otra campañan dauden indarrak ere lagun izango dituzte, mobilizatzera eta errotei aurre egitera etorriko direla, eta duela 400 urte ez bezala oraingoan irabazi egingo dutela.

Mezu berezia eduki du Marcosek gazteentzako: beraiek joan behar dutela borroka horretan aurretik. «Beharbada zaharrenek amore emango dute, edo saldu egingo dute lurra, edo zalantzak izango dituzte eta bihotza dardaran. Zuek, gazteok, ulertu behar duzue ipuinaren bukaera aldatu behar dugula, haize-errotak eta erraldoiak irabazle ateratzen diren bukaera alegia; orain besteak irabazi behar duela. Eta beste hori geu gara, ez pertsona bat, herri bat baizik».

Herriko plazako mitina baino lehen, Marcos eta bere kanpaina kideak La Ventako haize-errotak ikustera joanak ziren. Urrutiko kazetariei plazer egiteko kamioneta baten gainera igo zen Marcos, haize-errotei desafio egiten ari zela argazkiak ateratzeko. Eta orduan... zezenak azaldu ziren, benetako zezenak, erroten aldeko agintari eta promotoreek libre utzita. Harrika ere egin zieten xaxatzaileek, bai zezenei gogor eraso zezaten, eta bai «La otra»koei, handik uxatzeko. Bati bekaina urratu zioten.

Sinbolo eta metaforak maite dituen Marcosek, La Ventako haize-erroten kontrako erresistentziarekin irudikatu nahi izan du Oaxaka eta Mexikoko hegoalde osoan hiriburutik eragiten den aldaketa. «El Istmo no se vende» da eskualde horretako oihua, AEBekin Mexikok duen tratuaren barruan lurralde hauek berriro kolonizatzeko planen kontra.

Ezkerraren, alternatiboen, ekologisten eta indigenen eskakizun eta borroken lotura egin nahi omen du La otra campañak. Hermann Bellinghausenen kronikak irakurrita, esan liteke hamar urtez Chiapasen landu den ereduak aldeko entzule ugari aurkitzen dituela Mexikon.

Herri bat egun bakoitzean. Lehenik, bertakoen asmo, borroka eta kexuak. Eta ondoren, Marcosen mezua. Oaxakan bertan, Boca del Monten, ayuuk, zapoteko, mixteko, txinanteko, hueve eta zokeak bildu ziren. Mezu asko beren hizkuntzetan eman zituzten. Gero, Marcosek agindu zien talde bakoitzak dauzkan preso politikoak, guztiak, denenak direla. «Gure kanpainan sartu direnek zor bat erosi dute. Eta zor hori da borroka kideari laguntzea, ezberdina izan arren».

Arazo sozial zehatzekin batera behin eta berriro Marcosek indigenek jasandako mespretxua salatu zuen. Eta hori bukatzea lortuko dutela agindu. Baina horretarako politikari profesionalak alde batera uzteko dio, eta liderrekin kontuz ibiltzeko. «Mugimendu bat egiten da eta orduan azaltzen da lider bat saltzen duena; esaten du ‘nik kontrolatzen dut jendea, zuk emadazu hainbeste’, berak bere arazoa konponduko du eta jendeak izorratuta segituko du. Horregatik diogu liderrik ez duela egon behar».

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude