Maskarada: Izar txikien distira


2021eko uztailaren 19an

Hollywoodeko film baten errodaje taldea Irlandako herri txiki batera ailegatu da, bertakoen bizimodua hankaz gora jarriz. Herriko biztanle asko extra lanak egiteko hartu dituzte pelikula egileek, jende asko agertzen den eszenetan betegarri izan daitezen. Aukera paregabea -eta ordaindua, gainera- ametsetako mundu hori hurbiletik ikusteko, pantaila handiko izarrak ia ukitu ahal izateko... Ametsa amesgaizto bihurtuko da ordea; zine mundua ez izan kanpotik eman lezakeen bezain ederra! Eta, egia aitortu dezagun, gauza bera esan liteke herri txikietako bizimoduaz.

Horixe da Marie Jonesen Stones in his Pockets antzezlanaren argumentua. Umorea, ironia eta tragedia elkartuz, Belfasteko egileak AEBetako zine industriaren parodia osatu du, normalean distirarik izaten ez duten pertsonaiei lehentasuna emanez. Extrak dira benetako protagonistak, eta horregatik Maskarada taldeak hitz hori (Extrak euskaraz, Extras gaztelaniaz) erabiltzea erabaki du, Euskal Herrirako egindako egokitzapenaren izenburu.

Konpainiako zuzendari Carlos Paneraren ustez, jatorrizko izenburuaren itzulpen zuzenak (Harriak haren patriketan, izango litzateke) ez zuen nahikoa adierazten antzezlanaren izaera. «Lan hau zine munduan kokatuta dago, eta guretzat hori zen garratzitsuena. Bigarren mailako aktoreei eman nahi genien lehentasuna, antzezlanean bezala izenburuan ere». Abenduaren 1ean euskaraz eta 2an gaztelaniaz egin zuten estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian, eta oraingoz horiexek izan dira antzezpen bakarrak. «Otsailean ekingo diogu Extrak Euskal Herrian zehar erakusteari, hil horren 3an Elgoibarren egingo den emanaldiaz», argitu digute.


Aktore ezezagun bila

«Antzezlan erakargarria iruditu zitzaigun», azaldu du Panerak, «arrazoi birengatik: batetik gaia, Hollywoodeko industria erraldoiaren eta herri txiki bateko bizimoduaren arteko talka; bestetik, istorioa zelan kontatzen den, pertsonaia askorekin baina aktore gutxirekin». Zehatz esateko, hamabost pertsonaia agertzen dira Extraken, baina antzezle bi besterik ez. Euskaraz Nabar Zarraga eta Jose Mari Carrere aritzen dira, gaztelaniaz Gorka Minguez eta Jose Mari Pertusa.

«Ez nuen nahi aktoreak oso ezagunak izaterik», azaldu digu Carlos Panerak. Extraken itzalean egon ohi direnek dute protagonismoa, eta Maskaradako zuzendariak ildo beretik jo zuen antzezle aukeraketa egiterakoan. «Carrereren kasuan ez da guztiz egia, baina haren ospea ipuin kontatzetik dator batez ere». Oreretarrak horixe izan du zeregin nagusia azken hamabi urteetan, baina antzerki dezente egindakoa da. Nabar Zarraga, berriz, LaRessistens izeneko taldean dabil, Bilbon. Panerak dioskunez, are ezezagunagoak dira erdarazko bertsioan dihardutenak.

Entzute handikoak ez izan arren, Panerak antzezle onak nahi zituen Extrak taularatzeko, erronkak ez baitu gutxiago eskatzen. Lanak ia ordu bi irauten du, eta ez du etenik. Aktore biak ia une oro daude oholtzan, eta bakoitzak zazpi edo zortzi pertsonaia desberdin jokatu behar ditu. Batengandik bestearenganako jauziak berehalakoak dira -hala behar du, erritmoa gehiegi motelduko ez bada-, eta ikusleek argi izan behar dute nor den nor momentu bakoitzean. Gehienetan, jantziren baten posizioa mugituz edo gorputz-jarreran aldaketa txikiak eginez lortzen da hori: baita ahotsa aldatuz ere, noski. Gainera, tarteka pertsonaia bik baino gehiagok parte hartzen zuten eszena batean. Halakoetan, aktoreak alegiazko norbaiti mintzatu behar zitzaizkion, ikusleei hura ikusaraziz inor ez zegoen tokian.


Kasualitateari eskerrak

«Gehitu egiozu horri testu mordoa ikasi beharra, eta buruz gainera; ezin da koma bakarra lekuz aldatu», gogoratu du Jose Mari Carrerek. Berak eta Zarragak Maskaradaren proposamena onartu aurretik, zenbait aktorek uko egin zioten Extrak antzezteari, lan zailegia zelakoan Carlos Paneraren ustez.

«Bitxiena da Marie Jonesek modu arruntean antzezteko idatzi zuela lan hau», dio taldeko zuzendariak, «hau da, aktore bat pertsonaia bakoitzeko». Antza denez, egilearen lagun bi, txantxetan-edo, obra osoa antzezten hasi ziren, eta Jonesek aukera polita ikusi omen zuen hor. Modu horretan sortu zen, kasualitate hutsez, Extrakek duen ezaugarririk behinenetako bat.

Galdera ezinbestekoa da: lanak xarma bera edukiko luke hamabost aktorerekin, ala antzezteko modua da, hain zuzen, arrakastaren gakoa? Jose Mari Carrereren iritziz, «indar bera eduki behar luke, plazaratzen den mezuagatik: nork bere istorioaren berri eman behar du, nahiz eta istoriorik sinpleena izan. Hori bi edo hamabost aktorerekin egiteak berdin dio. Egia da birekin bakarrik egitea deigarria dela berez, baina hori lehenengo ordu erdiko kontua da. Denbora hori igarota, ikuslea jabetu egin da lanaren mekanikaz, eta zerbait gehiago behar du: istorioa bera, hain zuzen». Eta hala da: Extraken hasierako zatian pertsonaia gehienak aurkezten zaizkigu, baina ez da gauza handirik gertatzen. Pentsa liteke, oharkabean baino ez bada ere, Jonesek propio idatzi zuela antzezle birentzat.


Umore isila

Extrak antzezlan umoretsutzat aurkezten da, baina euskarazko bertsioaren estreinaldian behinik behin, ez zen algara handirik entzun. Maskaradako zuzendariak nahiz aktoreek umore isileko lana dela azpimarratu dute, ironia finekoa, ezpainetan etengabeko irribarrea itsasten duenetakoa, algaratan lehertzekoa baino. «Nik, egia esan, entzun zirenak baina barre gutxiago espero nuen», dio Nabar Zarragak. Tragikomedia da, izan ere, Extrak. «Eta, Nerudaren postarian bezala, osagai tragikoek gero eta leku handiagoa hartzen dute kontakizunak aurrera egin ahala», uste du Panerak. Marie Jonesen lanak amets hautsiei buruz dihardu, baina baita sortzen diren amets berriez ere. Ezin gehiagorik argitu antzezlanaren amaiera zein den esan gabe.

Antzezlan arrakasta

Extraken jatorrizko izenburua Stones in his pockets (Harriak haren patriketan) da. Egilea, Marie Jones, Belfasten jaio zen 1951n, eta hantxe bizi da gaur egun ere. Charabanc Theatre Company-ren sortzaileetako bat izan zen, eta antzezle modura hamaika lanetan parte hartu du. Beraren agerpenik ezagunena, zalantzarik gabe, Jim Sheridanen In the name of the father (Aitaren izenean) pelikula entzutetsuan izan zen; Jonesek Sarah Conlonena egin zuen orduko hartan.

Jonesek hogei antzezlan inguru idatzi ditu. Horietako batek, A night in november-ek, TMA Award eta Glasgow Mayfest sariak eskuratu zituen. Baina arrakastarik handiena, ezbairik gabe, Stones in his pocketsekin lortu du egile irlandarrak. 2001ean egin zuten estreinaldia Londresen, eta horrekin batera Olivier sari bi irabazi zituen (komediarik onena eta antzezpenik onena). Dagoeneko mundu osoko dozena batetik gora herrialdetan antzeztu da, txalo artean beti ere. Broadwayn, esaterako, hiru Tony saritarako hautagai izendatu dute, eta Frantzian bost Molière saritarako.

Euskal Herrian Maskarada taldeak ekarri digu oholtza gainera Stones in his pockets. Maskarada, Euskal Herriko antzerki-konpainiarik garrantzitsuenetako bat, 1980an sortu zen Bilbon. Ibilbide oparoa eduki du, sona handiko lan asko taularatuz: The importance of being Ernest, El cartero de Neruda, Gastibeltzako karabinak... Orain Extrak dute erronka, eta ez da erronka makala, Arriagako estreinaldian argi geratu zenez.

Estreinaldian ez zen dena perfektua izan

Extraken euskarazko estreinaldia -oso ikusle gutxiren aurrean egindakoa, bide batez esateko- polita suertatu zen orobat, baina huts batzuk ere izan ziren. Horietako batzuek antzezlanaren izaerarekin lotura estua dute: pare bat alditan, Jose Mari Carrerek okerreko izena erabili zuen alegiazko pertsonaia ikusezin bati deitzeko, une hartan bera antzezten ari zen pertsonaiarena erabiliz hain zuzen. Hala ere, bai Carrerek bai Zarragak ederto erabili zuten gorputz-hizkera pertsonaiak bereizte aldera. Benetan beste pertsona bat bihurtzen zirela ematen zuen batzutan, apenas pare bat segundotan.

Arazorik handienek soinuarekin zerikusia eduki zuten. Zenbait esaldi -gehiegitxo, beharbada- ez ziren ongi aditu, Nabar Zarragak esandakoak batez ere. «Askotan, aktoreok ahaztu egiten gara ahotsaz», azaldu digu Jose Mari Carrerek. Are gehiago keinuek hainbesteko garrantzia dutenean.

«Antzezlan honek asko jardutea eskatzen du», iritzi dio Carlos Panerak, «aktoreek gauza askori eman behar dietelako arreta». Euren burua zuritzeko inongo asmorik gabe, zuzendariak eta aktoreek estreinaldia prestatzeko izandako zailtasunez berba egin digute: «Euskarazko bertsioan batez ere, ez dugu nahi beste denbora eduki, aktore batzuek ezezkoa eman zutelako eta beranduegi lortu genuelako antzezteko prest zegoenik. Produkzio aldetik ere atzerapenak izan dira, antzezpen-eskubideak direla-eta arazoak izan ditugulako besteak beste».


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude