Agenda 22


2021eko uztailaren 20an

Malenkonia

Zoriontsu ez izatearen zoriona eta zoriontsu izatearen zorion eza gurutzatzen diren espazio horri deitzen omen zaio malenkonia. Udazkena du gustuko urtaro, orbelaren kolorea du, kristalari itsatsitako euri-ttantta da ukimenarentzat, eta dilinda du maite, esaterako, emazte alargunaren soinekoarena... Niri, Urepelera hurbiltzen naizen aldi oro egiten dit bisita. Urriaren azken igandearekin izan gara aurten, Xalbadorren heriotzak hogeita hamar urte gertuan eta Joxe Mari Aranalderenak hilabete doia. Eta beti bezala malenkoniak jo nau haranzkoan. Inguru hartako naturaren kolore askotarikoak izango dira arrazoi. Edo garai hartan Xalbadorrek egin behar izaten zituen ibileren handia kalkulatzen hasteak narama urrutiko sasoietara. Edo bestela, Xalbadorren heriotza bera izan zen malenkoniarako amu, omenaldi egun batean agur esaten ez baitu edonork asmatzen. Urosa ez izatearen asebeteak eta uros izatearen poz ase hutsak bat egin zuten ilunabarrean.


Pipertuta


Azken urtean inon eta inoiz ez bezala, segidako bi egunetan, igande eta astelehen, trafiko-ilara luzeen morroi suertatu naiz. Urepelera bidean igandez, Gernikarantz urriko azken astelehenean, autoekin batera amorrazioa pilatzen den une horretara iritsi gara. Futbolaz hitz egiten da gaizki. Uholde, tropel, masa... futbolak mugitzen omen ditu modu ulergaitzean. Ez dakit ba, futbola bakarrik den. Etxetik ateratzen gaituena, nagusiki, jan-edana da. Halabeharra izango zen, baina bolantean pipertuta eduki ninduen arrazoia, igande nahiz astelehen, piperra zen. Ezpeletakoa edo Gernikakoa. Baina piperra. Piperra beti piper...


Kasatxof


Denborak beti uzten du arrastoa batean ez bada bestean. Urtero izaten gara Aramaiotik gora, oso gora, dagoen mendi-borda batean bertsotan. Anboto peko txoko hartan lagun onak egin ditugu urteen joanean. Parajea zoragarria da, eta txabolaren izena gutxi-jota harrigarri. Kasatxof, Santa Krutz apaiza ezkutaturik egon omen zen koba-zuloaren ahotik gertu eraiki zuten duela hogeita hamabosten bat urte. Kasualitate hutsa, jakina! Ez zuten apaiz gerrilariarekin Lourdesko edo Arantzazuko Ama Birjinekin erabilitako logika -non azaldu, handik hurbil tenplua egin- erabili. Gainera, Kasatxofera inor ez da joaten urarengatik... Beste sasoi batzuk ziren: herrietan soka-tira talde indartsuak osatzen zituzten, Un millón para el mejor telebista programak arrakasta itzela zuen, Zarautz Marbellartzen hasi zen eta Aramaio telebista espainiarrean urdin eta hori jantzita, herria herriaren aurkako lehian agertzen diren herri horietakoa izan zitekeen. Zorionez, gauzak aldatu egin ziren. Guri orbaina geratu zaigu "Euromar"rekin, izenaz gain han geratu baita eraikin erraldoia zutik. "Kasatxof"ek, bere txikian eta goxoan, izenagatik bada ere, nondik gatozen adierazten digu. Eta Santa Krutz apaiza akaso han egongo da oraindik zelatan goraxeagotik...


Basurdearena


Olaztin ginen Maialen Lujanbio eta biok, Nafarroa Oinez-en. Azken ekitaldian bertsotan egin behar genuen, jendea agurtze aldera. Gure aurretik kantariak ziren oholtza berean, eta Niko Etxart, bere aita eta koinatuak ekitaldia burutu zutelarik igo ginen gu, bertsotara ustez. Baina gurutzatzean, diosalarekin, "aio eta agur", Niko tematu zen bostok batera zerbait abestu behar genuela. Jendaurrean geundelarik ez genuen ihes egiten asmatu. Bostok ekin genion abesti erraz bati, haiek a txapela gu a capela, haiek basurde gu granjako txerri, haiek aske gu uzkur. Maialen eta biok ez dugu sekula hain ongi kantatu. Egun hartan ze bertso bota genituen ahaztuko zaigu, baina norekin eta nola aritu ginen kantuan, nekez. Bidenabar, estatistikarekin adiskidetu nintzen: batez beste oso belarri eta ahots onak genituela epaituko zuen entzule orok.


52, 44, 31, 26...


egun falta dira Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako. Bertsozale Elkartetik abian jarri dugun web orriak gogorarazten digu egunean-egunean, lehen orrira iritsi orduko. Deskontzentratu egiten nau bizimodua egutegizatu behar honek. Nik banituen, beti izan ditut, alarma pizteko nire moduak. Hozkailuko yogurrak esaterako. Urruti sumatu arren, konpromiso handiko dataren bat hozkailuko yogurren tapako iraungitze-datak gainditzen zuelarik, urduritzen hasteko garaia zela erabakitzen nuen. Ez da web orriarena bezain sistema zehatza eta teknikoa, baina niri balio zidan. Horiek horrela, Durangoren zama sentitzen hasi garela aipatu beharko dugu. Ez dela Barakaldo soilik. Batean eta bestean sumatu ditut lagun eta gertukoak lanak bukatu beharrean, itota, presaka... Durangorako. Durango, herri baino data da gure kulturan. Iritsiko da eguna eskolatik umea idazlanen bat egin behar duela esanaz itzuli, gurasoek "noizko?" galdetu, eta umeak, "Durangorako" erantzungo duena.


Antiojoak eta altabozak


Urrutikoak gertu ikusteko egindakoak izaten dira gehienetan antiojoak. Altabozak berriz, gertukoa urrutira zabaltzeko asmatu ziren. Mungian biek eman zidaten zer pentsatua. Jon Lopategi eta biok ginen, domeka arratsaldez, Lauaxetaren oroimenez egindako saio batean, lehengo ohitura zaharrean kantuan, balkoitik balkoira, janzkera ere halako. Alanbre-haririk gabeko mikrofono biz ari ginen. Nirea mututu zen arte. Konponbidea urrun sumatzen nuen, eta ahots soilez ekin nion bertsoari. Ohitura zaharrean. Kalea bete jende isildu egin zen, adi jarri. Eta nirea ahots ozena eta indartsua ez den arren, ongi entzuten omen zen esandakoa. Behin Sarasuak esan zuen modura, ahotsa da garrantzitsua, eta ez altaboza. Zer esanik duenak asmatuko du adi-erazten. Eta aldiz, ahotsik ez duen makina bati eskaintzen zaio altaboza, ahotsik ezaren salatari...

Antiojoei buruz berriz, Unai Iturriagari entzun nion behin egia potoloa bezain mingarria Lauaxetari buruz aritu zedin gaia jarri ziotenean. Ahotsa salatari, "zure antiojo borobilak gogoan ditugu baina poemak ez hainbeste" bota zuen. Guk ere antiojoak behar ditugun seinale, urrutikoak gertuago ikusten hasteko.


Azkenak
Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko

“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


50 urte Potasaseko grebatik

Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]


Industria militarraren konbertsioa, behar etikoa

Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]


Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du

Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.


2025-01-21 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Joe Biden eta Marcus Garvey: barkamenak barkatzailea itsusten duenean

Bere agintaldiaren azken egunetan Joe Biden AEBetako presidenteak egikaritu duen barkamen-zaparrada historikoak zeresanik eman behar luke, halakoen onuradun ezagunenetako batzuen kasuan behintzat ezinbestez egin beharko litzatekeen irakurketagatik. Edo ez al da justiziaren... [+]


2025-01-21 | Hala Bedi
Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”

Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]


Moriartitarrek ere badute Urrezko Danborra

Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Depresioarekin lotutako hainbat gene identifikatu dira lehenengoz, mundu osoko populazioetan

Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.


Larrialdi egoera Mexikorekin mugan: migratzaileen aurkako ehiza abiatu du Trumpek

"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]


2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


Eguneraketa berriak daude