Argitalpenak


2021eko uztailaren 27an
Ñami Mishakunchik
Batzuen artean
Mikelazulo Kultur Elkartea
158 orrialde


Txatxi eta Kitxua herrietara bidaia

Oreretako Mikelazulo Kultur Elkarteko hamairu kidek 2003. urteko urrian Ekuadorren gauzatutako proiektuaren isla eskaintzen du Ñami Mishakunchik. Ekuadorrera kultur bidaia liburuak. Ñami mishakunchik kitxuera esaerak «iristear da garaipenaren eguna» adierazi nahi du. Horrela entzun zuten Mikelazuloko partaideek «Zubibegidezu» proiektua Ekuadorren gauzatzen ari zirela, Txatxi eta Kitxua komunitateen borrokak, ametsak eta errealitate politiko-soziala ezagutu nahian beraien artean murgildu zirenean, hango artista eta lagunen ahotik. Liburuan, hamabost egunetan zehar idatzitako sentimenduak, marraztutako uneak, antzeztutakoak, ikasitako istorioak eta bertakoei egindako elkarrizketetan entzundako aldarrikapenak jaso dituzte.

Xabierko Frantziskoren Eskutitz eta Instruktzioak
F. Olariaga J.J.-ek itzulia
Ediciones Mensajero
764 orrialde

Xabierko Frantziskoren eskutitz ospetsuak euskaraz

Datorren urtean beteko dira 500 urte Xabierko Frantzisko jaio zela. Hori dela-eta, bai santuari, bai euskaldun kristatuei zer edo zer eskaini nahirik hartu zuen Frantzisko Olariaga josulagunak Nafarroako erresuman 1506ko apirilaren 7an jaiotako hark bere bizitzan zehar idatzitako eskutitzak euskarara itzultzeko lana. Antza denez, Xabierko Frantziskok Paristik, Indiatik, Indonesiatik, Japoniatik zein Txinako itsasertzeko Sancian irlatik bere senide eta lagunei bidali zizkien idazkiok jendearen oso gustuko izan ziren, eta behin eta berriz kopiatu eta itzuliak hizkuntza askotara, aurkitu berri zituzten herrien jakingarri asko emateaz gain, milaka konbertsio ere azaltzen zituelako.

Jakin
Batzuen artean
Jakin
124 orrialde 9,10 euro


Gotzon Garateren nondik norakoak

Jakin aldizkariaren 149. zenbakian Josu Alberok Nafarroako abertzaletasun politikoaren eta euskalduntasunaren arteko harremana aztertzen du, topikoz josita dauden bi kontzeptu direla aurreikusita. Eta Hasier Etxeberriak elkarrizketa mamitsua egin dio Gotzon Garateri. Ikastolan zebilela ezagutu zuen abade josulaguna Etxeberriak, eta estralurtar bat zela iritzi zion. Nerabe garaian bestearen Marxen marxismoa eta antzeko lanak irakurri zituen. Halako batean estralurtarra autostop egiten ikusi, eta baserri bateraino lagundu zuen. Euskara ikastera omen zihoan. Etxeberria zur eta lur, jakina, baina esperientzia hartatik atsotitzen lan eskerga ekarri zuen Garatek. Gerora, polizia eleberriak kaleratzen hasi zen, eta honez guztiaz mintzo dira biak elkarrizketan.

Boletin
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
390 orrialde 12 euro


Gatz Estankoaren matxinadaz

Lan ugari eta mamitsu argitaratu ohi du Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen Boletin aldizkariak, eta oraingoan ere berdin egin du. Aipa genitzazkeenen artean, XV. mende amaiera eta XVI. mende hasierako Hernaniko udal diputatuen nondik norakoak aztertzen dituen Iago Irijoa Cortésen lana, Mikel Zabala Montoyak 1631 eta 1634 bitarteko Bizkaiko Gatz Estankoaren matxinadari buruz eskaintzen duen berrikutea, José Luis Barrio Moyak osatutako La colección pictórica de don Juan Fernández de Luco, un ganadero alavés en el Madrid de Felipe V (1740), eta Aitzol Rodríguez Mendizabal Llorentek eskaintzen digun Los inicios de la predicción metereológica en Euzkadi. Los escritos de Juan Miguel Orcolaga (1863-1914) daude.

La decandencia del imperio
Immanuel Wallerstein
Txalaparta
312 orrialde 15,50 euro


Immanuel Wallerstein AEBen ahultasunez

Editores Independientes zigilupean Euskal Herrian, Txilen, Uruguain eta Mexikon batera plazaratu den Immanuel Wallersteinen saio honen izenburu zehatza La Decadencia del imperio. EEUU en un mundo caótico da. 1930ean New Yorken jaio zen intelektual arduratsuak dioenaren arabera, Afganistan eta Irak inbaditu eta munduko jendarmea izateko ahaleginetan badabil ere, nabaria da AEBen ahuldadea, iragan mendeko laurogeiko hamarkadatik hona porrot ugari izan dituelako maila ekonomikoan -japoniarrek eta europarrek irabazi diotelako produkzioan, teknologian, merkataritzan eta finantzetan-. Militarra da soilik bere gailentasuna. Beraz, bere botere hegemonikoa laster amaituko da.

Txan-pi erregeren meatzeak
Miquel Desclot
Erein
24 or. / 4,75 euro


Ikatz meatzeak zituen Txinako enperadore hori-beltza

Irakurle gazteenei zuzendutako Miquel Descloten Txan-pi erregeren meatzeak ipuineko protagonista ikatz meatze pila daukan Txinako enperadorea da. Oso bakezalea izaki Txan-pi, meatzeen kontu horrengatik bakarrik da mundu osoan ezaguna. Baina halako batean ikatzaren salmenta erruz jaisten ari dela ohartu eta konponbidea aurkitzeko eskatuko dio bere lehen ministroari. Eta honek bezero berriak lortuko ditu: Errege Magoak. Baina handik epe batera ikatzaren salmenta berriro jaitsiko da.

Nerekin yaio nun
Batzuen artean
Iker-17, Euskaltzaindia
528 orrialde 15 euro


Txillardegiren omenean egindako hainbat idazlan

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle, irakasle eta politikariaren omenez, Pilartxo Etxeberria eta Henrike Knörren ardurapean, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Euskaltzaindiako hainbat partaidek osatutako idazlanak plazaratu ditu Iker-17k. Asko dira omenaldian parte hartutakoak, eta denak ezin aipatu, baina, besteak beste, honako lan hauek aurkituko ditu Nerekin yaio nun-en irakurleak: Pruden Gartzia eta Henrike Knörrek prestatutako Txillardegiren bibliografia hautatua eta Txillardegi berak egindako emaria -eta zehaztasun gehiago jakin nahi dituenak www.euskaltzaindia.net webgunera jotzea baino ez du-; Joseba Agirreazkuenagaren Euskal historian barrena, etorkizunari begira, Patxi Altunaren Loiolako bisitariak, Jose Antonio Arana Martijaren Luois-Lucien Bonaparte eta Italiako dialektoak, Andoni Barreña eta Andolin Eguzkitzaren Gaztelaniazko de preposizioaren eta euskarazko genitiboen jabekuntzaz, Kas Deprez eta Armel Wynantsen Les mutations institutionnelles de la Belgique. Porquoi? Jusqu'où?, Jean-Louis Davant-en Baionako biltzarra (1964), Jean Haritschelharren Dibarrart-en kantu batean aldaketak, eta Beñat Oyharçabalen Tokiz kanpoko numero komunztadura.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude