Palestina, porlanezko kaiola

  • Palestinako etxe, harri, olibondo eta erreka bakoitzak mila istorio ditu tatuaturik. Hasiera batean gure begiek herri bortxatutzat eta birrindutzat jotzen duten Palestinak, badu herritarren begiradetan halako indar bat. Historian zehar hainbeste sufritu duen Palestinak beti dauka oina pauso berri bat emateko prest. Eskua etxe berri bat eraikitzeko prest. Eta bihotza, beste egun batez herriaren alde borrokatzeko prest. Halakoa da Palestina. Jarraian datorren kronikaren egileek abuztuan Palestinan bizi izan zituzten egunetan, Gazako afera izan zen hizpide komunikabideetan. Gazako (Ghazzah) desegitea eta kolono israeldarrak ateratzea, okupazio israeldarraren historiaren aurkako kolpea izan zen. Baina asko ziren, Israelen deskonexio prozesua indarrak berrantolatzeko modu bat besterik ez zela izan esaten zutenak. Munduko politikariek, eta komunikabideek begirada Gazako eremuan zuten bitartean, israeldarrek Zisjordaniako lurrak okupatzen jarraitzen zuten. Inoiz asetzen ez den munstroak suntsipena eragiten duen moduan, israeldarrek Zisjordania biltzen duen harresi erraldoia eraikitzen jarraitzen zuten, munduko herrialde askoren begiradapean.

2021eko uztailaren 19an
Ariel Sharonek aipatu zuen lehen aldiz "segurtasun harresia"ren kontzeptua, 2002ko apirilean. Hilabete gutxi batzuen ostean hasi ziren eraikitzen Zisjordania inguratuko duen 360 kilometroko harresia. Jada, 180 kilometro baino gehiago eraiki dituzte, 1967an erabakitako marra berdeari batere jaramonik egin gabe, palestinarrei herrixkak, baratzeak, lur sailak, ur putzuak eta lanpostuak lapurtzen dizkieten bitartean. Milaka dira modu horretan lurrik gabe geratzen ari diren nekazariak. Hamil, Belenen ezagutu dugun gizon adindua da. Hormaren aurrean topatu dugu, plastikozko aulkian eserita. Ondotik pasatzerakoan, kanpotarrak garela ikustean, hitz pausatuen bidez, bere istorioa kontatu digu. "Orain dela bi urte, lau soldadu israeldar ingeniari batekin etorri ziren nire etxera. Harresiaren zati batek nire etxe paretik pasa behar zuela eta, kareharriz marra bat marraztu zuten nire lur sailetan. Hasieran ez nuen ezer ulertu, inork ez baitzidan arabiarrez ezer azaldu. Baina egun batean, langile mordo bat etorri, eta indusmakina batekin, nire etxe parean zulo galanta egiten hasi ziren. Hilabetean nire familiaren olibondo eta laranjondoak hormaren beste aldean geratu ziren. Orain soldadu israeldarren baimen berezia behar dut nire lur sailak landu ahal izateko. Lur sail hauek hiru urtetan ez baditut lantzen, gobernu israeldarraren menpean geratuko dira beraiek sortutako lege berri baten arabera". Hamilek berari jazotakoa kontatu ostean, harresian pausatu du begirada, bere begiek islatzen duten amorruaren indarrarekin egun batean harresi hura botatzeko gai izango denaren esperantzarekin. Ilobak beranduago azaldu digunez, harresia eraiki zutenetik, Hamilek porlanezko hormari so pasatzen ditu egunak.

Palestina mila zatitan hautsia dagoen herrialdea da. Lehergailu batek bere lurra birrindu izan balu bezala sentitzen dute palestinarrek aberria. Debekatuta dute Tel Avivetik hegazkina hartzea. Palestinatik irten nahi duten guztiek Jordaniako hiriburuko aireportura joan behar dute. Jerusalemgo (Al Quds) hiri santua bisitatzeko berriz, Israelgo gobernuaren baimena behar dute. Beste adibide bat, Ramalatik (Ram Allah) (Palestinako hiriburua) Nabulusera (Nabulus) joan nahi izanez gero, kontrolak eta oztopoak izango dira nagusi.

Israeldik Palestinako edozein herritara sartzeko dagoen aukera bakarra, checkpointak zeharkatzea da. Hauek Palestina osoan zehar israeldarrek ipinitako kontrolak dira. Checkpointak porlanezko bloke erraldoiak dira. Harresiak alanbrezko sareak. Metrailadoreak eta tankeak. Sentimendurik ez duten soldaduak. Hauek dira checkpointak. Ramalara sartu ahal izateko, Qalandia izeneko checkpointa zeharkatu beharra daukagu. Jerusalemen auto kolektibo bat hartu eta honek Qalandian utzi gaitu. Pauso batzuk oinez egin ondoren, Israelgo armadaren kontrol zorrotz batekin egiten dugu topo. Bi ilara luzetan, - bat emakumeentzat eta bestea gizonezkoentzat- milaka palestinarrek askotan orduak eman behar dituzte soldaduek beren lurraldeetara sartzeko baimena noiz eman zain. "Nora zoaz?", "Nondik zatoz?", "Zer daramazu poltsan?", "Zein da zure ogibidea?", "Ba al daukazu muga pasatzeko baimenik?"... Eta zortea izanez gero, muga pasatzen utziko diete. Guk, atzerritarrak izanik, zorte handiagoa daukagu.

Bertan beste auto bat hartu, eta Ramalan sartu gara. Egoera normalizatu batean ordu erdian egingo genukeen ibilbidea egiteko, Palestinan orduak behar ditugu. Garai batean Jerusalemen lan egiten zuten Ramalako gazteek gero eta ahalegin handiagoa egin behar izaten dute lanera garaiz heltzeko. Nabulusen ikasten duten Janineko (Janin) emakumeentzat ikaragarrizko abentura da egunero klasera joatea. Lurrak harresiaren beste aldean dituen Belengo nekazariak hiru ordu behar ditu lehen bere atearen parean zegoen baratzera heltzeko. Prozesu horren ondorioz, Palestinako herriak irla bilakatzen ari dira.


Kaiolako hainbat herri

Ramala, Palestinako hiriburu administratiboa da. Okupazioaren aurretik, Jordaniako jende diruduna joaten zen bertara, oporrak pasatzera, bere herriko sargoriaz ihes eginaz. Gaur egun ez dago ia atzerritarrik. Herri erdialdean pilatzen diren merkatuak dira herritarren topaleku bakarra. Jendearen oihuek, autoen zaratek eta minareteetako otoitz deialdiek nolabaiteko xarma berezia ematen diote Ramalari.

Baladna gozotegian egin dugu topo gure lehen kontaktuarekin, Sana Birawi eta bere familiarekin, hain zuzen ere. Tolosan bizi den palestinar baten arreba da Sana. Anaiak 1978an utzi behar izan zuen bere herria, eta ordutik Euskal Herrian bizi da, debekatua baitu Palestinara itzultzea. Sanak eskuzabalik hartu gaitu, Sahid senarraren, eta hiru seme-alaben begiradapean. Sana, unibertsitateko irakaslea da, eta senarra berriz arkitektoa. Denbora luzez aritu gara Palestinan bizi duten egoeraz mintzatzen. 2003an, israeldarrek Ramala hartu zuten hiru astez. Irteera guztiak itxi eta kalez kale aritu ziren 15etik 65 urte bitarteko gizonen bila. "Enparantza batera eraman eta bertan denbora luzez eduki zituzten herriko gizonak. Denak biluztu eta eskuak lotu zizkieten, talde armaturen batean zeuden baieztatu nahian. Nire senar Sahidek zorte handia izan zuen, bertan ordu gutxi batzuk eman ondoren, aske utzi baitzuten. Baina beste gazte eta lagun asko Israelgo kartzeletara eraman edoa okerragoa dena, bertan erail zituzten. Ramala hiru astez itxita izan zuten. Ezin genuen etxetik atera janaria edo ura lortzeko. Anbulantziek ere ezin izan zuten herrira sartu kaleetan botata zeuden gorpuak jasotzera. Asko jota, egun batzuk igaro ondoren, israeldarrek ordu batzutan kalera irteten besterik ez ziguten uzten. Egoera jasangaitza bilakatu zen" azaldu digu Sanak. Ilea estalirik darama, zapi zuri baten azpian. Baina begi beltzaranek agerian utzi digute jazotako sufrimendua.

Jerusalemdik iparraldera, 65 kilometrora dago Nabulus. Zisjordaniako hiririk handiena eta industria gunerik garrantzitsuenetarikoa da. Bertako fabriketan egiten dute Palestinako xaboi ezaguna. Arrazoi hau dela medio, Israeldarren eraso gehien jasaten dituen hiri palestinarra da Nabulus. Herriko hormak milizianoz jantzitako gazteen irudiez beterik daude. Bertako gaztetxoek, bere bizitzako une jakin batean, milizianoz jantzi eta argazkiak ateratzen dituzte, Israelen aurkako erresistentziaren alde daudela erakusteko. Akaso, argazkia atera ondoren, ez dute berriro armarik hartuko esku artean, baina herrialde baten nahia erakutsi nahi dute modu honetan. Egunean zehar, Nabulusko merkatuak jendez gainezko daude. Janari postuetan saltzen diren fruitu eta espezieek aire beroa usain bereziez betetzen dute. Baina eguzkia gorde eta iluntasunak Nabulusko alde zaharra hartzen duen bezain laster, ia gauero, Hamaseko kideek alde zaharra hartzen dute uniforme ilun, arma eta gorrotoz beteriko begiekin.

Nabulusen pasa dugun lehen gauean, isiltasuna hautsi duten tiro hotsek esnatu gaituzte. Hurrengo egunean jakin dugunez, hiriaren kanpoaldean dagoen checkpointetik soldadu israeldarrak hirira sartu dira gauean, Nabulusko bake xumea beren arma, tanke eta banderekin urratzera. Egunsentian, hoteleko jabeari zer gertatu den galdetu diogu. Ezer garrantzizkorik jazo izan ez balitz bezala, erantzun digu: "Ez zaitezte larritu! Soldaduak gustuko dute Nabulusko lasaitasuna urratzea, Hamaseko kideak alde zaharrean ezkutatzen diren aitzakiarekin sartzen dira, kalez kale ibiltzen dira, eta askotan herritarrak izutzearren, tiroak botatzen dituzte. Eguzkiaren lehen printzak ikusi orduko berriz, hiritik alde egiten dute".

Goiza goibel esnatu da Nabulusen. Bertako kaleetan zehar gabiltzala, erloju denda bateko jabeak berarekin tea hartzeko gonbitea luzatu digu. Ata Yameen, 23 urteko palestinarrak ingeles garbia hitz egiten du. Berehala, azken egun hauetan denon ahotan dagoen gaiaz hitz egin digu, Gazataz hain zuzen ere. "Israelgo armada Ariel Sharon ministroaren ‘deskonexio plana’ burutzen ari da. Hala ere, Israelek, Gazako muga eta sarbide, aire eremu eta uren kontrola izaten jarraituko du. Hala, eskualde hori denbora gutxian presondegia bilakatuko da, Zisjordaniarekin gertatzen ari den bezala. Baina engainu honen aurrean, munduak itsu jarraitzen du. Oraindik asko dira Israelek 1948an eta 1967an beren lur, etxe eta herrietatik bota zituen eta itzultzeko zain dauden palestinarrak".


Belen, santutasuna galdu duen herria

Zenbat alditan aipatu ote da Belen herria Eguberrietako kantetan? 2.000 urte baino gehiagoko historia duen herriak, jada ez dauka santutasunarekin inongo zerikusirik. Jerusalemdik 12 kilometrotara dago Belen. 2000.urtean, Unesco eta beste hainbat erakunderen diru-laguntzei esker, itxura berria dauka gaur egun herri biblikoak. Baina kontrol bat pasa ondoren, parez pare israeldarrek eraiki berri duten harresiarekin egin dugu topo. Israeldarrak, Palestina kartzela bihurtzen ari dira hormaren bidez. Hunkiturik zeharkatu dugu harresiak duen ate bakarra. Soldaduak atzean utzi, eta Belenen sartu garen heinean, gazte andana ikusi dugu kalean zehar. Azken urteetako istiluek eta hormak turistak aldendu ditu Belendik. Jada gutxi dira Natibidadeko elizara inguratzen diren kanpotarrak, eta lehen jendez betetako souvenir dendek itxura penagarria dute.

Osama, 49 urte, Belengo Johnnys Souvenir Shop dendaren jabea da. Belengo eliza famatutik oso gertu dago bere denda. Jesusen irudiak, azken afariaren egurrezko eskulturak, marmolez eginiko estalpeak, egurrezko xake joko ederrak, mila materialez eginiko gurutzeak... denetarik du Osamak dendan. Arabiarren ohizko tea eskaini digun bitartean azaldu digunez, azken urte hauetan oso turista gutxi gerturatzen da Belenera. "Hau familiarteko denda dugu, eta denak bizi gara dendan saltzen dugunaz. Baina egun hauetan gauzak ez daude ondoegi, egunak joan egunak etorri denda hutsik dago. Belen eta Palestina inguruan eraikitzen ari diren hormigoizko kaiola erraldoi honek, gauzak okertu besterik ez dizkigu egin".

Belengo plaza ezaguna mila bider okupatu dute israeldarrek. Israelgo edozein puntuk Hamas taldearen atentaturen bat jasaten duenean, israeldarrek tankeak herriko plazaraino sartzen dituzte bakearen sinbolo izan beharko lukeen Belen herria era bortitzean zigortzeko. Belengo souvenir dendak itxita daude, hotelak hutsik, herritarrek ezin izaten dute libreki herriko kaleetan ibili... Bien bitartean, Europan jaiotza idealizatuak ipintzen dira Eguberritan, benetako Belenek bizi duen egoera gogorra ezagutu gabe.

Belendik hegoaldera dago Hebron (Al Khalil). Herri honen kasua berezia da. 1967ko gudaren ondorioz, judutar talde bat Hebron erdialdean zegoen hotel batera joan zen gaua pasatzera. Judutar hauek izan ziren Hebrongo Avrham Avino auzoko okupazioaren aitzindariak. Gaur egun 400 dira Abraham hilobiratuta dagoen herrian bizi diren kolonoak. Eta 400 judutar defendatzeko, 3.000 soldadu daude. Hebrongo alde zaharra alanbrada, pistola, fusil eta soldaduz inguraturik dago. Palestinarrek checkpoint bat zeharkatu behar dute beren herriko alde zaharrera pasatzeko, edo eta Ibrahimgo meskitara errezatzera joateko. Meskita honek ere badu pasarte ilunik bere historian. 1994ko otsailean, Baruch Goldstein amerikarra, Arafat eta Rabinen arteko bake akordioa ospatzeko, uniforme militarra jantzi eta Ibrahimgo meskitara sartu zen. Galil markako fusil batekin, otoitzean ari ziren palestinarrei tirokatzen hasi zen. Bizkarrean tirokatu zituen Goldsteinek palestinarrak. Israelgo armada, tiroak palestinarrek botatakoak zirela usteta, hauei tiroka hasi zen. 29 palestinar hil ziren.

Gaur egun, Hebronen sartu orduko konturatzen zara bertan arnas daitekeen gorrotoaz. Ez gara harritu, Hebron erradikalismo islamiarraren punturik indartsuenetarikoa dela esaten digutenean.

Palestinako lurretan igaro ditugun egunetan, etsipena herritarrek egunerokotasunarekin lotzen duten sentimendua dela nabaritu dugu. Baina palestinarrek, etsipen horren aurrean, betiko bizitzarekin aurrera egiten ikasi dute. Senak esaten die, Israelgo estatuak 57 urte besterik ez dituela eta Palestinak berriz 3.000 urtetik gora. Nola da posible israeldarrek mende erdian palestinarren historia luzea ezabatu nahi izatea?

Yasser Arafatek Nazio Batuen Erakundean eginiko lehen agerraldian honako hau esan zuen: "Ni, esku batean olibondo adar bat dudala etorri naiz. Beste eskuan berriz, fusil iraultzaile bat dut. Ez ezazue utzi adar berdea nire eskuetatik eror dadin". Badirudi israeldarrek olibondo adarra lurrean ikusi nahi izan dutela.


Azkenak
Asier Urbieta, 'Faisaien irla'
“Guretzako mugarik ez dago eta horrela estreinatu behar zen: mugarik gabe”

Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]


Haur Hezkuntzako irakasleen %94 emakumeak dira

Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]


2025-04-24 | Gedar
Indarkeria matxistaren aurkako babesa: Hego Euskal Herrian, salatutako kasuen %31tan ez ziren neurriak hartu

Espainiako Estatu mailan, behera egin dute bai ezarritako babes-neurriek bai aurkeztutako eskaerek.


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Pertsonon datu-pribatutasuna ezbaian, delinkuentziaren aitzakian

Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.


2025-04-23 | Jon Torner Zabala
Madrilgo mugimendu ekologistan infiltratutako beste polizia bat atzeman dute

2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez,... [+]


2025-04-23 | El Salto-Hordago
Arun Kundnani: “Arrazakeriak gizarteko baliabideen banaketarekin du zerikusia”

Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.


Militarizazioan beste urrats bat eman du Espainiako Gobernuak: 10.471 milioi euro gehiago bideratuko ditu Defentsara

Espainiako Gobernuak urte amaierarako Defentsara bideratuko duen gastua Barne Produktu Gordinaren %2 izango da: 33.123 milioi euro. Sánchezek adierazi du erabaki horrek "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta armadaren baliabideak "modernizatzea" dutela xede.


Ukrainarako “irtenbidearen” bila, edo ez?

"Bakearen" bidean, Errusiak proposatu du kontrolpean ez dituen lurraldeei uko egitea. Trukean AEBk hainbat onura emango dizkio, Financial Timesen arabera. Hala ere, Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskov-ek abisu egin du: "Ez fidatu hedabideez, ezta errespetagarriak... [+]


2025-04-23 | Jon Torner Zabala
Gipuzkoako klub batean jokatzeko ez da derrigorrezkoa izango eskola kirolean parte hartzea

EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]


Herritarren kexuaren gainetik pasaz, aitzina doa Gatika-Cubnezais itsas azpiko kable elektrikoaren eraikuntza

Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul Watson baleen aldeko ekintzaile... [+]


2025-04-23 | Behe Banda
barra warroak
Unpopular opinion

Ez da lehenengo aldia, aditua izan ei naiz kontraesanetan. Oreka, baietzaren eta ezetzaren arteko muga non marraz daitekeen bilatzen. Analisi topografikoa, neurriz neurri morala triangelatzen. Tatuaje erraldoia bekokian: Bai, baina… Erabaki batera iristeko, inoiz nire... [+]


Almidoitik eratorritako mikroplastikoak kaltegarriak izan litezke osasunerako

Almidoiarekin egindako plastiko biodegradagarrietatik sortutako mikroplastikoek saguen osasuna kaltetzen dutela ikusi dute esperimentu batean. Ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela bioplastikoen segurtasuna hobeto ikertzea, haien erabilera handitzen jarraitu aurretik,... [+]


Emakumeek lan munduan izandako garrantzia islatu dute Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]


Eguneraketa berriak daude