Net Hurbil: Milioika afrikarrek Europan ikusten du salbamendu ontzia


2021eko uztailaren 20an

Espero ez zuten helburua lortu dute urri hasieran Ceuta eta Melillako hesien gainetik pasatzen ahalegindu ziren ehunka afrikar beltzek. Europako eta batik bat Espainiako herritar arruntei barrunbeak lehertu dizkigute. Egun horiek arte itzalpean zeuden egiak telebistek munduratu dituzte.

Ingelesa edo frantsesa jakin eta Interneten arakatzen ibili beharrik gabe, etxeko salan bezala kafetegian kafe-kurasanak gosaltzen genituen bitartean, XXI. mendeko Espartacus beltzak ikusi ditugu uholdeka Europak ipinitako alanbre-txarrantxen gainetik odoletan pasatzen. Edo bertan zintzilik hilda geratzen.

Gero, telebista eta egunkari handiek Ceuta eta Melillako hesien «beste aldea» erakutsi dute. Polizia marokoarraren pertsekuzioa, basoko ezkutalekuak, kanporaketen ondoren Saharan barna beltz ilegalek hasitako deportazio gupidagabea... Europarantz abiatu zirenetik bidaian hilabeteak eta urteak daramatzaten gizonak mintzatu dira. Pertsona ausartak, sarritan jende ikasiak. Beranduago, horiekin batera joan dira erreportariak etxerako itzulera bidaian, eta beren sorterriak ezagutu ditugu. Han utzitako emazteak, senideak, gurasoak eta haurrak.

Emozio hau laster pasako dela pentsatu behar da, eta Europako agintariek behar diren neurriak hitzartuko dituztela mugaldeko gobernuekin, horrelako irudi zirraragarriak errepika ez daitezen. Irudiak ezkutatu, zeren eta Afrikatik datorren uholdeak handitzera egingo du.

Benin herrialdeko Le Benin aujourd'hui egunkarian Marcus Boni batek titulu hau ipini du: «Europa, salbazio txalupa bakarra. Emigrazio klandestinoan gertatutako dramak dira agintariek gazteria ulertzeko duten ezintasunaren adierazgarri». Afrikako idazle horrek penaz ikusten du nola doazen ihesi herriko gazterik onenak. «Ikusi ditugu afrikarrak igotzen Maroko eta Espainiaren arteko mugan burdinazko sare baten gainera, antzinako soldaduek arerioen defentsei erasotzen zieten moduan, beren biziak arriskatuz, eta honek asko esan nahi du afrikar horien etsipenaz eta itxaropenaz. Ceuta eta Melilla oldarrean konkistatu nahi dituzten afrikar gazte horiek Europako bazterren batean Eldorado berria aurkitu nahi dute, eta honek oso garbi azaleratzen du dagoen afropesimismo sakona».

Batzuek esango dute milioika pertsona bizi direla Afrikan, eta kontinente hartan gertatzen denaren irudia ezin dutela eman Europarako abenturan murgildu diren milaka batzuek. Marcus Bonik erantzun die: «Politikariak zurikeriaz mintzo dira txirotasunaren kontrako borrokaz eta Afrikako aberastasun nazionalen banaketa zuzenaz, baina eliteen eta masaren artean sekulako haustura soziala dago. (...) Beren etsipenean, hiri eta herrietan abandonatuta bizi diren gazteen begietan Europako mirariak dira salbamendu txalupa bakarra».

Afrikako komunikabideek arreta biziz jarraitu dituzte Ceuta eta Melillako gertakizunak. Aipatu dugun Le Benin aujourd'hui egunkariak honela idatzi du editorialean: «Gertatu dena ikusita, bazirudien bat-batean Europak bere oinarri humanistak ahaztu dituela aberastasunen defentsaren mesedetan».

Hesiak gainditu nahi zituzten asko Malikoak ziren. Hango L'Observateur egunkariak honela esplikatu die irakurleei bai emigrante horiekin gertatu dena eta bai beren ekonomia suntsitzen duen krisia: «Malitarrek aspaldi ulertu dute mendebaldekoek liberalizazio ekonomikoa beraiei ondo datorkienean baino ez dutela erabiltzen». Burkina Fasoko Le Marabout -sorgin gizonezkoak dira marabutak- hilabetekariak ironiaz idatzi du: «Frantses askok uste dute Europan hotz egiten duela esplikatuz Maliko jendeak harantz joan ez daitezen konbentzituko dituztela ».

Senegaleko Le Temoin (Lekukoa) astekariko zuzendari Mamoudou Oumar-ek honela kexatu da: «Mundu guztia etortzen ahal da Senegalera paseatzera, ez da bisarik behar Senegalen sartzeko, baina gu aldiz geure kontinentean preso gaude». Lehen aipatu dugun Marcus Boni benindarrak osatu du argudioa: «Gazte afrikarrek Afrikan bizi diren zuriekiko daukaten gorrotoa hein handi batean injustizia sentimendu horretatik esplika daiteke».

Europan dirua egin daiteke

Afrikako erreferentzietako bat den Jeune Afrique/L'Intelligent astekariak erreportari bat bidali du Maliko Kayes herrira. Munduko herrialderik txiroenetakoa da Saheleko estatu hori; bere biztanleen %70a egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi da.

Baina Kayes herrian, Maliko mendebaldean, inguruetan baino diru eta mugimendu gehiago aurkitu du Charlotte Cans kazetariak. «Asko ikusten dira Yamaha motorrak -hemen «chinoiseries» deitzen diete, «txinokeriak»- kale hondartsuetan tiroka. Sakelako telefonoak ere ugariak dira. Bizia garestiagoa da hemen inguruetan baino. 50 kiloko zaku bat arrozek Kayesen 23 euro balio ditu, eta Bamako hiriburuan 16. Baina prezioak ez dira igo hainbeste bertako nekazaritza ahula delako, herritik atzerrira joan direnen dirua fresko datorrelako baizik. Eta askotan urrutira joandako herritar horiek telefonoz egiten dituztelako erosketak, bertako egoera oso ondo jakin gabe, tratua ondo egin gabe. Regateatu gabe, alegia.

Malik lau milioi herritar dauzka munduan barreiatuta. Horietatik 100.000 Frantzian, Kayes eskualdekoak gehienak. Erreportariak kalkulatu du Kayesko gizonezkoen hirutik bat biziko dela Frantzian. Frantziako malitarrek urtean 180 milioi euro bidaltzen omen dituzte sorlekura, Cooperation Francaise erakundeak iaz kalkulatu zuenez. Jakin behar da kopuru hori dela Maliko estatuak urtean daukan aurrekontuaren laurdena! Europarrok zorpean itota bizi garela eta inork ezer ezin duela aurreztu diote estatistikek. Etorkinak aldiz beren lanpostu txarrekin... aurrezteko gai dira.

Kayesen kooperazio lanetan ari direnek kalkulatu dute dirutza horretatik %75 familietara doala zuzenean, %8 etxegintzara, %5 osasun gastuetara, %5 bestelako proiektu ekonomikoetara eta %5 herri ekipamenduetara.

Kagnakari herriak 10.000 biztanle ditu eta horien herena Europara joana da. Bassirou Bane da alkatea. «Emigratzea derrigorrezkoa da, familientzako bezala herrientzako. Hemen herriek diru iturri ahulak ditugu. Migrarien diruari esker lortu dezakegu gure proiektuak burutzeko Estatuak eskatzen digun parte hartze ekonomikoa osatzea».

Jeune Afriqueko kazetariak elkarrizketatu ditu Europan diru pixka bat irabazi eta sorterrian enpresa txikiak sortu dituztenak. Eta ikusi ditu iheserako prestatzen ari diren gazteak. «Hemen bidaia erritu ia iniziatikoa da. Kanouté herrian Boubacar eta bere lagunak Europara eramango dituen garraioaren prezioa jakin nahian dabiltza. Plastikozko aulkietan eserita, kartetan jokatzen dute eta Tiken Jah Faloly entzuten. Estereo katearen ondoan, banderola bat daukate: 'Al Kaida Taldea'. Hori da koadrilaren izena. Izena zergatik aukeratu duten galdetu eta 'Ben Laden gizona da, benetakoa; amerikarrei aurre egin dien bakarra' diote». Europarrek ez dakite Afrikan zer erein duten.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude