Gizonen eszitazioa emakumeena baino errentagarriagoa da


2021eko uztailaren 19an

Adin jakin bateko emakumeentzat da Ninafar, menopausia dutenentzako. Bizitzako garai horretan eta obulutegietan hormona ekoizpenaren maila jaisten denean, emakumearen bagina lehortzen da eta mukosa galtzen hasten da. Odola beste organo batzuetara joaten da. Ninafarrek baginako zirkulazioa suspertzen du. Ninafar produktu naturala da, l-arginina daramana. Elikadura-osagarri bat, azken batean.

Aurkeztu zenetik ia urte erdi pasatu den arren, oraindik ez da horren ezaguna sexologoen artean. Hirusta Kolektiboko Kotte Susperregik, adibidez, entzun gabe zeukan. "Viagra femeninoa" bazela entzunda zeukan, baina Ninafarren berririk ez orain gutxi arte. "Hainbat emakumeren iritzia jaso dut Interneten eta denak oso pozik daude. Badu alde positiboa. Hainbat emakumeri beraien bizitza sexuala pixka bat aktibatzen laguntzen badie ondo dago", diosku berak. Hala ere, beste aukera bat ere badago bere ustez: "Beharbada daukagun heziketa hau aldatzea. Askotan harremanak di-dakoak izaten dira. Ez digute erakusten horretan denbora hartu behar denik. Bakoitzaren borroka da. Denbora hartu behar da. Lasai hartu behar da. Hala balitz ez viagra, ez Ninafar eta ez ezer. Ez genuke ezer beharko." Agurtzane Ormatza Bakioko sexologoaren esanetan hodi zabaltzaileak edo basodilatadoreak lehenago ere egon dira merkatuan. Hori bai, beste izen baten azpian eta belar dendetan, ez farmazietan.

Eszitazioa izan zein desioa izan, orain artean emakumearen erantzun sexuala ez da askorik aztertu. Lehenengo azterketa 50eko hamarkada inguruan egin zuten Master eta Jonshon estatubatuarrek. Sexologoak ziren biak, terapeutak. Ikuspegi biologikotik egin zuten azterketa. Ormatzak kontatzen duenez, "jendea txortan eta masturbatzen jarri zuten". Helburua benetan euren erantzun sexuala zein zen jakitea zen, "edo hobeto esanda, euren erantzun orgasmikoa. Psikologia edo sexologia aldetik ez zen horrenbeste aztertu". Gizonezkoen erantzun sexuala eta emakumezkoena bereizi zituzten bi sexologoek. Hori baino lehenago ez zen ezer egin. Lehenago normala zen emakumeak plazerrik ez sentitzea. Azterketa horien ostean emakumea orgasmikoa ez, multiorgasmikoa zela ondorioztatu zuten. Gizonezko erantzun sexuala gehiago aztertu izan da, hala ere. Baina zergatik? "Gizarte matxistaren beste ondorio bat" da Susperregiren iritziz. Ormatzaren esanetan ez da hori bakarrik: "Emakumeen erantzuna askoz ere konplexuagoa delako. Gizonezkoena aztertzea eta bideratzea errazagoa denez... ".

70eko hamarkada inguruan Helen Singer Kaplan izeneko sexologoak batez ere emakumeen erantzun sexuala aztertu zuen. Hor beste aldagai batzuk ere agertu ziren. Desioa aipatu zuen Kaplanek eszitazioaren aurretik. Ormatzaren ustez "desioa denongan da oso inportantea, baina emakumeengan ardatza da edo ardatzetako bat". Harrezkero gutxi egin da. Ordukoak dirau orain ere.

Aipatutako azterketak ikusi eta beste proposamen bat dakar Ormatzak. Kiribil edo bukle erotikoa deitzen diote beraiek eta ez erantzun sexuala. Kiribil horretan lau aldagai aipatzen dituzte: "Desioa, eszitazioa, gogobetetzea eta ebaluazioa. Hori ez da momentu jakin batean hasten. Desioa edozein momentutan joan daiteke. Era berean, denbora osoan gabiltza ebaluatzen edo neurtzen". Biografia sexuala ere oso garrantzitsua da Ormatzaren ustez, baina zer sartzen da biografia sexual horretan? "Sexuduna naizen heinean nola neska egin naizen edo mutila, zelan garatzen den gure sexualitatea, biografia erotikoa eta sozializazio sexuala". Bere esanetan horrek denak dakar momentu horretan pertsona horrekin modu batean edo bestean egotea. Gainera, kontuan hartu behar dugu "besteak ere motxila hori daramala bizkarrean".


Gizonezkoen parametrotan

Eszitazio eza gaixotasun moduan ere aipatu izan da behin baino gehiagotan. Susperregiren iritziz eszitazio eza ez da gaixotasuna. Emakume guztiak eszitatzen gara. "Emakume bat di-da batean eszitatu daiteke. Beste batzutan, berriz, denbora gehiago behar da. Zer gertatzen da askotan koitoan? Gizonak oso helburu zehatza daukala: musu bat, titiak pixka bat ukitu eta... Emakumearentzako ez da nahikoa". Berez ez da gaixotasun bat Susperregirentzat, "gaixotasuna harremanean bertan egon daiteke. Guztiz falokratikoa bada, zakilak garrantzi handia hartzen duen eredua, hor emakumeak ez dauka asko egiterik. Emakume guztiok sentitu dezakegu orgasmoa. Sistema bera edo eredu sexuala dago gaixorik", azken batean. Ormatzaren ustez ere mutilen parametroetan neurtu izan da emakumearen desioa eta hori da arazoa. "Mutilen parametroak kontuan hartuz gero, ez daukagu desiorik. Niri arroza gustatzen bazait eta zure parametroa espagetiena bada, eta espagetiak jatera derrigortuta banago ez dut jango. Horrek zer esan gura du? Ez daukadala goserik?". Era berean, "sexualitatea, erotika eta amatoriarekin lotutako guztia momentu batetan bekatua zen eta orain patologiara pasatu da. Orain desioak egon behar du. Emakumeak orain badakielako. Beraz, ez daukanak arazoa dauka. Askotan ez diogu gure buruari galdetzen ea zer gura dugun. Besteenaren arabera galdetzen dugu. Bestalde, gure gorputzaren irakurketa fisiologikoa egiten ez dakigu emakumeok".

Gizonezkoen erantzun sexuala eta emakumezkoena desberdindu zituzten Master eta Jonshonek. Oraindik ere ezberdintasun hori egiten da, baina zein alde dago bada bien artean? "Beste kultura batzuetan gizona ere multiorgasmikoa dela esaten dute" dio Susperregik. "Hemen sinesgaitza egiten zaigu". Egindako azterketen arabera, gizonek denbora bat behar dute eiakulatu ostean beste erekzio bat edukitzeko. Emakumeak, berriz, eszitazio prosezuaren gorenean luzaroan egon daitezke eta orgasmo asko eduki. Multiorgasmikoak dira horregatik. "Batzuek orgasmo ‘maskulinoagoak’ izaten ditugu eta beste batzuek txikiagoak" diosku Ormatzak, "baina hainbat eta behin baino gehiagotan. Hori gure potentziala da". Orain arteko azterketek diotenaren arabera hori, baina Susperregiren iritziz, ez du zertan horrela izan. Orgasmiko edo multiorgasmiko izateaz gain, beste ezberdintasun bat ere aipatzen da: "Emakumeon kasuan edozein momentutan, orgasmoa heltzen denean ere, blokeatu ahal da. Gizonen kasuan tarte bat dago, saihestuezinezko tartea deitzen dena. Tarte horretara arte eszitazioarekin jolastu daiteke (galdu, gehitu...), baina behin horra helduta ez dago bueltatzerik. Orgasmoa erantzun bat da eta eiakulazioa beste bat. Gertatzen da hemen bat egiten dutela. Beste leku batzuetan ez da hori gertatzen", esan digu Ormatzak.


Antisorgailuak emakumeentzako

Esan dugu lehen emakumearen erantzun sexuala ez dela gehiegi aztertu. Antisorgailuen kasuan emakumeentzako hainbat metodo sortu dira ordea eta etengabe sortzen dira berriak. Gizonezkoen kasuan kondoia baino ez da existitzen. Kuriosoa da hori Susperregirentzat. "Emakumea gizonaren zerbitzura dago. Ereduaren beste ondorio bat da. Emakume askok esaten dute koitoan ez dutela beste egoera batzutan beste gozatzen, orgasmorik ere ez da izaten askotan. Antisorgailuak ez zeudenean beharbada emakumeak ezetza esan ziezaiokeen harreman koitalari, haurdun gelditzeko beldurra zela eta. Baina gero antisorgailuak asmatu zituzten eta emakumeak ez zeukan aitzakiarik. Hor ere tranpa txiki bat dago. Horiek dira emakumearen ardurak gizonak larrua gehiago jo ahal izateko. Hori da oso azpitik dihoan mezua. Sakonki aztertuta egia askorekin topatuko ginateke. Oso ondo muntatuta dago dena azken finean". Ormatzak sexismoaren atzean diru kontuak ikusten ditu. "Enpresa farmakologikoak oso inteligenteak dira, sexistak izateaz aparte. Eurek badakite eszitazio, eiakulazio eta orgasmo prozesua gizonezkoengan askoz ere errazagoa dela. Ikerkuntza labur batekin emaitzak lortu daitezkeela eta saltzea oso erraza dela. Gizonezkoentzat gainera oso garrantzitsua da erekzioaren kontua. Beraz, oso erosle onak dira. Antisorgailuen kasuan, errazagoa da obulazioa kontrolatzea. Eta nor arduratuko da haurdun ez geratzeko? Emakumea".


Ez dugu aurreratu

Sexualitatea ahoz aho dabilen kontua izan arren, inoiz baino informazio gehiago daukagun arren, benetan gauzak ez dira horrenbeste aldatu Susperregiren ustez. Hori bai, itxuraz aldatu dira. "Duela berrogei urtetik hona gauzak aldatu direla esan daiteke. Baina itxuraz, forman. Sakonean ez dela aldatu esan daiteke. Are gehiago, askotan beltzagoa dirudi. Aldaketa egon da, baina benetako aldaketa edo gure sexualitatea hobeto bizitzeko laguntzen duen aldaketa hori ez dut uste eman denik. "Ormatzak ere ez du uste benetan gauzak aldatu direnik. "Ez da garai batekoa, baina Faucoulten penduluaren antzekoa da. Mutur batetik bestera joan gara, baina mutur biak dira berdinak. Orain informazio eta desinformazio gehiago dago. Dakiguna ez dakigu ondo, ez delako zientifikoki zehatza. Pentsatzen dugu dakigunarekin nahikoa dela. Gureak ez diren mapak ematen dizkigute. Sexologook lan asko daukagu gaur egun, baina zenbat jende etortzen den benetako arazorik barik... Arazo guk bihurtzen ditugu. Sekulako presioa dago orain: sentitu behar dut plazerra, besteari eman, orgasmoa lortu, bestea ase, ni ase... "Hori ez da bidea. Bidea apurka-apurka egin behar da eta ikasten joan". Lehen baino informazio gehiago bai, baina "beldurrak, lotsak eta desioak ez dut uste gure amamarenarenengandik aldatu direnik", dio Ormatzak.


Azkenak
Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


2025-02-17 | Euskal Irratiak
Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]


Musika eta dantzaren bidez, elkartasuna adierazi diote Palestinari Donostian

Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]


Komunitateaz (I)

Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]


2025-02-17 | Nagore Zaldua
Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?

Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.


2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Intsektuen negupasa

Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]


2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Xüxenka
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen

Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]


Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Eguneraketa berriak daude