Zuzeneko emanaldi batez gozatzera goazenean, musikariek erakutsi duten indarraz, publikoarekin lortutako konexioaz, gehien gustatu zaizkigun nahiz entzun ez ditugun abestiez, soinuaren kalitateaz eta abarrez hitz egin ohi dugu. Azkenaldian, zuzenekoei buruzko tertuliatan sarreren prezioak ere sarri izan dira hizpide. Musikaren munduan diharduen lagun ugarik sarri merkeegiak direla aitortzen du, doakoez ez mintzatzearren. Batzuek, prezioen kontua nolabaiteko normaltasunez ikusten duten arren, beste batzuek kalte handia egiten duela uste dute. Iritzi horretakoak dira, adibidez, Jabier Andiarena eta Jose Angel Serrano, Matxitxa eta Serrano management enpresetako zuzendariak. Andiarenaren hitzetan, Euskal Herrian sarrerak "gutxietsi" egiten dira. Adierazi digunez, Madrilen, Bartzelonan edo Valentzian kontzertu bat antolatuz gero ez duzu arazorik hemen baino bi edo hiru bider gehiago kobratzeko: "Hogei urte pasa ditugu sarrerak igo gabe, gastuak gorantz doazen bitartean; orain hori aldatzen ari gara eta jendea kexatu egiten da. Garestiak? Berri Txarrak taldearen kontzertuak 8-10 eurotan jarri izan ditugu eta sarrerak agortu egiten dira... Lauzpabost garagardo besterik ez dira!".
Jose Angel Serranok ere etsipenez begiratzen dio kanpoko panoramari: "Uneotan, Europako prezioetara gehien hurbiltzen dena Bartzelona da, inola ere ez Bilbo. Batzuetan aldea hain da handia beldurra ematen duela. Zergatik? Sarreren prezioak ez baditugu gutxi gorabehera Europako prezioan jartzen, ezingo dugu kanpotik hainbat talde ekarri". Taldeek katxe bat izan ohi dute, eta horrez gain, leihatilan jasotako diruaren ehuneko jakin bat kobra dezakete. Serranoren hitzetan, leihatilan jasotako diruarekin musikariek eskatzen duten kopurua lortzerik ez badaukazu, bertan jotzeari uko egingo diote. Kontzertuak garestiegiak direla entzuten duenean, sutan jartzen omen da: "Nire ustez, kontzertu bat garestia dela esaten denean eta, aldiz, futbol partida baterako 60 euro ordaintzen direnean, zerbaitek huts egiten du. Semea San Mamesera eramatea arbitroari 'putakume' deitzera... Herriaz hitz egiten ahoa betetzen zaigu, baina gure kultur maila den bezalakoa da".
Gaiari buruz Iñigo Muguruzak duen iritzia ere ezagutu nahi izan dugu. Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta orain Sagarroi taldearekin makina bat kontzertu eskaini du hogei urtean. Musikari irundarrak dioenez konturatu dira jendea edozein prezio -10 euro- ordaintzeko prest ez dagoela. Bere iritziz, "jendea gaizki ohituta dago". Errua, neurri batean, musikariena da: "Jaietan-eta jendeak ez dauka gure kontzertuaz gozatzeko ordaindu beharrik eta ez du gure lana behar bezainbeste baloratzen. Diskoekin gauza bera gertatzen da. CD birjinak euro bat balio du eta erosleek pentsatzen dute hori dela bere balioa". Iñigok, hala ere, publikoaren jarrera ulertzen duela dio. "Nire ustez, zinema aretoetan ate txiki bat jarriz gero eta hortik ezkutuan pasatzea posible balitz, jende asko, batez ere gazteak, handik sartuko lirateke. Hori gertatu zen Banda Bassottirekin batera Usurbilen eskaini genuen kontzertuan. Jendea ordaindu gabe sartu zen". Internetez diskoak jaisteko programen eta top mantaren eraginaz ere mintzo da Iñigo: "Gutxiago ordaintzea posible bada, gutxiago ordainduko duzu. Hori normala da". Horren aurrean, talde bakoitzak bere hautua egin dezakeela dio. Batzuek jaietan bakarrik jotzea erabaki dezakete eta beste batzuek batez ere aretoetan aritzea. "Baina hori ez da komeni edo ez dugu nahi. Berri Txarrak bezalako talde batek adibidez horren aldeko apustua egin dezake. Guk ez. Guri jaietan jotzea gustatzen zaigu, sekulako giroa sortu eta jendea dantzan jartzea".
Musikarien lana baloratzen al da?
Batzuetan musikarion lana merezi bezala baloratzen ez den arren, kontzertuak antolatzen dituzten jai batzordeak euren ahaleginaz geroz eta kontzienteago direla esan digu Iñigo Muguruzak. Hogei urtean dezente aurreratu omen da, bereziki azpiegiturei dagokienez: eszenatokia, argiak, soinu ekipoak... Andiarenak azaldu digunez, antolatzaileek eta publikoak kontuan izan behar dute kontzertuetan, taldekideez gain, beste dozena erdi lagunek egiten dutela lan, eta hori finantzatu egin behar dela. Bestalde, Ibai Villapún Last Tour International enpresako prentsa eta komunikazio arduradunaren iritziz, promotoreen lana musikariena baino gutxiago estimatzen du jendeak. Last Tour International Bilboko eta Gasteizko Azkena aretoetako kudeaketaz, Fito y Fitipaldis eta Loquillo y Trogloditas taldeen kontratazio eta bestelako lanez eta Azkena Rock Festival jaialdia antolatzeaz arduratzen da, besteak beste. Villapúnek adierazi digunez, eurak ezin dira kexatu, jaialdietan "publiko bikaina" izan dutelako eta gehienetan laudorioak entzuten dituztelako. Hala ere, zera erantsi du: "Egia da askotan kritikak egiten dizkigutenean, jendeak ezjakintasunagatik egiten dituela, atzean zenbat esfortzu eta lan dagoen jakin gabe". Salneurriei dagokienez, ahalik eta merkeen jartzen saiatzen direla ziurtatu du. Adibide gisa, Azkena Rock jaialdian hogeita bost talde izan ziren eta bi eguneko bonoak 75 euro balio zuen. Taldeek kobratzen dutenaz, bestalde, honakoa esan digu: "Gure enpresak beti jarri ditu ahalik eta salneurri merkeenak. Beste musikariek gehiegi kobratzen duten ala ez, hori ez da gure kontua. Ez gara hor sartuko. Gure artistek (Fitok eta Loquillok) merezi dutena kobratzen dute, argi eta garbi". Sagarroi taldeak kobratzen duenari dagokionez, beraiek "katxe bat" dutela esan digu Iñigo Muguruzak, baina malgutasunez jokatu ohi dutela. Txosnetan jo behar dutenean, esaterako, gutxiago kobratzen dute.
Aurreko hiruak baino askoz kritikoago agertu da Jose Angel Serrano. Erantzun aurretik politikoki zuzena ez den zerbait esango digula aitortu du. Dioenez, ez du begi onez ikusten talde batek urtean hogei emanaldi eskaintzen dituenean, kontzertuko 4.000, 5.000 edo 6.000 euro kobratzen dituelako antolatzaileak kexu agertzea. Gainera, jendeak sarri zera esaten omen du: "Musikariak diru kopuru honen truke jotzeko prest ez badaude, egin dezatela lan beste zerbaitetan". Bere iritziz, hori aukera bat da, baina hala egiten badute, musikaririk gabe, memoriarik gabe, geratuko garela dio. Honetan guztian militantziak jokatzen duen paperaz hitz egitean ere haserre antzean nabari zaio: "Edozein ekimenen alde dirua lortzeko kontzertuetan, musikariari doan jotzeko eskatzen zaio. 'Doan' diodanean, 4.000 euroz ari naiz, esate baterako. Eta gainera, baita bere aldetik publikoak baino ahalegin handiagoa egin dezala ere. Kaleko jendeari 'zatoz kontzertura eta eman 10 euro' esaten zaio; musikariari, berriz, 'etorri doan jotzera'. Militantzia norabide bakarrekoa da". Onartzen du, dena den, orain gutxiago gertatzen dela hori.
Halaber, musikatik oso talde gutxi bizi direla aipatu du Serranok, logikoa hori izan beharko litzatekeen arren. Andiarenak ere gauza bera esan digu. Matxitxarekin lan egiten duten taldeetatik, adibidez, soilik hiru dira profesionalak: Berri Txarrak, Su Ta Gar eta Rafa Rueda. Iñigo Muguruzak ere, bizitza aurrera ateratzeko, diskoak grabatu eta kontzertuak eskaintzeaz gain musikariak beste lan batzuk egin behar dituela adierazi digu. Bera, esaterako, Irungo Musika Eskolan ari da irakasle.
Talde gehiago eta ikusle gutxiago
Azken urteotan kontzertuak eskaintzeko aukerei eta publikoari dagokienez beherakadarik sumatu duten ere galdetu diegu elkarrizketatuei. Ibai Villapúnek adierazi digunez, urte guztietan izaten dira bolada txarragoak eta hobeak. Iragan udaberrian, esaterako, Bilboko Azkena aretoko kontzertuetan jende gutxi samar bildu zen, "agian emanaldi gehiegi programatu zirelako". Horren inguruan gogoeta egin eta denboraldi berriaren hasierarekin kontzertu kopurua jaitsi dute. Jabier Andiarena ezkorrago ageri da: "Azken urteetan eszena asko aldatu da. Talde asko sortu dira, pastel bera talde askoren artean banatu behar dute. Jotzea zailagoa da. Aspaldi, edozein talde hasiberrirekin urtean 40 kontzertu antolatzen genituen. Orain ezin dugu hori egin. Lehen musikari gutxi zegoen, eta entzule asko. Orain, ia-ia gehiago dira musikariak". Dioenez, gaur egun, okerrago edo hobeto, baina edozeinek jotzen du gitarra. Hori, batetik, ona da, sekulako harrobia sortzen duelako. Bestetik, ordea, eszenaren saturazioa dakar. Iñigo Muguruzak dioenez, arrazoi osoarekin kexatzen gara kontzertuetara geroz eta jende gutxiago doala esatean. Serranok ere hori nabaritu duela adierazi digu, baina urteen poderioz hainbat gauzek aurrera egin dutela ere aitortu du. Azpiegiturari eta zuzenekoetan lan egiten duten teknikariei dagokienez, urrats handiak eman dira. "Duela hogei urte, guk genituen hainbat taldek gurdietan, kamioietan eta bidoi eta oholekin eginiko eszenatokietan jotzen zuten", diosku.
Gizartearen tendentziek kalte egiten dute
Aisialdi ohiturek publikoaren beherakadarekin harremanik badutela uste dute Andiarenak eta Serranok. Aurrenekoaren hitzetan, lehen mendira joan, irakurri edo musika entzuten genuen eta orain Internet, Play Stationak eta askoz gauza gehiago ditugu. Serranok, bestalde, atsekabez ikusten ditu gazteen artean indar handia hartu duten botilatzarra bezalako fenomenoak: "Ezer ez dagoenean, alternatibak bilatzen dituzu. Nire ustez, botilatzarra alternatiba bat da. Errua guztiok dugu. Instituzioek ez dute gazteen behar batzuk asetzen jakin eta musika taldeek ere ez dute publiko horrek eskatzen duena eman. Ez dut uste Europa guztian hala gertatzen denik. Hemen, bi urteko haurra gurasoekin tabernara doa. Ez dut gaizki dagoenik esaten, baina beste leku batzuetan umea gurasoekin kontzertuak ikustera joan ohi da".
Halaber, kontzertuez gozatzera doazenek duela urte batzuk ez bezalako jarrera erakusten dutela adierazi digu Serranok. Bere ustez, "musika eta errebindikazioa estuki lotuta daude eta errebindikazioa jaistean -bizi kalitatea igotzen delako- kontzertuak ikusteko eta musika sortzeko beste modu bat nagusitzen da". Duela 20-30 urteko egoera guztiz desberdina zen, kalitatearen kalterako: "Lehen, zer esaten zen garrantzitsuagoa zen nola esaten zen baino. Orain, aldiz, mezua bera baino, hura nola apaintzen duzun garrantzitsuagoa da".
Iñigo Muguruzak dioenez, kontzertuetan publikoak naturalago jokatzen du, lehen bezala hainbat lagun mozkorturik azaltzen diren arren. Aitortu digunez, zonaldeen artean bada alderik: "Hainbat lekutan, kanta bat amaitu eta puntuazioa atera beharko balizute bezala geratzen dira ikusleak". Hori azaltzeko bere ezagun baten teoriaz hitz egin digu: "Hark dioenez, Frantziako iraultzarekin eliz-konpainia askok, erlijioso gehiegik, pasa zuten muga. Gipuzkoan hori nabaritzen da eta aldentzen zoazen heinean, gutxiago sumatzen da". Joxe Ripiauren garaietan, bestalde, kontzertua goizeko ordu bata baino lehen hasiz gero inor ez zela mugitzen esan digu Iñigok. Seinalea (bonbo kolpeak) hiruak aldera ematean, ordea, jendea dantzan hasten zen. "Orduan hausten genituen jendearen defentsak". Ibai Villapúnek ere kontzertua noiz antolatzen den eraginik baduela uste du: "Astean zehar publikoa asteburuetan baino lasaixeago egoten da, hurrengo egunean lanera joan behar du-eta".
Amaitzeko, zuzenekoak aitzakiatzat hartuta, musika taldeen arteko errelebo ezaz ohartarazi gaitu Serranok. Dioenez, oro har, azkenaldian sortu diren taldeetatik oso gutxik dute duela hamar urte baino gehiago jaiotakoen indarra. Izan ere, jende gehien Bruce Springsteen, Rolling Stones edota U2ren kontzertuetan biltzen da. Euskal Herrian gauza bera gertatzen dela dio: "Bakarlariei dagokienez hogei urteko gazteen erreferentzia nagusiak Benito Lertxundi eta Mikel Laboa dira eta rockaren esparruan, talde indartsuak dauden arren -Ken 7 edo Berri Txarrak, besteak beste-, Su Ta Gar, Soziedad Alkoholikak eta beste estilo batean Garik puntan jarraitzea kezkatzeko modukoa da». Hori bai, taldeok dauden lekuan merezimendu osoz daudela nabarmendu du Serranok.