Sabin Intxaurraga: «Urtetan zehar egondako tokian gelditzeko arriskua dago»


2021eko uztailaren 19an
Elkarrizketa eskatu genionean «ni jokoz kanpo nago» erantzun zigun. Politikatik kanpo, nahita edo behartuta dagoen itaunduz hasi gara berbetan: «Tira, daukadan adinarekin zaila zait politikatik kanpo guztiz aritzea. Jaurlaritzan zazpi urtez aritu nintzen EAko ordezkari eta sailburu. Ostean -aldaketak izatea oso egokia iruditzen zait- alderdiaren esanetara jarri nintzen eta hauxe eskatu ere: prest nago bigarren lerroan lan egiteko, baina nirekin ariko direnek -baita ni ere, aukera eskaintzen didatenekin- gustura aritzea nahi nuke. Hori betetzen ari da, beraz, pozik».

Justizia eta Gizarte Segurantza sailean aholkulari ari da, hiru esparruetan bereziki: Garapen iraunkorrarekin lotutako gaietan, ingurumenaren kudeaketan. Enpresaren esparruan, euren ardura sozial korporatiboetan. Eta nazioarteko harremanetan.

Iraganeko bere jarduera politikoaz galdezka segitu dugu elkarrizketa, azkenik, ingurumenaz eta garapen iraunkorraz bere ikuspegiak biltzeko.

Behin baino gehiagotan ezkerreko eta abertzale azaldu zara, ezker abertzalearen erabilpen esklusiboa kritikatu duzu inoiz ere. Alta, EAJko kide izan zinen. Metamorfosi politiko bitxia zurea.
Nork bere metamorfosiaren azalpenak eman ohi ditu, nik nireak. EAJn aproba gisa sartu nintzen, orduan -egun bezala- sozialdemokrazian sinesten nuen, Europako alderdi sozialdemokraten ideia politikoetan, eta abertzalea nintzen, baina gauza bat garbi neukan: indarkeria erabiltzea ez zela zilegia helburu politikoak lortzeko. EAJ izan nuen aukera garbi bakarra orduan.


EAko azken Kongresuaren ondoren alderdiko Martin Aranburuk «batek baino gehiagok hanka sartu du» esan zuen. Zu zinen haietako bat.
Egia da, jende askok ez zuen nire jarrera ulertu, baina ez naiz damutzen. Nire heziketaren araberako hitzak erabiliz, «nahiago dut infernura joan gaizki jokatu dudalako, linboan gelditzea baino». Onartzen dut gauza askotan asmatu ez izana eta EAko 2002ko Kongresuan ez nuen asmatuko. Batetik, ikuspegi ezberdinek osatutako alderdi bizia behar dugula nioen, eta aldi berean, ezker bateratu baten aldeko jarrerari eutsi nion. Kongresuaren emaitza edonola izanda ere, alderdiaren zuzendaritzari nire babesa eskainiko nion eta azken bi urteetan zintzo jokatu dudalakoan nago. Egun ez nago alderdiko ezein ildotan, ezkerreko abertzaletasunaren esparruko alderdien lankidetza bultzatzearen aldekoa naiz, esparru horretan birsortze moduko bat eman beharko litzatekeela uste dut. Baina, esan bezala, indarkeriaren erabiltzea da oztopo nagusia gaur egun ere.

EAJren inguruan eta Hitzarmen Demokratikoan ari direnak ikusten ditugu EAn. Zuk zeuk nola ikusten duzu EA?
Ondo. Adibidez, Batasunaren BECeko ekitaldiaren inguruan EAk hartutako erabakiekin bat egiten dut. Ez dut EAko zuzendaritzarekin harreman esturik, baina Batasunaren gorabeheretan EAren jokabideak oso egokiak iruditu zaizkit, areago, ildo horretan sakontzearen aldekoa naiz. Baina, zoritxarrez, desio dugun alderdi abertzaleen arteko erantzun bateratua ez zen BECn eman. Batasuna, EA, Aralar, AB, LAB edo ELAko kideak izan ziren, besteak beste, baina erantzun bateratua beste gauza bat da. Eta hori da une honetan behar duguna.

Debekua dela medio, Batasunak eskaini zezakeen zerbait galdu ote da?
Batzarra burutu izan balu Batasunak zer ekarriko lukeen ez dakit, ezta orain ekarpen berririk egiteko asmoa duen ere. Baina logikak agintzen duenez, eta Anoetako Proposamenak dioen arabera, «gatazka kaletik mahai batera ekarri behar bada», Batasunekoek kontsekuenteak izan behar dute, hau da, bide politikoen aldeko jarrerari eutsi beharko liokete. Nik egin egingo dutela sinesten dut, baina noiz?

Aberri Egunerako agian?
Ez dakit noizko. Piztiei, inguratuta daudenean, triskantza egin aurretik, irtenbide bat eman behar zaie, eta Batasunari ere irtenbidea eman beharko litzaioke. Aldeak alde, metafora gisa ulertuta, batzuek nahiago dute triskantza eragitea irtenbidea ematea baino, PPk adibidez. PSOEren jarrera ez da PPrena, Zapaterok keinu batzuk egin ditu. Orain ETArena falta da.


Rodolfo Aresek ARGIAn esan berri duenez, Batasunak ez du Anoetako Proposamenean esandakoa bete.
Nire ikuspegitik, Batasunak Anoetako Proposamenaren ostean modu positiboan egin du aurrera. Sozialistek publikoki hau edo beste esanda ere, euren artean zerbait dagoela dirudi. Batasunak edota sozialistek ukatuko dute, baina azpitik edo zeharka harreman batzuk badaudela esango nuke. Bien bitartean, zoritxarrez, ez sozialistak eta Batasunak bakarrik, gainerako eragile guztiek ere, denek pentsatzen dute lehenengo urratsa besteek eman behar dutela. Jarrera hori mantentzen den bitartean, urtetan zehar izan garen tokian gelditzeko arriskua dago. Baina, era berean, egungo egoera ez da inorentzako ona, beraz, denok arriskatzeko ausardia pixka bat izan behar dugu eta urratsak ematen hasi.

Zuk, besteak beste, ETAren erabakiaren beharra azpimarratu duzu.
ETA eragilea da, bere erantzukizuna ukaezina da eta bere ekarpena egin beharko du gaur ez bada, bihar. PPren eta PSOEren kargudunen aurka ez zuela joko erabaki zuen bezala, ETAk su-etenaren erabakia hartu behar luke orain. Horrek PSOEren jarreran are gehiago eragingo luke -baita PPrengan ere-. PSOEren aldetik bake prozesua ez da hasiko ETAk indarkeria utzi arte, beraz, ETAk urrats erabakigarri hori hartu behar du Batasuna eta PSOE hitzetatik ekintzetara pasatzeko.

Kataluniako Estatutua hizpide: PSOEk CiUrekin akordioa lortu du, ERC galtzaile gisa agertu da ordea.
Nik Katalunian eman den akordioa espero nuen nolabait, lortzen ari den modu honetan edo bestean, alegia. Izan ere, akordioa lortu ezean, garaile bakarra PP izango zelako eta gainerakoak galtzaile. Egia da, PSOEk eta Zapaterok ez dute kontu gehiegirik izan ERC alderdiarekin, Kataluniako Gobernuan dagoen alderdi kidea izaki gainera. PSOEk CiUri protagonismo gehiegi eman diolakoan nago, baina agian hori CiU akordioaren barruan izateko modu bakarra da. Jakina, horrek arriskuan jarri du ERCren jarrera eta Gobernuan partaidetza. CiUrekin akordioa lortzeaz gainera, ERCk akordioa babestea espero dut, guztiz gustukoa izan ez arren.

Zer irakurketa egingo zenuke, oro har, Katalunian eta Euskal Herrian bizitzen ari garen une politikoaz?
Erabat ezberdina da han eta hemengo egoera. Hemen erronka handiagoa daukagu, bere egunean Euskal Herrian -EAEn hobe esanda, gure errealitatea konplexua baita- EAEko Estatutua Herri Batasunaren partaidetzarik gabe akordatu zen. Gaur egun berriz, alderdi denak elkartu beharko lirateke marko juridiko-politiko berriaren inguruan.

Demagun alderdiak akordiora hurbilduz doazela. PP bilduko duen akordiorik ikusten duzu?
Ez. Baina ezaguna da orain 30 urte APk Konstituzioarekiko izan zuen jarrera, baita Gernikako Estatutuarekikoa ere, kontrakoa alegia. Gero Konstituzioa eta Estatutua bere egin dituzte, haiek agertzen dira defendatzaile amorratuenak. Hori kontraesan itzela da. Berriz ere, PP Kataluniako Estatutu berriaren aurka azaldu da, baina urte batzuk barru baietza emango diote. Eta EAEn ere urte batzuk barru aldeko jarrera hartuko du PPk.

Trantsizio garaian Francok den-dena lotuta utzi omen zuen, eta orain ere antza, Gobernutik pasa ondoren, PPk ondo lotuta dauka ia-ia dena.
Egia da, Gobernuan izan zenean PPk erabat lotuta izan zuen alderdi sozialista. PSOEk ez zuen ausardiarik izan PPk bultzatu zituen politiketatik aldentzeko. Gaur egun, Euskal Herriko gai askotan PPk Estatuko hainbat boteretan, justizian adibidez, eragin itzela du. Hartara, Zapaterok bi erronka zituen legegintzaldi honetan: Kataluniakoa bideratuta dauka nolabait, konponbidean. Berau bideratu ostean Euskal Herriko auziari helduko diolakoan nago.

Zapatero eta PSOE auziari ekiteko moduan ikusten dituzu, beraz.
Nahiz eta PPk eraso gogorrak jo, eta une kritikoak bizi, Zapaterok jarrera baikorrak agertu ditu. Zapatero euskal gatazkari irtenbide bat emateko prest agertu da behin baino gehiagotan. Orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsi zaio. Aurten izan beharko du, datorren urtean Udal eta Foru hauteskundeak izango baitira. Euskal Herriko auzia konponbidean ezartzen badu, 2008ko hauteskunde orokorrak irabazteko aukera gehiago izango du. Zapaterok aukera gehiago du karguan berritzeko auziari irtenbidea ematen badio, ematen ez badio baino. Zapaterori konfiantzazko botoa eman behar zaiola pentsatzen dut.

Supersur errepideaz eta Pasaiako itsas portuaz: «Eskaera kudeatu behar da, ez eskaintza»

Supersur errepide delakoa gauzatuko da zoritxarrez. Artxandako tunelarekin gertatzen ari dena gertatuko ote den nago. Orain urte batzuk tunel hori ezinbestekotzat jo zuten batzuk, egun ordea ez da aurreikusitako auto kopurua pasatzen. Jendeak ez du erabiltzen beharrik ez duelako edo prezio batetik gora ordaintzeko prest ez delako. Agian, ordain-saria gutxitu behar da. Foru Aldundia Supersurren aurreikuspenak egiten ari da, baina ez dut uste jendeak erabiliko duenik. Eskaera kudeatu behar da, ez eskaintza. Bestalde, itsas trafikoari dagokionez, Santurtzi, Baiona eta Pasaiako itsas portuak nahikoa direla uste dut. Pasaiako portuko baliabideak ez daude ondo antolatuta. Portua aparkalekurako baliatzen da, egoki kudeatuko balitz nahiko litzateke bere beharretarako. Ez dut beharrezko ikusten kanpo aldeko portua egitea, ezta egoki ere ingurumenaren ikuspegitik. Pasaiako eskualdean kanpoko portuaren proiektuak ez du zentzurik, portu horretarako behar diren inbertsioak ikaragarriak dira, eskualdean sozial nahiz ekonomia mailan dauden beharrak bestelakoak dira. Pasaiak etxebizitza eta birgaitze prozesua behar du lehenik, lan mundua eta gizartearen beraren beharrak betetzea. Alegia, ez dut egoki ikusten kanpoko portuaren proiektua gauzatu nahi izatea, beste premia larriei erantzun sendoa eman gabe.

Garapen iraunkorraz: «Ez naiz fundamentalista»

Garapena beharrezkoa eta garrantzikoa da, eta horrek ez du esan nahi zementuan oinarritutako ekonomia garatu behar denik. Garapena gizarte kohesionatu batean oinarritu behar da, arlo sozialean ahalik eta ezberdintasun txikienak izan daitezen herritarren artean. Zementua ez da oinarria garapena ziurtatzeko, aitzitik, gizarte berriak teknologia berrietara egokitu behar du eta horretarako enpresen eta langileen gaitasuna azkartu eta garatu behar da. Ingurumen gaian ni ez naiz fundamentalista. Adibidez, ekologista batzuek oso ikuspegi kritikoa dute AHTri buruz. Nik, aldiz, ingurumen ikuspegitik trenbide sarea ezinbestekoa dela uste dut. Euskal Herria egituratzeko eta Europako Hegoaldea eta Iparraldea lotzeko AHT ezinbestekoa dugu, baita errepideetako merkantziak eta bidaiariak trenbide sare horretatik pasarazteko ere. Nik ez dakit zer dela-eta diren horren agnostikoak pertsona batzuk. Eusko Jaurlaritzak defendatzen duen proiektua, EAk eta nik defendatzen dugun berbera da. Eragile, sindikatu nahiz alderdi batzuk bide okerretik ari dira AHTren gaian. Ingurumenaren aldeko jarrerari eutsi dakioke eta AHTren proiektuaren alde agertu.


Azkenak
Zedarriak taldea eta bere interesak armagintzaren lobby gisa

Urtarrilaren 15ean Zedarriak enpresa foroak bere seigarren txostena aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Zedarriak taldeko zuzendari Guillermo Dorronsorok azaldu zuen hurrengo urteetan “segurtasun eta defentsa industrian” diru asko inbertituko dela... [+]


2025-02-03 | Garazi Zabaleta
Bio-K
Euskal Herriko txukruta eta kimchia

Errezilera bizitzera joan eta sagarrondoak landatu zituen Satxa Zeberiok, Bio-K proiektuaren bultzatzaileak, duela zenbait urte. “Iritsi zen sagarrekin zerbait egiteko momentua, eta sagar zukua eta sagardoa ekoizteari ekin genion orduan”, azaldu du. 2015ean sortu... [+]


2025-02-03 | Jakoba Errekondo
Ikatza erretzeko eta marrazteko

Agur negu. Negu betea da eta badoa. Mimosak (Acacia dealbata) eta magnoliak (Magnolia soulangeana eta Magnolia stellata) loratu dira, ongi etorri beraz loraldi nagusiei. Baina kontuz hotzarekin. Dagoeneko egun-argia ordubete pasatxo luzatu bada ere, zehar begiratuz bada ere... [+]


Sai arrea
Naturako garbitzailea

Gurean hain ezaguna den hegazti hau ustelzale porrokatua da, eta honek ez dio fama onik ekarri. Batzuek arrano, buitre, futre, hatxarrano edo mirusai deitzen diote; izen ofiziala sai arrea (Gyps fulvus) da.


Artile, karena eta oritza

Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola, karena eta oritza tartean badaude; artilearekin batera haiek ere ehundu baitute... [+]


Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


Eguneraketa berriak daude