Gure gaurko bizimoduak iraungitze data du. Bera mugiarazten duen energiaren aroa, Petrolioaren Aroa bukatzear da. Izan ere petrolio produkzioak goia joko du gainean dugun 2010ean, World Energy Council eta aditu askoren arabera. Une horretatik aurrera ezingo da gero eta petrolio gehiago atera, urtero %3 inguru gutxiago baizik. Petrolioa urritzen hastean, petrolio upelaren prezioa zerutan jarriko da. Roberto Bermejo EHUko ekonomia jasangarriaren irakaslearen esanetan, 200-250 dolarretara igoko da aren prezioa.
Badira Matthew Simmons bezalako adituak -bere izena daraman eta energia industrian espezialdutako banku eragiketetarako aholkularitza eta gestio enpresako presidenteak-, data 2007-2008ra aurreratzen dutenak. Eta sistemarekin optimistenek, Cambridge Energy Research Associates tartean, 2020ra luzatzen dute energia krisia abiaraziko duen data. Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategia 2010ak (3E-2010 izenez ere ezaguna) aurrikusten du egungo kontsumo erritmoan petrolioa 40 urte barru bukatuko dela. Baina arazoa da kontsumoa hazten ari dela, 3E-2020ak berak aurrerago dioenez, eta batez ere garraioaren eraginez: 2020rako EAEko energia eskaria %60 baino gehiago haziko da, urteko %3,4, aurrezteko politikarik egin ezean. Eta gu ez gara munduko energia-zurrupatzaile bakarrak.
Produkzio gorenaren datari buruzko debatea argituko luke munduko erreserben zifra ezagutzeak. Tamalez, informazio hori bildu gabe dago, petrolio erreserba bakoitzaren berri bere ustiatzaileak bakarrik baitu.
Dagoeneko sumatzen ari gara petrolio urritasunaren sintoma: 1999tik petrolio upelaren prezioa eskalatzen ari da. 68 dolar inguruan dago orain. Joera honi eutsiz eta munduko finantza erakunde nagusietako analisten arabera, aurten laren batez bestekoa 60 dolarretik gorakoa izango da. Hurrengo urterako batzuek batez bestekoa 80-90 dolarrekoa izatea aurreikusten dute. Petrolioaren prezio igoera ez da uniformea, leherketa koiunturalak izaten dira piko formakoak, eta gero jaitsi egiten da baina sekula ez abiapuntura, joera gorakorra delako. Zer dago prezio igoera honen atzean? Besteak beste, bukatu zirela petrolio putzu handien aurkikuntzak. Eta aurkikuntza berriak petrolioa ateratzeko zailak diren lekuetan suertatzen ari dira, bai fisikoki, ekonomikoki eta baita politikoki ere. Hau da Chevron petrolio konpainia handiak New York Times eta Wall Street Journal egunkarietan jakinarazitakoa.
Petrolioa urritzearekin, agur gaur ulertzen dugun ekonomiari.
Hazkundea izatekotan, petrolio gehiago
2020rako petrolio eskaria %50 haztea dago aurreikusia. Gure «garapena» hazkunde ekonomikoaren sinonimo da, eta hazkundea energia errez lortzen dugu: 2030era arte %3,2ko hazkundea dago aurreikusia, eta horretarako energia osoaren beharra %60 haziko da -energia horretatik gehiena petrolioa izango delarik-. Bestalde, gaur egun "Garapen bidean dauden herriek" ere gero eta petrolio eta gas natural gehiago kontsumitzen dute, batez ere Txina eta Indiak. Nahiz eta irakurketa hau subjektiboa den, aurreko orriko koadroan azaltzen denez.
Putzuak urrituz eta eskaria gehituz doala, noiz arte izango ditugu aseta gure energia beharrak?
Zer asmo zenituen 2010erako?
Neguaren atarian gaudela iragarrita dagoen honetan, bati planteatzen zaio inurri edo txitxarrarena egin behar duen bere bizitzan, 2020rako aurreikuspen beltzak ikusita: Energia eskasia kronikoarekin, ekonomia estankatuko omen da, eta hazkunderik egotekotan, oso mantsoa izango da. 3E-2020ak ere onartzen du petrolioaren prezioa epe luzez garestitzen bada, energia fakturak ekonomian eragingo duela eta Barne Produktu Gordina hazteko frenua litzatekeela. Inflazio ikaragarria izango dugu, eta krisi ekonomikoa.
Petrolioa ez da hurrengo hamarkadan bukatuko, hain maiz bisitatzen duzun gasolindegian egongo da, ordaindu dezakeenarentzat. Agur azken 30 urteotako petrolio merke eta ugariari. «Krisi ekonomikoarekin ezingo dugu kotxerik erosi, eta erosita ere oso gutxi erabili ahal izango dugu, errepideko garraioa zerutan egongo baita», ohartarazi du Bermejok. Horrek ekarriko du mugikortasuna gutxitzea. Hegazkin garraioa ere ederki astinduko du eta turismoa ere bai. Asteburupasa Londresera joatea, berriro ere luxua izango da.
Auzora begira, nazioarteko komertzioa distortsionatuko du petrolio krisiak. Nazioarteko konpetentzia estua izango da eta azken petrolio ttantta xurgatzeko gerrak sortuko direla aurreikusten da, baita aldian behin eskasiak egongo direla ere, herrialde ekoizleetako tentsio politiko eta sozialak medio. Baina hau dena ez zaigu berria, orain arte ere petrolio gerrak izan baitira. Izatez, AEBetako politika ofizialak "Carter Doktrina"ren bidez -1980ko urtarrilaren 23koa-, onesten du indar militarra erabiltzea edozein erasoren aurrean, honek Ekialde Ertaineko petrolio fluxua eragozten badu. Printzipio hau Reaganek erabili zuen lehenengoz, Kuwaiteko petrolio ontziak AEBetako militarrek babestea lortzeko, Iran-Irak Gerran (1980-88). Eta Bush aitak ere erabili zuen 1991tik 2003ra Iraki enbargo militarra egiteko.
Ez daukagu B planik
«Ziur ordurako beste sistemaren bat aterako dutela» pentsatuta lasaitzen dugu gure burua. Baina apenas dugun motiborik ziur egoteko. Izan ere, gainean den 2010erako ez dugu eredu energetiko alternatiborik, ez erregai alternatiborik, oraindik orain prest dagoenik petrolioaren lana betetzeko. Roberto Bermejok azaldu duenez, «Zibilizazio krisia izango da: esan digute zientziak eta merkatu libreak dena konpontzen zuela eta ez da egia. Orain arte arazoa ukatu duten botereak, orain saiatzen ari dira ereduari eusteko irtenbideak bilatzen. Gasa, energia nuklearra eta biokonbustibleekin moldatuko garela diote. Baina hauetako ezer ez da irtenbidea. Kasurik onenean, irtenbidearen zati bat dira». Petrolioaren ordezkotzat jotzen diren biokonbustibleak lantzeko, adibidez, ez dago behar adina lur, hazten ari den garraio eskariari erantzun behar badio. Eta oraingoz balantzea negatiboa da, sortzen dena baino energia gehiago inbertitu behar da.
Gainera energia berriztagarriak garatzeko ahalegina ere gaur arte barregarria izan dela salatzen du Juan Lopez de Uraldek, Espainiako Greenpeace-eko zuzendari exekutiboak: «Zergatik begiratzen du gobernuak beste aldera eta lobby nuklearren presioei men egin?». Izan ere, gobernuek ez dute energia berriztagarrietan inbertitu nahi izan: azken hamarkadetan herrialde aberatsek ikerketa eta garapen inbertsioen bi heren bideratu dute energia nuklearrera eta %9 energia berriztagarrietara. Orokorrean energia berriztagarrien eremua oso gutxi jorratuta dago. EAEn, esaterako, energia berriztagarriak bertako kontsumo osoaren %5 soilik asetzen du.
Garapen zientifikoak ezingo omen dio 2010erako arazoari gaina hartu. Alternatiba denak prest baleude ere, trantsizioa ez litzateke berehalakoa izango: 20 urte beharko lirakeela kalkulatzen da sistema osoa erregai berrietara egokitzeko.
Pentsa daiteke petrolio eskasiarekin ekoizle pribatuek energia alternatiboetan egindako inbertsioak ugarituko direla, baina badirudi merkatuak dibertsifikatzeko dituen pizgarriak ez direla oso erakargarriak ekoizle pribatuentzat epe laburrera: produkzio puntu altuenaren data zehatza ezezaguna da eta eskaria handiagoa da eskaintza baino. Erakargarriagoa da zukua ateratzea egoerari.
Horregatik, gobernuek sartu beharko dute eskua: kontsumoa gutxitzeko planak martxan jarri, energia berriztagarrietan inbertsioa bultza, eta efizientzia hobetu. Dagoeneko programak eta helburuak ugaritu dira hainbat herrialdetan eta gero eta enpresa gehiago ari da inbertitzen. Suezia da puntako gobernua gai honetan: komisio bat izendatu du, lehen ministroak zuzenduko duena, eta 2020rako erregai fosila erabat ezabatzeko estrategia lantzea izango du helburu.
Eguneroko bizitzaren oinarria agortzera doan honetan, eta alternatiba eraginkorrik izan gabe, hau da adituen galdera nagusia: Hau kaosa izango den, edo zentzua nagusituko den eta ahalik eta azkarren irtenbidea bilatzeko kooperatuko dugun, indarrak batuz. Gobernuak azken petrolio ttanttaren bila lehian sartuko diren beldur da asko.
Nahi edo ez, astora igo beharko dugu
Ingurune mugatuan etengabe hazteko joera duen ekonomia sistemak heriotza iragarrita du, gustatu edo ez. Hazkundean oinarritutako gizarteak sabaia jo duela eta etorkizuna hazkunderik gabeko garapena dela -eta behar izanez gero, irabaziak gutxitzea- diote hipotesi batzuek. Horrela, kontsumo gizartetik gizarte efizientera pasatzeko zorian geundeke.
Michael T. Klarek -Katedraduna Bake eta Ziurtasun Mundialeko Ikasketetan-, honela deskribatzen du Petrolioaren Aroari lotutako kultura eta bizimoduaren bukaera: kotxe handiak, gasolina irensten dutenak, auzune suburbano handiak, zentro komertzial handiak, kotxez egindako oporrak... bukatzear dira eta bizimodu soilagoari egingo diote leku, gasolinaren dieta zorrotzean oinarritutako bizimoduari.
Matthew R. Simmons-ek, Simmons & Company International-eko presidenteak -energia industrian espezialdutako banku eragiketetarako aholkularitza eta gestio enpresa-, gasolina dieta zorrotzean oinarritutako bizimodu eta gizarte antolamendu hori puntu hauetan planteatzen du:
- Errepidez merkantziak garraiatzeko modua aldatu behar da. Distantzia handira garraiatzen ditugu gaur merkantziak, kamioi handitan, eta hori da petrolioaren erabilerarik intentsiboena: Kilometro bat edo bi bakarrik aurreratzen dira petrolio litroko. Merkantzia garraiatzeko trena erabiltzeak 3-10 aldiz bitartean gehituko luke efizientzia energetikoa. Merkantzia hauek, portura iritsi ahala, itsasoz eraman behar dira.
- Jendeari eskatzen zaion lan egiteko modua aldatu behar da. Langileei etxetik gertu lan egiteko aukera eman behar zaie eta eguneko produktibitatearen arabera ordaindu, ez teilatupe berean pasatutako orduen arabera. Horrek produktibitatea gehituko luke, eta dagoeneko horretarako teknologia badugu: internet, faxa, bideokonferentzia, telefonoak...
- Arrain, haragi eta produktu freskoak beste kontinenteetatik ekartzeari utzi behar zaio. Produktu hauek itxura ona dute eta gustu txarra, eta energia gehiegi erabiltzen da hauek hozten, almazenatzen eta garraiatzen. Nekazaritza organikoa egin behar da urte osoan eta garaian garaikoa enbotatu eta latan kontserbatu. Honek ez du teknologia berririk eskatzen, herdoiltzen utzi duguna berriro martxan jartzea baizik.
- Erosten ditugun merkantzia asko fabrikatzeko modua aldatu beharko da, era berean globalizazioa ulertzeko modua birplanteatuz. Gaurko sistemak eskulana ahalik zati txikienetan banatzen du, fabrikatzeko munduko lekurik merkeena bilatu eta gero muntaketako planta batera bidaltzen ditu pieza denak. Baina garraio gastuak eta energia gastuak garestitzen diren heinean eta eskulan merkea ez denez beti hain merkea izango, ez da orain adina errentagarri aterako. Saltokitik ahalik gertuen ekoitziko duen sistemara itzuli behar dugu.
Colin J. Campbell-ek -geologoa, ASPO petrolio eta gasaren puntu gorena ikertzeko elkarteko presidentea- ere aurreikusten du ikuspegi erregionalak indar hartuko duela, munduko komertzioa gutxituko den heinean eta jendea berriro hasiko dela bizitzen bere baliabide naturalei egokituta.
Petrolioa urritzearekin erosotasuna galduko dugu, baina aditu hauek planteatutako irtenbideei jarraiki, baliteke aldi berean bizi kalitatea hobetzea. 2010ean edo 2040an, petrolio produkzio gorenaren eguna iritsi egingo da.
Infogramak
-
Petrolio kontsumoa eta erreserbak
-
Petrolioz eta honen eratorriez egindako eguneroko bizitzako produktuak