Net Hurbil: Mediku jauna: minak lanak ematen dizkit

  • Teknologia berriek zekarten aurrerapena dela eta, nekerik gabeko eta aisialdiz betetako bizimodua iragarri ziguten laster baterako. Denborak erakutsi du lan orduak murriztu bezala ugaritu daitezkeela, fite. Laneko atsekabeei dagokienez, lehengoak desagertu ez, eta berriak gehitu zaizkie.

2021eko uztailaren 20an

Lan mota berriak, neke berriak. Alegia, aurrerapenarekin eta lan egiteko moduak aldatzearekin ez direla atsekabeak ez gutxitu eta ez txikiagotu. Horretan laburbildu daiteke Phillipe Askenazy ekonomialariak berrikitan Le Monde egunkari frantsesean plazaratu duen L'impact des nouvelles formes de pénibilité au travail (Laneko atsekabe mota berrien eragina) artikulua. 34 urteko ekonomialari eta ikertzaile honek jadanik bi liburu garrantzizko publikatuak ditu Frantzian: La Croissance moderne eta Les Desordres du travail, biak ere sarituak.

Askok ditugu gogoan Charlie Chaplinek Modern Times edo Garai Modernoak hartan eskaini zizkigun irudi zorrotzak: lantokian torloju eta azkoinak lotzen erotzeko zorian, robot bilakatua, giltzarekin fabrikan egiten zuen mugimendua bere tick bihurtuta, lantokitik aterata kalean aurkitzen zuen edozer gauza mugimendu berarekin lotu nahian... Urte asko geroago, 1995ean, Frantzian «Lana 20 urte barru» nola izango zen irudikatzen zuen dosierra ezagutarazi zuen Jean Boissonnat-ek, eta bere iragarpenek oihartzun handia izan zuten.

Boissonatek ere Garai Modernoak filma aipatzen zuen: «Gizakiak ez du honezkero Charlie Chaplin bezalako automata izan beharrik, gizakiak berak automata artifizialak sortzen ditu eta». Ondorioz, Boissonatek aurreikusten zuen hogei urte geroago ofizio neketsuak desagertuko zirela, lan intelektualak ugarituko zirela, buruko nekea handiagoa izango zela, ahalegin fisikoa gutxituko zela, eta abar. Denok ere askotan entzun eta irakurri ditugun iragarpenak dira.

Igarkizunok 20 urte barrurako zirenez, Askenazy ekonomialariak erdibideko balantzea egin du Le Mondeko artikuluan, 1995etik hamar urte pasa dira eta. «Gaur komunikabideek ematen dizkiguten irudiak Boissonaten kalkuluekin bat datozela dirudi. (...) Badirudi egunero pozten garela meazuloetatik urrutiratu garelako. Paraleloan, kontsultore, aditu, elkarte, coach eta psikologo multzo handi batek irakurgai berriak ekarri dizkigu jazarpen morala bezalako kontzeptuen inguruan. Itxura batera, lan fisikoaren loturetatik askatzearekin batera langilea sufrimendu psikologikoz eraso dute gero eta ugariagoak diren nagusi biziosoek, hauek ere beren ugazaben biktima direlarik. Beste analisi baten arabera, nagusiak ez direnean bezeroak dira erasotzaileak, gero eta exijenteago eta bortitzagoak baitira; bezeroek handiagotuko lukete lanaren nekea. Hitz batez, atsekabeak gizabanakoen arteko harremanetan oinarrituko lirateke gaur, erasotzaile-erasotu harremanetan».

Eraso morala badago, dudarik gabe. Baina Askenazyren kontuetan, langileen %5a ukitzen du arazo horrek. Ez da gutxi, baina ez da aski laneko samin guztiak esplikatzeko. Ondorioz, Askenazy oinarritu da epidemiologo, mediku, ergonomo, ekonomialari eta soziologoek egindako azterketetan, eta emaitza honetara iritsi da: XX. mendean zehar lan baldintzak etengabe hobetzeko egon den mugimendua, 1990eko hamarkadatik alderantziz abiatu dela. Atzeraka goazela, garbi esanda.

Hona lehen arrazoia: betiko ofizio gogorrak ez dira desagertu. Eraikuntza eta bidegintzak segitzen dute gai toxikoak erabiltzen, tenperatura bortitzak nozitzen dira horietan, istripu arriskuak, zarata handiegia... Kateako lana ere ez da gutxitu fabriketan, langileen %10 ari da horretan oraindik. Baina, gainera, zinez neketsu eta arriskutsuak diren lan berriak sortu dira urteotan. Bakar bat aipatzeko, birziklatze lantegietan hondakinak bereizten ari diren pertsonak, ezin konta ahala traste eta materialen sailkapena egin behar duten gizon eta emakumeak.



Hiperreko kutxako langile akitu hori

Baina -hau da bigarren arrazoia- azken hamar urteotan handitu egin da betebehar neketsu eta arriskutsuak egin behar dituzten langileen kopurua. Frantzian bertan, ia bi milioi eta erdi langile gai kantzerigenoen eraginpean ari dira. Beste asko astean 20 ordu baino gehiagoz daude pisuak oinez garraiatzen edo zutik eusten. Gainera, asko handitu da epeen eta erritmoen presioa. Aurreikusi gabeko lan asko egin behar dituzte beharginek, eta horrek buruko estuasuna areagotzen du. Antza denez, hierarkiaren kontrola lasatu egin da baina ordainetan informatika bidezko kontrola bikoiztu da. Arau jakinik gabeko ordutegiak ohikoa dira gaur egun, eta horien ondorioz zailagoa da norberak bere bizitza pribatua eta lana ondo uztartzea. Gaueko lana asko ugaldu da, emakumeena batik bat. Eta zer gertatu da, ororen buru? Industrian aspaldi ezarriak zeuden optimizatze arauak zerbitzuetara zabaldu direla.

«Charlot Modern Times hartan errepikapenen katean aspertzeraino iritsi zitekeen -dio Askenazyk- baina lan hark bere gorputza mugiarazten zion bakarrik. Gaur egun, antzarak zatikatzeko usinan ari den obreroak etengabe egon behar du kontzentratuta hegazti bakoitza txukun ebakitzen, eta horretan erabili behar ditu bere ahalmen fisiko eta mental guztiak. Era berean, zure hiperrean ari den kutxa- langileak egunean 2 tona merkantzia mugitu behar ditu, baina gainera, milaka barra-kode bilatu behar ditu zein bere txokoan, horiek eskaneatu, zure galderei erantzun, nola pagatuko duzun aurreikusi eta gainera lapurretak saihestu». Egia esan, ez gara ohartzen dendako kutxako langileak zein lantegi gogorra daukan.

Fenomeno horien guztien ondorioz, antzinako langintza gogorrek iraun eta berri gehiago sortu direlako, nekeak gehitu egin dira. Frantziari dagokionez, gihar eta hezurdurako ondoezek langile gizonezkoen %11ri eta emakumezkoen %15i eragiten diete.

Horren erantzukizuna konpainiek beren organizazioan eta teknologian egin dituzten hautuetan datza. Orain lehentasuna baita merkatura beste inor baino lehen iristea eta eskariei gero eta azkarrago erantzutea. Horra ditxosozko lehiakortasunaren ifrentzua. «Produktibismo erreaktiboa nagusitu da; honen funtsean daude malgutasunean eta berrikuntzan oinarritutako organizazioa, ekipo autonomoak, postuen errotazioa, ‘just in time’ famatua, azpikontratazio gero eta handiagoa, hierarkiak arintzea, kalitate arauen ugaltzea...».

Askenazyk ez dauka ISO arauei buruzko iritzi oso ona: Frantzian 20 langile baino gehiagoko hiru fabrikatik bat dago ISO arauetan sartuta, eta ikertzailearen ustez honek langileen beharrak asko ugaritu eta gogortzen ditu, baina ordainetan efikazia gutxi dauka. Arau horiek ordea oso lotuta daude informazio eta komunikazioaren teknologiek hartu duten garrantziarekin. Beraz, konpainietan korronte nagusia hortik doala nabarmena da. Gertatzen dena da enpresek teknologia horiei etekina ateratzeko aldaketa ugari eta azkarrak behar dituztela, eta honek langileen nekearen gain berehalako eragina du.

Askenazy pentsakera liberalekoa baita, merkatuak berak arazo horiek konponduko dituen esperantza dauka. Adibidez, aseguruak aspertuxeak omen daude hainbeste gaixoaldirekin eta enpresei lan baldintzak hobetzeko bultzaka ari omen dira. Hala ikusi omen da adibidez Estatu Batuetan eta Britainia Handian, eta horietan gihar eta hezurduretako ondoezak gutxitzen ari omen dira. Bestalde, berriro jubilazio adina igotzeko joera dagoenez, estatuei interesatuko litzaieke langileek gehiago irautea osorik, eta gazteak hain azkar ez zaharkitzea.

Hala ere, globalizazioak hartu duen martxarekin ez da erraz egiten kalkulu baikor horiek sinestea. Hemengo lana Ukrainara eraman badute, zergatik ez dituzte hona ekarriko Ukrainako -edo urrunagoko- lan baldintzak? Horretaz zerbait jakin behar du erosketak kobratzen dizkigun kutxako langile isilak.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Aysenur Ezgi Eygi-ri zuzenean egin zioten tiro burura Israelgo soldaduek, autopsiaren arabera

Turkiar-estatubatuar aktibista irailaren 6an hil zuten Beiti herrian, Nablus hiriaren ondoan, Zisjornadian, Palestinako Lurralde Okupatuetan. Orain forentseen azterketek iradokitzen dutenez, Israelgo soldatuek zuzenean egin zioten tiro aktibistari.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-09-13 | Gedar
Bi lizarratar epaitu dituzte, Voxen salaketa baten harira

Faxisten aurka protesta egiteagatik auzipetu zituzten Lizarrako bi kideak. Asteazkenean, epaiketaren egunean, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean. Voxeko faxistak jarrera probokatzailearekin agertu ziren bertara, eta Guardia Zibilak... [+]


2024-09-13 | Ahotsa.info
Urriaren 12an Tafallan eginen du manifestazioa Ernaik “españolismo eta faxismoaren aurka”

“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.


Garaileak esaten duenean amaitzen al da gerra bat?

Badakigu gerra bat noiz hasten den, baina ez noiz amaituko den. Hainbatetan entzun dugu esaldi hori, eta topikoa dirudi, baina arrazoirik ez zaio falta, gaur egun munduan barrena bizirik segitzen duten gatazka ugariei erreparatuz gero. Gauza bera esan liteke 1936ko uztailaren... [+]


87 milioi urteko amonite fosil bat aurkitu dute Langraiz Okan

60 bat zentimetroko diametroa duen amonite bat aurkitu du mendizale talde batek Arabako herriaren inguruetan. "Aurkikuntza handia" dela azpimarratu du Arabako Foru Aldundiko Kirol eta Kultura diputatu Ana del Valek.


Eguneraketa berriak daude