EAE-ANV: Abertzaletasun ezkertiarraren sorrera


2021eko uztailaren 20an

Abagunea zehatz bezain erabakiorra zen. 1930eko urte aldakorrarena hain zuzen ere. Primo de Riveraren Diktadura amaitu bezain laster, Estatu osoan barrena indar politiko guztiak hasi ziren prestatzen etor zitekeen aldaketa politikoari aurre egiteko. Estatu mailan egindako hainbat ekimenen artean, Donostian abuztuak 17an burutu zuten hitzarmena mugarri izan zen, erregimen berriaren ezaugarri pare bat nabarmendu zituelako. Alde batetik, bertan elkartutakoek funtsezko aldaketa bultzatu nahi zutelako: erregimen mota aldatzea, Errepublikak monarkia orkezkatzea, alegia. Bestetik, alderdi katalanek jarritako baldintza: mutazio politikoa gauzatutakoan, Kataluniak Autonomia Estatutua izatea.

Jardun politikoa horrelako osagai berriekin indartzen ari zen garaietan, euskal eremu nazionalistan, 1921az geroztik indarrean zegoen EAJ-PNVren eta CNVren arteko zatiketari bukaera eman nahi zioten batzuek eta besteek. Izan ere 1930eko hasieran bi alderdi horiek berriz batzeko prozesuari ekin zioten. Hainbat ekimenen bitartez, urte osoan aritu ziren bategite horren oinarri politiko-ideologikoak eztabaidatzen. Hori zela medio, Comunion Nacionalista Vascaren baitan, bereziki, korronte bat azaldu zen euskal nazionalismoak zituen hainbat ezaugarri kolokan jartzen zituena: hots, konfesionaltasuna, Errepublikarekiko eta indar politiko ezkertiarrekin egin beharreko aliantzen politikari buruzko indefinizioa. Beste hainbat arazo, Euskadik izan beharko zuen barne egituraketa, euskararen inguruko arautegi sabinianoaren aurkako jarrera, prentsaren kudeaketa... azaldu ziren arren, lehen aipaturikoak izan ziren eztabaidaren ardatz nagusiak.

Anacleto Ortueta, Jose Ignacio Arana, Luis Urrengoetxea, Luis Areitioaurtena eta beste hainbaten arabera, euskal nazionalismoak bere ideologia berritzeaz gain, beste ikusmira politiko zabalagoak, batik bat ezkertiarrei zuzenduak abiatu behar zituen egoera politiko berriaren atarian. Planteamendu horiekin bat egin zuten Bergarako Asanbladaren aurreko hilabeteetan abertzale ugarik, baina behin betiko bilkura hori burutu zenean, "Jaungoikoa eta Lagi Zaharra"ren doktrina nagusitu zen. Manuel Arantzadi bezalako jelkide historikoek atzera egiten zuten legez, "Aberri"tik zetozen Manu Egileor, Keperin Jemein edo "Juventud Vasca"tik etorritako Jose Antonio Agirre ezagunak eutsi zioten betiko lelo jeltzaleari, Sabino Aranaren garaietatik aldatu gabe irauten zuen horri. "Gu geunden tokian gaude" aldarrikatuz, alderdiaren izaera konfesionalari eta jatorrizko izenari -EAJ-PNV delakoari- helduta bizkarra ematen zioten zetorren aro errepublikano eta laikoari. Hori dela medio, eztabaida horretan azaldu zen sektore ez tradizional eta liberalak, Bergarako asanbladan galtzaile atera zelako, han bertan jakinarazi zuen alderdi berri bat sortuko zuela.

San Andresgo Manifestua
Aipatutako biltzarra amaitu ondorengo egunetan, alderdi berriaren behin-behineko batzordea aurkezteaz gain, bere aurkezpen manifestua prestatu zuten. Bitxikeriak bitxikeria, akonfesionaltasuna aldarrikatzen zutenak, bere lehen aldarri hori kaleratu zutenean, saindu batez baliatu ziren data zehazteko, testu bukaeran, honako hau ezarriz: «Bilbon, 1930eko Ander deunaren egunean». Orduz geroztik ez da harritzekoa San Andresgo manifestua bezala ezagutzea.

Estraineko testu horretan, CNVk eta EAJ-PNVk egindako batuketa antzutzat jotzen zuten, mende hasierako ildo eta kontzepzioen gainean burutu zutelako. Bide batez, alderdi horiek batzeko bidean, geroxeago ANVren baitan egituratuko zirenen aurrean izandako ulertezintasunak behartzen zituen sektore horiek erakunde berrian aritzeko. Oinarri ideologikoa Euskal Herriaren nortasun nazionala baieztatzea izanen zen. Hori lortzeko Euskadi mailan eta baita Espainian ere hainbat puntu azaltzen zituen: Euskal eremuari zegokionez, euskal hizkuntza berreraiki eta zabaldu ez ezik, euskal nazionalitatearen gainontzeko ezaugarriak ere -kultura bereziki- sustatu beharra zegoela zioten. Politikoki, euskal lurraldeetan agintzen zuten instituzioek anaia-arrebak bailiran aritu behar zutela, mankomunitateak martxan jarriz. Era berean, giza mailan, lana eta kapitalaren arteko harremanak eta lurjabegoen arazoak konpontzen saiatu behar zutela. Helburu horiez gain, azpimarratzen zuten Euskal Herriaren eskubideak berreskuratzeko gertu zeuden erakunde guztiekin lan egiteko prest zeudela. Ildo hori zabalduz, gertu zeuden ANVkoak Espainiako alderdiekin jarduteko baldin eta, kolektibitate nazionalek lortzeko zituzten eskubideak onartzeko ados bazeuden. Hainbat puntutan, -gizartearen auzia, laikotasuna, errepublikazaletasuna- manifestu horrek azaldu zituen gabeziek alderdi berria erren utzi zutela zirudien; baina hurrengo hilabeteetan, aukera izan zuten hutsune horiek ederki betetzeko.


EAE-ANVrekin lerrokatu zirenak

Eginkizun hori zutenak manifestuaren sinatzaileak -Luis Urrengoetxea, Anacleto Ortueta, Julian Arrien, Jose Ignacio Arana, Jose Ramon Basterra eta abar- eta alderdi berriko ekintzaileak ziren. Horietako gehienak Comunion Nacionalista Vasca delakotik zetozen. Nazionalista liberalak baziren ere, zaila da ezkertiartzat jotzea. Soziologikoki ere, gehien-gehienak lanbide liberalekoak genituen eta erreforma sozialen aldekoak baziren ere, oso urrun zuten iraultzaren aldeko planteamendu oro. "Aberri"tik ere hainbat militantek EAE-ANVrekin bat egin zuen baina CNVtik etorritakoak baino askoz gutxiago izan ziren. Alderdia osatzeko hirugarren multzoa, lehen jardun politikoa Acción Vascaren bitartez burutu beharko zutenak izan ziren. Horien artean bi azpitalde nabarmendu zitezkeen: Batetik, Madrilgo unibertsitatean ikasten ari ziren Pello Irujo edo Luis Eleizalde bezalako gazte abertzaleek osatzen zutena. Horiek "Eusko Ikasbatza" elkartearen bitartez hurbildu ziren EAE-ANVra, alderdi hau sortzear zegoenean, eztabaidetan parte hartuz. Bestetik, Diktadura Primorriveristan eta Errepublikako hasieran nabarmendu ziren hainbat intelektual, Justo Garate, Ramon Berraondo, Julian Gimon edo Jose Olivares "Tellagorri" bezalakoak, esate baterako.

Euzko Abertzale Ekintzaren bide malkartsua

Garapen zaila izan zuen EAE-ANVk hain aldekoa zirudien aro errepublikanoan. Berez, 1931ko apirilaz geroztik eratu zen estatu laiko eta ezkertiarrean, euskal nazionalismoaren eremuan, jelkideak nagusi suertatu ziren Euskal Herri osoan, EAE-ANVren kalterako. 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan, koalizio errepublikano sozialistarekin joan zirelako, emaitza nahiko onak lortu zituzten. Bizkaian, adibidez, 21 udaletan zinegotziak erdietsi zituzten. Horien artean Bilbokoak eta Barakaldokoak nabarmendu ziren. Hiriburuan zazpi eserleku eskuratu zituzten, haien artean EAE-ANVren buruzagiak ziren Tomas Bilbao, Jose Domingo Arana edo Nikola Madariaga zeudelarik. Ezkerraldeko hirian, alkatetza Miguel Abasoloren eskutik lortu zuten EAE-ANVkoek. Lorpen horiek borobildu zituzten, urte horretako maiatzaren 31n, beste zenbait herri bizkaitarren alkatetzak -Arrigorriaga, Gorliz, Murelaga...- eskuratu zituztenean.

Dena den, udal bozketa horietan izandako arrakasta ez zen errepikatu bi hilabete beranduago burutu ziren hauteskunde orokorretan. Euzko Abertzale Ekintzak, koalizio errepublikar-sozialistatik kanpo aurkeztu zelako, oso emaitza kaskarrak izan zituen. Bizkaian, hau da ezarrera sendoena zuen lurraldean, botoen %5era ez zen iritsi, elkargo handiagoen babesik gabe ez zuela hautesleria handirik nabarmenduz. Alderdi ezkertiarrek lehen biurteko errepublikanoan izan zituzten desberdintasunak eta Euskal Autonomia Estatutuarekiko izan zuten jarrera makala zirela medio, 1933ko hauteskundeetan EAE-ANVk EAJrengana hurbildu nahi izan zuen, baina arrakastarik gabe. 1936koetan berriz, Frente Popularrarekin bat egin zuen, baina inolako eserlekurik erdietsi gabe.

Azken aro errepublikano horretan, ezkerrera jo zuten EAE-ANVkoek oso nabarmen; 1936ko ekainaren 28an egindako biltzarrean, programa politiko sozialista eta independentista onartu zuten. Horrekin 1934ko urriaz geroztik zetorren erradikalizazio prozesua sakondu egin zuten Jose Olivares "Tellagorri", Gabriel Goitia eta Luis Areitioaurtena bezalako buruzagiek, EAE-ANVren sektorerik ezkertiarrena osatzen zutenek, alegia. San Andresgo Manifestua bertan behera uzteaz gain, kapitalismoaren aurkako programa onartu zuten Bilbon bildutakoek. Jakina, alderdikide horiek ez zuten aukerarik izan eginkizun ezkertiar hori martxan jartzeko, 1936ko Gerra berehala hasi zelako. Bai, ordea, hainbeste defendatzen zuten Euskal Herriaren eskubideen berreskurapen osoaren alde zeuden alderdiekiko elkarlana abiatzeko. Izan ere, EAE-ANVkoak, Gonzalo Nardizen bitartez edo Jose Imazi esker, Bizkaiko Defentsa Batzordean eta Donostiakoan aritu ziren. Nardiz, Eusko Jaurlaritza osatu zenean, Nekazaritza kontseilari bilakatu zen, eta karguan jarraitu zuen Gerra osoan zehar eta baita erbestean ere, Eusko Jaurlaritza desegin zen arte. Era berean aipatzekoa da aeneuvetarra izan zen Tomas Bilbao, Negrinek gidatzen zuen gobernu errepublikanoan ministro izan zela, 1938ko abuztutik gerra amaitu bitarte. Hala eta guztiz ere, izen ospetsu horien gainetik, ezbairik gabe, EAE-ANVren ekarpen esanguratsuena, martxan jarri zituen gudari batailoiak izan ziren. Beste alderdiekin gertatu zen legez, Gerrarekin batera puztu egin baitziren Accion Vascaren lerroak gudari andana hornitzeko. Ezkerra eta nazionalismoa uztartu nahian zebiltzan gazte askok bat egin zuten "Olabarri", "Euzko Indarra", "Askatasuna" eta "EAE-ANV" batailoiekin, Tomas Etxabe, Gabriel Goitia, Bernabe Orbegozo "Otarbe", Luis Ruiz de Agirre "Sancho de Beurko", eta beste aeneuvisten agindutara.

Baina Gerrak lagundu zuen hazkunde hori, Gerraren ondorioz ere hustu egin zen. Gudan bertan hildakoez gain, fusilamenduak, erbesteratzeak... diktadura frankista luzeak indargetu egin zuen nazionalismo ezkertiarraren adar gazte hori. Ahuleziak ahulezia, urruneko erbestetik, Buenos Airesetik, Jose Olivares Larrondok eta Pello Irujok martxan jarri zuten Tierra Vasca: EAE-ANVren egunkariaren lekukoa hartu zuen hilabetekaria indar handiz piztu zen. Itsasoz bestaldeko deserrian bazeuden ere, burua eta bihotza Euskal Herrian izan zuten beti Algortakoak eta Lizarrakoak Tierra Vasca egiterakoan. Bide batez, oso esku zabalez aritu zirelako, EAE-ANVren aldizkari hori, euskal abertzale eta ezkertiar guztien bozeramaile bilakatu zen; berriro ere, beraien sorrerako manifestua aldarrikatzen zuen, Euskal Herriaren eskubideen berreskurapen osoaren alde zeuden alderdi guztien elkarlana egiaztatuz. Argentinatik bazen ere, politika abertzale eta ezkertiarra aurrera eramatea ahalbideratuz.


Azkenak
Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Argia Sariak banatuko ditugu gaur Usurbilgo Atxega Jauregian

Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan du ostegunean, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


Eguneraketa berriak daude