Net Hurbil: Heriotza duina aldarrikatzeko zuzeneko akzioa


2021eko uztailaren 19an

Duintasunez hiltzeko eskubidea bada kontu irristakorra. Bere baitan gai bat baino gehiago biltzen ditu: eutanasia, nork bere burua hiltzeko eskubidea, besteri ondo hiltzen laguntzea... Gure artean asko hitz egin da horretaz Mar adentro filmak lortutako arrakastaren bueltan. Lege aldetik berriz, estatu eta legedi bakoitzak bere modura arautzen eta kriminalizatzen ditu ahalegin horiek.

Heriotza lagun artean aipatzen erraza ez bada, suizidioak tabua izaten segitzen du gure artean. Bere burua akabatu duen kristauari mende luzez eliza katolikoak ezarritako zigor beldurgarriak izango du zerikusirik horretan. Baina gizakiok noizbait gure baitan edo inguruan aurkitzen dugun gai nagusi hori -bizia eteteko unea iritsi dela erabakitzeko eskubidea- Paleolitikoan bezain bizirik dago gaur.

Australiako adineko jende batzuk ere, gu bezala, tabu, lege arazo eta eskubideen arteko katramilak harrapatuta aurkitu dira. Baina eztabaida publikoetan luzatu eta galtzeko partez, zuzeneko ekintzara jo dute. Albiste berezia baina ez bitxia.

"Death's cocktail" ("Koktel hilgarria" esan genezake euskaraz) jarri du bere erreportajearen izenburuan Dave Hancock kazetariak, Australiako The Bulletin astekarian. Bertan kontatu du hogei herritarrek -adinekoak gehienak eta batzuk gaixotasun larrietan egoera terminaletara hurbiltzen ari direnak- kanpaldi berezia egin dutela, droga hilgarri bat egiten ikasteko. Pasa den urrian egin zuten biltzarra Hegoaldeko Gales Berrian, etxalde bakarti batean, eta bertan ikasi zuten pentobarbital famatuaren antzeko botika ekoizten. Pentobarbital hau da Suitza, Belgika eta Herbehereetako eutanasia legezkoetan erabiltzen dena; Estatu Batuetan Oregonen legeztatuta daukate medikuek -lekukoen aurrean gaixo batek hala eskatuz gero- errezetatu ahal izatea.

Hogei lagun horietan gazteenak 55 urte ditu eta zaharrenak 94. Denak ere Exit International erakundeko kide dira. Erakunde hau mundu osoan heriotza duin baten aldeko aldarrikapena dela-eta antolatuta daudenen arteko bat da; Australiakoa Philip Nitschke doktoreak fundatua da. Kazetariak argitu duenez, hogei pertsona horietatik bik aitortu diote laster erabiliko dutela, beren gaitz degeneratibo larriak oso aurreratuta dauzkatelako. Gainerakoek «botika hori eduki nahi dute aseguru moduan, ez dutelako beren bizimodua gainbehera ikusi nahi edo asistentziako etxe batean bukatu nahi beren buruen jabe ez direla».

Kay izeneko emakumeak 55 urte ditu eta gaixotasun neurologiko degeneratibo larria diagnostikatu berria diote. Kayk aitortu dio kazetariari gaitz hori bera zeukan senide bat zaindu zuela gaztetan eta berak ahal zuen guztia egin zuela hura zaindu eta laguntzeko, baina ohartzen dela haren bizimodua ikaragarria zela. Ez ditu ikusi nahi senarra edo haurrak egoera hori bizitzen eta ez luke inoren etorkizuna konplikatu nahi bere heriotzari buruzko erabakiak hartzerakoan. «Droga hau daukadanetik lasaiago sentitzen naiz eta ez dut beldurrik. Hori daukadala, nire bizia gozatzen zentratuko naiz eta barrez hondoratuko naiz».

Pentobarbitala behar adinako dositan hartu duena lokartu egiten omen da berehala, eta hogei minututan hil, inolako minik gabe. Droga hori erabiltzen zen 1995ean munduko lehen eutanasia legea onartu zuen Iparraldeko Lurraldean, Australian. Baina laster ezabatu zuen lege hori Australiako gobernu zentralak, eta botika hori bezala antzekoak estatuaren kontrol zorrotzagoz mugatu zituen. Are gehiago: «Suicide Material Offence» lege berria atera dute, hil honen bukaeran indarrean sartuko dena, eta horren poderioz suizidioari buruzko eztabaidagune eta foroak gogor zigortuko ditu: 75.000 euro arteko isuna gizabanakoei eta 310.000 artekoa erakunde eta enpresei.

Gai hau gizarteratzen aitzindaria den Exit International erakundea bera bi zati egin behar izan dute: adar politikoa Australian geratu da eta aholku zerbitzua (Internet gunea barne) Zeelanda Berrira joan da.

Kriminalizazioaren bazterretik

Lege berria akuilu suertatu da Exit International (Exit irteera da ingelesez) osatzen duten batzuentzako, eta erreakzio moduan antolatu dute urriko «Peanut project» hori.
«Peanut» -kakahuetea, baina baita ere barbiturikoa argotean- hori prestatzen aritu dira hamar hilabetez. Beren sakeletatik 25.000 euro jarri dituzte autoa, laboratorio txukun baterako tresnak eta beharrezko lehengaiak erosteko. Denak hartuta, lurjabe handi batek abandonatuta daukan etxalde batera joan dira, hegaztien bizimodua ezagutzera doan zahar koadrila baten itxurak eginez.

Karpa edo xapitoa zutikakoan, laborategiko lanari ekin diote. Tresna batzuek badute sofistikazio puntu bat eta beste asko edozein sukaldetan aurkitzen diren paela, eta abarrak dira. Kazetariari Elaine izeneko batek aitortu dionez «produktua ekoizteko beharrezko informazio gehiena liburutegi publikoetan eta unibertsitatean aurkitu dugu. Guztiok hartu dugu parte operazioan. Horrela, denok ikasi dugu gauzak nola egiten diren. Eta epaileren batek pertsegitzen bagaitu elkarri lagundu ahal izango diogu».

Bi eguneko lanaren eta erreakzio kimiko batzuen ondoren, lortutako produktua hozkailuan sartu eta halako festa txiki bat egin dute paraje hartara bildutako hogei lagunek. Biharamunerako, kristaltxo hilgarriak lehortu eta etxera eramateko prest zeuzkaten.

John izena duen eta besteek bezala abizenik azaltzea nahi ez duen zaharretako batek esan dio kazetariari: «Aitortu behar da prozesua asko findu behar dugula, errazagoa izan dadin. Hala ere, harrigarria izan da adineko jendea paraje urrun batean bildu eta horrelako ekintza bat burutzen ikustea. Esperientzia aberasgarria izan da, eta mezu nagusia da gobernu federalak halako neurri zorrotzak hartzen baditu ere, ezingo gaituela gelditu».

Taldeko beste partaide bat Dawn izeneko emakumea zen, Sydney hirikoa. Honela esan dio kazetariari: «Prozesu guztia ulertzeko gauza ez naiz, baina pozik hartu dut parte bertan. Nire bizitzako une guztiak gozatu ditut, eta hau ere bai, unerik onena adina. Pozik nago 82 urte izanik nahi dudan guztia egiteko gai naizelako, baina ezingo nuke jasan etxe berezi batean landare bat bezala egotea. Droga hau eskueran daukadanez, ez dit axola bizia asko edo gutxi luzatzeak. Dena ondo pasatuko da, droga non utzi dudan gogoratzen dudan artean». Taldeko zaharrena, 94 urte dituen Fred, berdin mintzatu da.

Ikastaro laburrean parte hartu duten hogei kideen zain omen daude Australia osoan barreiatutako beste 100 taldeetako kideak, teknika ezagutzeko.

Urriko ekintza berezi hori izan da azaroaren 5 eta 6an Sidney hirian Exit Internationalek ospatu duen nazioarteko biltzarraren mintzagai nagusietako bat. Beste herrialdeetako antzeko mugimenduetako ordezkari batzuek bildu dira Australian eta beste batzuek bideokonferentziaz hartu dute parte.

Ondoren, manifestaldi lasaia egin duten kaleetan zehar, komisaldegi baten aurrean bukatzeko; han Exit Internationaleko ordezkari batzuek poliziari eskatu diote arma edukitzeko baimena. Gero kanpoan deklaratu dute: «Zergatik daukagu eskubidea gure buruak bakardadean eta era odoltsuan tiroz akabatzeko, eta ez droga egokia hartuta gure senideen ondoan bakean hiltzeko?»

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


Eguneraketa berriak daude