Margarita Zarandona: «Inbidia baino ez da gerra»


2021eko uztailaren 27an


(Margarita Zarandonak badaki zertan etorri naizen. Haren historia gura nuke. Berbetan hasi gara eta ez dakit galdera askorik ere egin diodan. Haurrak berak eraman nau, sufrikarioan).

Ni, Zornotzan bertan jaio nintzen, Sabino Arana kalean. Orduko denboretan ere halaxe zuen izena. Bonbardaketak ere harrapatu gintuen gu, Gernikakoak. Zornotzan bizi ginen eta neska bat geneukan etxeko beharrak egiten. Gorozikakoa zen; esan gura dut, hango baserri batekoa. Zelan bonbardaketak hasi ziren, gure amak esan zuen: "Neskarekin joango zarete haren aita eta amaren baserrira!". Eta hantxe harrapatu gintuen. Bost urtean lau ume izan ginen gurean, denak segida-segidan. Eta neska hura eta gu lau neba-arrebak joan ginen baserrira. Tximini ondoan jarri errezatzen eta burua atera ere ez gero! Atera ez ze, ra-ta-ta-ta-ta!... metrailetak entzuten genituen; metrailetak, itzelean! Hurrena, goizeko hirurak edo laurak ziren ez dakit, aita-amak etorri ziren ea bizi ginen ikustera. Zornotzatik etorri ziren, oinez! Gorozikara. Handik, Bilbora joan ginen. Bonbardaketa itzela hasita zegoen eta horixe esan zuten gurasoek: "Goazen Bilbora. Han ere, zer edo zer izango da!".

Nola heldu zitzaizkizuen gerraren lehen albisteak?
Egun batean sirenak hasi ziren, aurrera eta atzera. Gure aitak denda zeukan eta dendaren atzeko partean ortutxo bat eduki zuen. Handik pasa eta Donostiako bidera, babeslekua egon zen. Batean, aitaita Maximinorekin hara gindoazela, sirena. "Ea, umeak, goazen, goazen!", esan zigun aitaitak. Eta derrepentean, taka-taka-taka-taka! metrailadorea. "Etzan, etzan lurrean!", aitaitak guri. Etzan ginen, eta eskerrak hari salbatu ginen. Egun hartan gure etxean mahaia ipinita zegoen, bazkaria bertan, eta argia baba lapikoaren gainean jausi zen. Gogoratzen naiz zelan hasi ziren metrailadore eta bonbak. Bonba txikitxoak, baina bonbak. Gure etxea, horixe daukat buruan. Handik aurrera aitak eta amak esan zuten: "Umeekin ezin da horrela ibili!". Orduantxe pentsatu zuten gu Gorozikako baserrira botatzea. Bonbardaketa egunei días capronicos esaten zitzaien. Egun ederra bazen, "badator egun kapronikoa" esaten zen.

"Egun kapronikoa"?
Bai, kantu bat zen: "Queipo de Llano, prepara tu caproni..."; Queipo de Llano... buruzagiren bat izango zen edo (Espainiar militarra, 1875-1951). Caproni, abioiak (Gianni Caproni, italiar hegalaria, 1886-1957).

Eta bonbardaketa haietatik ihesi, gurasoek Bilbora eroan zintuzteten...
Gernikako bonbardaketa hasi zenean, aita eta ama Gorozikako baserri hartara etorri eta denak hartu eta Bilbora! Osaba batekin egon ginen han, etxea zeukan eta. Gu laurok, neba-arrebak, eta ama. Aitak ez zuen utzi Zornotzako etxea azkeneko arte. Aitaita eta amama ere, beste osaba baten etxera joan ziren, osaba Jenaroren etxera, Ledesma kalean bizi zena emaztearekin. Baina gu Bilbora joan ginenerako pentsatuta zeukaten guk umeok handik irten egin behar genuela. Ingalaterrara joatea eduki zuten pentsatuta. Badakit, ze txartelak ere eduki genituen, osasun-azterketa ere eginda. Azkenean, ez ginen Ingalaterrara joan baina. Gure barkua zen Habana. Bordelera zihoan. Gure amak, beste izeko bik, eta koinatak pentsatu zuten gu umeok denak batera joatea, lehengusu eta lehengusina denak esan gura dut. Umeak joan eta helduak bertan geratu. Baina gure amak esan zuen: "Ni umeak horrela utzita ez noa!", eta amarekin joan ginen, gu lau ume, Bordelera. Lehenengo asmoa zen, amarena, gu kanpora bidean utzi eta, gero, bera gurekin etortzea. Baina azkeneko orduan gure amak ez zuen gura izan gu bakarrik geratzea. Eta gure amaren koinatek ere gauza bera egin zuten. "Gure umeak ere gurekin!", esan zuten nire izeko biek. Eta denak Bordelera.

Noiz izan zen badakizu? Urte sasoia edo?
Francoren tropak ez ziren Bilbora oraindino sartu. Gernikako bonbardaketa pasatu eta gero joan ginen. Hile bi edo izango ziren, edo bat. Santurtzitik irten genuen. Handik Bordelera, Habana barkuan. Gure destinoa ez zen izan Bordele. Hemen, barkutik irten genuen, bakoitza bere maleta eta umeekin. Iluntzea zen eta amak ikusi zuen portaletxo bat zabalik eta, gauez! han sartu ginen. Amak esan zigun: "Ipiniko dizkizuet maletak hortxe lurrean eta bertan paratuko zarete lo egiten. Ea topatzen dudan lekutxoren bat bitartean". Gurekin etorri zen izeko haietako batek frantses jakin zuen eta gure amak: "Izekok topatuko du zer edo zer eta zuek egon hemen trankil!". Trankil? Ez zen pasatu hamar minutu edo laurden bat eta baten bat, etxe hartakoa: "Fuera, fuera! Altxa denok hemendik, kanpora!". Eta gure maletatxoak eta trasteak hartu eta kalera. Eta gu: "Gure ama eta non ote dagoz?". Gu, lau neba-arrebok bakarrik Bordelen, kalean. Hantxe geratu ginen, zain, non agertzen diren ama eta izeko eta. Beste umeak beste portale batean egon ziren. Horrelaxe egon ginen, denak banatuta. Ez zait bizian ahaztuko: nik bederatzi urte, eta beste guztiak, ni baino gazteago. Eta han, amari itxaroten, Bordelen, kalean. Azkenean, agertu ziren ama eta izeko. Topatu zuten hotela, Uztaritzen. Telefonoz hitz eginda edo. Izekok zelan frantses egiten zuen ederto! konpondu ginen. "Goazen Uztaritzera!". Eta hemen egon ginen, hotel batean, ez dakit zenbat denbora. Gero, topatu zuten etxetxo bat, lehengusu-lehengusinak, izekoak eta denak egoteko. Lau familia behintzat egon ginen han, etxe hartan: Ariño, Derteano, Bazterra, Zarandona... denak lehengusu-lehengusinak. Etxea ez zen egon Uztaritzen bertan, altutxo batean baino. Handik -andreak badakizu zer garen ezta?- Uztaritze bertara joan ginen, umeak ere joan zitezen eskolara eta bata eta bestea. Amak eta izekoek txalet handi bat topatu zuten, ederra, eta hara. Umeak hemen, andreak han... hantxe zertu ginen, ederto. Uztaritzen ez ginen denbora askorik egon, ze nik ez eskolara hasi, ez besterik egin nuen. Hile bi, gehien jota. Gero, jakin genuen espedizio bat zegoela Belgikara.

Horrelaxe, beraz, Belgikara. Ume asko zen barkuan?
Zenbat ume joan ginen ez dakit. Barkuaren izena ez zait ahaztu, Habana. Bidaian, berriz, ama dena mareatuta egon zen. Koitaduak ez zuen jakin umerik badaukan ala ez!

Aitaren berririk izan zenuten denbora arte horretan?
Aitaren berririk batere ez genuen izan, ezertarako ere. Uztaritzen egon ginenean bai, hasi ziren berri batzuk. Gainera, Uztaritzen egon ginenean osaba abadea etorri zen. Osaba Felipe, amamaren neba, 60 eta urte asko zeuzkan. Hura ere Uztaritzera etorri zen, zeren hemen ez zioten uzten bakean. "Ni ere banoa!" esan eta Uztaritzera etorri zen. Handik jakin genuen, apurka-apurka, zelan Santanderrera zihoazen eta han hartu zituztela preso gure aita, osaba eta denak. Aitak esaten zuen, kartzelan zeudenean, atea zabaldu eta "Halako!", dei egiten zutela, eta irteten zuenak bueltarik ez zeukala. Akabo. Gure aitak kontatzen zuen, momentu horietan hainbeste buelta ematen diola norberak bere buruari eta akordatu zitzaiola bera bezala saltzaile ibilitako bat, kafea saltzen zuen bat. "Hark nire gomuta izan behar du! Hark hemen izan behar du ezagunen bat edo zer edo zer hemen!". Eta kartzelako atea zabaldu zuten batean, esan ziola zaindariari: "Halakorekin berba egin gura dut!". Atea itxi, eta ezer ez. Zain egon baino ez. Baina, hurrena, "Nork galdetu du halakoren gainean?", eta "Neuk", gure aitak. "Etorri gurekin!". Eta, gero: "Zertatik ezagutzen duzu gizon hori?". "Laguna daukat, lagun ona. Berarekin berba egin gura dut". Eta berba egin omen zuen. "Juanito, zer ari haiz hor?". Juan zen gure aita, baina Juanito esaten zioten. Eta gure aitak: "Zer ari naizen? Lotsabakoak halakoak! Zer ari zarete zuek? Hemen nago ni, preso, eta hemen daude nire koinatua eta osabak ere! Hamaika ikusi behar dugu! Atera gaitzazu hemendik!", esan ziola gure aitak harako beste kafe saltzaile hari. Hala, etorri omen zen eta atera zituztela kartzelatik gure aita eta. Bazetorrela barku bat eta hantxe sartu ziren, Frantziara edo nora edo nora joateko.

Eta zuek, bien bitartean, Uztaritzen...
Bai, hantxe berton. Baina aita etorri baino lehenago espedizioa preparatu zen Belgikara joateko, eta hara joan ginen. Baionara eroan gintuzten lehenengo. Gau bat egin genuen han. Ez zait sekula ahaztuko. Txiza egiteko, halako pote handi batzuk eman zizkiguten, melokotoi poteak edo halakoak, handiak. Haiek txizontziak! Ipurdia ebaki ez genuenean! Larregi zen hura! Hantxe pasatu genuen gaua. Goizean, trena hartu eta Belgikara.

Belgikara, nora?
Turnaut zuen izena herriak, flamenko alderdian dago. Anberesen ondoan. Hantxe. Orduan, umeak bakarrik joan ginen. Heldu ginen eta korro batean jarri gintuzten. Familiak etorri eta eta esaten zuten: "Ea, zein hartzen dudan nik". Horrelaxe: "Niri halako gustatzen zait. Niri beste halako. Niri neska txiki hura...". Nire lehengusinak nagusitxoak ziren, eta haiek han geratu ziren ni familia batekin joan nintzenean. Musu bat eman eta agur maitea! "Agur!" eta "agur!". Nire nebak German zeukan izena, ni baino urtebete gutxiago zeukana, eta nik esaten nuen: "Nik Germanekaz gura dot, nik Germanekaz gura dut!". Gure amaren esana izan zen: "Biak batera ibili, gero! Beti! Zaindu egizu umea, e!" Eta nik ezin ikusi umea! "Herrian izango da, herrian izango da", esaten zidaten.
"Herrian izango da?", gezurra. Ni, Poppel herrira eroan ninduten, Herbehereekin mugan. Turnauten neba, eta ni Poppelen! Neba ikusi? Zelan ikusi? Eta nire negarrak! Negarrak denak egin nituen! Eta etorri zen zuzendaria, gutaz arduratzen zena eta "Nik nire neba ikusi gura dut, nik nire nebaz egon behar dut". Eta berak: "Ez al zaude ondo?", "Ez nago txarto, baina nire nebarekin egon gura dut! Nire neba ikusi gura dut, zeren amatxok esan dit nik nire nebarekin egon behar dudala!". Kafetxo bat zeukan ni hartu ninduen familiak. Neskatxo bat eduki zuten, gaixorik zegoena, eta hura zaintzeko gura zuten ni han egotea. Gutaz arduratzen zenak, familiari: "Ume honen arropa gertatu behar da, eroan egin behar dut eta". Etxeko andreak ezetz. Ezetz eta ezetz. Ez zuen gura ni joatea. Ez zuela nire arropa gertatuta. Besteak, handik zortzi egunera etorriko zela atzera: "Etorriko naiz eta eroango dut ume hau, bere nebaren ondoan egon dadin!". Eta eroan ninduen. Bigarren etxe honetan, andre bat zen, alarguna, bederatzi seme-alabarekin. Gizona, Lehen Mundu Gerra ostean hil zitzaion. Hiru semeak gaitasun txikikoak ziren, eta alabak ziren etxearen martxa eroaten zutenak. Okindegia eta gozodenda zeukaten eta josten ere egiten zuten: mahai-zapiak eta horrelakoak. Etxe hartan neba-arreba denak ni baino nagusiagoak ziren. Haietan gazteenak hogei urte zituen, ni baino hamar urte zaharrago. Han, denak pozik, eta baita neu ere. Margarita naiz, baina Grete izan nintzen han. Grete gora eta Grete behera ibiltzen nintzen. Margarita, han Margrete. Eta Margretetik, Grete.

Ondo hartu zintuzten...
Bai, baina lehenengoan, "gorrien umeak" ginen gu! "Gorrien umeak heldu dira!" Eta denak beldurrez. Zelakoak ote ginen! Zera! demonioa sardearekin! Nire maletatxoa sonbreiruak gordetzekoa zen. Zabaldu zidaten, eta meza-liburua eta arrosarioa. Lehenengo jaunartzea ere orduantxe eginda nengoen ni eta. Hura ikusi eta "Nongo gorriak dira hauek bada!", haiek. Errezatzen ikusten ninduten, eta aitaren egiten... "Badakizu errezatzen?", eta "Bai, neure hitzetan bai", erantzuten nien. Zornotzan doktrina eta dena euskaraz ematen genuen. Larrean egin genuen lehenengo jaunartzea, eta karmeldarrekin dena zen euskaraz. "Zelango gorriak dira hauek bada! Nongo gorriak dira hauek!". Gero, aita Frantziara heldu zenean, familiaren berriak jasotzen hasi nintzen, eta pozarren! Pozarren, orain arte! Pasa den urtean hiru bider egon naiz ni Belgikan. Bederatzi neba-arreba ziren eta bat baino ez da geratzen bizirik. Neska bat, ni baino hamar urte zaharrago zen hura. 86 urte egin behar ditu. Hiru urte egon nintzen han, gurasoak ezertarako ere ikusi barik. Nire neba eta biok Turnauten egon ginen eta beti eduki genuen lotura handia. Ni joaten nintzen eurengana, edo bera etortzen zen gugana. Nire nebaren familia "maila handiagokoa" zen, eta nirea, ostera, normalagoa; merkatariak, gure moduko saltzaileak -aitak ere denda eduki zuen eta Zornotzan-, eta hori niri primeran etorri zitzaidan. Dendan ere lagundu egiten nien, lanean eta saltzen. Tartak eroaten eta. Urteak pasa eta, askotan esaten zidaten han: "Akordatzen zara, korridorean, zelan jausi zinen, zelan bota zenuen tarta paretaren kontra?". Hura disgustua!

Zornotzara itzulera?
German eta biok Belgikan geunden bitartean, ama Uztaritzen geratu zen beste bi umeekin. Gero, aita ere hara etorri zenean, bakoitza bere lekura! Gainera, Bigarren Mundu Gerra sartu zen eta Belgikan ere sirenak eta bonbardaketak hasi ziren eta aitak eta amak erreklamatu egin gintuzten. Orduan, Bordelera etorri ginen denok. Eta Landetara joan ginen, Machique parajera. Ez ginen herrian ere egon, handik hiru kilometrora baino. Ondo gogoratzen naiz, zeren mezatara joaten ginen eta hiru kilometro ziren. Domekan, aitak eta amak euren bizikletak hartu, amak ume bat atzean eta beste bat aurrean, eta aitak berdin, eta denok mezatara, bizikletan. Zuk badakizu hori zer den? Familia batuta. Pentsatu ere ez genuen egiten etxean ez geundela! Landetan denbora gutxi egin genuen. Aitak eta amak lizentziarik ez zeukaten Zornotzara etortzeko, eta hantxe. Aitaita eta amama hemen geratu ziren, jakina. Lizentzia hartu zutenean Eubara etorri ginen, San Migel partera, pasiotarren kolegioa baino goratxoago, elizaren atzean. Han baserritxo bat eduki zuten aitaita-amamak. Zornotzan ez zeukaten zer eginik. "íAquí no hay nada vuestro!", esaten zieten Zornotzan. Halako batean, urteak pasa eta baserritik herrira jaitsi ginen, gure aitaren lagun batek, Lauri Urkijok, lagunduta. Laurik Bilbon egiten zuen behar, barkuen administrazioan edo horrelako zer edo zertan. Aldaba asko zituen, eta handik edo hemendik, lagundu zigun. Eta gero, Larrean, txalet bat zegoen, beste Urkijotar batzuena, eta gure aitari goiko planta utzi zioten, bertan bizitzeko, gure etxea izango zena, gerra aurrean amaitu barik zegoena, egiteko lizentzia eman arte. Lau urte edo biziko ginen Larrean gu, Urkijotarren etxe hartan. Gero, gure etxea atzera egin zuen aitak, Txorienekoa, lau planta eta zortzi bizitza, eskuma-ezker. Eta denda jarri zuen gure aitak behean. Tindategia. Tindategia Zornotzan, tindategiaren sukurtsalak gero Otxandion eta Gasteizen, eta horrela egin genuen berriz ere aurrera.

Gerrako umeak
Galtzen ari den belaunaldia da. Kalkuluen arabera, 30.000 haur bidali genituen erbestera. 4.000 Ingalaterrara. 3.000 Belgikara. 10.000 Frantziara. Beste batzuk, Erresuma Batura, Sobiet Batasunera, Danimarkara... joan ziren. Garaiko Eusko Jaurlaritzaren artxibategi ofizialetan 15.000ren datuak ageri dira. Gerrako ume dira, betiko. Margarita Zarandonak ez daki, ezin eduki bere erbesteratzearen kontzientzia zehatza: Habana ontziak ekainaren 13ko egunsentian irten zuen Santurtzitik, Bilbo frankisten mende jausi baino bost egun lehenago. 4.500 ume zihoazen bertan, euskaldunak gehienak. Bordeleraino. Bertan lehorreratu ziren asko, Margaritaren familia, besteak beste. Beste ume askok bestelako helburuak izan zituzten: 1.495 haur Sontay ontzira sartu zituzten, Leningradorantz. 1937tik goiti, gerrako umeen garrasiak gizarte gorraren isiltasuna urratzen du egun eta gauero. Zein Picassok pintatuko digu ume hauen negarra?

Bertsoa

Doinua: Ludi bizia abesti gozoz

Gerra baten ondorioz
biktima behin betirako,
gerraren oroitzapenik
ez duzu noski faltako
Baina aurrera egin zenuten,
aurrera egin beharko,
eguneroko bizitza ere
gerra txiki bat delako.

Nortasun agiria
Margarita Zarandona Olariaga (Zornotza, 1927). Bilboko aireportu ondoko herri batean jaio zen aita. "Ez zait herriaren izena etortzen orain". Ama, Zornotza bertakoa, nahiz eta Tolosan zituen erroak. "Maximino Olariaga zuen izena bere aitak eta organo jotzaile etorri zen Zornotzara. Bertan ezkondu zen, Trinidad Derteanorekin". Juan Zarandona izan zuen aita Margaritak. Lanbidez, dendaria. Delicatessen denda izan zuen -xanpainak, pernila...-, eta merkatari ere jardun zuen. Margaritaren amak, Felicitas Olariagak, osabaren tela dendan egin zuen lan. Alferrik. Dena ostu zieten gerran, etxe eta beste. "Solte zegoen gauza guztia, ate eta dena, kanpora. Kendu egin zioten aitari". Gerrak bizitza puska ere kendu zion Margaritari. Bederatzi urte zituela Zornotzatik irten eta 17 bat urte bete bitartean handik lekora izan zen. Gerrako umea orduan, gerrako umea orain. Amama, ume.

Larreatik Zornotzako kalera
«Akordatzen naiz, San Migel parteko baserritik herrira jaitsi eta halako familiak leihora irten eta esan zigula: 'Hauek, lapurrak! Zelan utzi diezue herrira sartzen! Akabatu egin beharko lirateke!'. Gure aitaren lagun hark, Lauri Urkijok egin zien aurre. 'Zarratu behar badira, zarratu, baina dena kendu eta gainera horrelakoak entzun beharra ere!'. Gure aitak gutxien pentsatu zuenak firmatu zuen beraren kontrako denuntzia. Seguru egon aita harrapatu izan balute, akabatuko zutela. 'Arbola batetik eskegita egon behar zuten hauek!', esaten zuten, gure aitagatik. Inbidia baino ez da gerra. Goian bego jende hura. Goian ezer bada, eta justizia bada, ikusiko dugu».

Gasteiz, 1970
«Tolosar bat egin nuen neuk ere gizona: Jose Anjel Laskibar. Paper-fabrika jarri zuten tolosar batzuek Zornotzan, Astepen, Papelera del Carmen, eta hona etorri zen. Haren aita abokatua zen eta Tolosatik kanpora bidali zuten gerran edo gerra ostean. Jose Anjel eta biok Zornotzan ezkondu ginen 1957an eta, gero, berak paper-fabrikako lana utzi eta Gasteiza etorri ginen. Etxeko negozioari segitu genion Gasteizen, tindategiari. Tintoreria Ikusgarri jarri genion izena hemengo tindategiari, eta zer zen hura! Militarrak batetik eta poliziak bestetik! Domeketan, Gorbeiara joaten ginen, gutarrekin egotera, ez dizut hori baino esaten. Domeketan Gorbeiara, kantatzera eta gutarrekin egotera! Egia da, gero! ».


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude