Ihesi: Meatzaldea II. Burdinazko herriak


2021eko uztailaren 26an

Bilbotik Meatzalderantz joanez gero, lehenengo Barakaldo herriarekin egingo dugu topo. Merkatalgune erraldoiek edota Bilbao Exhibition Centrek, besteak beste, betetzen dituzte gaur egun bertako lurrak. XIII. mendera arte, berriz, nekazaritzatik bizi ziren barakaldarrak. Trianoko meatzeetatik hurbil eta errekez inguratuta egoteak, burdinera begira jarri zuen bertako ekonomia. Erdi Aroaz geroztik eta XIX. mendearen bigarren erditik aurrera, burdinola zaharrak eraldatzen hasi ziren eta industria modernoa garatu zen. 1901ean sortu ziren Bizkaiko Labe Garaiak, hainbat elkarte batu ostean.

Barakaldoko Erreketa auzoan, meatzeen garaiko kargalekuetako bat dago. Kargalekua Galindo eta Kadagua erreken artean kokatzen da, Errontegiko zubi ondoan. Bilbao Ria 2000 proiektuak berriztu eta konpondu berri du.

Barakaldo ondoan daude Trapagaran eta Ortuella. Guk Trapagaranera bidea hartuko dugu, baina ezin utzi Ortuella aipatu gabe.

Ortuella

Triano mendiaren magalean kokatuta dago. Eta 1901ean egin zen udalerri, Santurtzitik banatu ostean.

XVIII. eta XIX. mendeetan hazkunde demografiko handia izan zuen, burdin meategiak zirela medio. Meatzaritza zen orduko jarduera ekonomiko nagusia, baina denborarekin garrantzia galdu du eta industriak eta eraikuntzak hartu dute bere lekua.

Trapagaran

Ortuella ondoan dago Trapagaran. XIX. mendean burdinaren ustiaketa zen bertako jarduera nagusia. 1865ean Trianoko meatzeetako trenbidea zabaldu zutenean hartu zuen indarra bertako ekonomiak, eta inmigrazioa ere asko hazi zen. Horren adibideetako bat dugu Zugaztieta auzoa: 1877an sortu zuten herri meatzari hau, geratzen zen zuhaizti bakarraren ondoan. Hortik bere izena. Kanpotik etorritako meatzariek hartu zuten bertan ostatu. Bertara igotzeko bidea badago ere, Larrainetako funikularra ere hartu daiteke. 1926an inauguratu zuten eta meatzari zonalde hau bailararekin lotzea zuen bere egitekoa. Bazegoen bestelako bide bat, baina ordu eta erdiko bidaia zen.

Zugaztietako paisaia bera ere berezia da. Garai bateko meatzeak urak hartu ditu eta laku bereziak sortu dira.

Zugaztietatik bertatik bidea dago Gallartara joateko. Triano auzotik pasatuko gara bidean. Badirudi mendiko herri edo auzo isolatu bat dela. Paisaia zoragarria da, baina batzuen zoritxarrerako golf zelaia egin dute bertan eta galdu du orain urte gutxi zuen enkantua.

Dolores Ibarruriren Gallarta

Triano bezala, Gallarta ere Abanto-Zierbenako auzoa da. Burdin meatokien erdian dago herri hau. Herriaren izena ere kuriosoa da, izan ere Abanto-Zierbena eta Zierbena herri bi dira. Banatu egin ziren, baina Zaragozan beste Abanto bat dagoelako Abanto-Zierbena izena mantendu behar izan du.

XIX. mende amaieran hainbat meatze ustiatu zituzten inguru honetan. Aurreko astean bisita egin genion Gallartako Concha II izeneko meatzeari. Euskal Herrian itxi zuten azken burdin meatzea da bera (1993ko ekainean). Itsas azpitik 20 metrora dago meatze honen zati bat. 1976a arte, 50.000 tona burdin ateratzen ziren urtean. 2,2 milioi tona ere atera zituzten gerora. Hainbat galeria eraiki zituzten eta diotenez kamera bakoitzean Burgoseko katredala sartzeko adinako lekua zegoen.

Gallartatik Las carreras auzora bidea hartuz gero, Muskizera helduko gara.

Petronorren Muskiz

Gaur egun Petronor enpresaren petrolio birfindegiak hartzen du Muskizeko lur zati handi bat. Turismotik ez da bizi herria, baina Bilboko itsasadarraren ezker aldeko industri herrien birika omen den Arena hondartza dago bertan. Ondoan, oraindik ere Kobaroneko zamaketa-tokia dago. 1882an eraiki zuten eta bertatik minerala Europako hainbat estatutara eramaten zuten.

Muskizetik Sopuerta eta Galdameserako bidea hartuko dugu.

Galdames

Udal honek bere lurpetik (El Campanil) erauzitako burdinaren kalitateagatik irabazi zuen ospea. Garai hartako ustiaketa intentsiboa zela-eta, etorkinentzako bizileku bihurtu zen. Nekazaritza, abeltzaintza eta meatzaritatik bizi ziren galdamestarrak, baina gaur egun gutxi dira horretan dihardutenak. Izan ere, azken urteotan erakundeek enpresa berrien sorkuntza sustatu dute eta baita kare harri harrobiaren ustiaketa ere.

Meatzaldeko arrastoez gain, Arenatzako kobazuloak ere badaude bertan. Magdaleniense garaiko margoak gordetzen dituzte, besteak beste. Erromatarren aztarnak ere aurkitu dituzte. Baina begiluzeen zoritxarrerako, kobazuloa ez dago zabalik.

Ganboatarren Loizagako dorreak merezi du bisita egitea. Tximistak erre zuen dorre zaharra eta bere gainean eraiki zuten berria. Gaur egun Rolls Royce erakusketa dago bertan. Munduko kolekzio pribatu garrantzitsuenetakoa omen da.

Sopuerta

Besteak beste kaltzinazio labeak aurkituko ditugu bertako Castaño auzoan. Burdinean aberats ziren mineralak amaitu zirenean, kalitate baxuko karbonatoak erabiltzen hasi ziren eta hortik datoz XIX. mende amaierako labe hauek: 900°C azpitik berotzen zituzten mineralak eta horrela anhidrido karbonikoa desagertzen zen, burdina %30ean gehituz. 1956 eta 1961 artean eraiki zituzten bi labeok monumentu artistiko izendatu dituzte.

Sopuertan ere, meatzaldeko arrastoez gain, badago zer ikusia. Bertan dago Abellanedako juntetxea, Enkarterriko museo bihurtua. Edota erromatarren garaiko galtzada.

Güeñes

Gure bidea Gueñesen amaituko dugu. Kadagua ibaiak zeharkatzen duen haran estuean dago kokatua eta mendiz inguratua egonik, gorabehera handiko lekua da.

Kadagua Enkarterriko ibairik nagusiena izateaz gain, garraiobide naturala ere izan da. 1880. urtearen inguruan Bizkaiko burgesiak etapa berriari ekin zion Jaurerriaren industrializazio prozesuan. Garai horretan sortu ziren industria-trenak ere, eta horietako hiruk eragin handia eta zuzena izan zuten Gueñesen: La Robla-Balmasedako Hullera trenbidea, Bübo eta Santander arteko trenbidea eta, batez ere Kadaguako trenbidea. Azken bi horiek bereziki Kadagua haranerako ziren eta Peña Kabargako meategiak Labe Garaiekin eta karga-lekuekin lotzeko egin zituzten. Bide beretik, trenbide horiei esker, Zaramillo eta Saratxoko meategien ustiapena errentagarria izan zen.

Enkarterriko hainbat lekutan moduan, meatzarien arrastoak bakarrik ez, indianoen arrastoak ere ugariak dira. Horren adibide da Gueñeseko udaletxea bera.

Abanto-Zierbenako Meatzaritza museoa

Meatzaritza museoaren helburuetariko bat meatzaritzaren industriak utzitako ondarea babestea da eta bildutako ondarea ikusgai dugu museoan.

Bizkaiko meategi zaharretako materiala eta dokumentazioa biltzeko sortu zen elkartea 1986an, boluntarioek osatua.

Helbidea: Abanto-Zierbenako hiltegi zaharra (meatzearen ondoan).
Telefonoa: 94 636 04 60 / 94 636 36 82
E-posta: informacion@museominero.net
Web orria: www.museominero.net

Harri zulatzaileak
Hainbat herri kirol lanetik sortu zirenez, euskal meatzetan sortu ziren harri zulatzaileak.
Harriak apurtzeko dinamita jarri behar zen harrian bertan eta horretarako harria zulatu beharra zegoen. Lan horretarako barrena erabiltzen zuten: zuloak egiteko metalezko erreminta. Barra luze honek mutur bat prestatuta dauka ebakitzeko.
Kolpeka zulatu behar da harria eta denbora tarte batean zulorik gehien egiten duenak irabazten du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Meatzarien grebak
2021-07-23
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Fernando Montenegro, Muskizeko zinegotziari elkarrizketa
Fernando Montenegrorekin berbetan
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Bizkaian badira bi lurralde (bakarra ote?) beste guztiek baino askoz ezezagunagoak eta baztertuagoak daudenak: Enkarterria... [+]



2021-07-19 | Maria Gonzalez
Meatzeen museo bizia
Burdinaren ustiapenak izena eman zion Meatzaldeari. Trapagaran, Ortuella, Abanto, Muskiz eta Zierbenaren historia abiarazi zuen mineralak. Oroimen historikoa berreskuratu nahian dabil Gallarta auzoa (Abanto). Kontxa II izeneko meatzearen ondoan dago orain Meatzaritzaren Museoa.

Trapagaran (Bizkaia)
Burdin goseak zauriz bete zuen mendia

“Arrakalatuta utzi digute hegazkinek zerua”, abesten zuen Txuma Murugarrenek. Eta, horixe bera pentsatu dut Larreineta funikularretik jaitsi eta Zugaztietara (Arboledara) bidean: arrakalatuta utzi ziguten meatzariek Trianoko mendi gaina, Peñas Negras... [+]


Anarkismoa Euskal Herrian
130 urteko historia gorabeheratsua

Euskal anarkismoaren mugimendua aurrera atera zuten pertsonaiak eta eztabaidak aztertu ditu Juantxo Estebaranzek bere azken liburuan: Breve historia del anarquismo vasco (Txertoa 2011). Historia horren errepasoa egin dugu, egilearen beraren laguntzarekin.


2011-07-12 | Josu Chueca
SOVtik ELAra
Sindikatu abertzalearen metamorfosia

1911ko uztailean sortu zen Solidaridad de Obreros Vascos, egun Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) izenarekin ezagutzen dena. Sabino Aranaren ideien altzoan sortutako sindikatuak klase sozialen arteko elkarrizketa predikatzen zuen eta sozialismoa deitoratu. Aldiz, orain,... [+]


2008-04-28 | Daniel Udalaitz
Maiatzaren lehena Euskal Herrian
Meatzarien 1890eko maiatza
Etxebizitza duinaren eta zortzi orduko lanaldiaren aldeko lehenengo greba historikoa 1890ean egin zen Euskal Herrian, Bizkaiko meatzetan. Grebaren erdigunea Trapagarango Zugaztieta auzoa izan zen eta handik Ezkerralde osora hedatu zen. Gobernuak “gerra egoera”... [+]

2008-01-08 | Unai Cuevas
Larreineta eta Zugaztieta (Bizkaia)
Meatzarien ordez, txangozaleak
Zugaztieta, meatzaritzaren erdigune izandako eremuak, itxuraldaketa nabarmena jasan du azken hamarkadetan. XX. mendearen lehen erdialdean meatzarien pikotxek eta antzeko lanabesek lehentasuna bazuten ere, gaur egun mendizale eta ibiltarien amu bihurtu da.

2003-05-01
Langileek euren aldarrikapenak ozen entzunarazten dituzten eguna

Jon Torner jontorner@argia.eus
1889az geroztik, maiatzaren 1ean munduko langileria kalera atera ohi da bere aldarrikapenak entzunarazteko. Urte hartan II. Internazionalak egun hau Langileen Nazioarteko Eguna izendatu zuen eta urtez urte, maiatzaren lehena iristean... [+]


Eguneraketa berriak daude