Entzun!: Hamarkada bat adi


2021eko uztailaren 19an
90eko hamarkada erdialdean, hainbat musika zalek Euskal Herriko prentsa idatzian musikaren arloan zegoen hutsunea betetzeko beharra ikusi zuten. Euskara eta gaztelera uztartzen zituen El Tubo musika aldizkaria desagertua zen eta euskara hutsezko argitalpena kaleratzea otu zitzaien. Hala, Imanol eta Joni Ubedak bultzatuta eta Esan Ozenki zigiluaren laguntzarekin, 1996ko ekainean Entzun! aldizkaria jaio zen. Lehen zenbakiko azalerako Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelen argazkia aukeratu zuten. Esan beharra dago euskaraz idatzitako lehengo musika argitalpena izateaz gain, aldizkari osoa kolorez kaleratu zuen lehena izan zela baita ere.

Erronka garrantzitsua zuten aurrean eta hastapenak ez ziren errazak izan, baina pixkanaka beren ibilbidea egiten joan ziren. 90eko hamarkadan zehar formatuak, edukiek eta salneurriak aldaketak jasan zituzten eta Ubeda anaiek Aritz Sound Systemi pasa zioten zuzendaritzaren lekukoa, arazo ekonomikoen erruz 2002an bihilabetekariaren argitaratzea eten behar izan zuten arte. Hilabete gutxira, ordea, Eragin komunikazio enpresaren babesean eta Xabier Sagardiaren ardurapean aldizkaria kaleratzeari ekin zioten berriz ere.

«Aldizkaria hartu genuenean, hilabete ugari zeramatzan atera gabe eta arazo ekonomiko asko zituen -dio Sagardiak-. Irakurleak oso sakabanatuta zeuden eta egoera nahiko txarra zen. Gure lehenbiziko helburua proiektua sendotzea izan zen; filosofia bera mantenduz, baina sendotzea eta berritzea, bai edukien aldetik, baita diseinu aldetik ere». Ondorioz, ordutik salmentetan gorako joera izan da nagusi eta egoera egonkortzea lortu dute.

Egonkortasun horretan Eraginen baitan egoteak zerikusi handia duela aitortu digu aldizkariko koordinatzaileak. Eraginek beste hainbat aldizkari -The Balde, tartean- argitaratzen ditu eta web guneak diseinatzen ditu. Lan horiei esker eta diru laguntzen, publizitatearen eta harpidetzen laguntzarekin, Entzun!ek bizirauteko adina baliabide ditu. Horrelako azpiegiturarik gabe, aldizkaria mantentzea oso zaila litzatekeela uste du Sagardiak, «52 orriko argitalpena kalitate oneko paperarekin eta dena kolorez kaleratzea oso garestia» baita. Aldizkariak 2.000 eta 2.500 arteko tirada du eta harpidetza diru iturri garrantzitsua da. Salmenta zuzena baino arrakastatsuagoa da eta duela hiru urte bihilabetekaria berriz kaleratzen hasi zirenetik asko hazi da. Harpidetza gehienak Internet bidez egiten dituzte.

Salmenta guneei dagokienez, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabara ongi iristen dira, baina Bizkaian sartzeko arazo gehiago dituzte. Ipar Euskal Herrian ere oso leku gutxitan daude salgai. Banaketa sistema berezia dutela kontatu digu Sagardiak. Entzun! saldu nahi duen taberna, denda edo guneak bost ale erosten dizkie. Trukean, publizitate modulua ipintzen diote aldizkarian eta gainera salmentekin irabazten duenarekin geratzen da, aldizkariak ez baitu hortik ezer jasotzen.

Antolamendu aldetik, kolaboratzaile sarea dute Euskal Herri osoan eta Sagardiak eta kolaboratzaileek gaiak elkar proposatzen dituzte. «Guri, adibidez, asko gustatzen zaigu musika beltza -azaldu digu koordinatzaileak-, Jamaikako reggaea, ska eta horrelakoetatik hasita Estatu Batuetako souleraino. Musika beltza orain entzuten ditugun beste hainbaten oinarria da eta egungo musiken jatorria ezagutzea garrantzitsua iruditzen zaigu». Euskal Herrira datozen atzerriko taldeak elkarrizketatzen ere saiatzen dira, baina euskal musika da edukien funtsa. «Gure gustuek eragin dezakete, baina aurreiritzirik gabe jokatzen ahalegintzen gara. Talde batek diskoa ateratzen badu eta oso gustuko ez izan arren disko duina bada, horri buruz idatziko dugu».

Azken finean, Sagardiak dio irizpide nagusia kalitatea dela eta taldeak edo diskoak duen musika kalitatearen arabera aukeratzen dituztela gaiak. Hortaz gain, jaio zenetik aldizkariak duen filosofia mantentzen dute edukietan. Batetik, euskal musikaren eszena -oro har herri-musikaren esparru zabala hartuta, estilo jakinetara mugatu gabe- bultzatzea eta horren bozgorailu izatea. Bestetik, Euskal Herritik at interesgarriak iruditzen zaizkien musika estiloak jasotzea. Halaber, musika independentearen eremuan zentratzea da Entzun!en beste oinarrietako bat, «modetatik eta multinazionaletatik at». «Gure ustez -gaineratu du Sagardiak- egun musika interesgarriena industria handietatik at egiten da, eremu undergroundean, autogestioan, diskoetxe txikietan... Hor sormena libreagoa da eta edozein estilo dela ere, gauzarik erakargarrienak bertan sortu dira».

Gainera, euskal eszena independentea aldizkariaren ardatz nagusia izateak gainontzeko aldizkari espezializatuetatik bereizten ditu. «Gure argitalpena bertokoagoa da, euskal musikan sinesten dugulako eta berau sustatu nahi dugulako». Erdarazko musika argitalpenek estatuko edo atzerriko taldeei leku gehiago eskaintzen diete eta gainera erdaraz idatziak daudela azpimarratu du Sagardiak.

Baina Euskal Herriko musikak nahikoa eduki ematen al du? Koordinatzailearen esanetan, eskaintza izugarria dago. «Denetarik dago, noski, erdipurdiko lanak eta oso lan onak, baina oro har kalitate oneko eskaintza dagoela uste dut. Talde askok sormen eta imajinazio handia dute eta kontzertuetan nabari da; euskal musika osasuntsu dago». Euskal musikaren industrian, ordea, ez da hala: «Hor bai, arazo asko daude, diskoak ez dira saltzen eta asko eta asko estu eta larri dabiltza». Sagardiaren iritziz, euskaraz egindako musikak prestigioa galdu du eta «erdal publikoa 80ko hamarkadatik hona asko aldendu da euskaraz abestutako musikatik, faktore asko direla medio». Horregatik, prestigio hori berreskuratzea eta batez ere aurreiritziak baztertzea garrantzitsua da, «estilo eta esparru guztietan talde on asko dagoelako».


Promozioa helburu

Aipatutako talde on horiek azaleratzen hamar urte bete dituela ospatzeko, aurten DJ saioren bat eta kontzerturen bat antolatzeko asmoa du Entzun!ek, baina etorkizunera begira erronka berriak dituzte jada. Proiektua nahiko sendotua dagoela ikusita, irakurle gehiago lortzea dute orain helburu nagusia. «Aldizkariak eskatu ahala, behar berriak sortuz eta edukiak edo diseinua aldatuz joanen gara, orain arte bezala, baina promozioa da gure erronka berria». Izan ere, Sagardiak aitortu du oraindik badagoela aldizkaria existitzen dela ere ez dakienik. «Gu oso txikiak gara eta web gunea izan arren edo Durangon urtero egon arren, gazte askok ez du gure berri edo oso gutxi ezagutzen gaitu; hori da gure sentsazioa».

Egitasmoen artean, aipatzekoa da baita ere Entzun!ek atera berri duen euskal bideoklipen bigarren DVDa. Lehena 2004an egin zuten, 18 euskal talderen bideoklipak bilduz eta izan zuen harrera ona ikusita, bigarrena kaleratu dute orain. Bertan, 19 bideoklip sartu dituzte. Maiztasunari dagokionez, erronka baino, nahia izango litzateke bihilabetekaria hilabetekari bihurtzea. Erredakzioari gustatuko litzaioke, askotan ez baitute gaiak jorratzeko nahi adina lekurik, baina horretarako beharrezkoak liratekeen baldintzak kontuan hartuz, ezinezkoa dela argi du Sagardiak, «zientzia-fikzioa» dela.

Web orriaren egunetik egunerako hobekuntza, ordea, egingarriagoa da. www.entzun.com helbide elektronikoa egunero berritzen dute eta oso pozik daude egunero duten sarrera kopuruarekin. Gune dinamikoa egin nahi izan dute, aldizkariko edukiez eta bestelako informazio anitzez hornitua. Etorkizunean entzun ahal izateko moduan ipini nahi dute, baina ez da erraza, musikarien eta ekoizleen eskubideak kudeatzen dituen SGAE Espainiako elkartearekin negoziatu behar baita. Beraz, oraingoz lehentasuna beste eremu batzuei ematen diete. Esaterako, interesgarria da maketak.com izeneko atalean web guneak eskaintzen duen zerbitzua. Talde hasiberriek hiru abesti eta beraien biografia sar dezakete, edonork deskargatu ahal izateko. «Talde berriak ezagutarazteko tresna aproposa da -dio Sagardiak- eta gainera guk ez dugu eskua sartzen, taldeak zuzenean formularioa betetzen du eta bere biografia eta maketak automatikoki sareratzen dira».

Hain zuzen ere, mota horretako egitasmo independenteen bultzada izaten jarraitu nahi du Entzun!ek. Jaio zeneko filosofia berari jarraiki, kamikaze batzuei esker sortu zen aldizkariak argi utzi du beste hamar urte betetzeko sasoian dagoela.

Dosierrak, zaleen gustuko

Hamar urtek gai eta pertsonaia asko eta oso desberdinei buruz idazteko aukera ematen du, dudarik gabe. Entzun!ek orain arte 46 ale kaleratu ditu -abenduan azkena- eta horiek gainbegiratuz argitalpena azken hamar urteotako euskal musikaren bilakaeraren adierazgarri izan dela esan daiteke. «Guk kalean dagoena hartzen dugu eta beraz, uneoro egin denaren isla nahiko zehatza garela uste dut», dio Xabier Sagardiak. Azalean gehien atera dena, esaterako, Fermin Muguruza izan da, bere proiektu desberdinekin izan duen oihartzunaren seinale.

Urte hauetako elkarrizketarik esanguratsuena zein izan den esatea zaila egiten zaio Sagardiari, baina bat aipatzekotan, 1996an Fugazi taldeko Ian Mackayri eginikoa datorkio burura. «Pop eta hardcorearen munduan eta musika independentearen eremuan hain garrantzitsua izan den pertsona elkarrizketatzea nabarmentzekoa da». Erreportajeen artean, berriz, azken garaiko berrikuntza azpimarratu du: dosierrak. Erreportaje sakonak dira, informazio askorekin eta musikan edo gai zehatzetan oso jantzia dagoen jendeak idatzitakoak. «Kaleratu ditugun gai batzuez inoiz ez zen lehenago euskaraz idatzi eta adituek horrelako gaiak euskaraz zeinen ondo jorratzen dituzten irakurtzea pozgarria da guretzat». Musika salmenta eta ekoizpena, Jamaikako musikaren historia edo soula izan dira dosierren gaietako batzuk. Publikoaren artean dosierrek izan duten harrera ona burututako lan finaren isla dela gaineratu du Sagardiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2025-04-22 | Iker Barandiaran
Ekimen txikiek, elkar hartuta, gauza handiak egin ditzakete

Obducción de la Amenaza / Zirt Zart (Split-ep)
2024

---------------------------------------------------

Musika panorama erraldoia da, helduezina. Horien artean badira foku guztiak bereganatzen dituzten talde handi gutxi batzuk; horren nahian diharduten beste asko,... [+]


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-09 | Xalba Ramirez
'Poliorkêtês'
Kerobia, hunkigarristak eta xamurtasunaren aitzakia

Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025

--------------------------------------------------------

Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen... [+]


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Pierre Boulez: matematikaren eta abangoardiaren artean

Joan den martxoaren 7an Maurice Ravel, garai guztietako euskal konpositorerik onena, jaio zela 150 urte bete ziren. Eta ARGIAn omenaldia egin zitzaion konpositore horri, Bolero ospetsuak imajinario kolektiboan izan duen eragina gogoratuz.

Kasualitatez, Deutsche Grammophonek... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


2025-03-27 | Iker Barandiaran
Faxismoari kontra beti eta bortizki

Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena

---------------------------------------------------------

Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]


Olaia Inziarte. Animalia artean kantari
“Nire izateko manera nire ardura da, baina ez nire kulpa”

Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]


2025-03-21 | Xalba Ramirez
Verde Prato, tropismoa eta Dolce Vita

Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024

--------------------------------------------------------------

Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


Abeslari sorta ederra

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.

[+]


Eguneraketa berriak daude