Itxura batez, urbanismoa eta genero-ikuspegia ez dira erraz uztartzen. Beatriz Moral, Donostiako Farapi antropologia-aholkularitzako kidearen hitzetan, "jendeari aipatuz gero harrituta begiratzen zaituzte, baina azaldu ostean eguneroko kontuez ari garela ohartzen dira, oso ageriko kontuez". Beharbada hain ageriko izateak bihurtzen ditu ikustezin. Moralen ustez, zoriaren araberako halabeharra bailitzan onartzen dugu hiriaren izaera. "Gaua da, euria ari du, eta hiria horrelakoa da, onerako zein txarrerako. Oso gutxitan pentsatzen dugu pentsamolde baten ondorioa denik, baina hala da".
Pentsamolde horren muina Teresa del Valle antropologoak azaldu digu: "Hiria sexista da ekoizpen-ugalketa binomioaren arabera diseinatu den heinean. Ekoizpenak, alegia, ekonomiarekin zerikusia daukanak, etxetik kanpo egon behar du, eta ugalketak (hots, familia zaintzeak), berriz, etxe barruan baino ez. Hori gezurra da ordea". Gezur horren ondorioz, ugalketarekin zerikusia daukan oro ez dago hiriaren ariman txertatuta, ikertzaile donostiarraren ustez.
Esandakoaren adibide on bat garraioa da, garraio publiko eta pribatu arteko aldeak batez ere. Bolognako (Italia) feminista talde batek hausnarketa egiten zuen horretaz orain dela urte batzuk. Teresa del Vallek dioenez, denbora aldatzen duen legea ere definitu zuten, euren ikerketaren ondorioz. "Begibistakoa zen askoz garraio publiko gehiago zegoela lanera joateko edo lanetik bueltatzeko orduetan, ugalketari lotutako zereginak gauzatzen direnetan baino". Ugalketari lotutako zereginak, izan ere, ez dira etxe barrukoak soilik. Esan dugu goraxeago hori gezurra dela. Erosketak egitea, menpeko pertsonak zaintzea (umeak, zaharrak...), norbait medikuarengana eramatea, zenbait kudeaketa... etxetik kanpo egin beharrekoak dira.
Horrek emakumeei egiten die kalte batez ere, oraindik ere haien esku baitago ugalketa-lana gehienbat. Hala dioskue sen hutsak zein datu hotzek. 2000an argitaratutako EAEko Etxeko Produkzioaren Kontu Sateliteak dioenez, esaterako, 1998an erkidego horretako andreek etxeko lanen hiru laurden egiten zuten. Aparteko testuan ematen dugu horren berri zabalagoa.
Familia eta lana uztartu ezinik
Egia da gauzak aldatzen ari direla, baina horrek ez du hobekuntza ekarri maila guztietan. Emakume gehienei, etxetik kanpoko lan ordaindua izateak ez die etxeko beharren zama arindu, lan-egun amaiezinak ekarri baizik. "Orain asko hitz egiten da familia eta lana uztartzeaz -dio Beatriz Moralek-, baina hori emakumeen arazoa da batez ere. Nik beti esaten dut familia eta lana uztartzeko dauzkagun zailtasunak kalkulu oker baten ondorioa direla: emakumeei lan-merkatuko ateak zabaldu zitzaizkionean, ez zen ugalketa-lana kontuan hartu".
Arazoaren jatorria industrializazio garaian dago, Moralen esanetan. "Orduantxe ezarri zen gaur hain arrunta iruditzen zaigun lanaren sexu-banaketa. Emakumeak etxean familia zaintzen, eta gizonak kanpora dirua irabaztera, hau da, familiaren hornitzaile". Langilea, horrenbestez, etxeko lanen zamarik gabekotzat jotzen zen, edozein ordutan fabrikarako gertu. Gaur egun ez da hala, baina lan-ordutegiek duela mende biko moldeei eusten diete oraindik, etxeko lanak eta kanpokoak uztartu behar dituztenei kalte eraginez. "Okerrena da -iritzi dio Moralek- hau ez omen dela gizarte osoaren arazoa, norberarena baizik, eta emakume askok ere hala onartzen dute".
Ibilbide zuzenak vs. zatikako ibilbideak
Hamaika ikerketa egin dira honezkero gizon eta emakumeek hiri barruan egiten dituzten eguneroko ibilbideez. Ondorioa argia da, eta beti bera: gizonek, oro har, ibilbide zuzenak egiten dituzte, eta emakumeek askoz zatikatuagoak. Bestela esanda: gizona etxetik lanera eta lanetik etxera joaten da, edo baliteke lanetik bueltan gimnasio batean edo taberna batean geldialdia egitea. Andrazkoaren bideek, berriz, askoz bihurgune gehiago daukate, Teresa del Vallek emandako adibide honetan argi uzten duen bezala (Bartzelonan egindako ikerketa batetik hartua): "Emakumea ohetik altxatu eta ogia erostera doa alboko dendara; ondoren, bere umeak eta bizilagunarenak daramatza eskolara -aurretik bizilagunaren etxetik igaro da noski-; horren ostean, osasun-zentrora errezeta batzuk hartzera; gero etxera berriz bazkaria prestatzera; arratsaldez bere lanera, eta handik itzultzean umea jaso solfeotik". Beti estu, eta besteen ordutegien menpe sarritan.
Gaurko hiriak ez du errealitate hori aintzat hartzen. Tolosako Udaleko berdintasun-teknikari Jone Hernandezek dioskunez, "garraio publikoa ez dago halako ibilbideetarako pentsatuta, eta emakumeok gara garraio publikoa gehien erabiltzen dugunak, beste talde batzuekin batera: etorkinak, gazteak, zaharrak...". Hiria auto-gidarien mesederako diseinatuta dago Hernandezen (eta gurekin hitz egiten duten gainerakoen) esanetan, eta horiek, oraindik ere, gizonak dira gehienbat; ez edozelangoak gainera. Hernandezek dio, hain zuzen, hiria gizon mota batentzat eginda dagoela batik bat: "Heldua, ekonomia aldetik nolabaiteko boterea-edo duena, lan mota jakina duena, lanera autoz joaten dena...". Egia da, bestalde, gero eta andre gehiagok gidatzen duela autoa. Haatik, hori ere euren kalterako dateke, emakume askok taxi-gidariarena egin behar baitute familia osoarentzat, Beatriz Moralek gogorarazi duenez.
Hiria, leku beldurgarri hori
Zerbitzuez eta lan-banaketaz mintzatu gara gehienbat, baina hiriaren itxurak berak ere eragiten die emakumeei, gizonek askotan igarri ere egiten ez duten moduan. Donostiako Plazandreok hautes-plataforma feministak orain dela hamar urte ekin zion hiri debekatuaren mapa osatzeari. "Emakumeok desberdin bizi dugu hiria, eta hori nolabait islatu nahi genuen", dio elkarteko kide Eva Martinezek.
Emakumeei galdezka, Plazandreokek Donostiako leku arriskutsuen eta oztopo arkitektonikoen zerrenda osatu zuen; "oztopo arkitektonikoak geuk jasaten ditugu-eta gehien, erosketetarako gurditxoak daramatzagunean, edo umeen aulkitxoak". Emakumeei beldur ematen dieten lekuei dagokienez, harrituta geratu ziren hiriko zenbait txoko erantzun guzti-guztietan agertzen zirela ikustean.
Emaitzak mapa batean jaso eta ezagutarazi egin zituzten, baina harrera onik ez zutela eduki salatzen du Eva Martinezek: "Komunikabide askotan barre egin ziguten, guk genioena ez zetorren bat saldu beharreko postaletako Donostia horrekin. Kontua da emakumeok ez dugula Donostiako leku batzutatik ibili nahi, eta horietako batzuk erdigunean daude eta oso ederrak dira".
Basaurin, udal babesaz
2002an, Basauriko Udalak antzeko zerbait egin zuen, baina orduko hartan hedabideen arreta oso bestelakoa izan zen, erakunde publiko batek kaleratutako lana zelako beharbada. Funtsean, Donostia eta Basaurin gauza bera egin zuten, eta ez kasualitatez: Basauriko hiri debekatuaren mapa bertako berdintasun-teknikari Anabel Sanzen ekimenez gauzatu zen, eta hura Plazandreokeko kidea izan zen lehenago.
"Emakumeek zioskuen jenderik gabeko lekuek ematen zietela beldur, ilun, zikin edota konpondu gabe daudenek, ezkutatzeko aukera eskaintzen dutenek...", azaldu digu Sanzek. Mapa argitaratzeaz batera, Udalak konpromisoa hartu zuen bertan agertzen ziren guneetan -bederatzi baino ez zituzten aipatu, galdetutako emakumeek zerrenda oparoagoa eman arren- hartu beharreko neurriak hartzeko. Orobat, ez ziren beste munduko ezer: argia ipini, ispilu bat paratu, pixka bat txukundu... Denak gauzatu ziren.
Segurtasun subjektiboa
Beatriz Moralen iritziz, "segurtasun-kontuak konpontzea oso erraza da askotan, porlana, beira edo zura jartzea baino ez". Farapikoak azpimarratu egin nahi du segurtasun subjektiboak daukan garrantzia -"alegia, emakumeok nola ikusten dugu hiria"-, eta diseinatzeko garaian beste irizpide batzuk eskatzen ditu. Adibide moduan, elbarriei irisgarritasuna errazteko sortutako legedia gogorarazten du Moralek. "Emakumeen segurtasunari dagokionez gauza bera egin daiteke, baina gai horri ez zaio behar duen garrantzia ematen".
Ikerketak egin dira arlo honetan, eta proposamen zehatzak daude emakumeak lasai ibiltzeko moduko hiria "berrasmatze" aldera. Nolakoak izan behar duten argiek, kaleek, atariek, garajeek... "Batez ere ikustea erraztu behar da -dio Moralek-, bai nik ikustea bai ni ikus nazaten. Eta gainera, garrantzi handikoa da auzo-antolaketa. Ildo horretan, zenbat eta jende gehiago, orduan eta seguruago. Merkataritzarik, parkerik, bizitzarik gabeko guneetan beldurra da nagusi".
Politika publikoetan zer?
Hiri antolamenduaren genero-ikuspegiak gero eta garrantzi handiagoa du, Beatriz Moralen ustez, baina nahiko kontu berria da nolanahi. "Bi hamarkada baino gutxiago izango da gai honen inguruan lan egiten hasi zela, eta 90ekoan hasi zen indar hartzen". Urratsak, hala ere, apurka-apurka datoz. "Politikariak hasiak dira honetaz pentsatzen -dio Teresa del Vallek-, baina ideiak gauzatu egin behar dira, ezin dira ideia huts modura geratu. Ikusi beharko nola egiten den hori; hiria berrasmatzea sekula amaitzen ez den lana da, hiritarron beharrak aldatuz doazelako. Garrantzitsuena hori da: hiriak pertsonentzat egina behar du, hiritarrok baikara muina".
Del Vallek zenbait udaletan egiten ari diren ekimenak goraipatu ditu, "proposamen txikiak beti ere". Goragoko mailan, ezer gutxi dago oraindik teoriaz landa. Emakunde, berbarako, orain urte batzuk hasi zen hiriaren genero-ikuspegiaz hitz egiten, baina gaia jorratu gabe dagoela aitortzen du Ander Bergara erakundeko aholkulariak. "Kontu hauek ezezagunak ziren orain arte, eta horregatik berdintasun-politikek beste alderdi batzuei begiratu diete gehiago. Bada momentua bultzada emateko".
Bergarak gogorarazi egin digu berdintasun legearen 46. artikuluak botere publiko guztiak genero-ikuspegia txertatzera behartzen dituela, euren hirigintza, etxebizitza, ingurumen eta garraio politiketan. "Baina ez da erraza izango gaurko antolamendutik abiatuta aldaketa ematea", onartu du Emakundekoak. Ekoizpenak lehentasuna dauka ugalketaren aldean, eta autoan doazen gizon heldu dirudunek, antza, jaun eta jabe izaten segituko dute puska batez.