Raul Zibechi: «Latinoamerikan Brasil inperialismo yankiaren ordezkoa da nolabait»

Demokraziek diktadura militarrak ordezkatu zituzten; eredua agortu da eta gizarte mugimendu berriak jaio dira...
Mugimendu berriak bazterretan sortuak dira; erakundeetatik eta mugimendu zaharretatik -langile, nekazari, ikasle mugimenduak- kanpo. Alde batetik, 90eko hamarkadan herri gehienetan (Ekuador, Kolonbia, Peru, Bolivia, Chiapas) protagonista izan diren indigena mugimenduak ditugu; bestetik, gabekoen mugimenduak -lurrik gabekoak, etxerik gabekoak, lanik gabekoak-. Aurreko mugimenduekiko aldea nabaria da: alderdiekiko menpekotasunik ez dute, oso ekintza zein mobilizazio garrantzitsuak egiten dituzte, mapa politikoa aldatu dute. Neoliberalismoari zilegitasuna kendu diote eta matxinadak eragin dituzte (Bolivia, Ekuador, Argentina, Venezuela). Alderdi sistema kolokan jarri dute eta, azken batean, 90eko hamarkadaren amaieratik, gobernuak deuseztatzea lortu dute, alderdi aurrerakoiak boterera heltzea erraztuz.

Nortasun ezaugarri gehiagorik ba al dute?
Kaletarren indarra da osagai berria: Argentinan, Boliviako El Alton, Caracasen. Hirian -jende gehiena bizi den tokian- sustraiak sendotzea da mugimenduen egungo erronka. Brasilen Lurrik Gabekoen Mugimenduak (MST) bi milioi pertsona ditu, baina Brasil osoan zehar sakabanatutako 5.000 kanpamendutan; horrela, estatuaren aurkako presioa ahula da oso. Ekuadorreko eta Boliviako ketxuen eta aimaren komunitateez gauza bera esan daiteke. Argentinako kasua interesgarria da eragile berria agertzen delako, hiri eragilea; baina ez langileriari lotutako hiri eragilea, baztertuengandik sortutako eragilea baizik, antolakuntza era ezberdinak dituena. Aldi berean, Kapitala eta Merkatua hirian dauden heinean, are hauskorragoa da sustraitze prozesu hori. Buenos Aires bezalako zonaldean autonomia materialik ez dagoenez, zaila da autonomia politikoari eustea, zaila da estatuak emaniko 50 euroko diru laguntzarik gabe bizitzea. Hirian estatuak mugimenduak deuseztatzeko daukan gaitasuna itzela da.


Zelakoa da mugimenduen eta gobernu aurrerakoien arteko harremana?
Eskumaren aurrean, arnasa hartzeko-edo, ezkerrari eman ohi zaio botoa. Alderdi ezkertiarrak badaude ere, etsai bera daukagu eta autonomia ez dago kolokan; alderdi horiek gobernura heltzeak dakartza arazoak. 1990etik, CONAIEk (Ekuadorreko Indigenen Nazio Koordinakundea) zortzi altxamendu gauzatu zituen eta hiru presidente bota. Gaur, kemen handiko mugimendu hori desitxuratuta dago, gobernuek -aurrerakoiek eta betikoek- mugimenduak erosteko eta zatitzeko politikak izateaz gain, mugimenduak ahultzeko garapen egitasmoak ere sortu dituzte. CONAIEk komunitateetara atzera egitea deliberatu zuen, baina garapen egitasmoen eskutik ari dira beraien lurrak galtzen: industri landaketak, transgenikoak... beraien lurraldea hondatuta dago. Ekonomia ere badabil: nekazal guneetako biztanle kopurua murrizten ari da eta jendea hirietan metatzen. Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF) daraman politika trinko eta kolpista zatitxoa baino ez da; Munduko Bankuak (MB) eta Garapenerako Banku Interamerikarrak (GIB) politika burutsua dute, ahultzekoa, garapen egitasmoetan oinarrituta, ikusgaitza den arren, herriak zorraren bidez zapaltzea bezain kaltegarria da. Horrexegatik, zapatistek ez dute ezer jakin nahi GKE-ekin, ezta estatuarekin ere. Zoritxarrez, denek ez dituzte zapatisten argitasuna edo oihanean dauzkaten baliabideak izan. Horrela, Brasilen, lurrik gabekoen asentamendu askotan transgenikoak landatzen dituzte edo indigenei lurrak kentzen dizkiete. Paraguain, lurrik gabekoek soja transgenikoa landatzen ez badute ere, sojak berak baztertuta eta pobretuta daude. Argentinan 10 milioi soja hektarea izatetik 17 milioi izatera pasako dira eta herri osoak desagertuko dira. Orduan, atzera egitea bai, baina, norantz? Gobernu aurrerakoiek hau guztia indartzen dute; Kirchnerren kasua oso argia da, goitik menperatzeko politikarekin batera, behetik ere GKE-ak eta ministerioak mota guztietako egitasmoen bitartez dirutza itzela sartzen ari dira.


Zelan eutsi autonomia materialari hirietan?
Duela hamar urte baino jantoki, okindegi, ortu, atelier eta gauzak egiteko gogo gehiago daukate; 60-70eko hamarkadetako baztertuek ez zeukaten gutxiengo kontzientzia badaukate. Auzoetako lurrak hartzea lehenengo helburuetako bat izan zen. Egun, autonomia material gehiago nahi dute, beraien lana kontrolatu nahi dute, egunerokotasunean, hezkuntza, osasuna bereganatu nahi dituzte. Erraza ez izan arren, egun egoera ezberdina da: berreskuratutako fabrikak, asanbladak eta inoren menpe egon nahi ez duten zenbait piketero ditugu.

Txileko eta Uruguaiko salbuespenak aipatu dituzu. Maputxeak?
Txilen demokraziak eta ezkerrak maputxeen kontrako euste-horma osatzen dute. Demokrazian badaude ere, intentsitate gutxiko gerra pairatzen dute; kolpatuta daude oso, erreprimituta. Hegoaldean bizi direnek, kristoren errepresioa jasan arren, badute atzera egitea, badute lekurik, baina ez Santiagon bizi den milioi bat maputxek. Gainera, biztanleriaren %10 baino ez dira.
Uruguai ezberdina da. Hirietan pobrezia itzela da: Montevideon, kasu, ia %50ekoa da, baina duela gutxi pobretutako jendea da. Biztanleria urria da, ia ez dago gazterik eta joandakoak asko dira. Bestaldetik, politika alderdiek eta CNT-PIT sindikatuak darabiltelarik, ez zaie txiroei heltzen eta autolaguntzarako gai ez diren horiek estatuaren asistentzialismoak eta jauntxokeriak kaltetuta daude.


Zergatik ez ditugu jada militarrak ikusten?
Lurralde honetako birmoldaketa prozesuan estatu kolpeak zaharkituta daude: egun, kontrola MBk eta NMFk dituzten politika burutsuek eragiten dute. Brasilen, adibidez, zorra kitatzeko kapitalak erakartzeko Banco Central-ak ezarritako munduko interes tasarik altuenek jokatzen dute aipatutako rola; NMFkiko kitatutako zorra, orotara, %5ekoa baino ez da, bestea banketxe pribatuekin daukate eta, astero 1.500 milioi dolar ordaindu behar dituzte. Hau estatu kolpea da, ekonomia bideratzeko modu paregabea. Sao Pauloko industri-gizonek, 30.000 langileko fabrikak dauzkatenek, haztea oztopatzen dieten finantza kapitalek euren mozkinak zelan xurgatzen dituzten ikustea baino ez dute egiten.

Kapitalaz ari garela, espainolek bigarren konkistan dihardutela dirudi.
Azken hamarkadetan, Amerikan sartu den kapital espainol berria hiru arlotan kokatzen da: telefonia, petrolioa eta gasa, eta banketxeak. Espainiako Estatuko enpresak ez dira kapitalismoaren abangoardia izango; Uruguain, adibidez, sartuta dago Bilboko Ur Partzuergoa, Maldonadoko Uretan. Hala ere, telefono mugikorretan Telefónica Latinoamerikako enpresarik garrantzitsuenetako bat da, liderra da Telmex-ekin batera; oso merkatu erakargarria. Banketxeen presentzia -besteak beste, Banco Santander eta BBVA- inportantea izan arren, ez da, beste bi arloekin erkatuta, inportanteena, hori Repsolek islatzen du. Repsolek Argentinako estatu enpresa YPF (Yacimientos Petrolíferos Fiscales) bereganatu zuen pribatizazio garaietan, indar handia dauka Bolivian eta, orain, gobernu aurrerakoiekin egindako tratuei esker, Kirchnerren eta Chávezen arteko tratuei esker, Venezuelako merkatuan sartua da ere, eta, gainera, petrolioa ateratzeko. Duela 30 urte, egoera hau pentsaezina zen enpresa espainolentzat.


Repsolek bere petrolio-hobiak edukitzea lortu du. Horren truke Chávezek milaka milioi dolar gastatu du Espainiako CASAri eta Izar ontziolei armamentua erosiz.
AEBek ezarritako blokeoaren aurrean, Europako merkatua oso inportantea da Venezuelarentzat. Venezuelak AEBetan bere petrolioarentzako merkatu zabala dauka, PDVSAren 16.000 gasolindegi eta berfindegi batzuk baina, hortik kanpo, Venezuelak merkataritza arazo handiak ditu AEBekin. Horregatik Hegoaldera begiratzeko grina eta MERCOSURren sartzeko interesa, Venezuela eta Argentina lotuko dituen oliobidea eraikitzeko ituna edo Venezuelak eta Brasilek Pernambucon egingo duten errefinategia. Latinoamerikan integrazioa petrolioaren eta gasaren eskutik dator eta, orain, Evo Moralesen garaipenaz hau guztia indartzen da. AEBek Latinoamerika lehen bezala ez dutela menperatzen ulertu behar da, ezin dute politika nahi duten bezala kudeatu, Chávez postutik kendu nahi eta ezin dute.


AEBen aurrean jartzen den edonor ontzat jo ohi dute ezkertiarrek, horrela gertatzen da Moralesekin. Baina, bada benetako arazoa AEBentzat?
Chávez eta Evo Morales ez dira arazo sakona, arazoa yankiek kontrolatu ezin duten gizartea da. Bai Venezuelan, bai Bolivian behekoek gainezka egiteak konponbide errazik ez duten arazoak sorrarazten dizkio yankien menperatze klasikoari, gobernuek gizarte mugimenduak heztea lortzen ez badute, behintzat. Arazoa ez da Chávezen eta Moralesen erretorika antinperialista, interesak kontrolatzea oztopatzen duten gizarteak baizik. Gizarte matxinatuetan zaila da menperatze inperialari eustea segurtasuna eta negozioak -AEBen politikaren ardatzak- ondo ez doazelako, eta yankien ahultasunak utzitako lekua Brasilek hartu du azken 20 urteotan. Lula egotea ala ez egotea ez da garrantzitsuena, Brasilek zonaldeko inperialismoa islatzen du. Petrobrasek Uruguaiko gas arloa oso-osorik erosi du; Bolivian Barne Produktu Gordinaren %20 kudeatzen du eta bere presentzia handitzen segitzen du; Argentinan, petrolio eta gas banaketaren %15 dauka eta lehian dabil hango enpresa hegemonikoarekin, Repsolekin. Mundu mailan, zortzigarren edo hamargarren industri potentzia da Brasil eta, bere aurrean, beste estatu guztiak, Argentina barne, ahulak dira oso. Puntako estatua da Brasil, eta ez nekazaritzan edota abeltzaintzan soilik, aeronautikan munduko laugarren enpresa brasildarra da. Munduko burgesia garrantzitsuenetako batez ari gara, burgesia paulista. Orduan, Latinoamerikan Brasilek interes propioak ditu; bada, nolabait inperialismo yankiaren ordezkoa.

Raúl Zibechi
Uruguaiko kazetari eta nazioarteko analista honek makina bat lan egin du mugimendu sozialak ikertzen. Brecha astekariko erredaktore eta La Fogata Digitalen (www.lafogata.org) zutabegile da. Kaleratu dituen liburuen artean daude: La mirada horizontal, Movimientos sociales y emancipación (1999) eta La revuelta juvenil de los '90, Las redes sociales en la gestación de una cultura alternativa (1997).


Azkenak
Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


2025-04-15 | Irutxuloko Hitza
Urrian zabalduko dute Basque Culinary Centerren Donostiako GOe egoitza berria

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Gerra piztu zenetik bi urte
Sudanen paramilitarrek 350 pertsona hil dituzte asteburuan errefuxiatuen kanpalekuetan

NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Eguneraketa berriak daude