Ez itxaron iraila arte


2007ko otsailaren 21an
Hilaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Normalizaziorako Kontseilu Politikoaren eraketa-agerraldian, Ibarretxe jaunak adierazi zuen uda bitartean ETAk eta Espainiako Gobernuak urrats zehatzak egin ezean, irailean beraiek hartuko dutela ekimen politikoa. Kontseilu Politiko berriaren xedea, bakea eta normalizazio politikoa bultzatzea baldin bada, zergatik itxaron iraila arte?

Alde batetik, gatazka konpontzeko urratsak ematea ez dagokie ETA eta Espainiako Gobernuari soilik. Hori konponketaren alde bat izango da, baina badago beste alde bat, aurrekoa bezain garrantzitsua, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialen artean eratu behar dena: euskal herritarrok gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko bidea egiteko akordioa lortzea. Eta honetan, guztiok daukagu zer esana, iraila arte itxaron gabe.

Bestetik, normalizazio politikoa lortzeko bidean urratsak eman ditzakegu ETAk zer egiten duen edo Zapaterok Alderdien Legea bertan behera noiz utziko duen itxaron gabe. Nik ekimen bat proposatu nahi diet Normalizaziorako Kontseilu Politikoa osatzen duten EAJ, EA eta EBri.

Alderdi guztiek -PPk salbu, noski- onartzen dute 2006 urtea bake eta normalizazio politikoa lortzeko garrantzitsua dela, hauteskunderik gabeko urtea baita. Eta guztiek jakintzat ematen dute hurrengo Udal eta Foru hauteskundeetan aukera politiko guztiak era normalizatuan presente egongo direla. Baina bitartean, zer? Itxaron egin behar dugu urte luze gehiago Udal eta Foru Aldundien konposaketak herritarren bozka guztiak kontuan har ditzan?

Kontseilu Politikoa osatzen duten indar politikoek behin eta berriro adierazi dute gatazka konpontzeko oinarria herritarren borondatea errespetatzean datzala. Bada garaia benetan errespetu hori gauzatzeko, Udal eta Foru Aldundiak herritarrek 2003ko maiatzaren 25ean emandako bozen arabera berrosatuz.

Aukerak egon badaude, Hauteskunde Lege Orokorrak berak irekitzen du bidea bere 182.2 artikuluaren bidez, Azkoitiko udalean herri plataformari zegozkion zinegotzietariko bat ofizialki onartzeko aplikatu dutena. Artikulu hori partidu guztiek erabiltzen dute zerrendako guztiak dimititu ondoren hauteskunde zerrendan ez dagoen beste pertsona bat zinegotzi izendatzeko. Baina herri plataformetako kideak izendatzeko unean hasten dira arazoak. Ahal dute, baina ez dute nahi.

Kontseilu Politikoa eratu baino egun batzuk lehenago auzi honen inguruan beste adibide bat izan dugu Elorrion. PSE-EEren zerrendan zihoan pertsona batek uko egin dio kargua hartzeari eta publikoki azaldu ditu arrazoiak: "Sozialista bezala, ezin dut onartu herritarren erabakiz auzitegiek legez kanpo utzitako zerrenda bati dagokion kargua hartzea. Hartuko banu, herri honetan liskarra ereiten lagunduko nuke". Hori bai normalizazio politikoaren aldeko urrats bat ematea, nahiz eta 182.2 artikulua aplikatzera ez ailegatu, horretarako PSEk izendatu beharko bailuke Plataformako kidea. Eta ez du nahi, ez dauka horretarako borondate politikorik.

Azken Udal eta Foru hauteskundeetan baliogabetu bozei 472 hautetsi zegozkien. Horien arteko 300 inguru EAJ, EA eta EB alderdiek eskuratu zituzten eta horretan jarraitzen dute herritarren borondatearen arabera ez dagozkien karguak betetzen. Benetan alderdi horiek normalizazio politikoaren aldeko urratsak eman nahi badituzte, Zapaterori Alderdien Legea bertan behera utz dezala eskatu baino, beraiek Alderdien Legea baliogabetzeko aukera ederra dute: 182.2 artikulua aplikatuz, udalbatza guztiak herritarrek emandako bozen arabera berrosatzea.

Hona hemen Kontseilu Politikoko kideei luzatzen diedan ekimen-proposamena: bide hori aztertu eta aurrera eramateko akordioa gauza dezatela. Horixe bai normalizazio politikoaren alde har dezaketen ekimena. Oraintxe bertan, iraila arte itxaron gabe.


Azkenak
Stop azpikontratazioa

Esku-hartze sozialeko sektore publikoaren alde.


Pablo Gonzalezen aurkako mendekua ikusten du haren abokatuak, Poloniako Gobernuaren jarreran

Pablo Gonzalezek Errusian jarraitzen du, Poloniako Gobernuak pasaporteak konfiskatu zizkion kazetariari eta "Poloniako autoritateen esperoan" daude, Euskal Herrira bueltatzeko. Hala azaldu dio Gonzalo Boyé abokatuak Berriari.


Garikoitz Aspiazu euskal presoa Martutenera lekualdatu dute Lannemezandik

Etxeratek jakinarazi duenez, ostegun honetan gauzatu dute lekualdatzea. Orain, bost euskal preso gelditzen dira Frantziako espetxeetan.


Bideko Autobidearen ordainketa 2027tik 2030era atzeratuko du Nafarroako Gobernuak

Ordura arte Nafarroako Gobernuak 477 milioi euro ordaindu beharko dizkio Abertis konpainiari, 2023an honek erosi baitzuen Autobidearen ustiaketaren emakida 110 milioi eurorengatik. Itzalpeko ordainketek urtero modu gogorrean baldintzatzen dituzte Nafarroako Gobernuaren... [+]


Jon Irazabal Agirre hil da, 30 urtez Durangoko Azokaren zuzendaria izandakoa

63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.


112 hitzetan emergentziak saihesteko prebentzio-aholkuak
Umeak uretan, belarriak tente


2024-08-23 | ARGIA
Burlatako sexu erasoa dela eta 18 urteko gazte bat atxilotu dute

Joan den astean izan ziren Burlatako jaiak eta aste honetan jakin da adingabeko neska gazte batek izandako sexu erasoa. Espainiako Poliziak, halaber, jakinarazi du erasoarekin lotutako 18 urteko gazte bat atxilotu zuela joan den igandean.


Eguneraketa berriak daude