Net Hurbil: Eritrea-Etiopia, gerra eginez ospatu «Afrikaren urtea»


2021eko uztailaren 19an
Afrikako Adarra beste gerra suntsitzaile baten atarian dago. Afrikako Adarra (Horn of Africa, ingelesez) osatzen dute Etiopia, Eritrea eta Somaliak Itsas Gorriaren eta Ozeano Indikoaren artean, lurmuturra marraztuz. Abisu horretan aipatzen den gerrak Etiopia eta Eritrea jarriko lituzke borrokan, berriro. Eta alarma deia piztu duena Edward Denison da.

Open Democracy pentsamendu eta eztabaida gunean plazaratu du bere kezka Edward Denisonek, «Eritrea vs Ethiopia: the shadow of war» (Eritrea versus Etiopia: gerraren errainua) artikulua argitaratuz. «Mendebaldeko buruzagi politikoek eta musikari famatuek ‘Afrikaren urtea’ aldarrikatu dute eta ideia honekin kutsatu dituzte kontinenteko politika eta hedabideak; baina sarriegitan usteltzen uzten dituzte fokoen argietatik urrun dauden arazoak. Hori nonbait egia bada, Afrikako Adarrean da: hemen zantzu askok adierazten dute Eritrea eta Etiopia -jadanik txiki-txiki eginda daudenak- beren arteko lurralde istiluengatik 1998-2000ko gerra errepikatzera irits daitezkeela laster».

Horrela mintzo dena Edward Denison idazle eta argazkilari britainiarra da. Diseinu kontuetan kontsultore lanak ere egiten ditu. Plazaratu dituen liburuen artean bi azpimarratzen dituzte: Building Shangai: The Story of China’s Gateway (Shangai eraikitzen: Txinako atariaren istorioa) eta Asmara: Africa’s Secret Modernist City (Asmara: Afrikako hiri modernista ezkutua). Argazki ederrez hornitutako liburu honetan erakusten duenez, Eritreako hiriburua, Asmara, XX. mende hasieran kolono italiarrek altxatako eraikin dotorez beteta dago. Badira Asmaran etxe modernistak, neo-erromanikoak, arrazionalista estilokoak... XX. mendearekin hasi eta Mussoliniren tropak hemengo lurretatik aliatuek kanporatu zituzten artean eraikitakoak.

Denison asko ahalegindu da munduak Asmarako eta oro har Eritreako aberastasunak ezagutu ditzan. UNESCOk gizadiaren ondareen artean katalogatzeko zain dauzkan hirien artean dago Asmara. Eta Asmarak eta oro har eritrearrek bizi duten kinka larriak samintzen du Denison.

«Eskalada dinamika hau 2006an geldiarazten ez bada, ondorioa izan daiteke milioika gizakiren bizia lehertuko duen gerra. Hau gertatzen bada, ‘nazioartea’ delakoak zerbait gehiago egin beharko luke Etiopiako Meles Zenawi eta Eritreako Isaias Afewerki lider megalomanoei errua egoztea baino. Zeren eta erantzukizun nagusia gure etxetik gertuago egongo baita: batik bat mendebaldeko gobernuen interesetan, nazioarteko legearen huts egitean eta Nazio Batuen Erakundearen inpotentzian».

Eritrea eta Etiopiaren arteko harremanak mingotsak izan dira betidanik. Eritreak Etiopiako erresuma zaharrari Itsaso Gorrirako bidea ixten dio. Bere kostaldea turkiar otomanoen esku mende luzez egon ondoren, XIX. mende bukaeran italiarrek eskuratu zuten. Bigarren Mundu Gerra arte Italiak gobernatu zituen batera Eritrea eta Etiopia. Gerra bukatutakoan, Nazio Batuen Erakundeak deskolonizazio prozesua martxan jarri eta erabaki zuen Eritreak Etiopia barruko estatu federatu bat izan behar zuela. Haile Selassie errege etiopiarrak ordea (rastafari jendeak jainkotzat hartu zuen enperadore mitiko hark) federazioa desegin eta Eritrea Etiopiako probintzia soila bihurtu zuen.

1960an gertatu zen anexioa. Urte berean hasi zuten Eritreako jendeek 30 urtez luzatuko zen askapen gerra. 1991n bukatu zen: eritrearrek -etiopiar matxinoek lagunduta- Etiopiako armada mendean hartu zuten. Garaipenaren tamaina adierazteko, hona bi zifra: 4,5 milioi biztanleko herria da Eritrea, eta Etiopiak 73 milioi ditu.


Opilik ez eta beruna soberan

Edward Denisonek bere artikuluan aipatzen duen gerra ordea 1998-2000an gertatu zen. 100.000 jende hil zituen gerra honek eta beste ehunka milaren ihesa eragin. Gerra hori ez zen jokatu, Afrikan ikusi ditugun beste gerra asko bezala, matxete eta AK-47 fusilez. Hemengo gerran artileria eta tankeak erabili ziren. Aditu batzuek azpimarratzen dute Lehen Mundu Gerra gogorarazten zuela, trintxeretako borroka eta guzti. Hein handi batean «posizio gerra» izan baitzen 1998-2000koa. 1993ko independentzia itunak argitu ez zuen posizio baten ingurukoa.

Kolonialismoa jasan duten herrialdeei sarri gertatu zaie independentzia lortzerakoan mapa baten gainean norbaitek erabakitako muga artifizial berri batzuekin topo egitea. Etiopia eta Eritrearen arteko banaketa egiterakoan, 1993an, alderantzizkoa egin zuten potentzia handiek: «bakeagatik» mugak marraztu gabe utzi zituzten... eta hala segitzen dute liskarrean, hainbeste urte pasa eta gero.

Mapari begiratu hutsarekin ohartzen da bat Etiopiak baduela Eritrearekin liskarrean aritzeko motibo garbia: itsasorako bidea libre nahi luke eta ezin du. Baina 1993tik gaurdaino liskarrean daukaten eskualdea, Badme, barrukaldean dago, eremu idor bat da.

Paraje haietaz deus ez dakigunok ezingo dugu erabaki arrazoia nork daukan; alegia, Badme batena baino gehiago bestearena izateko zein arrazoi dagoen. Baina bai axola zaigu jakitea herrixka batzuen gorabeheragatik gerra piztu daitekeela edozein unetan, Edward Denisonek abisatzen digunez. Urteek lasatu beharrean gogorragotu duten korapiloa bihurtu da-eta bi gobernuentzako. Nazio Batuen Erakundeak erabaki zuen Badme Eritrearena dela eta etiopiarrek alde egin behar zutela handik. Baina hauek ez dira joan.

Etiopiak eta bere presidente Meles Zenawi-k diplomaziaren hariak mugitu dituzte, Tony Blair alde edukitzea baliatu eta Bob Geldof kantariak iazko «Live Africa» makro-festibaletan egindako keinuei zukua atera diete. Eritrea aldiz nazioartean arras isolaturik dago.

Giza eskubideen aldeko erakundeek bi gobernuak salatu dituzte, bai Addis Abebakoa eta bai Asmarakoa, prentsaren eta oposizioko alderdien kontrako zanpaketa erabiltzeagatik. Erakunde horiei sinestekotan, Eritreako agintariak -gerrilla antikolonialista ezkertiarren oinordekoak direnak- urrunago joan dira errepresio beltzean.

Eritreak bere 4,5 milioi biztanleen ia hamarretik bat 800 kilometroko muga defenditzeko lanetan dauka. Aurrez aurre 73 milioi biztanleko etsaia edukitzea bada kezkatzeko modukoa. Gerra esfortzu horrek herrialdea txirotasunik latzenera kondenatzen du, eta gazte asko bertatik ihesi doaz. Hori gutxi bailitzan, giza eskubideen urraketagatik mendebaldeko potentzia handiek ez diote Eritreari dirulaguntzarik ematen.

Bere muga arazoan, Badme eskualdearen jabegoan, NBEk arrazoi eman zielako eta arrazoi hori gauzatzen ez delako, urduritasuna ari da nagusitzen Asmarako buruzagien artean. NBEk bakegintzarako Etiopia eta Eritrea artean ipinita dauzkan 3.300 soldaduetatik asko kanporatu egin ditu Eritreak duela bi hilabete, abenduaren 7an: AEB, Europa, Errusia eta Kanadakoak. Lehenago, urrian, NBEren helikopteroei debekatu zien Eritrea gainetik ibiltzea.

Urduritasun honek ere bazuen motiboa. Nazio Batuek Badme eskualdearen jabegoa Eritrearena zela ebatzi zuten arren, ordainetan, Hagako auzitegiak erabaki du 1998an Eritreak ez zuela eskubiderik Badmen indarrez sartzeko. Eta Etiopiak ehunka milioi dolarretako kalte-ordainak eskatu ditu.

«Afrikako basamortuko zoko bateko kontuak dira» pentsa dezake batek. Baina bien artean 80 milioi jende biltzen dituzten bi herrialde berriro gerran sartzen badira, seguru egon haien berri izango dugula. Orduan jabetuko gara su berria non eta lehendik kiskaltzen ari den Sudanen aldamenean piztu dela. Europarrontzako eguneroko ogia den petrolioak derrigor zeharkatu behar duen Itsaso Gorriaren hondartzetan.


www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Iruñeko haur-eskola publikoetako ikasle berrien %37 familia sozioekonomiko ahulekoak dira

Plaza eskatu duten guztiak onartuak izan dira onarpen-sistema berria eta zikloaren doakotasunari esker. 12.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familien 297 umek izango dute plaza.


Tanpoiek metalak dituztela frogatu dute; tartean, beruna eta artsenikoa

Lehen aldiz, ikerketa bat egin dute tanpoiek metalak ote dituzten ikusteko. Izan ere, metal batzuk toxikoak dira, baina AEBetako, Europako eta Erresuma Batuko legediek ez dute horri buruzko araudirik.


2024-08-22 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


Euskal preso politikoei espetxe politika arrunta aplikatzeko eskatu dio Sarek Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari

"Jarrera proaktiboagoa" eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sail berriari Sarek, abuztuaren 20an egindako prentsaurrekoan. Espetxeetako normalizazioa "oraindik urruti" dagoela salatu dute, ikusita 148 presoetatik "ehun preso baino gehiago" egon... [+]


Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera

"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.


2024-08-21 | ARGIA
Udaltzaingoak kaleko saltzaileekin duen “jarrera oldarkor eta bortitza” salatu dute Bilboko konpartsakideek

Udaltzaingoaren azken egunotako "gehiegikerien" aurrean, Bilboko Konpartsen Federazioak elkartasuna adierazi die manteroen kolektiboko lagunei, Areatzan egindako elkarretaratzean.


Eneko Etxeberria: “Hitz bakarrean, inpunitatea bilatzen du Gobernuak”

Maiatzaren 30ean Nafarroako Gobernuak zenbait biktimaren aitortza egin zuen eta senitartekoek Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko eskatu zuten. Horien artean, Mikel Zabalza eta Mikel Arregiren familiak. ‘Naparraren’ anaiak ere egina du eskaera hori. Eneko... [+]


AEBek diote Israelek onartu duela “trantsizio proposamena”, baina Hamasek kritikatu du baldintzak aldatu dituztela

Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail... [+]


Emazteari eraso zion ertzainak tratu txarrak ea lehenagotik ematen zizkion ikertzen ari da Fiskaltza

Ertzaina emakume bezala erregistratu zen Trans Legearen bitartez, baina inori ez zion aldaketaren berri eman. Fiskaltzak uste du indarkeria matxista leporatzetik libratzeko asmoarekin aldatu zuela sexuz.


Eguneraketa berriak daude