Balentin Dorronsoro: «Bakoitzaren gorpuzkera mundu bat da»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zure palmaresean jarriko dut Tour bat irabazi duzula?
Ez, nik nire palmaresean ezin dezaket jarri nik Tourra irabazi dudanik.

Baina zu ere tartean zinen, eta hori ere izango da zerbait kontatzekoa, edo harrotzekoa behintzat?
Bada halako zerbait berezia, bai, nik joan den urtera arte sekula Tour bat irabaztea zer zen ez nekien, Espainiako Vuelta bai, hiru edo lau aldiz irabazi zuen taldeak, Tourrean bigarren ere izan ginen Alex Zullerekin, baina Tour bat irabaztea zer zen ez nekien. Eta bada zerbait berezia, baina ez dit ezer aldatu. Tourra irabazi, hurrengo egunean etxera etorri eta kito. Hala ere badu halako esanahi bat, pentsatzen duzu: «Bai, Tourra irabazi zen urte hartan ni han nintzen.»

Zuentzat ere berezia izango da maillot horia dakarrenari ematea masajea ala?
Denentzat izaten da poza irabazten denean, gauzak gaizki ateratzen direnean denentzat izaten den bezala tristura. Ez dakit harrotzekoa esan, baina bai urguilu puntu bat, zurekin dagoen norbaitek maillot horia ekartzea, edo zu lanean ari zaren norbait, aurrenekoa izatea. Guretzat ere pozgarria da.

Eta alderantziz, berea eman gabe, ahulduta, etsita, gaizki eta atzean sartu denari, nolako masajea eman behar zaio? Nola animatzen da hori?
Bada jendea nahiz eta gaizki ikusi bere burua ixten dena eta ez duena hitz egin nahi, beste batzuk berriz, saiatzen zara animatzen, morala gora altxatzen, beti ez da erraza izaten baina. «Masajea hartu, deskantsatu, afaldu ondo, gauean ohera joan, deskantsatu berriz, eta bihar beste egun bat izango da, eta gauzak alda litezke...». Askotan gezurra ere esan behar izaten da, zuk badakizu ondo ez dabilela, ez duela bukatzeko aukerarik izango, baina saiatzen zara gezurra esaten. Tira, gezurra ez, baina egia ere ez.

Eta eskuak altxatuta datorrenari ez da egongo ezer esan beharrik, ala?
Hark dena berak esaten du. Isilik egon, esaten duena entzun, eta kito. Eta euforia puntu horrekin beste askotan esaten ez diren gauzetaz ere igual hitz egiten da, gertatzen da hori ere.

Beraz egia da masajista txirrindularien psikologoa ere badela?
Hala esaten da, baina nik ez dakit hainbesteraino ote den. Egia da beraien konfiantzazko gizonak garela, ordu erdi batez edo ordu betez gurekin bakarrik egoten dira, eta izaten da beste leku askotan hitz egiteko aukerarik izaten ez denaz aritzeko aukera, baina hori harremana nolakoa den. Batzuekin harremana ona izaten da, beste batzuekin ez horrelako estua, eta gogoa ere ez da beti berdina izaten, batzuetan hizketan berak hasten dira, bestetan lo igoal hartzen dute. Beraz txirrindulari batzuen psikologoak izan gaitezke baina denena ez. Gainera niri ez zait gustatzen karrera bukatu eta karrerako kontuetaz hitz egitea, bizimodua, zer egiten duen, bada jendea ehiza gustatzen zaiona, edo andreaz edo umeaz hitz egiten dizuna, ezkondu egin behar duela, etxea erosi, edo saldu, autoa erosi duela... tankera horretako solasa izaten da. Autoarena maiz, abiadura eta autoak gehienei gustatzen zaizkie, eta txirrindulari askok profesionaletara pasa eta aurreneko diruak auto bat erosten gastatu izan ditu. Hori agian izango da gehien hitz egiten denetako zerbait, baina ez hori bakarrik, gauza askotaz hitz egiten da.

Munduko txoko guztietako txirrindulariak dituzue, amerikarrak, ukraniarrak, frantsesak, portugaldarrak, euskaldunak, espainiarrak... Kultura ere denek ez dute berdina. Antzematen al da hori ateratzen zaien hitzean?
Bai, leku ezberdinetakoak dira, eta hizpidea horrek aldatzen du. Horrek guretzako ikasteko asko balio du. Adibide bat jarriko dizut, Beltran Jaengoa da, eta bere aitak olibondoak dauzka eta mahatsa biltzen du. Orduan asko gustatzen zaio horretaz hitz egitea, zein olibok zertarako balio duen, zer egiten duen, zertarako biltzen diren, eta horrekin masaje ordu bat lasai pasa liteke.

Zu ostatuko semea izaki entzutera jarria egongo zara. Ostatu hark zenbat markatu zintuen? Txirrindularitzako lehen lasterketak eta lehen komentarioak han entzun al zenituen?
Bai, telebista hamar bat urte nituela sartuko zen etxean, eta han ikusten nituen botatzen zituzten lasterketak. Baina beste munduko ametsik gabe, botatzen zutena ikusi, ikusteko asko ere ez zen egoten, eta kito. Txirrindularitzako arra beranduxeago sartu zitzaidan, hamalau-hamabost urterekin edo.

Baina bizikletarik apenas izango zen orduan Albizturren...
Ez ziren asko. Baziren ez dakit zenbat kilo pisatzen zutenak, eta denek ibiltzen genituenak, ez batena, baizik eta denena zena. Baina nik nire aurreneko bizikleta hamalau urterekin erosi nuela uste dut, 2.000 pezeta edo ordaindu nuen garai hartan. Ez zen izugarria izango baina niretzat ona zen.

Nork esan orduan bizikleta hari urrea aterako zeniola? Nahiz eta profesionaletan urte gutxi egin, ez duzu inoiz txirrindularitza ez den beste lanik izan. Bada hori nahiko marka.
Soldadutzatik etorri nintzenean hasi nintzen serio antzean bizikletan ibiltzen. Eta denborarekin gero eta gorago eta gero eta aurrerago profesional izatera iritsi nintzen, baina ez nintzen urte askoan izan, hiru urtean bakarrik. Iritsi nintzen, probatu nuen eta kito. Azken urtean oso gutxi korritu nuen, ez nenbilen gustura, eta aukera eman zidatenez nahi banuen masajeak ematen hasteko, eskolara joaten hasi nintzen, eta ia bizikletan baino gehiago eskolan ibili nintzen. Irunen ibili nintzen astean hiru edo lau egunetan, eta ez nintzen handik asko nekiela aterako, baina hurrengo urtetik aurrera lanean hasi nintzen.

Orain urtebete munduko talde onenak fitxatu zintuen, US Postal ohiak, Discovery Channelek. Masajista bat zertan nabarmentzen da batek edo besteak fitxatzeko?
Nik uste miraririk inork ez duela egiten. Ezin da esan, nik masajista hau hartuko dut eta gure etxean denak onak izango dira eta inor ez da lesionatuko, ez. Nik uste dut ezagupideagatik izan dela gehiago, eta gustuko izateagatik. Nik garbi daukat ez naizela hara joan besteak baino hobea naizelako, baizik eta Bruynell ezagutzen nuelako, eta momentu horretan norbait behar zutelako.

Jende askok esaten du, txirrindulariak egun batean txiki arraio eginda iritsi helmugara, eta biharamun goizean fresko-fresko egoten direla irteeran, hori ez dela posible. Azaldu iezaiozu baietz.
Nik uste dut posible dela. Eta pentsa, izaten dira egunak guk geronek bizikletatik jaitsi eta dutxan sartu beharrekoak, beraiek gauza ez direlako. Bizikletatik jaitsi, eranzten lagundu, eta dutxa berotan sartu. Ezagutzen ez duen batek esan lezake: «Hau bihar ez da gauza izango ateratzeko». Baina badakizu baietz, dutxa on bat, masajea hartu, afaldu, deskantsatu eta errekuperatu behar dena errekuperatzen du, bitamina hartu, eta hurrengo egunean ateratzeko gai izango da. Baina hori ez txirrindulariekin bakarrik. Basoa botatzen aritzen direnak ere egunean hamabi orduan aritu basoa botatzen eta nekatuta bukatzen dute, porru eginda, eta hurrengo egunean lanera joaten dira eta beste hamabi ordu pasatzen dituzte. Beraz, entrenatuz gero, eta zailduta egon, zainduta, elikadura aldetik, deskantsu aldetik, nik uste oso posible dela. Jendeak gauza asko bila lezake, baina horretarako bakarrik dagoenak ahal du.

Neurri batean zure eskuen mirariei esker ere bada.
Miraririk ez da egiten, mahaira igotzea kosta zaiona, ordu beteko masajearen ondoren ez da saltoka jaisten. Hankatako mina ez da mirari bat eginda kentzen. Eta hurrengo egunean ere bizikletan ateratakoan, berotu arte, hankak nagituta egoten dira.

Zuk hankak hunkituz irakurtzen duzu bakoitzaren gorputzaldia?
Bai, batik bat zuk ezagutzen duzun jendearekin, ezagutzen duzun muskuluarekin. Zu beti berdinarekin ari baldin bazara, iristen zara bakoitza ezagutzera, zeren eta bakoitzaren gorpuzkera, izaera bezala, mundu bat da. Denak ezberdinak gara. Berritan etortzen bazaizu zailagoa da, pertsonalki ezagutu behar duzun bezala, gorputza ere ezagutu egin behar duzu; horrek denbora eskatzen du, egoera ezberdinak, eta gauza asko. Baina azkenean ezagutu liteke bakoitza. Eta orduan antzematen diozu zer sasoitan dagoen.

Masajea ere gorputz eta gorputzaldi bakoitzak berezia eskatzen du?
Aldaketa handirik ez da izaten, baina beti berdina ere ez. Ikusi behar da bakoitza nola iritsi den eta zer behar daukan. Ezin da beti indar berdina egin muskulua ez delako beti berdin egoten. Eskua nola sartzen diozun, eskua zenbateraino sar zenezakeen, non egiten duzun mina, non ez, bakoitzaren gustuaren arabera ere badago.

Min emateraino iritsi behar du masajistak?
Bai, eta batzuei gustatu egiten zaie, zu ustez ari zara zuri iruditzen zaizun bezala masajea ematen, eta esaten dizu «aizu, gehixeago estutu iezadazu», edo alderantziz, «gutxixeago estutu iezadazu, niretzako gehiegi da». Baina, bai, mina ematen da.

Eskutako minik izaten duzu?
Bai, sortzen da, batik bat orain. Urtearen aurrenean bi edo hiru hilabete lanik egin gabe egon, eta hasieran beti nabarmentzen da zerbait, baina hamabost eguneko gorabehera izaten da hori.

Arriskurik ez al dago makinek ordezkatzeko pertsonaren lana?
Nik uste dut ezetz. Gauza asko daude orain, bai masaje aldetik, bai gimnasi aldetik, mahaian etzanda jarri eta gimnasia egiten duzula esaten dutenak, nik ez dakit hainbesteraino den. Nik uste gimnasia egin nahi duenak norberak kostata eta sufrituta egin behar duela. Autobideko gasolindegietan ere ikusten dira txanpona sartu eta masajea ematen duten aulkiak. Tentatuta egon izan naiz baina ez dut sekula probatu, eta ez zait iruditzen leher eginda datorren kamioi gidaria, logurez eta bizkarreko minez datorrena, han eseri bost minutuan eta korrika aterako denik. Agian oker egongo naiz, baina ez dut uste.

Aurten zenbat masaje eman dituzu?
Bi astean egon naiz kontzentrazioan, Kalifornian, talde guztia egon gara, hogeita zortzi txirrindulari, eta nik horietako bost hartzen nituen. Hasten nintzen arratsaldeko hiruetan eta iluntzeko zortzietan bukatzen nuen, bost ordu egunero, nik ere nahiko nekatuta bukatu dut.

Zein bost ibili dituzun esan al daiteke?
Jose Azevedo, Jose Luis Rubiera, Egoi Martinez, Isidro Noval eta Manuel Beltran. Ez da ohizkoena izaten hizkuntza kideak elkarrekin ibiltzea, hainbeste hizkuntza ezberdin daudenez saiatzen baitira nahasten eta denei ingelesez hitz egin arazten, bestela bakoitzak berea egiten duelako, eta badagoelako jendea ez dakiena eta horiek ikas dezaten nahi dutelako. Baina nik, jakina, bost hauekin ez nuen ingelesez hitz egiten.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu zuk?
Moldatzen naiz euskaraz, gazteleraz, frantsesez, italieraz, eta ingelesa eta alemana ere itxura antzean.

Eskerrak mutikotan eskola ez zenuen oso gogokoa!
Ez, ez genuen gustukoa, baina joan beharra izaten zen. Gero, ordea, ikusi nuen hizkuntzak beharrezkoak izango nituela eta neure kabuz hasi nintzen ikasten. Hala ikasi nuen ingelesa orain hogei bat urte, eta ez naiz katedratikoa izango, baina moldatzen naiz. Frantsesa batxilerrean ikasitakotik, eta gero Frantzian emandako denboratik menperatu dut. Ez naiz sekula eskolara joan, baina uste dut gogoa izanez gero badaudela beste aukera batzuk.

Euskaraz masaje asko eman izan duzu?
Bai, Abraham Olanorekin, Marino Lejarretarekin, Mikel Zarrabeitiarekin, Alberto Leanizbarrutiarekin, David Etxebarriarekin... Euskaldun taldea ez izanagatik ere ONCEn beti izan da euskaldun asko, bai txirrindulari bezala, eta bai masajista bezala. Eta orain ere Discoveryn Egoi Martinezekin euskaraz hitz egiten dut, eta sendagilearekin ere beti, Kepa Zelaiarekin, izatez galdakaoztarra baina Elorrion bizi dena.

Egoi Martinezekin zer itxaropen dago?
Nik entzun dut Bruynellen gustuko norbait dela eta zerbait berezia ikusten diola, eta berak egin duen apustua da. Gaztea da oraindik, eta etorkizuneko txirrindularia dela iruditzen zait niri ere. Zenbateraino irits litekeen? Ez dakit, nik ez dut gehiegi ezagutzen, Etorkizuneko Tourra irabazi zuen orain dela lau edo bost urte eta hori irabaztea bada zerbaiten seinale. Nik baino gehiago ulertzen duen jendeak eraman du harantz, Bruynellek uste dut nik baino gehiago ulertzen duela, eta berak zerbait berezia ikusi diola iruditzen zait.

Aurten bost ibili dituzula esan duzu, antzemanda egongo zara zein ibiliko den ongi?
Hankak ondo edukiagatik maila bat dauka bakoitzak, eta maila horretatik ez da pasako. Eta nik orain ibili ditudanak ezagunak dira, Azevedo badakigu noraino irits litekeen, Rubiera ere bai, eta ondo ibiliko diren garaia iritsiko da, baina ondo ibiliagatik ere ez dela miraririk izango badakigu. Ondo daudenean ere badakigu Tourra irabazteko zenbat izan litezkeen.

Esan nahi duzu Armstrongik gabe ere berriz Tourra disputatzera joango dela Discovery?
Ez dakit badagoen inor Tourra irabaztekorik, baina disputatzera pentsatzen dut joango garela. Ez lehenagoko lasaitasun harekin, lehenago irabazteko aukera gehien zituena mundu guztiak bazekien nor zen, orain nahiz eta irabazteko pentsamendua izan beste era batera jokatu beharko da, taldeak eduki litzakeen esperantzak ez dakit zeinekin diren. Orain ez dago esaterik «honekin Tourra irabaz genezake», nahiz eta norbait hor aurrean joateko pentsamenduarekin ibili.

Ziur izenen bat baduzuela buru atzean...
Popovitx. Azevedo nahiz eta ONCErekin urte batean seigarren iritsi zen, eta gero Discoveryrekin bosgarren, badakigu irabazteko adinakoa ez dela. Savoldelli ere uste dut ezetz. Giroa irabazi zuen iaz, aurten ez dakit berriz irabazteko gai izango den, baina urtetan ere aurrera doa, hogeita hamahiru egingo ditu. Beraz nik uste denen ahotan Popovitx dagoela, baina ikusteko dago oraindik.

Armstrongez hitz egin dezagun, askotan ibili duzu Armstrong esku artean?
Ez, ni Tourrean ibili naiz Armstrongekin, eta Paris Nizan eta Dauphine Liberen ere bai, baina bestela berak beti masajista berdina ibili izan du. Azkeneko urtetan beti berdinarekin ibili da, eta ez lasterketetan bakarrik, baita kontzentrazioetan ere, etxean ere bai askotan.

Armstrong eskutan hartzean zerbait berezia hunkitzen ari zarela antzematen da?
Ez, nik uste dut begiak itxita jarri, norbaiten hankak hunkitu, eta inork ez lezakeela esan, «honek Tourra irabaziko du» edo «hau Tourra irabazitakoa da». Bestela erraza izango litzateke, hankak hunkitzen joan eta esan «hau etxerako, hau ez», «honek Tourra irabaziko du, honek ez», ni behintzat ez naiz gai horretarako.

Ez dakit Armstrongekin zer hizpide izango zenuen, barkatu atrebentzia, dopingaz hitz egiten zenuten?
Ez, nik Armstrongekin ez dut sekula hitz egin dopingaz. Ez da saihesten den gai bat, ez dago zergatik saihesturik ere, baina nik uste dut barruan baino gehiago kanpoan hitz egiten dela horri buruz. Orain ere adibidea hemen dugu Herasekin, eta hitz egiten da, baina hor dagoelako, eta kontrolak pasatzen direlako, eta goizetan askotan seietan edo seiak eta erdietan etortzen zaizkizulako ate joka, eta odola ateratzen dizutelako, eta haserre jaikitzen zarelako. Ez da bereziki atsegina den hizpidea ere. Hitz egin behar denean edo iritzia galdetzen dizutenean hitz egiten duzu, baina ez gara horretaz mintzatzen beti aritzen.

Nik L’equipe irakurri izan dut, eta, badakizu, hor Armstrongek 1999an EPOrekin positibo eman zuela publikatu zen. Bere masajista ohiak ere hitz egin du Armstrongen izena zikinduz. Zu ere masajista zaren aldetik, ezin naiz zer iritzi duzun galdetu gabe gelditu.
Masajistek hitz egiten dutenaz Armstrongen kasuan, zer esan? Nik uste dut nahiko argi gelditu dela emakume horrek diru bat kobratu duela hitz egiteagatik, beraz egia eta gezurra ez dakit zenbat esan izango duen, edo egiarik esan duen edo gezurrik esan duen, idatzita dagoena ikusi, eta gero norberak ateratzen ditu bere ondorioak. Ni saiatzen naiz inportantzia gehiegi ez ematen, batik bat inork ez duelako ezer esaten barruan dagoen artean. Erraza izango litzateke, nik, nahiz gezurra esan, egun batean hemendik kanpora nagoenean, «orain dela hamar urte ez dakit zer eta badakit zer» esatea, baina arraroagoa izango litzateke orain barruan nagoela esango banizu «ni honekin ez nago ados, banoa hemendik eta hau eta hau esango dut». Barruan gaudela eta bizimodua hortik irabazten ari garela oso jende gutxik esango dizu, gezurra, edo egia, edo nahi duzuna. Ez badagoelako edo ez dagoelako, baina inork ez du esaten lanean ari denean «aizu, ba ni honekin ez nago ados, kanpora joango naiz eta hitz egin egingo dut», oraindik ez dut inor ezagutu hori egin duenik. Beti bukatu eta gero edo bidali dutenean gertatu da hori, norbait bere lanean ez zelako behar bezala portatzen, edo behar bezala ez zuelako egiten, bidali dute eta esan du: «Ba orain hitz egin egingo dut». Nik uste egia baldin bada eta baldin badaukazu aukerarik, barruan zaudenean ere esan dezakezula, beraz gauza horiei ez diet arreta eta garrantzia gehiegi ematen, ez dakidalako benetan egia esaten ari ote diren edo dirua ateratzeagatik egiten duten.

Bertsoa

Doinua: Zer da gaur Donostian

Zugana heltzen dira
nekatu antzean,
osatzeko asmotan
etzanda jartzean.
Zuk atzamarrak sartuz
tendoien ertzean,
irakurriko duzu
zeure behatzean
zer daukan kontatzeko
gihar bakoitzean.

Nortasun agiria
1959ko urrian 24an jaio zen Albizturren, eta orain ere bertan bizi da. Albizturreko eskolan hasi zituen ikasketak, eta Tolosako eskolapioetan, eta Andoaingo La Sallen ere ibili zen. Beti txirrindularitzatik atera du ogibidea, hiru urtean profesional bezala (Orbea eta Colchon CR taldeetan) eta azken hogei urteotan masajista bezala (Caja Ruralen, Paterninan, ONCE eta Liberty Segurosen hamalau urtean, eta iaz eta aurten Discovery Channelen). Iaz Lance Armstrongek bere azken Tourra irabazi zuenean bera ere han zen masajeak ematen. Etxean dagoenetan Albizturren bizi da, bakarrik.

Eliteko kirola ez da osasungarria
«Gorputzari tratu txarra ematen zaio. Dudarik gabe kirol onena bere neurrian da. Beraz, ados nago, eliteko kirola ez da osasungarria, eta onena hemen egiten den bezala, bizikletan edo oinez ibiltzea da, baina norbere onetik atera gabe. Elitean askotan beren onetik aterata ibiltzen dira, bihotza ez dakit zenbat taupadetan, eta hori ez da ona, baina hori da ogibidea eta norberak aukeratzen du. Meatzean aritzea ere ez da ona, baina jendeak handik atera behar izaten du bizimodua. Ona dena bakarrik egin behar izango bagenu uste dut makina bat gauza egin gabe gelditu beharko genukeela denek».

Ofizio guztiak
«Hemen ez da masajista izatea eta masajeak ematea bakarrik. Aldi berean hogei egunean autobus bat ibili behar duzu, edo kamioi bat, edo aste betean kanpoan zabiltzanean erosketak ere egin behar dira, jateko behar dena, arropa ere guk garbitu behar izaten dugu, nahiz eta kamioian garbitzeko eta lehortzeko tresnak egon norbaitek jarri behar ditu, norbaitek kontu egin behar du atera eta berriz jartzeaz, beraz denetik tokatzen zaigu, mundu horretan egin litezkeenetan denetik».

Manolo Saiz
«Nik berekin beti harreman ona izan dut, eta ezingo nuke besterik esan, bestela ez luke izango esplikaziorik hamalau urte berekin egoteak. Zorrotza izan da zorrotza izan behar duenean, eta bestaldera izan behar duenean beste aldera ere izan da. Eta txirrindularietan egongo da jendea nirekin ados ez dagoena, baina nik ezin nezake besterik esan».


Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude