«Baiona Ttipian bizi naiz eta betiko lagunak ditut. Demo-en desobedientzia zibilaren bidean eta ezkerreko mugimendu abertzalean segitzen dut lanean. Dozena bat liburu irakurtzeko zain ditut eta ez dut telebistarik etxean» erran digu Txetxek ardura berriez galdaturik.
Robles-Arangiz Institutua gazteen konferentzien eta gogoetaren bilgunea da Iparraldean. Formazio ikastaroak eta Alda aldizkaria dira ekimen hauen agergarri: «Lizarra-Garaziko garaiaren ondoren ELA sindikatuaz nuen ideia arras aldatu zitzaidan. ELAk Iparraldea nola lagun zezakeen galdatu zigun. Ordura arte ez bezala, erakunde batek Iparraldean jadanik abian zen proiektua laguntzea eta ez handik hona zerbait inportatzea eskaini zigun», diosku gure solaskideak. «Akort. Iparraldea lagundu nahi izatera, ez eratu alderdi edo sindikaturik hemen, besteek egin duten bezala», erran zioten ELAri.
Abertzaletasun esparrutik zetorren jarrera original eta interesgarritzat jo eta Iparraldeko ildo eta ardatz estrategikoa laguntzeko eskaintza aintzakotzat hartuta ari da Jean-Noël Etxeberri Txetx.
Robles-Arangiz Institutua Iparraldean, ELAren eta ezker abertzaleko Txetx militantearen eskutik. Batzuen harridura agerrarazi zuena nolabait.
Niretzat ELA ezkerreko sindikatu abertzalea da. Bere azken Kongresuan egon ondoren -hainbat militanterekin batera- Hegoaldean ezagutzen ez nuen "beste ezker abertzale bat" dagoela ohartu nintzen. ELAk egiten duen gogoeta soziala «ezker abertzale ofiziala»k egiten duena bezain ezkerrekoa da. ELAko kidea naiz hartara. Kontua ez da ezkerreko, zentroko edo eskuinekoa zaren, baizik eta 20 edo 100 kideko talde batean ez bezala -bertan erradikala, iraultzailea edo antikapitalista izatea errazagoa da- ELA bezalako masa sindikatua kudeatzea. Hau da, nola garatzen duzu milaka kidek osatutako sindikatu hau? Izaera antikapitalista eta masa sozial anitzak biltzen dituena. Aldarrikapenak daudenak dira, nola landu horrenbeste gai ordea? Nola formatu langile militanteak koadro ezberdinetan, abertzale ez abertzale edota etorkinak izanda? Normala da jendea harritzea, neuk ere Lizarra-Garaziko garaia baino lehenago ELA EAJren sindikatua zela uste nuen, eskuinera lerratua. Gero nire usteak errealitatetik urrun zeudela ohartu nintzen.
LAB garai beretsuan eratu zen Iparraldean. Zer iritzi duzu ekimenaz?
LABen sorrera akatsa izan zela pentsatu nuen orduan, ez zela bide egokia, Iparraldeko borroka sindikal eta sozialaren eremua ezin zela horrela landu. Ez nintzen ados aritzeko moldean, eta gaur ere iritzi bera dut. Hori esanda, LABeko kideak biziki estimatzen ditut, eta ez dut haien lanari trabak ekarriko lizkiokeen deus erran edo egin nahi.
Lizarra-Garaziko Akordioaren esperientziarekin kritiko gisa azaldu ohi zara.
Akordio hura berebiziko aukera izan zen, baina ez zen batere porrota izan, batzuek geldiarazi zuten prozesu arrakastatsua baizik. ETAk su-etena bertan behera uztea hutsegite historikoa izan zen. Aukera hura ez da errepikatuko horrelako baldintzetan eta datozen hamar urteetan akats hura arrastaka eraman beharko dugu. Egun ez dago orduko indar korrelazioa, orduko indar metaketak beste ezaugarriak zituen. Prozesuaren hausturak indar harreman abertzale orokorra erabat ahuldu eta Batasuna legez kanpo utzi zuen, baita ondorio tamalgarriak ekarri ere. Ondorioz, bi estatuek are gehiago zapaltzen dute egun, EAJ gaur ari ez den molde batean ari zen. Gizarteak ez du prozesuaren gakoa, Lizarra-Garaziko garaian ezta ere, baina gakoaren jabeago izateko bide sendoagoa urratzen ari zen. Gizartea orduan baino ikusle soilagoa da egun.
Hegoaldean prozesu sendorik emango ote den esperantza ba al duzu?
PSOE eta ETAren arteko negoziazio posible batek ekarriko duenaz ezer gutxi dakigu, ezta prozesuaren osagaiez ere. Konfiantza eskatzen zaigu, baina gizarteak zer eman dezake? Nork du gakoa? Oinarrizko militanteak ez dira ari orduan bezala, nik ez dut oraingo egoera gustuko. ETAk su-etena bertan behera utzi zuenean, Euskal Herritarrok-ek 250.000 boz zituen, Udalbitza eraikitzen hasi zen, Departamenduaren aldeko borroka sendoagoa zen Iparraldean, baita presoen aldeko sostengua ere. Zeren trukez erabaki zen prozesua etetea? Zein indar korrelazio zen orduan eta zein da gaurkoa? Autodeterminazioa eta lurraldetasunaren eskakizunak indartsuagoak al dira orain?
Iparraldera etorrita, nolako balorazioa egiten duzu harrezkero gertatuaz?
Lizarra-Garaziko prozesuaren etena eta ABren zatiketa galbideak izan ziren Iparraldearentzat. Jean Michel Galant hautatua izan zen Kontseilu Nagusian, hainbat udal hautetsi abertzale bestalde. Horiek behar zuten sostengua moteldu zen nolabait. Hausturak militanteen arteko tentsioa areagotu zuen, desmobilizazio giroa indartu zen euskal kultur eta gizarte eremuan, hori ari gara jasaten oraindik ere. Gazteek ez dute elkarren aurka aritu nahi kausa beraren alde, dinamika abertzalea ahuldu da, eta hori dena, neurri batean, nazio mailako mugimendu bat sortu behar zelako, bakarra, Batasuna. Finean, hemengo hauteskundeetan bere burua aurkezteko ez Batasunaren izenean, hau da mugimendu nazional baten gisan, baizik eta tokian tokiko plataformen gisan eta ABren diskurtso berdinarekin.
Iraganeko akatsek ikuspegi ezkorregia utzi dizute naski.
Ez. Ez naiz etsia, aitzina begiratzen dut, baina aitzina joateko iraganean gaizki egina aztertu behar da eta autokritika egin.
Nola aurrera egin dezakete abertzaleen eskaerek Hegoaldean nahiz Iparraldean?
Hasteko Hegoaldeko borroka armatuaren afera bideratzen eta konpontzen. Hipotesi hori beteko balitz, egoera politikoa zeharo aldatuko litzateke -edo gauza asko behintzat- eta horrek Euskal Herriarentzako estrategia bateratua lantzea erraztuko luke. Nik Lizarra-Garaziko filosofiaren bidean segitzen dut, Euskal Herriaren askapen prozesuak bi oinarritan egin behar du bide: eraikuntza nazionalean eta autodeterminazioan, hots, herritarrei galdeketan. Batera-ko militanteok eskakizun eta xede horiek atxikitzen ditugu.
Nola eraiki edo bideratu ordea?
Laborantza Ganbararen adibidea hor dugu. Halaber, manifestazioen zikloa agortu ondoren gainerako eskakizunen inguruan garai berria prestatzen ari gara. Euskal militante eta eragileek ez dugu burua makurtu, ez dugu amore eman. Hau da, agintetik ez badute deus aldatzen eta mugitzen, gu gure egiturak altxatzen saiatuko gara, hartara, erakutsiko dugu indarkeria ez dela Frantziako Estatuaren mesprezuaren eta inmobilismoaren aitzinean alternatiba bakarra. Hemen ere erreferendum eguna iritsiko da.
AB Departamentuaren alde sobera zale agertzeagatik kritikatua izan da Batasunaren inguruetatik...
Hori gezur hutsa da. ABren inguruan aritu garen militanteek abertzaleak ez diren sektoreekin lan egitea lortu dugu. Gure ikuspegia biziki argia da, Departamenduaren eskakizuna eginagatik ez diogu gure subiranotasunari uko egiten. Are gehiago, eraikuntza nazionala eta subiranotasuna bideratzeko prozesu asimetrikoa ontzat jotzen dugu, hauek gauzatzeko lurraldeen ezberdintasunak kontuan hartu behar ditugularik. Inork pentsa dezake autodeterminazioari buruzko kontsulta egingo dela egun Euskal Herriko lurralde osoan?
Zaila da egoera, beraz.
Zailtasunak zailtasun, baikorra naiz. Hau da, EAJk eta EAk bere egin dute eraikuntza nazionalaren kontzepzioa. Batasunak, ENAMk edo ezker abertzale ofizialak bere egin dute hiru lurraldeen prozesu asimetrikoen garatu beharra. Nire ikuspegitik Departamenduaren aldeko borroka taktikoa egokitu behar dugu Iparraldera. Eboluzio honek beste eszenatoki politikora eraman gaitzake Iparraldean ere. Jakina, begi-bistakoa denez, EAJ eta Batasuna ez dira norabide berean joanen, baina indarrak bateratzeko aukera dago, iraganeko orbainak itxi behar dira, eta aldi berean, edukiak zehaztu behar ditugu estrategia bateratua eraiki ahal izateko.
Frantziako Estatuak bere estrategiari eusten dio, Euskal Herria 2010 egitasmoa Euskal Herria 2020 bilakatu du.
Estatua mehatxatuta sentitzen da Batera-ren eskakizunengatik. Garapen eta Antolaketa Eskemaren inguruan egindako bidea bere aldera eraman nahi du. Batera arriskutsutzat jotzen du eta kontraofentsiba ideologikoa bultzatzen hasi da. Guk berriz Departamenduaren aldeko sugarra berreskuratu behar dugu. Frantziako Estatuak Hegoaldeko gatazkaren iraupena baliatzen du bere inmobilismoa justifikatzeko. Batera-ren urrats berriak azaldu orduko gogor jokatuko du, ziur.
Hautetsi handiek abertzaleen presentzia baliatu omen dute instituzioen irudia hobetzeko. Instituzioetan modu erradikalagoaz jokatzeko unea iritsi ote zaie hautetsi abertzaleei?
Formazio ikastaroetan landu dugun galdera da. Hots, jarrera bat ona izan daiteke testuinguru historiko batean eta berbera txarra beste batean. Garapen eta Antolaketa Eskemak bultzatutako Euskal Herria 2010 ekimenak euskal kontzientzia indartu eta instituzioaren beharra agerrarazi ditu herritarren artean. Estatua Departamenduaren sentimendua eta abertzaletasuna azkartuz joan dela ohartu den heinean euskal mugimendua neutralizatzen saiatu da. Estatuak Euskal Herria egitasmoa 2020ra arte luzatzea proposatu du, baina abertzaleek ez dugu lehen genuen interesa. Gizarteak bere eskaerak eginak ditu, egitasmoak ez du deus berririk ekarriko, kontzientzia azkartu beharrean, energiak xahutzeko baino ezin dezake balio, helburua Departamenduaren bidezko Instituzioa lortzea da.
Batasuna eta AB ildo berean ikusiko al ditugu xede horretan?
Afera ez da Batasuna edo ABrena soilik, ezker abertzalearen indarra zein proiekturen inguruan bideratzen den baizik. Ni mugimendu zalea naiz, ABn aritu naiz eta orain Institutuan, kontua euskal mugimendua azkartzea da. Nik gure eskakizunen aldeko ahalik eta aliatu gehien biltzeko lan egiten dut eta horiek erdiesteko Batera plataforma da bitarteko egokiena.