Gorka Espiau: «Bake prozesuen hasierako lanak puzzle baten antza du»


2021eko uztailaren 19an

Gorka Espiau auzo multikultural batean bizi da. Amerikako Estatu Batuetan (AEB) betebeharreko formalismo guztiak bukatu berri dituela adierazi digu, baita pasadizo hau kontatu ere: «Bi hilabete baino gehiago eman genituen etxean telefono barik, eta normalean bi aste itxaron behar izaten da. Gizarte Segurantzaren zenbakirik gabe ezin baita ia ezer kontratatu».

Whashington hiriari buruzko ikuspegi orokorra eskaini digu segidan: «Oso ezberdina da hau guztia. Adibidez, osasun sistema izugarri deserosoa da. Enpresak ez badizu seguru on bat ematen, oso garestia den labirinto batean murgildu behar duzu, Europan oinarrizko diren premiak eta baldintzak lortzeko. Gure kasuan ere, bi hilabete baino gehiago itxaron behar izan dugu horrelakoak eskuratzeko. Munduko lehendabiziko potentzia omen den honetan ez dituzu horren ezberdintasun gordinak eta horrelako burokrazia arazoak espero. Alderdi baikorrak ere aurkitzen dituzu noski: Washingtonen jendea espero duzun baino askoz aurrerakoiagoa dela esango nuke. Gehiengoa demokrata da eta, adibidez, Irakeko gaiaz daukaten eztabaida benetakoa eta sakona da».

Familiarekin joan zen eta lagunak egin ditu halaber: «Umeek erraz egin dituzte lagun berriak. Bertan ezagun batzuk bagenituenez egokitzapena errazagoa egin zaigu. Euskaldun batzuekin ere harremanetan jarri ginen eta asko lagundu ziguten eguneroko betebeharretan. Noizean behin elkartzen gara eta izugarri ederra da Washingtonen umeak euskaraz jolasten ikustea».

USIPi dagokionez: espero al zenuen moduko erakundea aurkitu al duzu?

Europako irizpideetatik begiratuz gero, azalpen zaila du lan egiten dudan erakunde honek. AEBetako Kongresuak lan ildoak finkatzen eta finantzatzen dituen erakundea da-eta. Hori horrela izaki, bere menera dago. Alabaina, bere estatus independenteari eusteko gauza da. Zuzendaritza batzordean bi alderdi nagusien ordezkariak daude. Batzorde horretako kideak behin baino gehiagotan egin izan dituzte irakurketa kritikoak gobernuaren erabaki politikoen inguruan. Nahiz eta kasu gehienetan jarrera kritiko horiek pertsonek euren kabuz hartzen dituzten eta ez hainbeste zuzendaritza batzordearen izenean. Erakundeak edo Institutuak ofizialki ez du jarrerarik hartu, adibidez, Irakeko gerraren kasuan, zuzendaritza batzordean iritzi askotako kideak daudelako. Institutuko zenbait kidek, ordea, gerraren aurkako iritzia agertu ohi dute artikulu zein txostenetan.

Zer moduz zure betebeharretan?
Askatasun osoa daukat euskal gatazkaren inguruan idazteko, eta erraztasun guztiak ematen dizkidate gaiarekiko kezka duten nazioarteko erakunde zein gobernuetako agentziekin harremanetan jartzeko. Nire eguneroko jardueran bi elementu uztartzen ditut: alde batetik, Euskal Herriari buruzko lanak, eta bestetik, antzeko gatazkak bizi dituzten beste herrialdeetako egoeraren inguruan Institutuak antolatzen dituen ekimenetan dudan parte-hartzea. Hilabeteon Institutuak Palestinan eta Filipinasen egindako bitartekaritza lanak aztertuko ditu mintegi batean. Joan zen hilabetean, berriz, Bosniari buruzko konferentzian parte hartzeko aukera izan nuen. Bertan mintzatu ziren, besteak beste, Bosniako presidentea, Condoleezza Riceren hurrengoa eta Richard Holbrooke -Clintonen garaian goi-mailako kargua-. Irlandan AEBetako bitartekari izan zen George Mitchell eta Bushen lantaldean eragin gehien duen Newt Gringich ere, pasa berriak dira Institututik Nazio Batuen birmoldaketaren inguruan hitz egiteko.

Zer azpimarratuko zenuke horien artetik?
Bosniako kasua. Giza Eskubideen alde lan egiten duten erakundeek diotenez, AEBen zeregina ezinbestekoa izan zen sarraskia eten eta negoziazio politikoak errazteko unean. Dena dela, kontuan hartu behar dugu hau guztia Clintonen politikaren ondorioa dela. Nazio Batuen birmoldaketaren inguruko mintegian, jende esanguratsuak hartu zuen parte -Kongresuko bozeramalea eta errepublikazaleen 1994ko garaipenaren arduraduna izandako Newt Gringich eta George Mitchell senatore demokrata, esaterako- eta giroa erabat desberdina izan zen. Nazio Batuekiko oso kritiko agertu ziren eta oinarrizko afera guztietan bat etorri ziren. Beste gauza batzuk egiteko aukera ere ematen didate: Boisen egon naiz orain gutxi, hango sinposio batean parte hartu dut. Baina benetako lana urte berrirako idatziko dudan txosten berezian gauzatuko da. Gainera, denbora izanez gero, euskal arazoaz liburua argitaratzeko aukera eskaini didate.

Euskal diasporari buruzko gogoeta egin duzu berriki. Zer ekar dezake diasporarekin aritzeak gatazkaren ebazpenean?
Euskal diasporaren parte-hartzeak bake prozesua nazioartean sendotzen lagun dezake. Nazioarteko erakunde zein kanpoko gobernu gehiagok prozesuari buruzko gero eta informazio gehiago baldin badute, orduan eta zailagoa izango da eragile garrantzitsuenentzat prozesu horri uko egin edota jarrera ezkorrez ekitea, kasu horretan balizko prozesuaren porrotaren erantzule gisa agertuko lirateke-eta nazioartean.

Zuk puzzle baten gisara deskribatu duzu gatazkaren egoera. Zehaztu iezaguzu ikusmolde hori apur bat gehiago.
Normalean, bake prozesu bat egoera aldatuko duen oinarrizko faktore baten baldintzapean dagoela pentsatu ohi dugu. Batzuentzat, oinarrizko faktore hori ETAren su-etena da eta beste batzuek Gobernuaren aldetik kontzesioak eskatuko dituzte. Alabaina, nazioartean eman diren beste prozesu batzuei kasu egiten badiegu hauxe baieztatu dugu: arrakasta ziurtatzeko ezinbestekoa da faktore askoren uztarketa. Bake prozesu bat abian jartzeko egin beharreko lanek puzzle baten antza handia dute: pieza asko behar dugu eta batzuk aurkitzeko denbora gehiago behar izango dugu beste batzuk aurkitzeko baino. Azkenean baina, puzzlea osatzeko elementu guztiak beharrezkoak direla baieztatuko dugu. Alegia, puzzlea osatzeko beharko ditugun kontu batzuk bigarren mailakoak direla pentsa daiteke, alabaina, horiek gabe ezin izango dugu lana bukatutzat eman.

Institutuan nolako ikuspegia dute euskal gatazkaz, Irlandakoaren alboan?
Irlandako kasua lagungarri zaigu euskal gatazkan ematen diren jarrera nagusiak nazioartean azaltzeko orduan. Hauetako faktore batzuk oso antzekoak dira Irlandan eta Euskal Herrian, eta gatazkak kudeatzeko esparruan adituak direnek berehala antzematen dituzte. Modu horretan, bi errealitateetan aurkitzen diren antzekotasunak eta desberdintasunak azaldu ohi ditugu. Jeneralean, arreta gehiago eskaini ohi diote Irlandako prozesuari, AEBetako jende askok irlandartzat hartzen duelako bere burua. Gainera, Irlandako prozesuaz asko dakite, hedabideek asko eta ongi landu dute gai hau. Euskal arazoa nazioarteko agendan sartu nahi baldin badugu, Irlandako kasuak Euskal Herrikoarekin dituen antzekotasunek gauzak hobeto azaltzeko aukera emango digute eta aukera horiez baliatu egin behar dugu.

Zer garrantzia ematen diote Euskal Herriko gatazkari, nazioartekoen artean?
Eskasa. Nazioartean ez da ulertzen nola egon daitekeen indarkeria arazo bat, hain autogobernu maila handia dagoen lurralde batean. Gure kokapen geografikoak ez dauka interes estrategikorik nagusiak diren gobernu eta erakundeentzat. Alta, bake prozesu bat garatzen laguntzeko dagoen aukera ondo azaltzen baldin bada, eragile hauen prestutasuna oso bestelakoa da.

Orain gutxi arte Euskal Herria aipatzean lehen erreferentea ETA zen. Euskal Herriarekiko zer-nolako perzepzioa sumatu duzu zure inguruan? Bilakaera bat ematen ari al da?
Euskal Herriarekin lotzen diren erreferentzia nagusiak ETA eta indarkeria dira oraindik ere. Hala ere, informazio gehiago duten zenbait esparrutan badago Eusko Jaurlaritzaren berri, baita honek ETArekiko duen aurkako jarreraren berri ere. Zentzu horretan, nire lanaren helburu nagusienetako bat hain orokorra den erretratu horretan nabardurak eta bestelako argi-itzalak eranstea da.

Zenbaterainoko gogoa dago fenomeno bortitzen sorrera edo sustraiak ezagutzeko?
Hori da eztabaida honen mamia. Batzuen ustez, egoera hauek guztiak berdinak dira: ETA eta Al Quaedaren artean ez dago ezberdintasunik. Hori da Bush eta Aznarren taldeak bultzatzen duten pentsamolde berria. Baina, gehienontzat fenomeno bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, eta bere sorrera, sustraiak eta eragileak aztertu behar dira sakonean, irtenbidea lortzeko. Bigarren perspektiba horretatik interesgarria da halaber, egoera hauek guztiek dituzten antzekotasunak aztertzea, baina ñabardura guztiak kontuan hartuz betiere.

Hemengo gatazka konpontzeko esperientziak eskaini lezakeenari buruz interesatuak al daude?
Bai. Gauza asko interesatzen zaie, eta horien arteko garrantzitsuenetako bi azpimarratuko nituzke: gizarte mugimenduen lanak izan duen eragina prozesu politikoan eta subiranotasunari buruzko gatazka bideratzeko formula berriak. Lehenbizikoari dagokionez, nola antolatu garen, eta zer motako kanpainak garatu diren aztertzen ari dira, besteak beste. Jakina, subiranotasunaren arloan gizarteari kontsulta egiteko formula adostuak interesatzen zaizkie.

Espainiako azken Gobernu aldaketak -PSOEk PP ordeztu izanak- aukera berririk zabaldu al du?
Madrilgo atentatuak Euskal Herriko gatazkaren izaera erabat aldatu zuen nazioarteko begien aurrean. Orain dela pare bat urte bazegoen informazio pixka bat eta interesa ere bai, baina egun haietan gertatu zenaren ondorioz, euskal arazoa gatazka garrantzitsuen agendan sartu zen. Horrek alde txar bat dauka: euskaldunak gero eta gehiago identifikatzen gaituzte biolentziarekin, baina aukerak ere sortu ditu. Esate baterako, gobernuek eta nazioarteko erakundeek irtenbide bat lortzeko beharraren pertzepzioa dute eta benetako bake prozesua abiatzen bada, nazioarteko komunitatearen laguntza jasotzeko esfortzuak errazagoak izango dira. Espainiako politikan, kasu, Zapateroren gobernuak hainbat estatutu erreformatzeko daukan aldez aurretiko jarrerak aukera zabaltzen du gure auzia bide normalizatu batean konpontzeko.

Udaldean, etxerako bueltan jada, zer ekarri nahiko zenuke lan honen bidez?
Lehenik eta behin, euskal gatazkari buruz hemen informazio eguneratua uztea gustatuko litzaidake. Euskal Herrira bueltatzerakoan, bake prozesuaren aldeko lagunen zerrenda luze bat eramateko asmoa daukat. Hasi berri dugun urte honetan, distentsioa eta elkarrizketa bidez, egoera berria sortzea lortzen badugu, orduan benetako lan politikoa hasiko da. Dudarik gabe, arazo handiak sortuko dira, eta leku guztietan bezala kanpoko laguntza behar izango dugu. Lehen aipatu dudan puzzlearen beste pieza garrantzitsu bat izan liteke.


Azkenak
Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


2025-02-07 | Aiaraldea
Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


2025-02-07 | Uriola.eus
Bi gizonek eraso homofobikoa salatu dute Bilbon

Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


Aktibismoan osasun mentala zaintzeko zenbait tresna

Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.


47 urteko gizon batek bere ama hil du Irunen

Atzo eguerdian labanaz eraso zion bere amari Irunen eta Donostiako Ospitalean hil da. Erasotzailea epailearen aurrean deklaratzeko esperoan dago.


Eguneraketa berriak daude