Altzari denda duzu baina eskulturak dira zure pasioa. Arotza ala eskultorea zara?
Orain eskultorea. Altzarigintzan ibili izan naiz beti lanean: aitona hasi zen, gero aitak jarraitu zuen eta orain ni nago. Altzari bereziak egiten ditut, kutxak-eta, Euskal Herriko tradizioa jarraitu nahian. Sinbologiaz beteriko altzariak dira, eta, horiek ikusita, argi geratzen da garai bateko euskaldunen sinesmena naturan oinarritzen zela. Denborarekin, euskaldunak kutxa eta altzari horien kopiak egiten joan ziren, eta modu horretan, sinesmenaren errepresentazio hori artisautza bihurtu zen.
Ez artea, beraz.
Oso argi bereiztu behar da artisautza eta artea ez direla gauza bera: artista da lehenengo kutxa hura egin zuena, lehenengo elementuak sartu zituena. Besteak, kutxa bat bestearen atzetik egiten dutenak, ofizioa dutenak, horiek artisauak dira.
Eta zu kinka horretan zaude, artisautzaren eta artearen erdian.
Guk, batez ere, artisautzan egin dugu lan, baina horrek ez nau betetzen. Nik beti azaldu nahi izan dut altzarien bitartez zer sinesten dudan pertsona moduan, ez lauburu edo ilargiak eginez, ez: nik ere baditut nire sinesmenak, eta sinesten dut pertsona guztiak berdinak garela, naturak eta izakiek oreka izan behar dutela, gauza gutxirekin bizi daitekeela... Eta sinesten ditudan balore horiek nire piezetan islatzen dira. Batzuetan, beharbada, ez dira pieza politak izango estetikoki, baina nire asmoa barruan dudana ateratzea da. Eta, hain zuzen ere, hortik joan zen iaz egin nuen bidaia.
Bidaia aipatuta, galdera bera: bidaiaria ala abenturazalea zara?
Nik ez dakit horiek desberdintzen. Ni naiz... badakizu herriko kuxkuxeroak zelan izaten diren? Balkoian egoten direnak inguruan zer gertatzen den jakin nahian? Bada, balkoian egon beharrean, nik bidaiatu egiten dut, munduko balkoian egoten naiz mundu osoko herrietan zelan bizi diren ikusten: munduko kuxkuxeroa naiz. Horrela ikasten dut nik.
Eta zer ikusten da balkoi horretatik?
Batez ere, jasotzen dugun informazio guztia ez dela egia, bereiztu egin behar dela informazioa. Kongon lapurreta egin bazidaten ere, nik, hona bueltatzean, ezin dut hori bakarrik kontatu Kongori buruz, zabalduko nukeen informazioa partziala izango litzateke eta. Ni zabal-zabalik joan naiz eta eurek pozik hartzen ninduten, leku batzuetan ez zutelako inoiz zuririk ikusi eta, bestetik, bazekitelako Afrikatik kanpora fama txarra dutela. Eta nik esaten nien: "Bai, fama txarra duzue, baina nik benetan ikusi dut zelakoak zareten, eta hori da zabalduko dudan irudia", eta harro geratzen ziren, oso pozik.
Izan ere, zure bidaiatzeko moduak errealitatea gertuagotik ikusteko aukera ematen zuen.
Bai, hori bilatu nahi nuen. Eta tristea da esatea, baina belaontzia hondoratu zitzaidanean sekulako askatasuna lortu nuen. Gogorra da hori horrela esatea, baina horrela sentitu nuen.
Itsasoko bakardadeak eta bela handi horrek ez zizuten askatasunik eman, beraz? Gehiago lotu zintuzten?
Bai. Belaontziak ematen duen askatasuna ez da osoa: ardura asko ematen ditu. Pentsatzen duzu haizea gogortu egingo dela, zerbait gertatuko dela, zarata arraroak entzuten dituzu, akatsak igartzen dituzu... batez ere konturatzen zarenean belaontzia ez dela guztiz egokia mota horretako bidaiarako. Portuan ere ezin duzu belaontzia bakarrik laga, zerbait lapurtuko dizutelako. Askatasun falta osoa duzu. Beti zaude faktore ugariren menpe: mareak, jendea, haizea... beti ardurak. Oso momentu politak ematen dizkizu, baina gehiena ardurak dira.
Belaontzia ez zela guztiz egokia esan duzu...
Ez zegoen prestatuta horrelako bidaia bat egiteko. Gaur egun, daukadan esperientziarekin, ez nuke berriro antzeko belaontzi batekin bidaiatuko, baina bai bidaiatuko nuke besteren batekin. Eta badut asmoa zerbait egiteko, gainera.
Aurrekoan, zure aitak esan zidan poztu egin zela naufragatu zenuenean.
A, bai, e? Nire ama, behintzat, asko poztu zen. Eta Markinan ere, jende gehiena poztu egin zen, arazo asko izan nituelako belaontziarekin eta ikusten zutelako ez zela barku egokia horretarako.
Zein izan zen, zehazki, bidaiaren ibilbidea?
2004ko uztailaren 31n irten nintzen Lekeitiotik. Portugal eta Kanaria uharteen artean hasi ziren arazoak: lehenengo, pilotu automatikoa apurtu zitzaidan. Pilotua lema eramaten duen tresna da; beraz, hiru egun pasatu nituen lo egin barik, eta azkenean, nekeagatik, ahotsak ere entzuten hasi nintzen. Itsasoa oso gogor zegoen eta, azkenean, nekearen nekez, belaontziari bere kasa joaten utzi behar izan nion, belak kenduta, olatuek kaskoa astintzen zuten bitartean. Lema apurtu egin zitzaidan, baina ordezko bat neukan eta harekin heldu nintzen Kanaria uhartetara.
Ederto hasi zinen, bada!
Baina txarrena gero etorri zen: Kanaria uharteetan dena konpondu ostean, Cabo Verderantz abiatu nintzen. Neskalagunarekin han elkartzeko asmoa neukan, baina bigarren egunean lema apurtu egin zen; bigarrena jarri eta hura ere apurtu, itsasoaren indarrarekin! Orduan, Hegoaldera joan barik, Ekialdera joan nintzen, Mauritaniara. Baina lema beste bi aldiz apurtu zitzaidan, eta kostaldetik 1.000 kilometrora nengoenez, belaontzian egin behar izan nituen lema berriak. Motorra ere hondatuta neukan, ura sartzen zitzaidan, irratitik inork ez zidan erantzuten...
Bizia arriskuan ikusi zenuen?
Ez, jatekoa soberan neukan eta banekien, kasurik txarrenean ere, hilabete baten buruan barkuren bat pasatuko zela handik. Ur nahikoa neukan, arrantza egiteko tresnak ere bai, eta pazientzia ere soberan. Txarrena lema zen: berria egiten nuen, uretan sartu eta, handik ordu batzuetara, apurtu egiten zitzaidan. Eta lemak egiteko materialik ere ez neukan: sukaldeko mahaia erabili nuen, eta azkenean sarrerako atea ere bai. Harekin heldu nintzen Mauritaniara.
Eta neskalaguna Cabo Verden zain?
Bera Cabo Verdera joan zen eta, jakina, ni ez nintzen agertu eta nire berri ere ez zeukan. Mauritaniara heltzean egin ahal izan nuen berba berarekin, zortzi egun geroago, eta esan nion Senegalera joateko. Ni ere harantz abiatu nintzen, baina berriz ere lemarekin arazoak izan ostean, Dakarreko portura heltzeko 500 metro falta zirenean, haizea indartu egin zen eta belaontzia kontrolatu ezinik geratu nintzen. Ondorioz, haitzen kontra joan nintzen. Arrantzale bat ikusi nuen haitzetatik etortzen eta, ahal bezala, gauza garrantzitsuak barkutik ateratzen hasi nintzen: GPSa, ordenagailua, dirua, dokumentazioa... nik ateratako denak lapurtu zizkidan. Gero beste arrantzale batzuen laguntza izan nuen, eta hurrengo egunean jai bat egin nuen eurekin, eskerrak emateko. Afrikan egin nuen lehenengo eskultura orduantxe egin nuen, belaontziaren zati batekin. Neskalagunarekin ere, orduan elkartu nintzen.
Eta belaontzia hondoratu arren, erabaki zenuen bidaian aurrera egin behar zenuela, eta lurrez jarraitu zenuen.
Senegalen ia hilabete egon ostean, bidaian aurrera jarraitu nuen, orain ere bakarrik: Mali, Burkina Faso, Benin, Nigeria, Kamerun, Txad, Afrika Erdiko Errepublika, Kongo Frantziarra, Kongo Belgikarra, Zambia, Namibia, Hegoafrika... guztira hamabost herrialde bisitatu nituen. Orduan ikusi nuen benetan zelan bizi den jendea. Barkuarekin ezin duzu lagunik egin, baina kamioi gainean eta kakahuete zakuen artean zoazenean, 500 kilometro egiteko bost edo sei egun behar dituzunean... eurak ere konturatzen dira ez zarela hain desberdina, eta ulertzen duzu jendea zelan bizi den. Belaontzian ez nuke horretarako aukerarik izango, inondik ere.
Elkarrizketaren hasieran esan duzu bidaia hau barruan zenuena ateratzeko asmoarekin egin zenuela, gero hori eskulturgintzara eramateko.
Urteak neramatzan lanean, eta eskultura asko ere egin nituen enkarguz, baina zerbait sakonagoa egin nahi nuen, esperientzia izan munduan. Afrikara joan nahi nuen, ze Afrikan, gurekin konparatuta, 300, 500 edo 1.000 urtez atzeratuta bizi dira, eta bizitzaren oinarrizko elementu horiek aurkitu nahi nituen, hangoak zelan bizi ziren naturak eskaintzen dienarekin. Gainera, bakarrik sentitu nahi nuen, eta horregatik erabaki nuen belaontzian joatea: naturaren indarra erabilita, zehaztu gabeko puntura heltzea.
Pertsona gisa dituzun muturrak aztertu nahian edo?
Bai: muturra topatu nahian nabil, benetan zelako pertsona naizen jakiteko. Eta gero, nire lana egiten dudanean, sakontasunez azaldu ahal izateko zer den gogoak eskatzen didana. Pertsonen arteko berdintasuna sentitu nahi nuen, eta sentitu dut.
Eta natura eta gizakiaren arteko oreka hori, aurkitu duzu?
Guztiz. Orain eskulturak egitera bueltatu naiz: eskultura sakonak dira, eta egiten dudanak esanahia dauka. Esperientzia hartu dut eta badakit zer esan nahi dudan, sufritu egin dudalako. Nire lanak pisu handiagoa dauka orain.
Artea egiteko sufritu egin behar da?
Ez da premiazkoa sufritzea. Gozatuta ere, lortu dezakezu zure lanak pisu berbera izatea. Baina nik behar nuen bidaia hau, nire burua modu horretan deskubritzeko. Gertatzen dena da hona etorri eta betiko errutinara bueltatzen zarela, eta hala izan behar du gainera, zeren gure eguneroko bizimodu hau ere biziraupena da: hemen ere aurrera atera behar da.
Orduan, han ikasitakoak hemen bizirauteko ere balio du?
Bai. Gardentasuna lortu dut denbora honetan, eta nire lanarekin ez dut inor engainatzen. Beharbada ez zaizu lan hori gustatuko, baina esan nahi dudana ez dut ezkutatzen. Afrikan hiru eskultura egin nituen: lehenengoa, urperaketako hondarrekin; bigarrena, hildako umetxo bati eskainia; eta hirugarrena, Kongon, hango zuhaitzek sortzen duten metafora gisako batean oinarrituta.
Ze metafora?
Hemen zuhaitzek besarkatzen dute lurra sustraiekin, baina sustraiak ez dira ikusten, ezkutuan daude. Han, ordea, lurrak besarkatzen du zuhaitza: termiten habiek, lurretik irtenda, mendixkak egiten dituzte zuhaitzen inguruan. Besarkada hori ikusi egiten da, hemen ez bezala. Hemen dena da itxura, eta hori gure kulturan sartuta dugun zerbait da.
Natura ere ez da hemen han bezala bizitzen.
Natura ahaztuta dugu hemen. Han eguneroko kontua da, eurak direlako naturaren parte.
Egurra erabiltzen duzu eskulturetan. Elementu bizia da hori; zure eskulturak ere bai?
Nik egurrarekin egiten dut lan, baina edozein material erabil dezaket. Biziak esanahia dauka, eta gustatzen zait egurrari duen garrantzia ateratzea. Zaila da ulertzea zer esan nahi dudan: egur batek bere tentsioa dauka, baina nik tailu bat egiten badut, apurtu egiten dut egurrak berez duen ezaugarri hori. Orduan, batzuetan, tentsioa erakusten dut, nik ezertxo ere egin gabe. Beste batzuetan, elementu neutro bat erabiltzen dut, teilak adibidez. Teilak pertsonen moduan ikusten ditut nik: badirudi teila guztiak berdinak direla, baina ura nondik pasatu den arabera, teilak marka desberdinak izango ditu, edo apurtu egingo da, edo ihes egin nahi izango du... Teilak inoiz ez dira amaitzen: etxeko teilatua apurtu arren, teila beti erabiliko da zerbaiterako, bideak egiteko edo hormak sendotzeko. Eta hori da nik pertsonekin ere ikusten dudana: nire ustez, teilak eta pertsonak beti daude bizirik.
Eskultura bat egitean, zer bilatzen duzu egurraren barruan?
Batzuetan, egurra zelakoa den ikusten dudanean, ezin dut ezer egin, den moduan asko esaten du eta. Sentitzen dut justifikatu egin behar dudala eskultura bat dela, baina ezin izaten dut: egurrak berak esaten dit nik esan nahiko nukeena. Besteetan, aldiz, nik ateratzen diot indarra, eta egurrak esaten dit zer egin, nondik jo.
Artearen zirkuituan mugitzen zara?
Duela hamabi urte erakusketak egin nituen Londres, Glasgow eta Edinburgon. Euskal Herrian, azaroan egingo dut lehenengo erakusketa, Markinan, Arriaga altzari-dendan. Erakusketa hori aurrerapausoa izango da egin dudan eskultore bidean: orain artekoa etapa bat izan da, pasatu egin dut eta orain nire sormenean sakondu nahi dut, nire komunikatzeko gaitasunean. Idazten oso baldarra naiz, baina poeta sentitzen naiz eskulturekin ari naizenean. Literaturan dudan ahultasuna eremu fisikora eramaten dut.
Aitortzeko moduko eraginen bat igartzen duzu zure lanean?
Eraginak, seguruenik, denetarikoak izango ditut. Afrikara joateko beste arrazoietako bat zen ez nuela inongo eraginik nahi: jendearen bizimodutik eta nire sentipenetatik jaso nahi nuen eragina. Edozelan ere, Euskal Herrian oso eragin handiak izan ditugu: Oteiza, Chillida, Ibarrola, Anda... Hemen artista asko dago, baina apustu gutxi egiten da gazteekin. Ni altzarietatik diru apur bat ari naiz ateratzen, gero eskulturak egiteko; baina laguntzarik ez da inondik ikusten. Artista gazte batek etorkizunean arrakasta badu, zer gertatuko da? Nori emango dizkio eskerrak? Arrakasta lortu ostean berarengana hurbildu eta laguntzak ematea alferrik da; orain egin behar da apustua: ez nirekin, baizik eta edozein pertsona sortzailerekin.