Iran: Klerikoen gobernuak etsitako herria

  • Iranek abiaturiko programa nuklearrak nazioarteko krisia eragin du oraindik orain, Gerra Hotzaren hotsak gogora ekarriz. Klerikoen gobernuak hartutako erabakiak direla eta, 70 milioi biztanleko herrialde osoa errazegi hartzen dugu erruduntzat, kaleko irandarrek pairatzen duten errepresio bortitzari gor eginez.

2021eko uztailaren 19an

Goizeko lauretan iritsi naiz Isfahanera. Goizegi Irango antzinako hiriburua bisitatzeko, eta beranduegi hotelez hotel ibiltzeko.

Azken hilabeteotan hiriko zentral nuklearra egin zaigu ezaguna, baina Isfahango Imanaren plaza, bere mezkita, jauregi eta lorategiekin, mundu islamikoaren ikur nagusia da oraindik ere. XVI. mendeko Renier frantziar poetak "munduaren erdigunetzat" jo zuen, eta tamainan Tiananmengo plaza soilik omen da handiagoa.

Autobus geltokitik 15 minutu eskasean iritsi naiz, ia konturatu gabe. Plazarainoko bidean Jomeiniren irudi ugariei erreparatu diet. Zaila da begirada zorrotzarekin topo ez egitea, are gehiago oraindik hutsik dauden kaleotan.

Goizeko ordu honetan laranja fosforeszentez jantzitako garbitzaileak baino ez dabiltza. Gogor ari dira, egunean zehar jende asko ibiliko baita, Lotfollah edo Imanaren mezkitetarako bidean. Ilunabarrean, iturriek freskatutako lorategietan, familiek maindirea zabaldu eta bertan atsedena hartuko dute, solasean, betiere teontzi inguruan, eta umeen algarek mueziden deiekin bat egingo dute.

Oraindik ordu batzuk falta dira plazako mezkiten urdin kolorea bere osotasunean azaltzeko, eta logaleak hartu nau Ali Kapu jauregiaren ondoan. Eguzkiaren lehen izpiekin esnatzerakoan, espektakulua zoragarria izan da, baina beste ezusteko batek eman dit atentzioa: motxila ondoan pistatxozko pastela eta freskagarria neuzkan, gosari gisa. Ez nuen espero irandarren abegitasun famatua hainbesterainokoa izan zitekeenik.

"Munduaren erdigunea" atzean utzi eta ibaia gurutzatu dut, Siosepol zubi zoragarritik. 33 arkupe ditu, eta azpiko pasabidea, sargoria saihesteko toki aproposa iruditu zait. Zubia zeharkatzen ari naizela, hiru neska gazte ikusi ditut piraguan gogor entrenatzen, burua hiyab batez estalita.

Ibai ondoko parkean gizon bat inguratu zait. Nader izena du eta erretiratua dago. Ingelesa ikasten ari denez, nirekin praktika ote dezakeen galdetu dit, edukazio handiz.

«Ba al zenekien hemengo ardo gorria, Shirazekoa, mundu mailan ezaguna dela?», galdetu dit. Hain zuzen ere, Shirazeko ardo ospetsua merkatu beltzean aurki daiteke, baina Australian egiten da orain. Naderrek hilean botila bat erosten du, «nire pentsio txikia jasotzen dudanean», dio.

Bat-batean zuriz jantzitako bi gizon pasa dira gure albotik. Naderri hasierako irribarrea desagertu zaio, eta mullah hauen bizkarrei begira gelditu da, pentsakor. «Jende honen ergelkeria jasaten ari gara» azaldu dit, klerikoak bistan dituela oraindik. «Pertsiako Sha (erregea) kanporatu eta gero, kirten hauen eskuetan erori ginen. Orain Saudi Arabia bezalako herrialdeak diru asko inbertitzen ari dira, Iran Errepublika Islamikoaren erakusleihoa izan dadin» esan du haserre bizian. «Pertsiako Sha Amerikako Estatu Batuen txotxongilo bat besterik ez zen, baina errege ustel hark ez zituen kontrolatzen gure bizitzaren esparru guztiak. Orain bezain txiroak izanda ere, askoz ere zoriontsuagoak ginen».

«Inoiz ikusi al duzu pinguinorik basamortu erdian?», galdetu dit, txadorraz jantzitako emakume bati begiratuz.

Neska gazte gehienek "manteau" izeneko gabardina motza nahiago dute, baina txadorra asko ikusten da oraindik ere. Pinguino itxura ez, mamu itxura atera diet nik; egunez baino ateratzen ez diren mamu beltzak. «Irandarrok ez dugu hau merezi», esan du Naderrek.

Bat nator.


Latigua eta urka herriko plazan

Basamortu erdian dagoen Yazd hirian, Irango zoroastriar komunitate handiena bizi da. Ateskadeh tenplu nagusian haietako asko topatu ditut, "su sakratua" gurtzen.

«Zaharrek 1.500 urtez pizturik egon dela diote. Sinestu ala ez, sua jainkoaren irudikapena besterik ez da», azaldu dit nire ondoko gazteak. Hassanen gurasoak zoroastriarrak dira, baina berak ez dauka denborarik "suari begira" egoteko. Hiriko leku interesgarrienak erakusteko gidari eskaini du bere burua, ingeles mintzapraktikaren truke. «Mesfidantzarako arrazoirik ez dago», dio berak.

Ez neukan zalantzarik ere. Jada bi aste daramatzat Iranen eta ia egunero ezagutu dut honelako jendea. Hirian zehar bisitaldi gidatuak eskaintzeaz gain, askotan euren etxeetan otordura gonbidatu naute, "ingeles-zale" hauek. Bi orduko txangoa izan da, zoroastriar tenplu, bazar eta bertako badgir eraikin misteriotsuen bisita. Dorre itxurakoak dira badgirrak, eta haize izpi txikiena ere lur azpiko ur-putzuetara bideratzen dute. Bertan freskatutako aireak, kanal sistema batetik zirkulatzen du gero, gure aire egokituaren antzera funtzionatuz. Ez da azken hau bezain hotz ateratzen, bai ordea, askoz ere osasungarriago.

Bisitaldiak nahikoa aseta, tea eta gelian (ur-pipa) bana eskatu dugu taberna batean. Gure atzetik, begirada galdua duen gizon bat sartu da, balantzaka, mozkorren antzera. Tabernariak irteteko esan dio eta sartu bezala joan da, noraezean. «Heroina», dio Hassanek, «Afganistandik tonaka sartzen dute».

Bere pipari zupada sakona eman dio, hitz egiteko indarra hortik hartuko balu bezala. «Irango populazioa 70 milioikoa da, eta horietatik bi heren 30 urtetik beherako gazteak dira» hasi da kontatzen, ahotik kea dariola.

«Herria, batez ere bi heren ‘arriskutsu’ horiek kontrolpean izateko, heroina eta opioa dira tresnarik eraginkorrenak. Beraz, bi substantziak oso zabalduta daude Iranen. Opioa esaterako, populazioaren erdiak baino gehiagok erretzen du, droga honen kontsumoa apenas baitago zigorturik. Alkohola berriz, beste kontu bat da. Borrokarako grina pizten du, eta gobernuak ez du honelakorik nahi noski. Polizia islamikoak norbait edaten harrapatuz gero, 50 zartada ematen dizkio, espetxera bidali aurretik. Dena den, gehienok edaten dugu etxe barruan. Garagardo lata batek 3 euro balio du merkatu beltzean, whisky litroak 25».

Eten handiagoa egin du Hassanek orain, azukre-kozkorra ahoan sartuta, te zurruta dastatzeko. «Ezkonduta al zaude» galdetu dit jakin-minez. Ekialde Hurbilean ezkontzak oso garestiak dira. Izan ere, Irango gobernuak kreditu bereziak eskaintzen ditu ordaindu beharreko dote eta gainontzekoei aurre egiteko. Beraz, galdera honen erantzunak bi alde adieraz ditzake: bata egoera zibila, eta bestea aberastasun maila, estatusa.

Hassanek bazekien Europan ezkondu gabeko bikote asko daudela. «Zorte handia duzue horretan ere», esan du. Antza denez, Iranen ezkontzea ezinbestekoa da sexu harremanak izateko. Bikote gazteek ezin dute eskutik helduta paseatu ere egin, are gutxiago elkarri musu eman. Bestalde, adulterioak heriotz zigorra dakar; gizonezkoak urkan eta emakumeak harrika exekutatzen dituzte.

«24 urte ditut eta oraindik ez dut sexu harremanik izan», aitortu dit Hassanek. «Egia esan, ez dakit neskak gustuko ditudan ere».

Ez naiz gauza izan aholkurik emateko, eta isilik gelditu naiz. «Badakizu bi gazte urkatu dituztela Mashadeko herriko plazan? Homosexualak ziren; 17 eta 18 urte besterik ez zituzten».

Azkenean te litro eta ur-pipa anitz izan dira, kontu eta istorioek eskatu adina. Iluntzean, Hassanek eskuan zeraman zigarroa ezpainetan jarri du, eta elkarri bostekoa eman diogu agur esateko. Iranen jende guztiak etengabe erretzen duela iruditu zait. «Irandarrok pentsatzen dugu erretzeak gure arazoak konponduko dituela», esan du Hassanek, irribar gazi batez.


Kaosa, txadorrak eta kirurgia plastikoa

Irango hiriburua, Alburz mendi erraldoien babesean kokaturik dago, baina tamalez, mendiok nekez ikus daitezke kutsadura lainoen artean. Ekologi-arazoa hemengo bi milioi autoek eragiten dute. Iritsi naizenetik begietako azkuraz egon naiz eta atzo, hain zuzen ere, eskolak itxi ziren umeak etxean geldi zitezen; antza, poluzioa neurri jasangaitzetara iritsi zen.

Trafiko ero honek, badauka hala ere, alde positiboa. Zartadarik gabeko dibertsio bakarrenetakoa moto-taxia da hemen: atzean eseri, pilotoari gogor heldu, eta bazoaz, errepide nahiz espaloitik, auto edota oinezkoen artean. Ez dago ezbeharrekin kezkatu beharrik; edozer gertatuta ere, "hala beharko zuen (Alak)" edo Inshallah.

14 milioi biztanleko hiriburua den arren, ez du Teheranek turismoa erakar dezakeen arkitektura edota aztarna arkeologikorik. Irandarrek ordea, beste ikuspegi bat daukate. Hemendik sartzen dira kanpoko ideia nahiz aurrerapenak, hain beharrezkoak diren aldaketak. Askok diote klerikoen kontrako matxinada hemen piztuko dela. Faridek ez dauka hain garbi: «Gazteok etsita gaude jada. Nork egingo dio aurre tiroka erantzuten duen poliziari», esan du, auto-ilara batean geldirik gaudela.

27 urteko gazte honek ingeniaritza ikasketak bukatu zituen duela hiru urte. Lanik aurkitu ezinik, aitaren autoarekin taxilari dabil. «Gainera -jarraitu du- gure bizimodua itogarri eta aspergarria bihurtu da, horregatik kontsumitzen da gero eta droga gehiago. Estasia merke lor diezazuket», eskaini dit bat-batean, klaxona zapaltzen ari dela.

Oso merke alegia: tableta bat dolar batean, tabakoa bezain merke.

Auto-ilarak metro gutxi batzuk aurreratu ditu. Gure alboetan hamaika moto ikusi dut, batzuetan hiru, baita lau pertsona ere ziztu bizian doazela.

«Ikusten al duzu parke hori? -galdetu dit Faridek, eskua leihotik atereaz-. Prostitutaz beterik egoten da». «Eta poliziak?», galdetu diot harridurak jota. «Sobornatzen dituzte, diruz edo bestela. Trabestiak ere badaude, txadorraz jantzita», esan du irribarrez. «Txadorraz jantzitako trabestiak», errepikatu du, bere hitzak sinetsiko ez balitu bezala.

Niri ere kosta zait.

"Aldaketen hiriburuan" gauden arren, beloa ezinbestekoa da Teheranen ere. 1981ean bertan egindako ikerketa "zientifiko" baten arabera, emakumeen ileak "gizonak erotzen dituen bibrazioak sortzen ditu".

Dena den, hemengo neska ausartek oso atzean jartzen dute buru erdia apenas estaliz, eta bistan dagoen ilea, kolore biziko metxaz ageri da maiz.

Makillajea edota kirurgia plastikoari buruz, ostera, "zientziak" eta Koranak ez diote ezer. Teherango kaleetan sudurrean benda duten emakume asko ikusi ditut, adin guztietakoak. Ebakuntzak 600 euro balio omen du. «Europan ordaintzen duzuenagatik -azaldu zidan batek- Iranen ebakuntza egin eta errekuperatu bitarte, herrialde osoa bisita zenezake hotel garestienetan».

Agian beste ikerketa "zientifiko" batek "pertsiar sudurra" desagertze arriskuan dagoela frogatuko du datozen urteetan, eta ez da oker ibiliko.

Hiritik alde egin baino lehen Armeniar Kluba bisitatuko dut azken gauean. Komunitate honen elkargunea Teherango toki bitxienetarikoa da. Musulmanek sarrera debekatuta dutenez, emakumeak beloa jantzi gabe eser omen daitezke bertako jatetxean.

Tokia seinalatzen duen kartelik ez dagoenez, Jark kalean gora eta behera ibili naiz, jakin-minez. Zorionez, adin ertaineko bikote bat ate joka ikusi dut, eta haiengana inguratu bezain laster, dotore jantzitako zerbitzari batek sartzeko gonbita egin digu. Atea ixtearekin batera, aurreko emakumeak beloa kendu du, eserita zeuden lagunengana joan baino lehen. Gaurkoan, kanpoan afaltzeko gau aproposa izanda ere, ez dago jende asko lorategiko mahaietan. Lagun taldeak hartu duen mahaiaren albokoan eseri eta segituan erreparatu diot Armeniako melodia tristeak jotzen ari den pianojoleari.

Giroaren "normaltasuna" dela eta, une batez armeniar brandy famatua hemen dasta nezakeela bururatu zait. Tamalez, zerbitzariaren irribarreak hautsi du nire ilusio inozoa. Azkenean izozki bat izan da, nahikoa Parsi Cola edan baitut egun hauetan.

«Bikotearen seme gaztea Armeniara doa bihar», esan dit zerbitzariak, mahaira bueltatzean «agur-afari bat ospatzen ari dira».

Vahikek urtebete eman du Interneten ezagutu zuen Erevango neska ikusteko zain. Bihar elkartuko dira, inoiz bisitatu ez duen jatorrizko herrialdean. Urduri dago.

Une batez gurasoei begiratu die, entzuten ez dutela ziurtatzeko. «Ezkondu bezain laster, Alemaniara emigratuko dugu biok. Oraindik gaztea naiz, eta ez nuke nire gurasoen antzeko bizitzarik jasan nahi», esan dit ahopean.

Iran-Irak gerra hura
Teherango kanpoaldean Behesht- e zahra hilerria dago. Iraken kontrako gerran (1980-88) hil ziren milioitik, 200.000 daude hilobiratuta bertan. Martiri bakoitzeko kristalezko kutxa bana dago, non hildakoaren argazkiarekin batera, bere objektu pertsonalak edota familiak utzitako edozein oroigarri ikus daitezkeen.
Hala ere, ez da kanposantua gerra bortitz haren oroigarri bakarra. Martirien irudiak, oso gordinak batzuk, kartel erraldoietan maiz ageri dira. Bestalde, telebista nahiz irratsaioetan, ia eguneroko gaiak dira soldaduen heroismoa edo hankak ebakitako beteranoen duintasuna bezalakoak.
Izan ere, apenas dago Iranen gerra hartan hildakorik izan ez duen familiarik. Gerra sufrimendua hain zabala izanik, Teherango gobernuak nazio sinbolotzat hartu du, haustura handia jasaten ari den herrialdea bateratzearren.

Ahotsik gabeko hizkuntz mosaikoa
Farsiarrek pertsiarren ondorengotzat hartzen dute beren burua. Euren eskuetan dagoen Iranen, goi mailako kargu oro, erlijioso nahiz politikoa, komunitate honen kideentzako soilik erreserbaturik dago. Ez da harritzekoa beraz, farsiera izatea Irango hizkuntz ofizial bakarra.
Iran alabaina, nazio ezberdinek osatutako herrialdea dugu. Ekialde Hurbila eta Asiaren artean hain estrategikoki kokatuta dagoen herrialdean, ez da harritzekoa gizatalde ugari topatzea: azeriak, kurduak, turkomanoak, arabiarrak eta balutxiak dira, besteak beste, horietako batzuk. Turkiar mintzaira duten azeriak dira, hain justu, Irango gutxiengo handiena. 23 milioi bizi dira bertan, bizilaguna den Azerbaijango Errepublikan baino askoz ere gehiago. Farsiak bezala, xiita musulmanak dira, eta honek asko errazten du bi komunitateen arteko harremana.
Ondoren kurduak datoz, 10 milioi direlarik hemen. Kurduak, "farsien lehengusuak" direla esan genezake, bien hizkuntzak familia beretik baitatoz, baina sunita musulmanak dira. Erlijio bereizketa, eta historian zehar adierazi duten independentziarako grina dira, kurduek jasaten duten bazterketaren arrazoiak.

Zaratustraren tenplu nagusia
Irango barrualde lehorrean, mendi baten gailurrean dagoen Chac Chac tenplu bitxia bisita daiteke. Bere izena bertatik tantaka ateratzen den iturriak ematen dio, eta gehienontzat ezezaguna bada ere, munduan dauden bi milioi zoroastriarren peregrinazio gune nagusia da egun.
Erlijio jaialdi garaietan ezik, Faraidun, tenpluko zaindaria, bakarrik bizi da urte osoan zehar. Berak irekitzen dizkie gune sakratuaren ateak hona inguratzen diren ni bezalako bisitariei. Tenplura iristeko ehunka eskailera igo eta gero, iturria eta su sakratua ikus daitezke barruan, Ahura-Mazda jainkoaren ikurren ondoan.
Zaratustra profetak orain 3.500 urte sortutako erlijioa lehen sinesmen monoteistatzat hartzen da. Islama hemen nagusitu arte, Pertsiako Erresumaren erlijio ofiziala izan zen.
Zoroastriar ospetsuen artean Freddie Mercury abeslaria edo Zubin Mehta orkestra zuzendaria ditugu, baita Errege Magoak ere. "Magu" pertsiar jatorrizko hitza da, su sakratuaren zaindari jakitunak izendatzeko erabili ohi zena. Kristau tradizioaren arabera, "Errege Magoak" kurduen lurraldeetatik (Mesopotamia) Palestinara abiatu ziren, Mesiasen jaiotzaren lekuko izateko.


Azkenak
Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Talde ultraeskuindar baten errekurtsoak geldituta du Donostiako Loiolako Kuartelen salerosketa

Loiolako kuartelen afera ez dago bere onenean. Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak akordioa “aldi baterako” etetea erabaki zuten joan den astean, hilaren 18a baino lehenago ezin izango zutelako gauzatu, eta hori delako, hain zuzen, salerosketa... [+]


Eguneraketa berriak daude