Zergatik aukeratu zenuen balada hitza zure saio honen izenbururako?
Badira euskaraz beste zenbait hitz: eresiak, erromantzeak, kantoreak... Pixka bat frantsestuak direnek konplentak esaten diete, konplenta dolorosak, Julen Lekuonak esan ohi zuen bezala asko urkaberako kantak direlako. Baina baladak ere badira. Eta liburuaren lehendabiziko kapituluan jartzen ditut hitzak beren artean eztabaidatzen: zergatik hau, eta huraxe zergatik ez; nork noiz nola erabili izan duen hitz bat eta zer arrazoiengatik. Nolanahi ere, nazioarteak eta orain erromantze horiei buruz gehien ikertzen saiatzen direnek balada hitza erabiltzen dute. Adolfo Arejitak ere horrela deitu zien orain dela hamar urte argitaratutako liburuan eta nik ere hitz horri heldu diot saiotxo honetan.
Zer dira baladak?
Istorioak bertsotan eta kantatuak. Baladetan, bat-batean istorioaren barnean sartzen zara. Ez duzu deskripzio handirik behar gizonak eta emakumezkoak elkarrekin eztabaidatzen ikusteko, eta askotan bukaera tristea izaten dute. Horietan kontalaria agertzen da, bai hasieran, bai bukaeran, istorioa urruntasunean utziz, hodei artean bezala, gehiegi argitu gabe. Nik argitasun pittin bat eskaini nahi izan dut, suziria jarri kanta horien nondik norakoak argitzen saiatuz.
Ezer baino lehen, kanta apokrifoak ikertu dituzu...
Bai. Adibidez, Leloren kanta, euskaldunak eta erromatarrak haien artean gerran ibiltzen zirenekoa; azken batean, kanta hori ez zelako erromatarren garaian kantatzen, XVI. mendean eruditu batzuek asmatu zuten. Kantako "Lekobide" teatrogileek pertsonaia inportante gisa aurkeztu zuten XX. mende hasieran, Bizkaiko jaun bezala. XVI. mendeko testua aztertuz gero, kontua da Lekobide ez zela pertsona bat, aditza baizik. Baladak zioen Augusto erromatar enperadorea zela mundu guztiko jauna, "lekobide" -alegia, salbu- Bizkaiko. Gero norbaitek esango zuen: Lekobide Bizkaikoa, eta jada asmatua dago, kito! Horrelako gauzak askotan gertatu izan dira gurean. Annibalen kanta Xahok eta Hiribarrenek asmatua da. Eta Altabiscarreko kanta, Errolan eta hori guztia. Hor badago pastoral bat ere askotan antzeztu izan dena, eta bukaeran Errolan hil egiten dena, euskaldunek edo mairuek -auskalo nortzuk izango ziren- jaurtikitako harriak gainean dituela. Hori ez zen noski VIII. mendean asmatu, gertaera jazotako unean. XIX. mendean kazetari saltsa-maltsari batek asmatu zuen, lehenik frantsesez, eta gero Louis Duhaldek euskaratu zuen, euskara nahiko kaskarrean gainera. Kazetari honek beste balada batzuk ere asmatu zituen, hala nola Urthubiako alhaba eta Gainkoak (sic) deizula egun on.
Hori guztia salatzen ahalegindu al zara zure lan honetan?
Bai eta baita ere esaten antzerkirako iturri izan direla. Egia da batzuek zorrotzegi kontsideratu izan dituztela kanta apokrifo hauek, adieraziz ea zer arraiotarako balio duten asmakizun horiek benetako historiarako. Gaur egungo ikerleek begirunez ikusten dituzte, nire ustez, zeren esaten dute herri txikietan asmakizun hauek -eta asmakizun asko izan ziren Ingalaterran ere- hizkuntza eta kultura berpizteko eta duintze bidean jartzeko oso baliagarriak izan direla. Eta nik uste dut euskal teatroaren historian dudarik gabe istorio hauek beste dimentsio bat hartu dutela, eta horregatik uste dut interesgarri direla, dudarik gabe.
Hala ere, baladen nondikakoei ere ematen diezu astinaldirik...
Eta horretarako egin behar izan dudana da beste literaturetako poemak, baladak eta bertsoak ikusi, eta euskarazkoekin konparatu, ea zer ikustekorik bazuten. Ea haien ama, aita edo lehengusua ziren, edo zer nolako harremana zuten. Iparraldeko baladak aztertu ditut batez ere, eta ohartu naiz badirela berdin-berdintsuak, gai bera erabiltzen dutenak katalanez, portugesez, gaztelaniaz, frantsesez, gaskoinez, italieraz, ingelesez eta alemanez ere. Horietan gutxienez.
Hizkuntza batetik bestera, alderik ez al dute?
Egia da antzekotasuna dutela, eta baita euskaratzerakoan ere, balada horiek moldatu zituen poetak bere xarma eta grazia erantsi zien eta. Hori garbi dago. Adibidez, Hirur kapitainak, Neska ontziratua, Orein bilakatu neska -pentsa zer polita izan litekeen teatrorako gai bezala!-, Egun bereko alargüntsa... garbi dago horiek guztiak eta askoz gehiagok badutela beren jatorria, eta askotan moldatzaileak jatorri hori ezkutatu egin duela, baina egia da baita ere euskaraz egin dituela, eta gainera momentu batean hark egindakoa herriak bereganatu egin duela, berea balitz bezala abestuz. Eta hori da kanta batentzat inportanteena: egilea zein den ahaztea eta herriko bilakatzea.
Zentsura ere jasan omen dute baladek...
Jakina! Eta baita txukuneria ere. Hor beti izan baitira apaiz batzuk biltzaile: Azkue, Barbier, Lafitte... Eta horiek beti, batzuetan garbizalekeriagatik, hitzak aldatu izan dituzte. Esate baterako, "bestitu" agertzen bazen, "jantzi" jarriko zizuten, hasierako baladen grazia propioa saihestuz. Esate baterako, Triste bizi naiz eta... kantuari, Santiago Onaindiak noizbait egin zuen bezala, triste hitza borratu eta "hits" jarriko bagenio bezala. Baina horiez gain, baziren kenketak ere, ze gordinkeria batzuk kentzen saiatzen ziren. Eta eransketak ere egiten zituzten. Hau da, agian kanta zaharrak ez zuen inolako moralismorik, eta Lafittek edo dena delakoak hartu, eta apaizen azken hitza eransten zion.
Nolakoa izan da kanta zahar hauen zabalkundea?
Bertso paperen bidezkoa. Gogoan dut gazte garaian Hernanira joaten ginenean dantzara, han ikusten genituela, tren geltokitik gora, bertsolariak bertso paperak saltzen. Hori oso arrunta izan da Euskal Herrian. Frantsesez feuilles volantes deitu izan dira, gaztelaniaz pliegos sueltos, portugesez folhetos de feira... Zergatik? Feriaz feria saltzen zituztelako! Zabalkunde honekin aldaketa asko ere izan dituzte baladek. Adibidez, XIX. mendeko eskuizkribu batek "kopla bitchiak" zioen eta oraingo kantariek "kobla bikiak" abesten dute. Yo nací dentro de Ronda famatua ere denborarekin Yo nací entre las ondas bilakatu zen. Horrelako adibide asko eskaintzen ditut liburuan.