Txikitatik oso garbi omen zeneukan idazle bokazioa. Gizarte Laguntzaile ikasketak egin zenituen gero. Zer izan nahi zuen beraz Mariasun Landak?
Nik garbi neukan nire bokazioa idazle izatea zela, baina garbi neukan ere lanbide bat eduki behar nuela. Gizarte Laguntzaile karrera niri oso ondo zihoakidala iruditu zitzaidan, nire izaerari eta momentu hartako kezkei: jendea lagundu, gizartean eragina izan... eta oso karrera interesgarria izan zen. 68an bukatu nuen karrera eta oso eskertuta nago, nahiz eta ez dudan inoiz horretan lan egin. Baina jakintza mailan, interes mailan edo kezketan, garai hartan irakurri nituen liburuak-eta beti izan dira niretzat oso interesgarriak. 19 urterekin ez nintzen gauza ikusten lanean hasteko, nahiago nuen hemendik alde egin. Frantzian urtebete pasa nuen frantsesa ikasten eta gero, bertako unibertsitatean sartu nintzen eta Filosofia ikasi. Itzuli nintzenean, 73an, euskararen munduan murgildu nintzen.
Zure gurasoek egiten al zuten euskaraz etxean?
Bai, zenbait egoeretan hitz egiten zuten, aiton-amonekin-eta. Baina etxeko hizkuntza gaztelera zen, beste askorena bezala. Errenterian jaio nintzen. Eta Frankismo garaian herri txikiak ez baina hiri handiagoak oso erdaldunak ziren. Gero mojen kolegioan erakusten zizkiguten kanta guztiak tunakoak ziren. Madril, Alcala... ziren gure geografia arrunta, nahiz eta Pasaian bizi, adibidez. Edo mojak esaten zuen: "Pues a cantar un zorchico!". Nik banekien zortzikoaz ari zela. Esan nahi dudana da erabat erdalduna zela, Euskal Herria ez zen existitzen! Gainera gertatu zait urte askoren ondoren topatu gelakide batzurekin eta euskaraz aritzea! Ez genuen elkarren berririk, ez genekien horren familia eta nirea ere euskaldunak zirenik... hori ikusi besterik ez dago ulertzeko zer zen 60ko hamarkada hartan gazte edo ume izatea, zer nolako zapalkuntza zegoen! Nik Frankismoaren tunel beltz-beltza bizi izan nuen, ulertzen?
Parisetik etorritakoan erabaki zenuen orduan euskara ikastea. Zergatik handik bueltan?
Betidanik neukan kezka hori, euskara ikastearena eta baita Euskal Herriaren edo nire herriaren alde zerbait egiteko beharra. Parisen antifrankismoaren giroa dezente ezagutu nuen. Nire burua kulturan, eta gainera euskal kulturan ikusten nuen; eta euskal kulturako partaide izateko niretzako oinarrizkoa zen euskara berreskuratzea. Zintzilik nuen asignatura zen, eta nolabaiteko karga afektiboa zuen niretzat. Baina dudarik gabe euskara edo hizkuntza bat ikasteak suposatzen dizu ibilbide luze eta gogorra. Ikusten duzunean orain nola kexatzen diren irakasle batzuk euskara ikasteak eskatzen dien esfortzuaz, pentsatzen dut beste askok ikasi genuela pentsaezina zen egoera batean: ez zegoen euskal libururik, ez zegoen euskara ikasteko eta irakasteko metodorik, ez zegoen ezer! Hizkuntza bat ikastea urte askoko lana da, ez da gidatzeko karneta ateratzea. Ematen du jendeak nahi duela hemen euskara ikasi urtebetean, eta matematika izango balitz bezala. Eta hizkuntza oso gauza afektiboa da, motibazioak ere zerikusi handia dauka. Ni aurkitu nintzen 24 urterekin Zarauzko ikastolan liburu bat bera edo apunteak ere ez zituzten haur txiki batzuekin. Guk egin behar izaten genuen dena, eta nire euskara oraindik oso prekarioa zen. Aurkitu nintzen egun batetik bestera txiki-txikiak ziren haurren aurrean, eta kenketa bat jarri nien lehenengo egunean! Imaginatu, lehenengo mailako haur horiei kenketa bat jartzea izugarrizko astakeria da! "Andereño, ez dugu ulertzen", esaten zidaten. Eta nik: "Nola ez dute ulertzen kenketa bat!". Imaginatu, nik Filosofia hutsa egin nuen Parisen, eta jaitsi Heidegger, Kant eta Holderlin-en mundutik pun! lehenengo mailako haur txikien aurrera! Egia esango dizut, hizkuntza bat ikasteko eta modu hartan gainera, oso momentu txarrak eta larriak pasa behar dituzu.
Etxean ez zizuten gehiegi animatu idaztera, ezta? Osabak anaiari pasatzen zizkion liburuak leitzen zenituen zuk, bestela ezin libururik eskuratu...
Nire familia hemengo familia ohikoa da, eta garai hartan irudimena, fantasia, irakurketa, abenturazko liburuak... hori dena eskolatik aparte eta transgresio puntu batekin egiten genuen guk. Haur eta Gazte literatura aspaldi sartu zen eskolan eta haurrek irakur ditzakete bertan beraientzako egindako liburu polit horiek. Baina gure garaian oso nabarmena zen zeintzuk ziren batetik eskolako liburuak eta familiak nolabait ongi ikusten zituenak, ikasketekin lotuta zeuden liburuak alegia; eta bestetik gure arteko komiki eta tebeo trukaketa... ildo horretatik diot nik familiak ez zuela begi onez ikusten ni gauez komikiak-eta irakurtzen aritzea. Oso aldaketa oinarrizkoa da hori: guk lehen transgresio puntu batekin egiten genuen, gaur egun haurrek ez dute hori ezagutzen, eta agian, atsegina betebehar bihurtu da. Horrek ez du esan nahi liburu horiek eskolaratu behar ez direnik. Beste datu oso inportante bat ere ahazten zait! Telebista nik hamasei urte nituenean sartu zela etxera. Txikitatik izan banu telebista etxean, denbora guztian ariko nintzen botoia zanpatzen!
Txikitan zure ipuinak garbira pasa eta tapa jartzen omen zenien. Gogoratzen al duzu zein izan zen idatzi zenuen lehenengo gauza?
Bai, oso ondo gogoratzen naiz. Nik 11-12 urte nituen, eta idatzi, garbira pasa, marrazkiak egin eta azalak jartzen nizkien ipuinei. Eskaintzak ere egiten nituen, liburuetan ikusiak bainituen.
Ilusioa egiten zidan idazle lanak egiteak, nire ipuinak biltzeak... Alde horretatik bokazio bakarrekoa izan naiz ni. Mila gauza gustatu izan zaizkit, baina ez dut mila gauzetarako ikusi nire burua, bakar baterako baizik.
Mila gauza horien artean, egon al dira alde batera utzi behar izan dituzunak gustatuta ere?
Dantza egitea adibidez, beti gustatu izan zait baina ez nuen ez dohainik ez gorputzik horretarako. Nik nire burua beti literaturan ikusi dut. Eta arrazoi oso sinple batengatik: literatura nire garaian eta ni bezalako neska gazte batentzako oso arte merkea zelako: papera eta arkatza behar zenituen. Nik aukera izan banu eskultura egiteko, pintura egiteko, dantza egiteko... baina ez neukan. Familia arrunt baten alaba nintzen eta neukan medio hurbilena literatura zen. Eta gero, hizkuntza maitatzearena dago. Horri buruz ez nintzen oso kontzientea txikitan, baina eskolako liburuetan-eta beti ikasten nituen poesiak buruz. Idazleak beti dauka hizkuntzarekiko maitasun hori: hitzek zer ondo jotzen duten belarrira, zer pentsarazten diguten, hizkuntzarekin jolastea, amodioa hizkuntzarekiko.
Txikitan zure eskolako kideei idazlanak egiten omen zenizkien eta horren truk beraiek matematikako buruketak egiten zizkizuten.
Matematika gorroto nuen eta asko sofritu nuen matematikako gaiak gainditu nahirik, zeren batxilerra ere zientziaren adarretik egin nuen. Amorrua diet matematikei, baina hizkuntza kontuetan nabarmendu egiten nintzen, eta oso modu errazean ikusten duzu zure burua alor batean konturatzen zarenean gehiegi kostatu gabe berehala ondo ateratzen zaizula. Norberaren autoestimatxoa joaten da osatzen horrela. Tarteka, bai, egingo nituen besteen idazlanak.
Matematika behar izan duzu gero?
Batxilerra bukatu nuenean, 15-16 urterekin, erre egin nituen matematikako liburuak.
Kontuak zer moduz ateratzen zaizkizu idazle eta irakasle bezala?
Gaur egun ere zatiketa bat egiteko esaten badidazu larri ibiliko naiz. Gero kalkulagailuak atera dira, eta zer demontre! Filosofian ere garrantzitsua da logika matematikoan iaioa izatea, zeren filosofia azkenean oso lotuta dago arrazionaltasunarekin eta logikarekin eta matematikagileak izan dira historian zehar filosofo handienak. Nik berriz, karreran zehar beti aukeratzen nuen Nietzsche. Nietzsche lehenengo urtean, bigarrengoan eta hirugarrengoan, eta beste gai guztiak hala nola gainditzen nituen. Azkenean, Nietzsche maitatzea literatura maitatzea da, zeren bera oso poetikoa da.
Parisera joan zinen Filosofia ikastera 1968an, eta bertan eman zenituen lau urte. Parisen bizi izandako urteei buruzko autobiografia bat idaztekoa zinela irakurri nizun. Zer kontatuko duzu bertan?
Aritzen naiz tarteka idazten, zeren urte guztiak ez badira ere, zenbait pasarte, urte bat edo beste, oso garrantzitsuak izan dira nire bizitzan. Garai hartako Paris nolakoa zen pentsatzen dudanean, gogoratzen dut -ni Pariseko auzo latinoa delako hartan bizi izan bainintzen ia beti- larunbat gauero manifak izaten zirela, eta poliziak eta ikasleak korrika... Nik ez nituen ikusi 68ko maiatzeko barrikadak, baina udazkenean han nintzen eta maiatza ondorengoak jaso nituen. Inoiz ikusi izan ditudan ezkertiarren manifa handienak ikusi nituen Parisen. Eta pentsatu izan dut: Zer gertatu da urte hauetan hura guztiarekin? Maoistak, troskistak, talde txikiak, talde minimoak... ehundaka mila ezkertiar! Bestalde hemen Franco zegoen: nik bai nituela filmak inguruan, zenbat liburu irakurri ote nituen han... Beti iruditu zait gure bizitza labur honetan aukera eder bat izan nuela: orduan Paris eta inguru hori guretzako, diktaduratik ateratzen ginenontzako, tunel ondorengo argitasuna baitzen. Orain dena dago beharbada globalizazioaren izenean, eta politikoki ere kontserbadurismo orokor horretan sartuta. Dena uniformatu da izugarri, onerako eta txarrerako; batez ere txarrerako. Denok gaude kapitalismo eta liberalismo ekonomikoan sartuta.
Literaturaren Didaktikako irakasle zara orain. Irakaslearen funtzioa, zure ustez, jendeari zaletasuna kutsatzea da. Horregatik ez duzu azterketarik egiten? Lortu al duzu ikasleei hori kutsatzea?
Nik pentsatu nahi dut baietz. Ez dut azterketarik egiten eta urtero krisi txikia izaten dut horren inguruan. Baina beti ondorio berera iristen naiz: badaude gai batzuk unibertsitatean azterketak derrigorrezkoak direnak. Adibidez, mediku izateko nik uste benetan azterketak gainditu behar direla. Baina literatura esperimentatu behar den zerbait da: esperimentatu behar da halako emozioa, plazerra irakurtzean, komunikatzea zure mundua idazlearen munduarekin... gauza asko! Nik uste dut liburu bat izan daitekeela bizitzan gure lagunik onena. Bizitzen laguntzen dizun esparrua da literatura. Oso idilikoa dirudi, baina gero ikasleek gai batzuetaz zenbait gauza jakin behar dituzte, eta hori lanen bidez eta kontrol jarraian ebaluatzen dut.
Literaturak irudimenaren bidez bidaiatzeko aukera eskaintzen du. Zuri egiazko hamaika bidaia egiteko aukera eman dizu. Idazleak hemengo enbaxadore "txikiak" zarete neurri batean...
Bi urte hauetan titiriteroa sentitu naiz, modu barregarrian esateko. Lehendik ere dezente deitzen ninduten batetik eta bestetik, baina egia da Sari Nazioanalaren ondoren ezohiko aukera batzuk eskaintzen zaizkizula. Adibidez, Hondurasen Tegucigalpan izan nintzen 2004ko Nazioarteko Liburu Azokan beste idazle batzurekin batera hitzaldiak ematen, eta Marokon Casablancan baita ere Nazioarteko Azokan. Toulousen bi edo hiru aldiz ere egon naiz, orain Erromara noa, Frankfurten ere izan nintzen sortu berria den Euskal Ikasketen Programaren baitan, Bartzelonan, Madrilen, Galizian... Batez ere, iaz asko bidaiatu nuen.
Idazleak enbaxadore txikiak ez, enbaxadore handiak dira! Ezin duzu imajinatu zer den euskalduna izatea zenbait lekutan. Jendearentzako Euskal Herria existituko da, baina gero Euskal Herria aurrean duten pertsona horretan konkretatzen da: zu zara Euskal Herria. Eta zure jokatzeko moduarekin, zure espresatzeko erarekin, ematen duzun irudiarekin, hango jende arrunta gure kultura, gure izaera eta gure proiekzioa ere neurtzen ari da.
Hori ardura handia da ezta?
Puska bat bada, baina handia ez! Ondo gelditzea, zentzuzkoa izatea, kultura minimoa izatea, mugitzen jakitea, jende guztiarekin egoki eta atsegin egoten jakitea neurtzen da eta hori ardura puska bat da. Batez ere gure kasuan ere plus handi batekin goazelako: jendeak ez duela apenas ezer ezagutzen gutaz, gure hizkuntzaz eta gure kulturaz, baina badaki ETAren berri. Beti egon behar duzu prest edozein unetan eta edozein lekutan etor dakizukeen eta urduri jarriko zaituen komentario edo galderaren bati aurre egiteko. Adibidez, Tetuan-en unibertsitatean gertatu zitzaidan: Gustavo Martin Garzo eta biok ari ginen ikasleentzat saioa eskaintzen. Bat batean, unibertsitateko ikasle baten galdera. Nola ni Euskal Herrikoa nintzen eta nola hemen haurrak atentatuak eta bonbak bizitzera ohituta zeuden, ia uste nuen hemengo haurrak fantasia bizitzeko edo irakurtzeko gai ziren.
Zer erantzun zenion?
Baietz, noski. Erantzun nuen esanez, oso leku gogorrean bizi nintzela irudituko zitzaiola berari, baina hemengo haurrak normaltasun esparruan bizi zirela, eta edozein haurrentzat fantasia berezko giza beharra dela. Horren froga zela, zeren horrelakoetan badirudi frogak eskaini behar dituzula, Harry Potter itzulita zegoela euskarara eta arrakasta handiarekin gainera. Ez da momentua ni ez dakit zer esaten hasteko. Bada hori gertatzen da, amaitutzat ematen duzu saioa eta pun! erortzen zaizu horrelako zerbait.
Idaztea "bakarrik egoten jakitea" dela diozu. Zuretzat "plazerra" da. Bakarrik egoteko idazten duzu edo bakarrik egoten zara idatzi ahal izateko?
Niretzat bakardadea eta nolabaiteko giza harremana etengabe orekatu behar diren bi alderdi dira. Ni ez naiz gauza bakar-bakarrik egoteko hiru egun segidan-edo. Behar dut jendea, behar dut errealitatea, behar dut atera... jendearen beharra izugarri sentitzen dut, afektiboki ere bai, ze oso pertsona afektiboa naiz; gehiegi, uste dut. Baina era berean, ezinbestean behar dut bakardadea. Eguneroko gimnasia da hori lortzea: nire giza dosia eta nire bakardade dosia lortzea. Ez naiz etxean sartu eta bi aste edo hilabetea idazten pasatzen duten idazle horietakoa, erotu egingo nintzateke. Baina era berean ezin dut jendearekin egon, egon eta egon. Behar dut nire bakardadea ere, eta ez prezeski ordenagailu aurrean idazten egoteko. Behar dut bakarrik egon, isiltasunean, nire buruarekin. Senekak esaten zuen: Egunero aritzen ginela bizitzaren artea asmatzen. Nik ere horrelako zerbait esango nuke. Eta batzuetan, noski, desorekak daude.
Haur literatura sarri azpigenerotzat hartua izan da. Haur literaturako idazleek ere ez dute helduen literaturako idazleek bezainbeste glamour.
Idazleei galdetzen zaienean zein libururekin irakur zaletu ziren denek aipatzen dizkizute Altxor Uhartea, Alizia, Peter Pan edo orain esango dizute Harry Potter. Gaztetxo garaiko liburuak izaten dira beti oinarrizkoak idazle gehienen bizitzan. Bestalde, nazioartekotasunaren sinboloak arakatuz gero, joaten zara Italiara eta dena da Pinotxo, joaten zara Frantziara eta Eiffel dorrearen ondoren dago Printze txikia, bere kamisetak, boligrafoak... joaten zara Kopenhagera eta dena da Sirenita, Ingalaterran Alizia... Nik ez dakit zenbat idazlek, eta gehienak gizonak, esan duten beraien bizitzako liburua Alizia herrialde miresgarrian izan dela. Kanonikoa den eta mediatikoa den literatura horretatik begiratuta haur eta gazte literatura bigarren mailakoa izan daiteke, baina nik uste dut literaturak zatiketa bakarra onartzen duela: ona eta ez hain ona, txarra ez esateagatik. Haur eta gazteen literaturaren klasikoen artean badira helduen literaturako liburu eder batzuekin konpara ditzakezunak. Idazleen artean, gu, haur eta gazte literaturaren egileok aukera gutxiago ditugula? Bada, ziur asko bai. Hala ere, azken urte hauetan izugarrizko aldaketa gertatzen ari da. Helduen literaturan aritu diren idazle gehienak haur literatura egiten ari dira, eta ez beti gutxieneko zorroztasun eta autoexijentziarekin. Baina hori bai, beraien obra aipatzen denean beraiek dira lehenengoak haur literatura azpigauzatzat hartzen dutenak: "Beste hau egiten nuen bitartean, haur literaturako hau eta hau idatzi nuen", "ariketa soila da" diote, edo ez dute aipatu ere egiten... Niri pixka bat gogora ekartzen dit arazo honek Andersen-en kasua. Andersenek idatzi zituen ez dakit zenbat nobela, antzerki obra eta haurrentzako ipuin batzuk. Gaur egun ahaztuta daude Andersenen antzerki obrak eta nobelak. Eta haurrentzako idatzi zituen ipuinak gelditu dira. Historiak esango digu zer gertatzen den gaur egungo idazle askorekin. Andersen gaur berpiztuko balitz eta ikusiko balu historiara igaro dela haurrentzako idatzi zituen ipuin horiengatik, izugarrizko haserrea hartuko luke!
Haur literaturak balio izan dizu zure barruko zenbait alde ezezagun aurkitzeko. Zeintzuk adibidez?
Nik uste dut, idazle izatea, besteak beste, norberaren munduan arrotz bihurtzea dela, eta idazleak bere buruaz ezagutzen ez duen baina bere baitan bizi duena bideratu dezakeela haur literaturak. Ipuin batzuk argitasunetik sortu dira, noski. Baina beste batzuetan haur literaturak balio izan dit nire barrualdeko zenbait gela ilun argitzeko. Autohausnarketarako bide bat izan daiteke, gero balio izaten zaiena haurrei. Adibidez, aipatzen dudanean Iholdi pertsonaiak beldurra duenean apo bat daukala saltoka bularretik eztarrira eta eztarritik burura nitaz ari naiz; Elefante Txori Bihotza aipatzen badut da nik nire burua horrela ikusi dudalako; Krokodiloa Ohe azpian idazten badut da ni modu literarioan ari naizelako erreferentzia egiten nik sentitu dudan larridurari. Beraz, batzuetan ni haur literaturaz baliatu naiz nitaz hitz egiteko.
Zure ipuinak berritzaileak dira, baina inoiz esan al dizute horrelako ipuinak ez direla onak edo zuzenak haurrentzat? Adibidez, Galtzerdi suizida...
Euskal Herrian ez. Tira, Txan Fantasmak (1984) adibidez, ez zuen bukaera ohikoa ezta zoriontsua ere, eta alde horretatik jaso nuen argitaletxearen eskutik aldatzeko proposamenen bat. Baina ez nuen aldatu. Gaztelerazko edizio munduan gehiago sumatu dut hainbeste aldiz aipatu den zuzentasun politiko horren eragina. Adibidez, Galtzerdi Suizidaren kasuan, nik banekien "suizida" hitza ausarta zela. Baina eztabaidatu pixka bat editorearekin eta berak esan zidan azkenean arrazoi nuela. Sorgina eta Maisuan, sorginak irakasleak txanpain botila bihurtzen dituelako, hor ere Madriletik etorri zitzaidan beldurra "Aizu, maisu-maistrak ez ote ziren irainduak sentituko". Horrelakoetan jakin behar duzu zurea defendatzen. Gutxitan aldatu dut, eta egin dudanean hala nahi izan dudalako izan da.
Joxan Ormazabalek zioen aspaldi "haurrentzat idazteko haur handi bat behar zela barrenean sartuta". Zuk ba al duzu?
Bai, handia ez baldin bada, txikia, baina bai. Tira, haurra baino, haurtasuna. Eta haurtasun hori azken finean sentsibilitate kontua da, ez txepelkeria eta ez kurtsikeria, baina bai egotea pixka bat haurtzaroan dauzkagun ezaugarri batzuetatik nahikoa gertu: gai izatea gauzekin emozionatzeko, kuriosoa izatea, irudimentsua, ez oztopatzea irudimena logika santu horrekin... Niri askotan, txikia nintzenetik esan didate: "Ze ateraldiak dituzun!". Umea izatea da ateraldi horiei ere bide bat eskaintzea.
Emakumea eta haurra oso gertu daude beti. Horregatik munduan haur literaturan emakumezko asko dabiltza lanean. Hemen ez.
Ez, hemen haur literaturak duen berezitasunik handiena da hori. Beste leku gehienetan Frantzian, Ingalaterran, Espainian... erdia eta erdia izaten dira gizonezkoak eta emakumeak. Euskal Herrian haur literaturan ere gizonezkoak izan dira gehienak, eta dira. Azalpen zabala izan dezake eta ziur asko sistema literarioekin zerikusia dauka, nola sortu eta idazten den hemen, nola bideratzen den idazten dena, eta sare literarioekin zerikusia duena. Literaturan emakumeak gutxi izatea beste lekuetan gertatu da, baina haur eta gazte literaturan gehiengoa nabarmen gizonezkoa izatea ez da gertatzen inon!
Zu emakumea zara eta irakaslea. Zergatik idazten diezu haurrei?
Ni idazle sentitzen naiz, ez haur literatura egile soilik. Artikulu dezente idatzi dut eta hori ez da inoiz aipatzen. Bizitzak eraman ninduen idazten nuen literatura haurrei zuzentzera eta hor aurkitu dut, momentuz behintzat, modu propioa nire ahalmen batzuk, nire sentsibilitatea, irudimena eta umore-sena bideratzeko. Nik honetan hasi baino lehen haur literaturaz nuen ideia, beste askok bezala, oso eskasa zen. 80ko hamarkadako zenbait autorek liluratu ninduten. Gianni Rodari, Christine Nöstlinger, Roald Dhal-ek... ate handia zabaldu zidaten. Adibidez, uste dut euskal haur literaturak helduen literaturak baino askoz hobeto landu duela umorea. Haur literaturak ausartago izateko aukera eskaintzen du, abangoardistagoa izan zaitezke formetan ere. Esparru malgua da, edozein bodrio eta edozein perla kabitzen da haur literaturaren kaxan.
Bernardo Atxagak dio bere ingurukoek badakitela bera ez dela Bernardo Atxaga den bezalakoa. Mariasun Landaren ingurukoek zer diote?
Nire ingurukoek, ezagutzen nautenek, diote nire liburuak irakurtzerakoan ni entzuten ari direla iruditzen zaiela. Ni naizela hor agertzen dena.
1984an ARGIAn zenioen "ez zinela Haurrentzako Literaturan espezializatuko" eta hara!
Oraindik gaztea naiz. Eta ez zait batere gustatzen besteek ni espezializatzea. Espezializatzekotan, neroni espezializatu beharko nintzateke.