Rodolfo Ares: «ETA da arazo nagusia, gainerakoa eztabaida daiteke»


2021eko uztailaren 12an

Aspaldiko partez, 2006ko EAEko aurrekontuak sinatu ostean, PSE-EEk nolabait, Eusko Jaurlaritzarekin bat egin du. Rodolfo Aresek ez ditu euskal politikagintzan dauden zailtasunak ukatzen, baina aurreko etapa frentista gainditutzat jo du: «Joan direneko urteetan mundu nazionalistaren indar metaketarako joerak konfrontazioa eta blokeen politika areagotu zituen. Alabaina, uneon, EAJren gehiengoak eta Batasunaren hainbat sektorek etorkizuna eraikitzeko alderdien arteko zeharkako akordioak lortu behar ditugula ulertu dute. Hori da alderdi sozialistak beti defendatu duena. Ea gauza garen akordio transbertsalak lortzeko».

Bake eta normalizazio bidean, alderdien arteko mahaia osatzeko baldintzak izan ditugu hizpide: «ETA banda terroristak bere jarduera amaitutzat jo dezan edo mahaian eseriko direnek esan dezaten argi eta garbi uko egiten diotela terrorismo bidezko politikari. Baina hauek ez dira baldintzak, oinarrizko beharrak baizik, mahai baten inguruan esertzeko behar-beharrezkoak bere funtzionamendua bermatu ahal izateko».

Rodolfo Aresen esanetan «sozialistek Espainian gobernatzen dutenean, Euskadiri ondo doakio». Espainiako Gobernuaren presidente Rodriguez Zapaterok ETArekin bukatzeko eta euskal auzia konpontzeko Diputatuen Kongresuan bideratu eta onetsitako akordioa ipini digu adibidetzat.

Elkarrizketa Grande-Marlaska epaileak Batasunaren jardueraren etena bi urterako luzatzea eta BECeko ekitaldia debekatzea erabaki baino lehen burutu genuen.

Rodriguez Zapaterok bake eta normalizazio prozesuaren bidean, 2006an iaz baino are emaitza gehiago espero duela esan du. Ba al daude hori baieztatzeko datu objektiboak?
Begi-bistakoa denez, Rodriguez Zapaterok nik -edo ni bezalakoek izan dezakegun- baino datu gehiago izango du. Berari dagokio-eta terrorismoaren aurkako borrokan lider edo aitzindari izatea, ETA banda terroristaren amaiera bilatzea Espainiako presidenteari dagokio. Datu objektiboak hilketarik ez izatea da eta bestelakoak ere bai. Adibidez, Frantziak, neurri handi batean, ETA neutralizatu du eta nazioarteko kolaborazioa egokia da. Bien bitartean gertakari mugarri bat izan zen: Madrilgo atentatua. Harrezkero, terrorismoaren arbuioa orain urte batzuk baino askoz handiagoa da gizartean baita mundu abertzalean ere. Itxura batez, ETA eta bere ingurua eztabaidatzen ari dira etorkizunari begira. Beraz, bidezkoa da 2006rako egoera hobeagoa iragartzea, zuhurtzia handiz betiere, jakina.

Aldi berean, Estatuaren erreforma juridiko-politikoa gauzatzen ari da. Kataluniako Estatutua hizpide. CíU alderdi katalanistak ausardia eskatu dio PSOEri alderdi katalanek onetsia onartu dezan Espainiako Kongresuan.
Ausardia handia da Espainiako Gobernuaren aldetik eta PSOEren aldetik orobat. PSOEk eta sozialistek hauteskunde programan Estatuaren sistema autonomikoaren sakoneko berrikuntza egiteko nahia azaldu genuen. Hau da, autonomien estatuak hobetu aldera eta hainbat nazionalitate historikok mantentzen dituzten aldarrikapenak bete ahal izateko. Hori da gure erronka.

Kataluniako Estatutua sinatuko dutenek onartuko al dute Diputatuen Kongresutik aterako dena? Akordioa izango al da?
Estatutu berria izango dela uste dut, akordioa izango da, guztiz sinestuta nago. Batetik, Kataluniako alderdiek ezin dute pasatzen utzi aukera historiko hau, eta bestetik, PSOE senperrenak eta bi egiteko prest dago hori horrela izan dadin. Ez da zeregin erraza, noski.

Nazio terminoa onartzea al da arazoa?
Tira, badaude beste batzuk ere. Nazio terminoa ebaztea zaila da, eta ziur aski ez da Estatutuaren artikulazio berrian bilduko. Baina baliteke sarreran aipatzea, lan horretan ari dira alderdiak.

«Mihi gaiztoek» Katalunian funtsezkoa finantziazioa dela diote.
Dirudienez gai garrantzizkoa da, baita transferentzien errebindikazioak ere. Baina finean, elkarrizketaren bidez Estatutuaren erreforma egin daitekeela baieztatuko da, eta PPk dioenaren aurka, Espainia zatitzetik urrun, erreforma honek Espainiaren dibertsioa indartuko du, baita seguritatea eta egonkortasuna luzarorako bermatuko ere.

Nazio terminoak adiera berbera al du Katalunian eta euskal auzian?
Katalunian, Euskadin nahiz Galizian badaude pertenentzia sentimendu ugari eta denak dira errespetagarriak. Kontua hauxe da: pertenentzia bikoitza ditugunon -edo bestelako pertenentzia ñabardurak dituztenen- artean elkarbizitza egonkortzeko formulak eta moduak bilatzea. Euskadiko gizartea oso dibertsoa da eta akordioak lortu behar ditugu elkarrekin bizitzeko eta erabakitzeko. Sozialistentzat eginbidea Espainia eta Europaren markoan dago, orain arte garatuz joan garen ildoan. Niretzat, ez dago etorkizun ekonomikorik, modernorik ez ongizaterik, marko horretatik kanpo. Estatuaren erreforma bidean, autonomietan erabakitzen denaren ostean, oinarrizkoa da Diputatuen Kongresuaren ebazpena, herritarren subiranotasuna ere han baitago, ondoren, erreferendum bidez baieztatu behar dena, betiere joko-arauen eta Konstituzioaren barnean, bai dagoen bezala edota berau berritzen bada ere, Konstituzioa berritu daiteke-eta.

Mena jeneralaren esanak entzun ostean Konstituzioa behin betikoa dela dirudi.
Sektore batzuentzako horrela dela ematen du, baina sektore horiek hain juxtu ez zuten berau onartu. Konstituzio honek elkarbizitza egonkortu eta ziurtatu du Espainian. Abian jarri ditu autonomiak eta berauen autogobernuak. Konstituzioa berritu daiteke, baina horretarako ezarritako bideak urratu behar dira, Konstituzioak berak ezarriak. Alderdi sozialistan -datozen hauteskundeei begira- hainbat proposamen lantzen ari gara Konstituzioaren zenbait aspektu berritzeko, betiere, logikoa denez, egoki usten dugun unean egiteko.

Aspaldiko partez, EAEko aurrekontuak onetsi ditu PSEk. Akordioa lortu ondoren, PSEren hurrengo pausoa Eusko Jaurlaritzan egotea izan al daiteke?
Akordioa garrantzizkoa eta pozik egotekoa da, besteak beste, etapa berri baten abiapuntua delako. Baina horrek ez du esan nahi alderdi sozialista Eusko Jaurlaritzan sartzeko bidea urratzen ari denik. Ez da behin-behineko helburua guretzat. Helburua gizartearen arazoak konpontzea da, hori baita gobernu alternatiba indartzeko modu eraginkorrena.

Datorren legealdian ez duzu PSE Jaurlaritzan ikusten, beraz?
Eusko Jaurlaritzan egoteko gure jomuga herritar gehiengoaren babesa lortzea da, lehendakaria sozialista izaki. Alternantzia baskista hori nahi duen jende askorekin lanean ari gara. Orain hartu dugun bidetik Ibarretxeren eta hirukoaren alternatiba lortuko dugulakoan nago, izan ere, alderdi baten proiektua baino herri proiektua da gurea, Euskadin gero eta jende gehiagok gura du alternantzia hori, EAJren alternantzia funtsean.

Kataluniako hirukoaren antzeko bat gauzatu ezean, ez dirudi posible denik.
Guk Euskadin ere Kataluniako antzeko formula gauzatzea nahiko genuke. Garrantzizkoena ordea herritarrek botoa ematea da, eta ez bakarrik orain arte botoa eman digutenen konfiantza berresteko, beste herritar askoren botoa ere lortu nahi dugu. Gero eta jende gehiagok ikusten gaitu Jaurlaritzan, herritar guztientzat «herria» egingo duen gobernua izango baita gurea, autogobernua garatuko duen alderdia, Espainian eta Europan integratua, horrexek bermatzen baitu gizarte honen geroa, gainerako politikek, independentzia aldarrikatzen duten proiektuek, gatazka eta ziurtasun eza baino ez dituzte ekartzen.

Ibarretxe lehendakariak bere izena daraman proiektuaz honela esan zuen urte amaierako diskurtsoan: "Plan honek Eusko Legebiltzarraren babesa dauka, beraz, bizirik dago".
Tranpa pixka bat egin zuen.

Zein tranpa?
Bada, Legebiltzarraren babesa du, baina ahaztu zuen esatea Espainiako Diputatuen Kongresuaren gehiengoak plana atzera bota zuela, areago Ibarretxek ez zuen esan plebiszito moduan planteatu zituen azken hauteskunde autonomikoetan euskal gizarteak bere planari ezetza eman ziola. Ibarretxe Planak bere unea eta ibilbidea bete zituen, kito. Haatik, guk ez diogu nazionalismoari bere jomugak bertan behera utz ditzan eskatzen, jomugak beste proposamenen bitartez bidera ditzala baizik, konfrontazio bidea agortuta dago-eta.

Korapiloa askatu gabe dago ordea, erabakitzeko esparrua delakoa zehaztea alegia. Eusko Legebiltzarrak onetsi du plan bat, ganbararen gutxiengoarekin bada ere, baina Madrilgo Kongresua da ebazten duena azken finean.
Erabakitzeko esparrua ere euskaldunok ezarri duguna da. Gure autogobernuaren edozein marko-juridikoren erreformak Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren akordioa behar du, baina baita Gorte Nagusien erabakiaren errespetua ere.

Demagun egunen batean Katalunian lortutako adostasuna lortzen dela Eusko Legebiltzarrean.
Kataluniako alderdi guztiek normaltasun demokratiko osoz eta joko arauen errespetuarekin lortutako akordioa negoziatzen ari da Gorte Nagusietan.

PPrekin izan ezik.
Tira, PPrekin izan ezik.

Katalunian lorturiko adostasuna lor al daiteke EAEn?
Gu bide horretan ari gara lanean, jarrerak ixten ez badira Euskadin adostasun zabala lortu daiteke, Gorte Nagusietan berretsi ondoren, erreferendumean baieztatu ahal izateko. Eta gutxienez, Gernikako Estatutuak izan zuen babesa edo are handiagoa izan dezan. Hori da bidea.

Marko juridiko-politikoa aldatzeko orduan, PPk aurreko legealdietan dena ondo lotuta utzi zuela ematen du: Alderdien Legea, Terrorismoaren Aurkako Ituna... Adibidez, 2007ko udal eta foru hauteskundeetan egongo al da Batasuna?
Batasuna hauteskunde horietan egotea edo ez, bere esku dago. Bi modutan egon daiteke: edo biolentzia terrorista desagertu delako edo ez duelako terrorismoa babesten eta politika egin nahi duela argi eta garbi adierazten duelako.

Baina ukaezina da Alderdi Politikoen Legea oztopo dela.
Ez dut uste. Hor daude Aralar, EA edo EHAK. Beren helburuak independentistak dira, legeak eskatzen duena bete dute eta baldintza berberetan lehiatu dira. Guretzat gatazka nagusia ETA erakunde terroristaren existentzia da. Gainerako gatazkak eta ezberdintasunak eztabaidatu daitezke, bideak eta moduak badaude, demokraziaren bideak, Europako beste herrialde demokratikoetan bezala.

Batasuneko BECeko ekitaldia hizpide: epaileek ebatzi behar dutela esango didazu, baina zuk zeuk zer nahi duzu erabakitzea?
Justiziak erabaki behar du ekitaldia egin daitekeen edo ez, hori da funtsezkoa, nire iritziak ez du garrantzirik.

Demagun Batasunak ETAri su-etena eska diezaiokeela, Anoetako Proposamenaren bidean beste urrats moduko bat litzateke. Hori eragoztea ez dirudi onuragarria denik bake eta normalizazio prozesua indartzeko.
Batasunaren asmoei buruz ideia ñimiñorik ere ez dut. Baina, datu objektiboak kontuan hartuta hauxe da dakidana: Anoetako Proposamenean iragarritako hainbat pauso ez dira eman. Nik ez dut espekulatu nahi Batasunak esango edo esan dezakeenari buruz, denborak esango du Batasunak zer dioen. Nahiko nuke bai, denok desiratzen dugun behin betiko erabakia hartzea, hau da, politika egin nahi duela demokraziaren bidean.

Azken bi urteetan alderdi sozialista eta Batasunaren arteko elkarrizketak izan omen dira...
Alderdi Sozialistak ez du inolako lerro irekia Batasunarekin, badaezpada ere berretsi egiten dut.

Tira, bi alderdien arteko kideen artean agian, euren ardurapean soilik bada ere.
Nik dakidala ez. Horren atzean PPren politika zikina dago, PPk politikaren lohikeria bilatzen du, den-dena nahasi eta politikaren erabilpena egiten du. PPk PSE-EE eta PSOE akabatzeko helburuz gezurrak sakatzen ditu. PPk ez daki garaiak eskatzen duen mailan egoten. Oposizioko alderdi nagusiak Gobernua lagundu beharko luke terrorismoaren aurkako borrokan, guk PPko Gobernua lagundu genuen bezala. Orduan gure gustuko eta gureak ez ziren erabaki politikoak hartu ziren, baina, guk PPren politika errespetuz eta zuhurtziaz babestu genuen. PPk terrorismoaren aurkako politika baliatzen du PSOE Espainiako Gobernutik botatzeko. Herritarrek, hala ere, badakite bereizten PSOEren eta PPren nahiak eta helburuak.
«Gai honetaz okerreko hipotesi batetik abiatuta hitz egin ohi da»

Euskal presoek etxetik ahalik eta hurbilen bete beharko lukete beren zigorra, ados. Baina, gai honetaz okerreko hipotesi batetik abiatuta hitz egin ohi da. Legea ez da horren zehatza. Legeak presoen hurbiltzea horren zehazki adierazten badu, zergatik ez zuten euren abokatuek helegitea aurkezten lehen sententziak ematen hasi zirenean. Espetxeko politika hertsiki aplikatuta dago, ados, badago eta egon behar du politika bat presoak ahalik eta hurbilen egon daitezen, baina eskubide hori ez da horren zehatza, legea ez da hausten ari. Gainera, badago beste arazo bat ere, azpiegiturarena, nola eta non sartu preso guztiak Euskal Herriko edota bere inguruko espetxeetan? Baina, horiek horrela, eta argi eta garbi mintza gaitezen, zenbait unetan espetxe politikak emaitzak ekarri ditu, ETA ahultzeko balio izan du, beraz, izan gaitezen zuhurrak, argi eta garbi mintza gaitezen. Pausoak eman daitezke, baina betiere pauso horiek terrorismoaren amaierara hurbiltzeko lagungarriak badira.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude