Mariano Ferrer: “Anoetako karrila oso ona da, baina konplikatua”

  • "Bizitza pribatura erretiratu asmoz jubilatu nintzen, El Mundoko artikuluak idaztearena salbu, geratu zaigun pentsio txikia lagundu aldera. Astean behin artikulu bat idazteak ez zidala ardura handiegirik emango uste nuen, politikaren inguruan aritzeak, alegia. Baina erratuta nengoen. Eskaini nahi nion baino ardura handiagoa eskatzen dit. Horrek aktibitate politikoan mantentzen zaitu nolabait, jendeak ez zaitu erraz ahanzten, nahi baino gutxiago edo beranduago ahanzten zaitu, alegia. Halaber, eta besteak beste, auzi soziopolitiko batean ari bazara, 18/98 auzia kasu, bada, uste baino sartuago nago egunerokoan...", honela laburbildu digu Mariano Ferrerek oraingo bizimodua.


2007ko otsailaren 21ean
18/98+ lan taldeak gizartea manifestatzera deitu du Bilbora datorren 18an, izen bereko sumarioa bertan behera gera dadin exijitzeko. Auzi honetatik abiatu dugu elkarrizketa.


18/98+ plataformaren espiritua azaltzea nahi nuke, hasteko.

Gizarteari errealitate bat azaldu nahi diogu, ez dugu nahi auzia denok berdin ikustea edota guk ikusten dugun bezala ikustea. Gu konbentzimenduz ari gara, baina errespetuz, bakoitzak auzia nahi duen moduan ulertu eta agertu dezala nahi dugu. Kaiera ekimena adibide ona izan zen. Ez genuen jendearen sinadura soila bildu nahi, guk proposatutakoa onartzea alegia. Orduan lortu genuen eta orain ere zerbait zabalagoa eta irekiagoa lortu nahi dugu, hau da, jendeari pentsatzen duena azaltzea eskatzen diogu: "Ados egon zaitezke gurekin oro har edo zuhurtziaz. Eta guri bururatu ez zaigun ideia edo beste ikuspegi bat baduzu, emaguzu. Inplikatu zaitez, auzia ulertzen duzun neurrian eta egokieran". Horra gure espiritua.


Iazko otsailean manifestazio handia burutu zen Bilbon kari honetara. Gizarteari deia egin diozue berriz ere. Zein da urte honetako ibilbidearen balorazioa?

18/98 sumarioak ez zuen bere testa gainditua orain urte bat, justiziak nahiz guk erakutsi behar genuenaz ari naiz. Justizia anbizio handiko prozesu konplexu, zabal eta neurrigabean sartu zen, burugabea gure ikuspuntutik. Hori, baina, herritarrek ikusi behar zuten. Jendeak urte honetan zehar hori ikusi duelakoan nago. [Ferrerek epaiketaren inguruan izan diren irregulartasun eta gehiegikeriak azaldu dizkigu]. Alde horretatik gizartearen aurrean guk azaldu genituen neurrigabekeriak begi-bistan geratu dira. Areago, epaiketa hasi ostean inputatuak jasaten ari diren egoera ikaragarria ageri da: Madrilera joan-etorrian dabiltza, hilabeteak iraungo dituen epaiketaren aldian aldiko bistek minutuak irauten dituzte, hots, inputatuen kalteak izugarriak dira bizitzaren arlo guztietan.


Zein da uneon zabaldu nahi duzuen mezu nagusia?

Lehenbizi, pertsona hauen defentsa egitean euren eskubideak eta duintasuna berreskuratu beharra dagoela. Hau da, epaiketaren instrukzioa nola egin den ikusita, ez gara kontentatzen epaiketa zuzena eskatzearekin, sumario honen zama ezin da ordaindu absoluziozko sententzia batekin edo zigor txikiekin. Zuzenbidezko estatua berreskuratzeko modu bakarra epaiketa mota hau gelditzea da. Bigarrenik, gizarteak sumario honetan ez daudela soilik inputatuen eskubideak jokoan ulertzea nahi dugu. Inputatuen aktibitateak legalak, publikoak eta legezkoak dira demokrazian eta berauek tesi politiko baten ikuspegitik juzkatzen ari dira, ETAren asmoekin kolaboratu izanaren akusaziopean. Laburbilduz, zuzenbidezko estatuaren izenean gizarteak bildu, eratu, espresatu eta berrantolatzeko dituen eskubideak ari dira murrizten eta urratzen, eta hori salatu beharra dago.


Gizarteak asko du jokoan, alegia.

Bai. Gizarteak errealitate hau onartu behar luke, edo parte bat bederen. Baina gizartea nekatuta dago, euskal auzi edo gatazka dela medio, gogaituta dago. Prozesuan zehar jende askok muzin egin dio gertatu dena ulertzeari, perspektibaz aldatzen joan da, ezker abertzalearekin gogorra bihurtuz joan da, inputatu den-denak ez badira, gehienak espektro sozio-politiko horretakoak direlako. Ezker abertzaleak euskal auziarekin bukatzeko behar beste egiten ez duela uste du gizarteak. Gizarteari promesak egin zaizkio eta horietako batzuek lur jo dute. Guk hori nabaritu dugu konpromiso publiko batzuk hartzean. Hori agerikoa da. Edonola ere, plataformaren diskurtsoak eta errealitateak epaiketa hau kontu garrantzitsua dela ulertzera eraman dute jende asko, gizarte osoari dagokion afera dela ulertzera.


Zer iritzi duzu Auzitegi Nazionalaz?

Auzitegi Nazionala salbuespenezko erakundea da, hori jakina da. Zuzenbidezko estatuaren izaera "pertsona guztiak legearen aurrean berdinak direla, berdin tratatuak izan behar direla eta denek dutela berme berbera...·" lelo hutsa bihurtu da. Auzitegi Nazionalari larritasun handiko delitu konkretuak epaitzea utzi zaizkio berariaz. Boterearen eremutik modu determinatzailez jokatzea erabaki da, normalki burutu behar ez liratekeen ekimen judizialak burutzen dituelarik. Auzitegi Nazionalari aura berezia eman zaio, eta duen botere eta agintea medio, tratatzen dituzten gaietan oso argi ageri dira justizia eta politikaren arteko konexioak, eta hainbat izendapen nahiz jokabide ustelak dira.


Espainiako Gobernuaren edozein borondate mota zapuzteraino?

Ni ez naiz horren ezkorra. Dudarik gabe, justizia bultzada politikoak kutsatuta dago, baina honek ez du esan nahi epaile guztiekin eta epaiketa guztietan horrela denik. Justizia kutsatuta izateak ez du esan nahi epaileek euren kontzientziaren arabera jokatzen ez dutenik. Kutsadurarik ez balego ere, jokabidea ez litzateke zuzen-zuzena izango. Alabaina, salatu dugun errealitatea agerikoa da, kontuz esateko nahikoa.
 

Anoetako Proposamena hizpide honela esan du Rafa Diezek ARGIAn: "Ez gaituzte gure karriletik aterako".

Anoetako karrila oso ona da, baina konplikatua. Ona da, eragile batzuen eta besteen artean ebatzi behar dena zehazten duelako. Konplikatua da ez duelako bi bide erabakigarrien egutegia zehazten. Hori da zaila artikulatzen, hau da, alderdien mahaia zailki osatuko da ETAren arazoa ebazten ez den bitartean. ETAren afera inolako planteamendu politikorik egin gabe zaila da konpontzea, eta ez naiz ordain politikoa emateaz ari, planteamendu politikoaz baizik. Arlo horren gainazalean behintzat ezer gutxi ageri da, azpian zerbait ote dagoen? Ez dakit. Eragile batzuek rollo ona dagoela diote, harreman onak direla, baina gainazalean gaudenok ez dugu aparteko aurrerapenik ikusi. Anoetako Proposamenaren diskurtsoa eta karrila onak dira ETA faktore horren erabakitzailea ez den bitartean eta politika gailentzen den neurrian, baina dena oso astiro doa. Batasunak urrats handiak eman dituztela dio, baina ez nau konbentzitzen. Jauregiko kontuak geldiro omen doaz eta pazientzia izan behar dugu, baina...


Zapatero nola ikusten duzu?

Oposizioan zegoela inpresio pobreagoa izan nuen berari buruz. Jarrera onak zituen baina bere diskurtsoa oso laua zen. Gobernuan, aldiz, burdinazko egitura, eusteko gaitasuna eta trebetasun taktikoa hauteman ditut berarengan. Denetarikoak aurpegiratu zaizkio, batzuetan arrazoiz, ordea, ideia sendo baten gainean ari da lanean: PP itzultzea nahi ez dutenek behar dute. Alderdian nahiz kanpoan lagundu behar diote eta horretaz ondo baliatzen ari da. PSOEn lider baten aldaketa hondamendia litzateke, bere alderdian ondo dakite hori eta Zapaterok maniobratzeko margena dauka. Alabaina, PPren itzulera nahi ez dutenek ez dakite hainbat politika eremutan zeren alde egiten duten. Hor dago koxka!


Azkenik, zer iradoki dizu Katalunian bizi den prozesuak?

Bat, gehien interesatzen zaidana: gure buruari egiten dizkiogun tranpak. Hau da, Kataluniako Estatutuak adostasun itzela zeukan: %90a. Guri, EAEn, adostasun handiagoa exijitzen ziguten, baita Kataluniakoa eredu bezala jarri ere. Ordea, jabetu gara Kataluniakoak berak ere ez duela balio izan. Bi estatutuek legezko akordioa dute eta berau kontuan ez hartzea demokraziaren inkongruentzia da. Baina, zergatik egon da horrenbesteko axolagabekeria Kataluniako nahiz EAEko parlamentuetan onartutako akordioetan? Bi akordioek Grouyer gaztak baino zulo gehiago zutelako. Akordio formalki baliagarriak ziren baina funtsean gaseosoak. Alderdi bakoitzak babesa eman dio proiektu politiko gisa, baina joko politikoan erabiltzeko, ez bere edukian erreparatuta. Akordioen edukien ahultasunak erraztu du berau urtzea Katalunian zein EAEn. Gurean, adibidez, zein neurrian da funtsezkoa Batasunak Ibarretxe Planari eman zion babesa edo EBk edo EAk edo EAJk emandakoa? Hori kontuan izan behar dugu, bestela gure burua engainatzen ari gara. Akordioa zegoen baina ez zen sendoa eta berau konfrontazio politikoan apurtu egin da. Katalunian bezala funtsean.
"Hedabideek ez dute informatzen"
Jendea konbikzioz, diru beharraz edota segurtasunez alda daiteke. Bakoitzak bizitza nahi duen bezala bideratzeko eskubidea dauka. Pertsonen eboluzioak ez nau horrenbeste kezkatzen, gauza batzuk eta besteak neurtzeko neurgailu horren desberdina izateak bai ordea. El Pais eta inguruko inteligentsiaren jarrerak esaterako. El Paisek Euskal Herriko justizia aferekin berebiziko interesa dauka, bere diskurtsoa gai judizialetan oso da gogorra, justizia politizatua dagoela eta Hernandoren irizpideak frankistak direla dio, PPren zerbitzura... Haatik, tribunal horiek Euskal Herriko arazoetan dihardutenean, ez dituzte zuzenbidezko estatua, justiziaren eta prozesatuen oreka aintzakotzat hartzen. Izugarria iruditzen zait, deigarria da oso.
Prentsarekiko nire ikuspegia ez da aldatu, hedabideak okerrera doaz. Ez nik lanbidea utzi dudalako (irriak), ez naiz horren ergela eta harroputza. Besterik gabe, hedabideak boterearekiko saihesbide edo desbideratze lerro gisara ulertu ditut, baina gero eta lerrokatuagoak ikusten ditut. Garai batean errealitatearen erakusleihoak izaten saiatzen ziren hedabideak, beren lanketa, sintesi, oreka zirela medio, hiritarrak gertatzen denaren adi jartzen saiatzen ziren, baina hori ahantzita dago. Hedabideak beste kausa batzuen mesederako ari dira, ez informatzeko, zoritxarrez.

 


Azkenak
Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


2025-02-17 | Euskal Irratiak
Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]


Musika eta dantzaren bidez, elkartasuna adierazi diote Palestinari Donostian

Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]


Komunitateaz (I)

Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]


2025-02-17 | Nagore Zaldua
Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?

Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.


2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Intsektuen negupasa

Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]


2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Xüxenka
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen

Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]


Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Eguneraketa berriak daude