Welcome to Kurdistan of Iraq dio seinale batek, Iraken sartu bezain laster. Ekialde Hurbileko puntu beroenetakoa da hau: alanbrada nahiz zaintza dorreek basamortu paisaiarekin bat egiten dute, eta Jandarmak, polizi turkiarrak, oso miaketa sakonak egiten ditu bertan. Tigrisek marrazten du Turkia, Siria eta Iraken arteko muga, ibaiaren bi ertzetan kurduak soilik bizi badira ere. Kurduek estaturik gabeko nazio handiena osatzen dute; izan ere, Irak iparraldeko eskualde hau "Kurdis tan Handiaren" laurden bat baino ez da.
Turkiako Silopi herritik taxi bat hartu dut muga igarotzeko. Hasieran garestia zela pentsatu dut, baina sei ordu beranduago 30 dolar horiek huskeria iruditu zaizkit. Massud gidaria han-hemenka ibili da, askotan korrika, mugako hainbat lehiatilatan dokumentu nahiz zigiluak jasotzen. Bera bezalako beste gidari batzuekin topo egin dugu, denak burokrazi lanetan jo eta ke. Askotan, mugako soldaduren batek bizkor ditzake tramite luzeak, turkiar lira batzuen truke.
Massudek Zajo bakarrik bisitatu du atzerrian, beste aldeko lehen herria, baina bere pasaportearen arabera, makina bat aldiz. Egunero zeharkatzen du muga, eta pasaportea bi herrialdeen zigiluez josita dauka; egun bakoitzeko, eta alde bietatik, sarrera eta irteera bana.
Habur ibaiaren zubia igarotzean Iraken sartu naiz, baina ez dut ikusi herrialde hau ordezkatzen duen seinalerik. Kurduen bandera eraikinen pareta, masta, nahiz soldaduen uniformeetan ageri da.
Hiru kolore ditu: zuria, berdea eta gorria; erdian eguzki mitraikoa, kurduen antzinako jatorriaren oroipena.
Turkiako aldean ez bezala, hemen tea eskaini didate. Infusioak ederki lagunduko dit galdeketa luze bati erantzuteko: «Zertara zatoz Kurdistanera? Zein da zure lanbidea? Lagunik ba al duzu Kurdistanen?».
Honelako dezente izan dira, eta batzuetan galdera berari behin baino gehiagotan erantzun behar izan diot.
Nekatuegi nago. Turkiako aldean ordu gehiegi izan dira ilaran, eguzkipean, eta gainera ia gau beltza da. Nire galdetzailearen mesfidantza, alabaina, ulergarria da, ez baitira asko hona iristen diren turistak. Hau aurreikusita, ARGIAn idatzitako kurduen gaineko artikulu bat daramat, Armeniako kurduena hain zuzen ere.
-"Euskal kazetaria naiz eta kurduei buruz idazten dut"- aurkeztu diot nire burua. Eta funtzionatu du.
-Euskal Herritik delegazio bat etorri zen duela urte batzuk, eta lau autobus oparitu zizkion Kurdistango gobernuari- azaldu dit nire lagun berriak. Goierriko autobus ospetsuak ezagunak dira hemen ere, eta galdetzailea lasaitu da. Susmoa baino, jakin-mina adierazi du orain.
-Te gehiagorik nahi?- eskaini dit irribarretsu. Zergatik ez.
Handik gutxira, pasaportea bueltatzean, eskualde honetan hamaika aldiz entzungo dudan lehen Welcome to Kurdistan eskainiko dit. Azkenik.
«Kurdistango Manhattan»en
Dohuk oso kopapen estrategikoan dago. Gainbegirada batez, berau inguratzen duten bi mendi eta lakuaren babesagatik dela pentsa daiteke, baina badago beste faktore bat hain agerikoa ez dena: Irakeko iparrean muga pasabide bakarretik gertuen dagoen hiria da. Hemengo diru sarrerak, petrolioaren kontrabandoarenak batez ere, oso oparoak izan dira azken hamabost urteetan. Hortik datorkio, beraz, "Kurdistango Manhattana" izengoitia.
Hiri kanpoaldean Barzaniren estatua erraldoi bat dago. Turkian Ataturkekin gertatu antzera, hemengo lider tribalaren argazkia, edozein taberna, hotel, jatetxe, denda edo bulegotan ikusiko dut. Gehienetan kurduen sal u sapik janzkera tipikoaz agertzen da. Traje dotore batez, bestetan, turbante zuri-gorririk gabe, ikusiko dut.
Kristau auzoan, Irakeko supermerkatu luxuzkoena dago. Langileak uniformez jantzita doaz, eta bezero atzerritarrek, euren herrialdeetako etxetresna elektriko berak aurki ditzakete, burdin-detektagailua igaro ondoren. Dreamland izeneko jolas parkea ondoan dago, baita Dohukeko Unibertsitateko campusa ere. 1992an sortu zenetik, hainbat ingeniari, sendagile edota abokatuk, besteak beste, kurdueraz burutu dituzte euren ikasketak hemen.
Gutxi batzuen oparotasun ikurren ondoan, jende xumearenak ere begibistan daude. Nabarmenena sare elektrikoarena iruditu zait. Hemen norberak kable bat luzatzen du bere etxeko leihoetatik kaleko poste elektriko nagusietara. Self service erako sistema honek kableen "armiarma sare" erraldoiak sortu ditu. «Arazo bakarra -diote bertakoek- euria egiten duenean». Orduan, "armiarma sareak" txinpartaka hasten ei dira, ikus-entzunezko espektakulua eskainiz.
Slivan hotela Dohukeko kale zaratatsuenetako batean dago. Dena den, eraikinaren gaineko terrazatik, hiria eta bere inguruko mendien bista ederra dauka. Logelagatik 15 dolar ordaindu ditut, eta bere satelite telebistan ehunka kate ikus daitezke, telebista kurduak barne. MED TVk Alemaniatik emititzen du mundu osorako. Ankarako gobernua era askotara saiatu da kurdu guztientzat erreferentzia den emisioa mozten. Hori gutxi balitz, telebista ikuste hutsak atxiloketak eta torturak eragin ditu mugaren beste aldean.
Hoteleko langileak oso gazteak dira, gazteegiak esango nuke. Euren irudimen eroan CIAko agentetzat hartu naute.
Begi keinu batez, -No problem, America bashi (Amerika ongi)- esan didate, nire "lasaitasunerako". Izan ere, Irakeko Kurdistanen topatuko ditudan soldadu amerikarrek kurduen ongi etorri beroa jasoko dute.
Garbiketa zerbitzurik ba ote den asmatzeko gorriak ikusi ditut. CIAko agentearentzat ez legoke arazorik, kurdueraz edota arabieraz jakingo bailuke. Ni berriz, garbigailuaren hots eta mugimenduak antzezten saiatu naiz, alferrik. Zorionez gazte jator bat ingelesez zuzendu da nigana, laguntzeko prest.
Samer, Bagdadeko turista bat
Samerrek 24 urte ditu, eta Bagdadekoa da. Ez daki kurdueraz, baina arabieraz ziztu batean askatu du garbigailuaren korapiloa. Irakeko kurduen bigarren hizkuntza arabiera da, baina Samer erabat arrotz sentitzen da eskualde honetan.
Oso bidaia luzea izan da. Bagdadetik Kurdistango Erbil hirira hegaldi bat hartu dute bera eta bere emazteak. Irakeko Kurdistanean sartu bezain laster, peshmerga, edo soldadu kurduen kontrolak etengabeak dira. Biak arabiarrak direnez, milaka galdera gehi miaketa amaigabeak jasan behar izan dituzte honainoko bidean.
Bikoteak bost eguneko oporraldia igaroko du Dohuken. Bihar goizean Mazi supermerkatua ikustera joango dira, nahiz eta erosketak bazarrean egingo dituzten. Lakua ere bisitatzeko asmoa dute. Bagdaden ez bezala, paraje menditsu hauetan tenperatura jasangarria da uda partean. Irakeko hiriburuan, tenperatura 60 gradutara iritsi ohi da egun gogorrenetan, baina hau ez da neurketa ofiziala. 50 graduak gaindituz gero lan jarduera eten beharko litzateke, horregatik, gobernuak kontrolatutako termometroetan 49ko zifra ez da batere fidagarria.
Samer programatzailea da lanbidez, oso ona gainera. Microsoft konpainiak lanpostu bat eskaini zion Bagdadeko Gune Berdean, baina berak ez zuen zalantzarik izan AEBetako soldatari uko egiteko. Gune Berdearen ingurua erresistentziako frankotiratzailez josita dago, erraza da asmatzen zer gerta dakiokeen eremu honetan egunero sartzen den norbaiti. «AEBetako soldata guztiek ezingo lukete nire bizitza ordaindu», argitu dit, ia umoretsu.
«Amerikar tropak Bagdaden sartu zirenean kalera irten ginen harrera egitera -hasi da kontatzen-. Jendeak eurentzako kozinatzen zuen, eta soldaduak kasko nahiz balen kontrako txalekorik gabe ibiltzen ziren maiz. Egun, Saddamen garaietaz gogoratzen gara askotan, batez ere ura eta argindarra luxuzko produktuak bihurtzen direnean. Kurdistanen ez, gainontzeko eskualdeetan egoera asko okertu da», azaldu dit Samerrek.
Ingelesez bikain mintzo da, amerikar doinu zehatz batez. AEBetan denborarik igaro duen galdetu diodanean, bere erantzunarekin txundituta geratu naiz. Ez du inoiz Irakeko muga zeharkatu. «Lortzen baldin badut -jarraitu du- ez naiz inoiz bueltatuko».
Iraketik Iranera, Kurdistanetik atera gabe
Irango Kurdistanen sartzeko "Hamilton ibilbidea" aukeratu dut. Zagros mendikatean galtzen den errepide honek, australiar ingeniariaren izena hartu du. Bertakoek, segurtasunagatik gomendatu didate, baita zeharkatzen dituen paisaiengatik ere. Dohuketik ekialderantz joko dugu, beraz, autobus makal batean. Hemen barruan ere, Barzani "Anaia Handia", gidariaren gainetik begira daukagu. Ordu erdi pasatxon Ayn Sifni herrian gaude. Bere izen arabiarrak iturria esan nahi du, eta herritarrek diotenez, Noek hemen eraiki zuen bere arka. Egia ala ez, egun basamortua den honetan erlijio ezberdinetako kurduak bizi dira: yezidiak, edo kurduen antzinako erlijioa mantendu dutenak; suni musulmanak, eta kristau kurduak.
Judutar kurduak ere egon badaude, baina Iranera iritsi arte ez ditut topatuko.
Errepidea jarraituz Akra herrira iritsi gara. Bere etxe mailakatuak baino, deigarriagoa iruditu zait Saddam Husseinek eraikitako gotorlekua. Gaztelu erraldoi baten itxurakoa da, eta herriak ez bezala, ez du berreraikitzerik behar. Autobusa hemen gelditu da, eta aurrera jarraitzeko gidari bat beharko dut. Zorionez, bidaiakide batek bere lehengusuari deitu dio telefonoz. Handik gutxira Abdullah azaldu da Toyota furgoneta zurian; 40 dolarren truke, Irango mugaraino eramango nau.
Herritik atera bezain laster, sekulako auto-ilara ikusi dugu errepidearen alboan. Gidari guztiak kanpoan daude, gehienak kukubilko jarrita. Iraila hasieran eguzkiak gogoz jotzen du oraindik, eta autoen itzal txikia babesleku bakarra dute. Abdullahk ere, sei orduko ilara egin zuen atzo, bere autoaren depositoa betetzearren.
Zagros mendikatea bistan dugu jada. Ez da harritzekoa, bere gailur garaienek 4.000 metro baitituzte. Turkia, Irak eta Iranen arteko mugak mendi hauetan elkartzen badira ere, hemengo bailarak kontrabandista, gerlari nahiz nomaden esku daude, kurduen esku.
Hamilton errepideak ibaia jarraitzen du, eta Ali Beg arroila zoragarrian sartu gara, zigi-zagan. Pixka bat aurrerago, Abdullahk urjauzi baten ondoan gelditu du autoa. Ikuskizunaz gozatuko dugu, ondoko tabernako terrazan eserita. Gazteak uretan daude: mutilak bainujantziz, eta neskak arropaz, beloa burutik kendu gabe; helduak argazkiak ateratzen, urjauzia atzean dutela. Tokia benetan ikusgarria da. Samer eta emazteari asko gustatuko litzaieke, pentsatu dut.
Urjauzia atzean utzi, eta karreteratik maldan gora, Zagros mendikatearen gaineko bista geroz eta ederragoa da. Baina bat-batean, seinale batek eten du nire lilura. Minen arriskuaz ohartarazten duen horietako bat da. Izan ere, Iran-Irakeko gerra, Golkoko lehenengoa, eta herrialde honen hogei urteko ezegonkortasunaren ondorioz, minaz josita gelditu dira inguru zoragarri hauek. Mendi txango bat egiteko asmoa zeharo baztertuta gelditu da.
Mendi lepo batean gelditu gara. Jada Pirinshareko muga pasabidean gaude, eta beste aldean Jomeiniren irudi erraldoia ikus dezaket, datozen asteetako "Anaia Handia".
Eraikinetik berrehun bat metrora denda beltz batzuei erreparatu diet. Nomadak dira, eta euren abereekin mugitzen dira, bailaraz bailara. Bizimodu gogorra eta soila da, aldi berean. Ez dakite muga lerroetaz, eta banderen kolorea baino, bazkarena inporta zaie, hura baita euren biziraupenaren oinarria.
Espero bezala, oso harrera ona eskaini didate. Tea eta jogurta hartu ondoren, bidaia ona opa diogu elkarri. Honelako atsedena behar nuen, mugako errutina astunari berriro ekiteko.
Hamid Salihk, Dohuk-eko gobernadorea: «Ohituta gaude gure eskubideak ametsak izaten»
Irakeko Konstituzioaren zirriborroa aurkeztu zela eta, Hamid Salihk, Dohuk eskualdeko gobernadorearekin elkartu ginen bere bulegoan. Kurdistan eskualdeko egoeraz, eta egun haietan aurkeztu berri zen konstituzioaz hitz egiteko aprobetxatu genuen.
Zer esanahi izango luke Konstituzio honek Kurdistango eskualdearentzat?
Kurdistana estatu federala izango litzateke, Irak federal baten barruan. Guretzat independentzia lortzeko lehen urratsa da.
Independentzia al duzue azken helburu?
Turkiar, siriar, irakiar eta iraniarrek, denek Kurdistana daukate, baina kurduok ez, ordea. Momentuz amets bat baino ez da. Dena den, ohituta gaude gure eskubideak ametsak izaten.
Konstituzioak bakea ekarriko al luke?
Guretzako lagungarria litzateke. Hala ere, Kurdistanetik kanpo gerra zibilaz hitz egin behar da, eta konstituzioak ez du hau amaituko.
Irakeko Kurdistanean orokorrean egoera egonkorra da, baina Mosul eta Kirkuk oso hiri arriskutsuak dira oraindik. Zergatik gertatzen da hau?
Biak jatorriz hiri kurduak dira, baita petroleo gune handiak ere. Egun arabiar eta turkomandar asko daude bietan, eta hortik datorkigu ezegonkortasuna. Kurdistango Gobernuak ez du onartuko bi hiri hauen galera.
Nondik etorri da kurdua ez den populazioa?
Saddam Husseinek hiri hauen "arabiartzea" bultzatu zuen. Bertako familia kurdu askori etxea kendu eta etorri berriei eman zitzaien. Kirkuken bakarrik 200.000 kurdu kanporatu ziren. Egun, familia horiek euren etxeak berreskuratu nahi dituzte, eta eskubide osoa daukate.
AEBengandik jasotzen ari zareten laguntza ekonomiko nahiz militarrak ordaina izango du?
1992an Kurdistango eskualde osoa errautsetan zegoen, eta NBEaz gain, AEBek bakarrik lagundu ziguten. Azken hamar urteetan gobernu demokratiko bat eraiki dugu. Honekin batera, azpiegiturak, hezkuntza eta osasun sailak, bizi baldintzak orokorrean, izugarri hobetu dira. Dohuk oso herri txikia zen, baina gaur egun Irakeko hiririk aberatsena bilakatu da. AEBei asko zor diegu.
Irakeko inbasioa justifikagarria da, zure ustez?
AEBek beren burua babestu besterik ez dute egin. Saddam Hussein eta Al Qaedaren arteko lotura garbi ikusi da: Berlingo Irakeko enbaxadako ofizialek kontaktua izan zuten New Yorken, Irailak 11ko terroristekin. Bestalde, Al Zarkawiren presentzia honen froga garbia dugu.
Ez dezagun ahaztu Saddamek bazituela suntsipen handiko armak; gure kontra erabili zituen. 1988an Halabja hiria arma kimikoz bonbardatu zuen, eta milaka lagun hil ziren horren ondorioz.
Harremanik ba al duzue Turkia, Siria edota Irango kurduekin?
Tamalez ez daukagu azpiegitura nahikoa honelako proiektuak burutzeko. Gure eskualdea berreraikitzea dugu helburu nagusi, eta oraindik bidean gaude.