Ferando Tapia: «Eurohiriak ez dio eredu neo-liberalari jarraituko»


2021eko uztailaren 19an
Fernando Tapia Europan gaindi dabil sarri. Irlandan ibilia da, eta apirilean Varsovian egon zen Baiona-Donostia Eurohiria aurkezteko. Hil honen 16an Eslovenian izanen da: «Europako Kontseiluak gonbidatuta goaz. Euskal Eurohiria proiektua eredu baitute Europan. Aitzindari gara, nahiz hemen gutxi egiten dugun ustea izan», adierazi digu solasaren abiapuntuan.

Hemen Eurohiria «erokeria» dela entzuten dela adierazi diogu: «Bati baino gehiagori erokeria irudi dakioke, baina guztiz beharrezkoa da. Europaren markoan aurrera egiteko aukera da. Europarrak bagara eta Europaren proiektuan sinesten badugu, mugaz gaindiko harremanetan haratago joan behar dugu ezinbestean». Mugaz Gaindiko Agentzia arduratzen da Eurohiriaren garapenaz: CABABk (Baiona-Angelu-Miarritze Mankomunitatea) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatua nagusiki.

Euskal Eurohiriaren sorreran Liburu Zuria dago; abiapuntu eta mugarria, 2000n idatzia. Bertan muga inguruko lurraldeen egoera eta arazoei buruzko diagnosia jasotzen da: «Liburu Zurian hiriaren diagnosia eskaini zen, baita jarduera lerro batzuk zehaztu ere. Garapenerako jarduera-ardatz batzuk finkatu zituen eta jarduera horietatik proiektu batzuk gauzatuz joan gara», zehaztu digu Eurohiriaren gerenteak.

2000. urtean hiriari buruzko ideia urrun zegoen herritarrengandik. Zertan dago ideia gaur egun?
Liburu Zuriarekin hasi zen hausnarketa prozesua bukatu da. Gaur egun proiektu operatiboaren fasean gaude. Proiektuan lan egiten dugunok alorrari loturiko arazoak gainditu behar ditugu. Hurrenez hurren, batetik, borondate politikoa falta da. Bi aldeetako instituzioen agente politikoek ez dute borondate politiko nahikorik. Erakundeek sentsibilitate eskasa dute, mugaren efektuaren eraginez bakoitzak bere eskualdearen arabera pentsatzen du. Arazoak geure lurraldeari badagozkio, mugaz bestaldeko arazoak ez ditugu guretzat jotzen. Bestetik, ziur aski arazo garrantzizkoena, gure sistema juridiko, politiko eta administratiboa oso ezberdinak izatea da. Nire erakundeak gai batean eskuduntzak baditu, baina nire interlokutoreak eskuduntzarik ez badu ezin dugu aurrera egin. Esaterako, CABABek ez du errepideen gaineko eskuduntzarik, Foru Aldundiak bai.

Agentzia hurbil al dago herritarrengandik?
Saiatzen gara hurbiltzen behintzat. Gure filosofiaren printzipioetan garbi dago guk ez dugula hiria sortuko, gure saiakerak alferrikakoak izango dira hiritarrek ez badute proiektuan sinesten eta parte hartzen, benetako agentea hiritarra da. Hiriaren sorrera arazo kulturala da, alde bateko zein besteko herritarrak harremanetan jartzen diren heinean sortuko da hiria. Gure egitekoa baldintzak sortzea da, hiritarrek modu natural batean harremanetan jartzeko aukera izan dezaten. Orain gutxi Ingurumenaren Gazteen Biltzarra egin dugu Ficoban (Irun). 300 gazte inguruk Eurohiriaren beharrak eztabaidatu dituzte.

Eurohiriak barnebilduko dituen zenbait azpiegituren aurkako taldeak eratzen joan dira azken urteotan, ez omen dira eztabaidan integratuak sentitzen. Zuk nola baloratzen duzu instituzioen eta herri mugimenduen arteko harremana?
Ezinbestekoa da. Nik prozedura parte-hartzaileak ditut gustuko, horiek baitira demokrazian parte hartzeko modu egokienak. Herri mugimenduek hiriko prozesuaren erabaki garrantzitsu guztietan parte hartu behar dute, nik ez dut zalantzarik. Zehazpen bat egin behar dut ordea: guk ez dugu erabakiak hartzeko eskuduntzarik, gure sailean azpiegituren inguruko azterketa egin dugu aholkua eta partzialtasuna lortzeko, herrialde ezberdinen hiru kontsulta-etxeen laguntzaz egin ere. Prozesuak hainbat irtenbide eskaintzen du, baina, aireportuen, itsas-portuen, errepideen, trenbideen edo AHTaren garapena ez da gure esku, ezta euren arteko loturak ere. Foru Diputazioak errepideen eta zenbait azpiegituren eskumenak baditu, baina Eurohiriaren proiektua kudeatzen duen sail honek ez. Gure lana sozializazio prozesua abian jartzea da.


Sozializazio prozesuaren harian, Eurohiriaren inguruan eredu neo-liberala gailendu dela esaten da. Zer deritzozu?
Gipuzkoan gaur egun ezin da eredu neo-liberalaz hitz egin, ditugun gizarte zerbitzuak izanda, are gutxiago oinarrizko errenta eta instituzioen interbentzio maila handia delako. Neo-liberalismoaren ereduaren arabera merkatuak bere burua autoerregulatzen du, botere publikoaren interbentzioa desagertu egiten da. Ez da Foru Aldundiaren kasua, ezta Eusko Alkartasuna alderdiaren filosofia ere. EA eredu neo-liberalaren aurka dago, eta ni neu ere bai. Hemen, zorionez, ongizatearen estatuaren politika eredua gordetzen dugu. Eraikitzen ari garen Eurohiriak ez dio eredu neo-liberalari jarraituko.

Badago Eurohiriaren eredua «munduaren globalizazioaren beharren menpe dagoela» dioena.
Ni zuzenbidearen soziologoa naiz, globalizazioaren gaia erakutsi dut fakultatean. Globalizazioaren aurka dagoela esatea asteazkenen aurka dagoela esatea bezala da. Prozesu globalizatzaile oso ezberdinak ditugu munduan, batzuk onak izan daitezke eta beste batzuk oso txarrak. Prozesu globalizatzaile batek bertako kultura kontuan hartzen badu, printzipioz ona izan daiteke, beraz, bereizi ditzagun prozesuak. Modu filosofikoan aritzeak ez dakar ezer, ez da onargarria. Prozesu konkretuaz jardun behar da. Mundu Bankuaz edo Nazioarteko Merkataritza Erakundeaz ari bagara, horien lanak eta ondorioak txarrak direla esango dizut. Baina badira prozesu globalizatzaile onak, abantailak eskaintzen dituztenak. Adibidez, Europako Batasunak hainbat eskubide aintzatetsi ditu eta prozesu oso egokiak zabaldu. Europako Konstituzioaren Itunak eredu neo-liberala sendotuko duela esaten da, ni ez nago batere ados. Hasteko, gizarte politikoak aintzat hartzen dira, beste gauza bat da aski ez direla esatea. Ados. Baina aurrerapausoa eman dugu. Jakina, prozesu globalizatzaileekin oso kritiko izan behar dugu, baina ekimen bakoitzaren tokian tokiko azterketa eginez betiere.

Hona beste ikuspegi kritiko bat: Eurohiriak, gurea barne, Europako eraikuntzaren beharren arabera egiten ari dira.
Europako eraikuntzaren hainbat ikuspuntu daude, ezberdinak. Gaur nagusitzen ari den Europaren Estatua ez da guk nahi duguna, guk herrien eta herritarren Europa defendatzen dugu. Zentzu horretan, hiru ardatz lantzen ari gara eta Europaren beraren eraikuntzak horiek kontuan hartu beharko lituzkeela esaten dugu: bat, azpiegitura gaia. Ezin izango dugu harreman normalizatua sortu eta lortu bi aldeen artean, mugikortasunik ez badago. Donostiatik Baionara joateko bitarteko bakarra auto pribatua baldin bada ez dugu benetako lankidetzarik sortuko. Donostiatik Baionarako trenbidea garatu behar dugu. Barne azpiegiturak hiriaren bizkarrezurra dira, barne komunikaziorik gabe ez duzu hiririk. Bi: zerbitzu publikoak. Azpiegituraz gain zerbitzu publiko bateratuak eskaini behar ditugu: hala nola zaborren kudeaketa, autobusen linea publikoak, unibertsitatea, osasuna eta hezkuntza sistema. Hiru: indentitateari loturiko gaia, sinbologia. Eurohiriko hiritartasuna lortu behar dugu, bertako biztanleek hiri bereko biztanle sentitu behar dute eta horretarako baita sinbologia komuna sortu ere: Eurohiriko plaza edo hiritarrak bilduko dituzten guneak, esaterako. Ardatz hauek eredu neo-liberala uxatuko dute. Eurohiriaren botere publikoaren funtzioetako bat hiritarrei balio erantsia duten zerbitzuak eskaintzea da, Eurohiria baliagarria izango da herritarrentzako bada.

Eurohiria proiektua AHT proiektua zehaztu baino lehen egitea ez al da harrigarria gutxienez?
Eurohiria ez da hiriaren kontzeptu tradizionalean ulertu behar. Erdigune ezberdinak izango dituen osotasun bat izango da. 600.000 biztanleko hiria ez da handia Europan, gurea tamaina txikiko hiria izango da egungo Europan. Guk ez dugu AHT bai edo ez esaten, baina pasako balitz, Eurohiriarekin lotura egokia izan behar duela diogu.


Baina azpiegiturek eragiten dute hiriaren eraikuntzan.
Bai. Eta lurralde oso txiki honetan oinarrizko azpiegiturak bikoiztu egiten dira. Adibidez, 30 kilometro barruan bi aireportu ditugu (Miarritze eta Hondarribia) eta bi itsas-portu (Baiona eta Pasaia). Gure ustez, aireportu biak aireportu bakarra balitz bezala ideiatu eta erabili beharko lirateke, bi aireportuek gestio koordinatua izan beharko lukete. Batzuek Hondarribiakoa kentzea proposatu dute. Ez da gure eskuduntza, baina guk biak osagarriak direla diogu, aireportu beraren bi terminal egin beharko lituzketela.


Hori gauzatu al daiteke?
Europako Batasunak aldaketa batzuk ekarri ditu dagoeneko. Frantziak, herrialde zentralista eta jakobinoak, figura juridiko bat sortu behar izan du: Distritu Juridikoa deritzana. Honen funtsa bi Estatuetako agente publikoen zein pribatuen lankidetza abian jartzea izan da, Frantziako lurraldeetan oinarrizko azpiegiturak kudeatzeko. Estatuak Akitaniako Eskualdeari Miarritzeko aireportuaren gestioa transferitu dio, Akitaniak berriz BABri eta BABk Eusko Jaurlaritza aireportuaren gestioan gonbidatu du parte har dezan. Mundua aldatzen ari da, posible da beraz.

Bestalde, Eurohiriaren erdigune diren Oarsoaldea eta Txingudi azpiegiturek itota bizi dira.
Ados nago zurekin. Eskualde horretan azpiegiturek itota bizi dira. Adituek erantzunen bat eman beharko diote arazoari. Garraioa bere osotasunean aztertu beharko dute, errepideak garraioz arintzea funtsezkoa da. Eremu horretako errepideak blokeatuta daude, beraz beste soluzioak bilatu beharko ditugu, esaterako, itsas garraioa eta trenbidea garatu beharko da. Garapen ekonomikoa eta garapen iraunkorraren arteko oreka lortu behar dugu. Niretzat garapen ekonomikoa ez da desiragarria ez bada kokatzen garapen iraunkorraren markoan, eta Eurohiriaren Agentziaren lan gehienak norabide horretan doaz.

Azkenik, euskal nortasunak zein toki izanen du Eurohirian? Uniformazioa gailenduko ote da?
Ni ez naiz uniformatzaile zalea. Gizarte eta kultur askotarikoan bizi gara, aniztasuna sustatu behar dugu, bakoitzak berea gordez eta ondokoarena errespetatuz. Ni euskal hiztuna naiz, euskal kultura maite dut eta saiatuko naiz honek lekua izan dezan proiektu honen baitan. Hiri honetan dagoen lengoaia komun bakarra euskara da, bi aldeen berezko hizkuntza euskara da. Bi aldeetan sustatu behar dugu euskara, baita hemen frantsesa eta han gaztelania ere. Ingelesa gero eta indartsuagoa izan arren, guk bertako hizkuntzak zaindu beharko genituzke lehenik. Tira, prozesu globalizatzaile orok porrot egiten du abiapuntuan norberaren kultura ez badago.


Azkenak
2025-01-22 | Aiaraldea
Guardian enpresak Laudioko lantegia itxi eta 171 langile kaleratuko dituela iragarri du

Guardian multinazionalak adierazi die langileen ordezkariei Laudioko lantegian duen labea itxiko duela eta, ondorioz, behargin guztiak kaleratuko dituela. Dirudienez, uztailean etengo du behin betiko jarduera.


Greba zikloari ekin diote hezkuntza publikoan, Jaurlaritzaren gutun polemikoak giroa berotuta

Hezkuntza publikoko lehen bi greba egunei ekin diete EAEn. Asteazken eta ostegun honetan irakasleen txanda izango da, eta lehenengo egunerako Bilbon deitu dute manifestazioa. Mobilizazioen atarian Eusko Jaurlaritzak gurasoei email masiboa bidali izanak haserre ditu sindikatuak:... [+]


Euskara sustatzeko planaren oinarriak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

Urtea amaitu baino lehen gehiengo politikoaren oniritzia lortu nahi du udalak


Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko

“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


50 urte Potasaseko grebatik

Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]


Industria militarraren konbertsioa, behar etikoa

Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]


Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du

Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.


2025-01-21 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Joe Biden eta Marcus Garvey: barkamenak barkatzailea itsusten duenean

Bere agintaldiaren azken egunetan Joe Biden AEBetako presidenteak egikaritu duen barkamen-zaparrada historikoak zeresanik eman behar luke, halakoen onuradun ezagunenetako batzuen kasuan behintzat ezinbestez egin beharko litzatekeen irakurketagatik. Edo ez al da justiziaren... [+]


2025-01-21 | Hala Bedi
Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”

Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]


Moriartitarrek ere badute Urrezko Danborra

Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Eguneraketa berriak daude