Jose Antonio Ardanza: «Inoiz ezin izan diot hartu gustua politikari»


2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Egin dezagun 25-30 urte atzera eta Arrasatera hurbildu. Emango zenizkidake garai hartako Arrasateko hiruzpalau zertzelada?
Asko sufritutako herria da Arrasate, politikan abertzale eta karlista artean banatuta egon zena. Ni Burgosko Auziaren bezperan iritsi nintzen Arrasatera eta indar handiko herria zen bai ekonomikoki, politikoki eta sozialki. Orduan hasi nintzen Arrasate sakonki ezagutzen, baina bestela ere ezagutzen nuen, gazteagotan Elorriotik festetara-eta joaten ginelako.

Trantsizio ondorengo Arrasateko lehen alkatea izan zinen, 1979an, baina aurretik Alkateen Mugimendua aritu zen indarrez.
Bai hor ere aritu nintzen eta lehen udal hauteskundeetan EAJk ni proposatu ninduen alkate izateko. Nik hasieran ez nuen nahi, Arrasate barru-barrutik ezagutzen ez nuelako, baina estutu ninduten eta onartu nuen. EAJk gehiengo osoa lortu zuen hauteskundeetan, 21 zinegotzitik 11, PSOEk 3, HB-ESBk 4, EEk 2 eta EMK-k 1.

Garai hartaz aipatu izan duzu gogorra izan zela, etxeraino joaten zitzaizula jendea builaka.
Ilusio eta borondate handiarekin sartu nintzen, baina esperientzia barik. Udaletxea zerbitzu emailea zela kontuan hartu eta nik enpresa bat kudeatzea moduan planteatu nuen hura, hori banekien egiten eta. Zor handia zuen udalak eta pentsatu nuen ez zela samurra izango hori kudeatzea, baina alde horretatik ez nuen arazorik izan, arazoak bestelakoak ziren. Esperientzia oso gogorra izan zen: ETAren jarduera, hildakoak, justifikazioak osoko bilkuretan, istiluak... "Ardanza, vas a conocer el plomo" esan zidan behin gazte batek bilkura batetik ateratzean. Halako jendeari aurre egiten nion eta horrek egoera gogorrak ekartzen zizkidan. Manifestazioak ere bata bestearen atzetik izaten ziren, eta gogoan dut barrikadak kentzera neu joaten nintzela, eskularruak jarri eta aurrera, udaltzainak ausartzen ez zirelako. Berdin eguneroko ohiko kudeaketa kontu askorekin, neuk eta zinegotziek egin behar izaten genituen gaur egun teknikoek egiten dituzten lan ugari.

Gero Gipuzkoako diputatu nagusi izendatu zintuzten, 1983an, eta berehala Jaurlaritzako lehendakaritzarako jauzia egin zenuen, EAJren krisiaren bete-betean.
Alkatetzako lana bukatu ondoren nik Lankide Aurrezkira [egungo Euskadiko Kutxa] itzuli nahi nuen, baina alderditik etorri zitzaizkidan Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrenda buru joateko eske. Nik ezetz. Alderdikideek, hori ez bazen hurrengoan beste zerbait izan beharko zuela, eta horrela eskatu zitzaidan foru hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrenda buru gisa joatea. Irabazi genuen eta diputatu nagusi bilakatu nintzen 1983ko maiatzean. Diputaziokoa beste gauza bat zen: antolaketa, dirua, azpiegitura, profesionaltasuna... Askoz hobeto ibili nintzen, esperientzia politiko gisa denetatik lasaiena eta erosoena izan da.

Eta 1985eko urtarrilean Jaurlaritzako lehendakaritzara. Bi urtetan jauzi itzela eta gainera EAJren gatazkaren erdigunean zinen. Emazteak ere ez ei zuen oso begi onez ikusi erabakia.
Ni alderdikide baino, batez ere abertzale eta demokrata izan naiz. Jakina, lanabes egokiena behar duzu zure herria ahalik eta egokien zerbitzatzeko, eta hori EAJ zen. Orduan bizi izan genuen EAJko gatazka eta hura frustrazio itzela izan zen niretzat. Horren harira zera esan zidan andreak: "Bada, erraza duzu, tresna horrekin frustrazioa baduzu, utzi tresna eta kito", eta nik, "bai andre, baina ez dut tresna egokiagorik ikusten, beraz, hasi beharko dugu berriz tresna nola konpondu pentsatzen".

Kooperatibak ez ziren nahiko tresna?
Ekonomiaren ikuspegitik bai, baina hori arlo bat besterik ez da. 84ko irailean hasi zen ofizialki alderdiko krisia eta, egia esan, telebistaren bitartez ohartu nintzen oso konprometitua nengoela. Zarautzen alderdiaren jardunaldi batzuk izan ziren eta hauen amaieran, bozeramaile bat atera zen telebistan lehendakaritzaren arazoaz hitz egiten. Galdetu zioten Garaikoetxearen ordezkoa nor izan zitekeen eta hark, beste izen batzuen artean nirea ere bota zuen, eta andrea eta ni etxean hori guztia telebistatik jarraitzen. A zelako ezustekoa! Niretzat drama bat izan zen hura guztia.

Eta orduan zergatik eman zenuen baiezkoa?
Abertzale nintzelako, bestela niretzat askoz erosoagoa izango zen kooperatiben mundura itzultzea eta listo. Boterearen erotika, gero gustatu egingo zitzaidala... lelokeriak. Egin nezakeela demostratu nahi nuen eta hori egin dudala uste dut. Handik urte dezentera, nik bizkarreratutako arazo guztiak nahiko konponduta utzi nituela uste nuenean, zera esan nien alderdian, "ni banoa", "baina nola bazoazela, ezin zara joan...", "baina zer uste duzue zuek -erantzun nien- ipurdia loctite-rekin dudala itsatsia jarlekura, ala? Ez dut inoiz eduki, eta nirea bukatzean banoa". Eta joan egin nintzen. Inoiz ezin izan diot hartu gustua politikari. Sakrifizio itzela eskatzen du. Emazteak behin baino gehiagotan esan dit nirekin bizitzea oso gogorra izan dela.

Bada 14 urte izan zinen lehendakaritzan.
Hasieratik neukan argi, behin lehendakaritzari helduta ezin nuela edozein unetan trena makinista barik utzi. Onartu aurretik ikusi behar zen zelako bilerak izan nituen EBBrekin, goizeko zazpiak arteko bilerak, nik ezetz eta ezetz, ez nuela sinesten lehendakari izateko beste inor ez zegoenik, eta EBBk nik izan behar nuela eta onartu ezean proposamen hura eramango zutela Batzar Nagusira eta esateko ezetz batzarrari. Gauzak nola egiten ari ziren ikusiz ez nengoen pozik, oso erreta nengoen eta negar egin nuen. Baietza esan behar izan nuen, eta andreari telefonoz deitu zioten esanaz nola izan zen hautaketa. EAJko parlamentari batzuek ez zuten nire alde egin lehendakaria hautatzeko bozketan, atera kontuak egoera nolakoa zen.
Herri mailan egoera ez zen txukunagoa: herria esperantza barik, dezepzio maila handia zen, enpresak hondoratzen ari ziren, inork ez zuen enpresari izan nahi -"el mejor patrón patrón colgado" esaten zen-, sindikatuen arteko lehia itzela zen, ETAren jarduna bere gogorrenean... Eta orduan esan nion nire buruari, "Jose Antonio, loteria hau egokitu zaizu eta aurrera egin behar duzu; hemen porrot egiten baduzu Lankide Aurrezkira itzuliko zara eta kito".

Boterea dela-eta, herritarrari gaitza egiten zaio sinestea ez duzuela hor egon nahi eta halakoak.
Badakit, baina nire kasuan hala da. Begira, 1986an ere, jadanik lehendakari nintzela eta alderdia guztiz apurtu zenean, kooperatibetatik etorri zitzaizkidan Arrasatera itzultzeko esanez eta Lankide Aurrezkiko zuzendari izatea eskainiz, Ormaetxea [Jose Maria] kargua uztear zegoelako. Hobeto biziko nintzatekeen, diru gehiago irabazi... baina konpromisoa hartua nuen eta eutsi beharra zegoen.

1998an zehar, su-etenaren aurretik, jadanik ikusten ziren gero etorriko zen egoeraren zantzu batzuk, alderdi abertzaleen elkarlan gune batzuk Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEk Jaurlaritza utzi zuen... Horrek guztiak eragina izan al zuen lehendakaritza uzteko?
Ez, begira, Gernikako Arbolaren azpian hirugarrengoz lehendakari gisa zin egin nuenean, bi zin egin nituen: bata lehendakari moduan eta bestea ez nintzela gehiago lehendakari izango. Ez dago beste azalpen arrarorik. Lizarra-Garaziko giro hura 1998ko irailean bertan sortu zen.

Baina Eusko Legebiltzarrean-eta eman ziren abertzaleen arteko zenbait bozketa bateratu, euskal selekzioa eta beste gai batzuk zirela medio.
Azalduko dizut zer gertatu zen garai hartan. 1996an PPk irabazi eta EAJ-PP ituna sinatu zen. Guk Jaurlaritzan PSOErekin jarraitu genuen. 1997an hausnarketa orokorra egin genuen Ajuria Eneko Mahaian, aldaketak etor zitezkeela ikusten zen eta gainera Mahaiaren jarduera ez zen egokia. Mahaiko alderdiek esan zidaten akordio orokor baterako zirriborroa prestatzeko eta orduan gertatu zen Miguel Angel Blancoren hilketa. Horren ondorioz hasi ziren gauza asko aldatzen eta lehenbiziz ikusi genituen herritarrak ETAren eta HBren aurka oldartzen.

Ezin daiteke gehitu "eta abertzaletasunaren aurka" ere bai?
Ez, une hartan oraindik ez, hori urteetara etorriko zen. Urte horretan itxi zuten Egin eta HBko Mahai Nazionala kartzelaratu, eta iragartzen zenaren aurka, Euskadik ez zuen surik hartu. Orduan konturatu ginen hemen gauzak aldatzen ari zirela. Orduan hasi zen Mahai Nazional berria, Arnaldo Otegi han ibiltzen zen Legebiltzarrean isil-isilik ea ingurukoekin harremanetan nola ekin asmatzen, erdi apestatuta zeuden eta. Giro horretan erabaki zuen ETAk armak uztea, erabaki hori ez zen 1998ko irailaren 18an hartu.

Su-etena emateaz ari zara, ezta, ez armak uzteaz?
Su-etena zen, baina mugarik gabeko su-etena; bestea, armak ematearena ez dut uste inoiz gertatuko denik, hori garaituarekiko jarrera umiliagarria da.

Irakurri izan dizut ETAk armak uztearena atzeraezineko erabakitzat zenuela. Egia esan, gehienok pentsatu genuen horrela izango zela.
Itxaron, azaltzen ari nintzen erabaki hori nire ustez noiz hartu zuen ETAk, eta hartu zuen, herriaren aurrean zuen prestigioa goitik behera galtzen ari zelako, eta halako mugimendu batentzat garrantzitsuena horixe da, hori galtzen baduzu ez duzu mantentzeko arrazoirik. HBren eremuan ere beldurra zegoen eta zinegotziak-eta dimititzen hasi ziren.

Zergatik ez zen atera aurrera zure izeneko plana?
Nire plana azken unean boikoteatu zuena PP izan zen, eta niretzat hori ezustekoa izan zen. PPk gogo handia zuen euskal politikan zero puntu bat jarri eta berriz hasteko, eta Ajuria Eneko Ituna apurtu ondoren, Jaime Mayor Oreja eta Nicolás Redondo Terreros elkarrekin hasi ziren. PSOE ere Jaurlaritzatik atera zen 98ko uda hasieran eta garbi ikusi zen bere bidea egin nahi zuela.

Eta EAJk ere beste bide bat egin nahi zuen, zure garaia agortzen ari zen eta garai berria zetorren. Zure garaian ibili izan ziren parametro batzuk atzean utzi eta berriak sortzen ari ziren. Etsipenik sortu al zizun horrek?
Ez, nik aurretik ikusten bainuen etortzen egoera berri hori. Lehendakaritzan 14 urte egon ondoren ondo ezagutzen duzu alderdi bakoitza eta une bakoitzean dituen beharrak, barne krisiak... Alderdiek bazekiten ni banindoala eta egoera berri horren aurrean eskuak libre nahi zituzten lasterketa berriari ekiteko. Gerora sarri hitz egin izan dut sozialistekin kontu hauei buruz, eta beraiek ere aitortzen dute gurekin apurtu behar zutela, bestela ezin zutela beraiek ziren moduan agertu gizartearen aurrean. ETAk ere, 1998ko uda aurretik adierazia zigun bake biderako konpromisoa hartzeko baldintzak zeintzuk ziren, gu ez ginen ados eta orduan bidali genien gure erantzuna, haiek bidalitako paper berberaren atzeko aldean. Oporren ostean, irailaren 7-8an edo, bitartekari batek proposamen bat ekarri zigun: EBBk ikusi zuen, HBk ere bai, eta hor bide bat egon zitekeela antzeman genuen... berehala etorri zen Lizarra-Garaziko Akordioa eta egun batzuk geroago su-etena. Egoera berrian frentismoa nagusitu zen.

Lehendakaritza utzi zenuen eta itzalera pasatu, baina bazirudien alderdiaren aldetik halako bazterketa bat ere bazegoela, kanpotik ikusita halako inpresioa ematen zuen.
Ez dut uste hala izan denik. Ni aspertuta nago han eta hemen esaten ni politikari berezia izan naizela, ez dudala bokazio politikorik eta politikaria izan banaiz abertzale naizelako izan dela. Nire garaiaren ondorengo egoera gehiago edo gutxiago gustatuko zitzaidan, baina ni leiala izan naiz, nire buruarekin, Ibarretxe lehendakariarekin eta baita alderdiko beste politikari batzuekin ere. Ez dut gustuko alderdiko kontuez publikoki hitz egitea, esandakoak bakoitzak bere modura interpretatuko dituelako handik edo hemendik zirikatzeko. Horregatik hitz egiten dut oso gutxi publikoki. Nik ez nuen egin Aznarrek orain egin duen moduan, dabilen moduan ez baitakizu nork agintzen duen, berak edo Rajoik. Inoiz ez nuen uste lehendakaria izango nintzenik, garai hori bukatu zen, orain oso eroso sentitzen naiz nagoen moduan eta kito, nik ez dut ezer nahastuko.

Erabakitzeko eskubidea eta ituna, hori da indartsu dabilen formuletakoa. Zure sasoian ere itunak garrantzi handia izan zuen. Zelan ulertzen duzu zuk ituna?
Horri erantzun aurretik, besteak beste jakin beharko dugu ituna zertarako nahi dugun, bestela ez digu balio izango. Ituna egin behar da normalizazio politikoa eta bakea lortzeko. Ajuria Eneko Itunak ere hori zioen bere tituluan: "Bakea eta normalizazio politikorako Ajuria Eneko Ituna". Beti gabiltza gauza berdintsuen inguruan. Hara, ez dira bakea eta normalizazioa nahastu behar. Bakea lortzeko zer egin behar da? Kongresuak duela hilabete batzuk onartu zuen ETArekin berba egiteko aukera, eta Ajuria Eneko Ituneko 10. puntuak ere horixe zioen, armak utziz gero ETArekin berba egingo zela. Hemengo arazo politikoari dagokionez, hori abertzale garenok bakarrik ikusten dugu. Beraz, abertzaleen eta ez abertzaleen arteko ituna behar dugu, denok baikara herri honetakoak. Ondoren, Madrilekin egin beharko dugu bigarren akordioa.

Madrilekiko ituna dela eta, ikusten ari gara itunean maisu diren katalanak nola dabiltzan.
Hori dela eta, nik zera esan nien Joaquin Almunia eta Aznarri: "Bermatu behar duzue guk Euskadin onartzen duguna gero zuek onartuko duzuela, bestela honek ez du zentzurik". Erantzuna honakoa izan zen: "Bai, baina mahai horretan agian abertzale zaretenak gehiengoa izan dezakezue eta gure gustukoa ez den akordioa atera". "Bada orduan -erantzuten nien nik- hor dugu bene-benetako arazo politikoa".

Benetako arazoa, beraz, subjektuaren erabaki gaitasuna da.
Jakina. Baina ETA dagoen bitartean ez dago ezer egiterik, ezta hemengoen artean ere. Madrilek arrazoi demokratikorik ez duenean ETAren aitzakia ateratzen du, horregatik esan diot hainbestetan ETAri behingoz bere jarduera uzteko.

Katalunian ez dago ETAren aitzakiarik.
Badakit, duela hamar urte ere hori argi nuen. Baina hemen ETA dagoen artean ez dago katalanek gaur egun bizi duten eszenatokira pasatzerik. Noski, ez da berdina Madrilera Legebiltzarraren %50arekin joatea edo %90arekin. Eta hor da gure arazoa, euskaldunon artean dugun banaketa. Beraz, behin ETA erditik kenduta, hemen akordio bat lortzen badugu, horrekin joango gara Madrilera, eta akordiorik ez bada, demokrazian botoetara jo behar da.

Eta zelan ikusten dituzu bi plano horiek gaur egun, bai hemengo akordioa, eta baita Madrilekin lortu beharrekoa?
Biak oso zail ikusten ditut. Abertzaleen artean nahiko erraza litzateke marko bat osatzea, eta euskaldun-espainiarren artean beste bat ere bai, baina bi horien artekoa oraindik zail dago. Estatutik markoa Konstituzioan dagoela esaten zaigu, eta guk esan dezakegu prest gaudela hori onartzeko, baldin eta Konstituzioa aldagarria bada. Beraz, guk hemen lortutako akordioaren ondorioz Konstituzioa aldatu behar bada, aldatu egin behar da, bestela abertzaleok esan beharko dugu Konstituzio hori ez genuela onartu. Horrez gain, argi izan behar da itunak ez direla betirako, denbora baterako egiten dira, itun bat ez da dogma bat. Harrigarria da Europara begira zer burujabetza maila -aduanak, moneta...- utzi duen Espainiak Konstituzioa ukitu barik, eta nola ez diren gai barrura begira burujabetza kontuetan malguago jokatzeko hemengo arazo hau konpontzeko. Egungo prozesua ateratzea asko kostako da, badira kontraesanak baina giro ona ikusten dut. Sozialistak bide onean ikusten ditut, baina PP ez.

Zer gertatu behar da Urdaibaiko zure etxearekin?
Ideiarik ere ez dut, niregana oraindik inor ez delako zuzendu ezer esatera, eta hau esaten dudanean inork ez dit sinesten, baina horrela da. Nik ez dut etxe berririk egin, bat erosi nuen eta gero birgaitu, horretarako behar nituen baimen guztiak eskuratuz. Ez du ez hankarik ez bururik pentsatzea nire prestigio eta izaera guztia arriskuan jarri behar dudanik halako etxe batek metro bat gehiago, gutxiago edo dena delakoa izan dezan.

Baina Gautegiz-Arteagako udaleko eta Urdaibaiko Patronatuko teknikoen arabera etxearen birgaitze horretan badira irregulartasunak.
Udaletxeko arkitektoak esan zuen berak ez zuela ezer berezirik ikusten eta zerbait izatekotan modu errazean konpontzeko modukoa zela. Patronatukoaren ustez baziren irregulartasunak. Udalak esan dio Patronatuari irregulartasunak ikusten baditu ekin diezaiola espedientearen bideari bere txostenekin, udalekoekin ez diola ekingo eta. Patronatuak erantzun dio hori udalaren eskumena dela. Hori da orain epaitegietan dagoena, bai orain bai etorkizunean, halako espedienteen irekierarako eskumena nori dagokion.

1998an MCCra itzultzeko tentaziorik?
«Tentazioa bakarrik ez, itzultzeko eskatu zidaten. Antonio Cancelok esan zidan berak bi urte barru MCCko lehendakaritza utzi behar zuela eta bere ustez ni nintzela postu horretarako pertsonarik egokiena. Nik esan nion urtebete sabatikoa behar nuela, eta gainera, baietz esanez gero edozeinek esan zezakeela lehendakaritzatik prestatu nuela nire egoitza berria. 2000. urtean hasiko ginela halakoez hitz egiten. Lehendakaritza utzi nuen unean niretzat lehendakari gisa jarraitzea zen errazena eta gaur egun ere agian oraindino lehendakari izango nintzen».

Nortasun agiria
Elorrion jaio zen 1941ean. Zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta gazte ekin zion politikan: EGIko zuzendaritzako kide izatera iritsi zen. Arrasatera 1969an iritsi zen, bertan Lankide Aurrezkian (egungo Euskadiko Kutxa) hasi zen lanean eta laster heldu zen zuzendaritza kontseilura. Frankismoan klandestinitatean ibilitakoa, Espainiako trantsizio garaian Alkateen Mugimenduan aritu zen eta gero frankismoaren ondorengo lehen udal hauteskundeetan iritsi zen Arrasateko alkatetzara, 1979an. Legealdi bat egin eta Gipuzkoako diputatu nagusi izatera iritsi zen 1983an. 1985eko urtarrilean, EAJren krisiaren gorrian, Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzara iritsi zen. 1986an, 1990ean eta 1994ko legealdietan EAJko hautagai gisa irabazita jarraitu zuen Ajuria Enean. 1999an eman zion lekukoa Ibarretxe lehendakariari eta gaur egun Euskalteleko lehendakari da.

Ardanza plana eta HB
«Nire hausnarketa aurkeztu nuenean onarpen maila handia izan zuen alderdien aldetik, baita HBren aldetik ere; publikoki ados ez zirela zioten baina, pribatuan onartzen zuten planean bideren batzuk ikusten zituztela. Orduan nire erantzuna, alderdiko jendea medio, zera izan zen: "Bada jarraitu dezatela publikoki ezetza ematen, eurak baietza esaten hasten badira, besteek ezetza esan beharko dute eta"


Azkenak
2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


Eguneraketa berriak daude