Iazko irailean PSEk ez-legezko proposamena aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, testuliburuen doakotasunaren aldeko neurriak eskatuz. Gaia ez zen berria, inondik ere, baina ordura artekoan eztabaida hutsaren eremutik atera gabekoa genuen ia. "Doakotasunaren eztabaida edo aldarrikapena -diosku Olatz Osa editoreak- laurogeiko hamarraldian hasi zen planteatzen irakaskuntzaren doakotasunaren eskakizunarekin batera. Guraso elkarteak izan dira eskakizun honen eragile nagusiak. Eta orain baino lehenago ere, 200.0 urtean zehazki, Eusko Legebiltzarrak ez-legezko proposamen bat onartu zuen, baina azkenean ez zen abian jarri".
PSEren iraileko ekimenak zori hobea izan du 2000. urteko hark baino. Hirukoak aintzat hartu zuen sozialisten proposamena, eta Hezkuntza Sailari eskatu zion gaiaren inguruko azterketa egiteko, martxoan behin-betiko proposamena aurkezte aldera. Bidean ezer okertzen ez bada, neurriok 2006-07 ikasturtean jarriko dira indarrean. Edozein direla ere.
Horren aurrean, euskal argitaletxeen erreakzioa erabatekoa izan da. "Guk ez dugu ezer testuliburuen doakotasunaren aurka", argitu du Jorge Gimenez Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak, "baina bai mailegutzaren aurka, sekulako kaltea egingo liokeelako gure kultur industria txiki honi". PSEk, hain zuzen, mailegua proposatu du doakotasuna lortzeko bitartekotzat, eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hortixe abiatu du azterketa, Juanjo Agirrezabala Jaurlaritzako Ikastetxeetako Zuzendariak onartu duenez. Hala ere, Agirrezabalak argitu du oraingoz ez dagoela esaterik zer-nolako formula proposatuko duten, gaiaz zer esanik daukaten guztiekin hitz egin behar dutelako besteak beste. Oro har, zuhurtzia da nagusi Jaurlaritzaren adierazpenetan.
Zein arrisku dakar mailegutzak?
Mailegutza ezarriko balitz, ikastetxeak lirateke testuliburuen jabe. Ikasleei maileguan utziko liekete, eta haiek ikasturte amaieran itzuli beharko lukete, jaso bezain egoera onean. Hala ez balitz, ikaslearen familiari legokioke liburua ordaintzea. Ikastetxeak, hurrengo ikasturtean, beste ikasle bati emango lioke liburu hori, eta sokak hala jarraituko luke hainbat urtez. Bestela esanda, testuliburu salmenta nabarmen murriztuko litzateke. Olatz Osak zenbakitara eraman du baieztapen hori: "Mailegutzak merkatua lau aldiz txikitzea dakar, lau urtean behin salduko direlako liburuak, eta honek euskarazko ikasliburuen ekoizpena ez jasangarri bilakatzen du, hau da, orain batez beste lau urte behar baldin badira euskarazko ikasliburu bat amortizatzeko, neurri honekin hamasei beharko dira. Ondorioa garbia da: argitaletxeok utzi egin beharko diogu euskarazko ikasmaterialak sortzeari".
"Mailegutza ez da sistema egokia", iritzi dio Olatz Osak; "batetik, ezarri den lekuetan, Frantzian esaterako, berdintasunik ez dela bermatzen ikusi delako. Dirua dutenek liburu berriak erosten dituzte, eta ez dutenek maileguan utzitakoak erabiltzen dituzte, desberdintasunak agerian utziz gela barruan". Argitaletxeen kezka nagusia besterik da, hala ere. "Kontuan izan behar da testuliburugintzan gabiltzan argitaletxeon fakturazioaren %70 inguru hortik datorrela hain zuzen", dio Olatz Osak, "eta gure enpresetan dabiltzan editore, diseinugile, maketatzaile eta zuzentzaile gehienak ikasliburugintzan ari direla lanean, eta baita kolaboratzaile diren marrazkilari, diseinatzaile, egile eta beste profesional asko eta asko ere". Bestalde, liburu salmenta urritzeak ondorio larriak ekarriko lizkieke bai beraiei bai beste sektore batzuei, liburu dendei esaterako. "Andaluzian mailegutza ezarri zuten eta urte baten buruan 37 liburu denda itxi ziren", gogoratu du Osak.
Liburu dendentzat ere arriskutsua
30en bat argitaletxek kaleratzen dituzte euskarazko lanak, Jorge Gimenezen esanetan, eta horietatik zortzi inguru dira testuliburugintzan dihardutenak, baina kaltea guztientzat litzateke. "Salmenta sareak jasango lituzkeen kalteen ondorioz, euskarazko liburu salmentak, oro har -eta ez testuliburuenak soilik- sekulako kolpea hartuko luke. Berez badaukagu toki txikia salmentan, pentsa toki hori murrizteak zer ekarriko ligukeen".
Gimenezen ustez, argitaletxe askoren biziraupena bera da oraintxe kolokan dagoena. Eta ondorioz, euskal kulturak jipoi latza har lezake, argitaratzaileen iritziz. Bide batez, euskal curriculuma sortzeko prozesua ere etenda gera liteke. "Hemengo argitaletxerik ezean, nola islatuko dira bertako curriculumean zehazten diren edukiak, kontzeptuak...?", galdetu du Olatz Osak.
Doakotasuna bai, baina beste era batez, diote argitaletxeek. Hain justu, laguntza zuzena ezartzea proposatzen dute alternatiba moduan. Frantziako Estatuan, berbarako, bide hura hartu behar izan zuten hamarkada batez mailegutzari eutsi ondoren, Olatz Osak adierazi digunez. Formula horrekin, familiek txeke bat jasoko lukete ikasturtero liburuak erosteko, edo errenta aitorpena egitean aurkeztu ahal izango lukete erositako liburuen faktura. Hirugarren aukera ere badago: gaur egungo beka sistema zabaltzea. Bidea hiru horietatik edozein dela ere, argitaratzaileek onartu egingo lukete.
Gurasoak alde
Guraso elkarteak mailegutzaren alde daude, zer esanik ez. Izan ere, eurek plazaratu zuten eskakizun hori lehenbizikoz. Denon Eskolako presidente Juan Carlos Alonsok dioskunez "gaur egun, familia batek 125 eta 250 euro bitartean erabiltzen ditu urtero testuliburuak erosten". Gehienek buruhauste handirik gabe egin diezaiokete aurre gastu horri, Alonsoren ustez, "baina gure eskariaren muinak ez dauka hain zerikusi estua diruarekin, ideologiarekin baizik, hala esatea zilegi bada. Alegia, irakaskuntzak doakoa behar du".
Alonso ez dator bat gaur egungo beka sistemarekin, "ez baitzaigu egokia iruditzen eskolan -eskola publikoan behinik behin- inor pobre sentitzea". Gehitu duenez, mailegutza sistema egokia da, eta hala frogatu da indarrean jarri duten hainbat ikastetxetan. "Hala ere, ez diogu mailegutza hezkuntza sistema osora zabaldu behar denik. Aztertu beharko litzateke zein mailatan, zein ikasgaitan, zein libururekin egin... Esate baterako: Lehen Hezkuntzan, sarritan, teoria liburuak daude batetik eta ariketa liburuak bestetik. Zergatik behartzen dituzte umeak teoria liburuaren gainean idazten? Horiek maileguan utz litezke, eta ariketa liburua baino ez genuke urtero-urtero erosi behar". Mailegutzaren aurka daudenen beste argudio bat, hain zuzen, liburuetan ezin ezer idaztea da, horrek ikasketa prozesuari traba egiten diolakoan.
Batzuek aspaldi darabilte
Sopelako Ander Deuna ikastolak aspaldi ezarri zuen mailegutza, maila eta ikasgai batzuetan. Arrazoi bik bultzatu omen zituzten, batik bat, erabaki hori hartzera: familien gastuak arintzeak eta ingurumenarenganako begiruneak. Hala ere, sistemak alde txarrak dituela onartzen du Guillermo Meabe ikasketa buruak: "Umearen motibazioa gutxitu egin daiteke liburua berri-berria ez bada, ez da hain erakargarria". Baina aldi berean, ikasleek liburua zaintzen ikasten dute "eta egin egiten dute gainera, oso gutxik itzultzen dute egoera txarrean". Meaberen ustez oso ulergarria da argitaletxeen jarrera, "baina dena dela, testuliburuak betidanik igaro dira neba-arreba zaharrengandik gazteengana. Haien jarrera ulertzen dut, baina familiengan ere pentsatu behar da". Argitaletxeetako langileek ere familia badutela pentsatuko du batek baino gehiagok. Orekan omen dago bertutea.
Edukiak, lege aldaketen menpe
Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak eta Karmele Pérezek EHUk Bilbon daukan Irakasle Eskolan irakasten dute. Gaur egun ingurumenaren ezagutza deritzon arloa curriculumean nola lantzen den aztertu nahirik, gai horretaz diharduten euskarazko testuliburuen azterketa egin dute; baita XX. mende osoko liburuak aztertu ere. Nolanahi, guk azken hamarkadakoez baino ez diegu galdetu.
Diotenez, testuliburuen edukiak ez dira aise aldatzen. Eta aldaketa handiak, normalean, lege berrien eskutik etorri ohi dira. Hala, Hego Euskal Herrian ez da aparteko iraultzarik egon edukiei dagokienez LOGSE indarrean jarri zenetik, 90eko hamarkada hasieran. Orain, berriz, argitaratzaileak LOE berriaren zain daude, ea hark zer berrikuntza ekarriko curriculumari.
Horrek ez du esan nahi liburu berririk argitaratzen ez denik. Egin egiten dira, aldaketak azalekoak izanik ere. Berrargitalpenak kaleratzeko gaitasuna, hala ere, argitaletxearen indarraren menpe dago. "Guk Espainiako Estatuko hiru argitaletxe handiren liburuak aztertu ditugu", azaldu digu Begoña Bilbaok, "eta 1995etik hona seina liburu berri inguru plazaratu dute, gai eta maila bererako". Euskal Herriko argitaletxe indartsuenetako bik, berriz, bat eta bi sortu dituzte epe berean, hurrenez hurren.
Argi dago giza ezagupideak ez direla horren erritmo azkarrean handitzen, edo ez behintzat ikasleen buruetan sartu beharrekoak. Aldaketak, hortaz, txikiak dira ezinbestean. "Berrikuntzak diseinu aldetik dira gehiago", dio Karmele Pérezek, "hamar urtean aurrerakuntza handia egon da arlo horretan, eta hori baliatu egin dute argitaletxeek. Dozena bat orrialde aldatzen dute, irudi batzuk… Hain gutxi aldatzen denez, txorizo legez argitara ditzakete liburuok". Pérez espainiar argitaletxe handiez ari da noski, "hemengoek ezin dute-eta horrelakorik egin".
Bestela ere, edukietan egon daitezkeen aldaketak ez omen dira hain erraz liburuetara igarotzen. Herrialde berrien agerpenak mapan sorrarazten duen itxura berria, esaterako, ez da berehala islatzen testuliburuetan. Hezkuntza sistema geldo samarra da horrelakoen aurrean, hiru irakasleek esan digutenez. Hala ere, azken hamar urteetan sumatu duten aldaketa bat nabarmendu nahi izan dute -gaitzetsi ere bai, bide batez-: "1993-94 urteetan ohikoa zen Euskal Herri osoko mapa agertzea liburuetan, orain berriz, EAEkoa eta Nafarroakoa gailendu dira gehienbat, erkidego bakoitzak berea". Diotenez, ikasle euskaldunek darabiltzaten liburu asko, euskarazkoak izanagatik, Espainiako argitaletxeetan sortuak dira, eta hori igarri egiten da. Itzulpena, gehienetan, hizkuntza hutsezkoa izaten da, beste inolako egokitzapenik gabe.