Tere Irastortza, Idazlea eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria: «Euskal idazle bat, ezagutzaren gizartean»
Ezagutzaren gizartea: gaurko gizarteak etorkizuneko erronkei eman dien izena. Atzean geratu bide dira harri-aroa, burdin-aroa... eta historiaurreak. Orain homo-sapiens-ak segida behar du gizaki sortzailearekin. Euskal sortzaileak prest al gaude?
a. Euskal liburugintza egoera jakin batetara iritsia da: Egokitzapen garaiak bizi ditugu
Orain hogei-hogeitabost urte euskal liburugintzan dena egiteke zegoela zirudien. Hala zen, gainera, gutxi-asko, Euskal Herri osoan.
Jarraipenik izan ez duen proiektu asko jarri zen abian, eta jarraipena izan duen beste asko ere bai -EIE bera, edota hainbat eta hainbat argitaletxe eta abar-. Orokorrean, ordea, esperimentatu beharra, berritu beharra zen aldarrikapen nagusia, modernizatu beharra.
Hurrena, idazle-gurako haietako gehienak sartu ginen beste eremu batzuetan: hizkuntza-normalkuntza plangintzetan, euskara erakusten, soziolinguistika aplikatuan, itzulpengintzan, hizkuntza-zuzenketan, tesietan... eta kontzeptu berri bat nagusitu da: normalizazioa.
Eta euskal liburugintza normalizatu samar dago, dagoeneko, bere parametroetan. Sistema bat osatu du -nahi adina akatsekin, hori bai- Eta sistema bat izateak baditu bere abantailak, inolaz ere. Etxe batean armairua edukitzeak duen bezalaxe. Ezin da dena oldarrean, tupustean, inspiraziopean egin. Gauzak egituratu egin behar dira, planifikatu, zuzendu. Neu ere horren aldekoa naiz, hein batean.
Baina, orokorrean, literatura modernizatu behar hark indarra galdu duen heinean, literaturak, berezko duen tasunetako bat galdu du: ausardia, esperimentatu beharra, bakarren batek "metaliteratura" deitu zuen horretarako joera eta grina.
Euskal liburugintzaren egoera definitzeko, besteak beste, ezaugarri hauek emango nituzke -idazle baten ikuspegitik-:
a.- Kasik genero bakarrekoa den liburugintza; ipuina eta nobela dira nagusi.
b.- Itzulitako liburuez asko elikatzen den sistema.
d.- Adin-tarte jakin bati begira hezur-mamitzen den sistema.
e.- Liburu-dendetatik kanpora zabaltzen ez den sistema.
f.- Mundu birtualean berebiziko ahalegina egiten ari den sistema.
g.- Euskal sortzailea katea-begi ahulena duen sistema: liburuaz asko mintzo gara, sorkuntzaz gutxi.
Orokorrean, esango nuke, euskal idazle asko -ez onenak eta txarrenak- sistema honetara egokitua dago. Euskal liburugintzaren generoen azterketa egiten badugu garbi ezezik nabarmen geratzen da hori. Saiakera eta dibulgazioa, dagoeneko zerua irabazia duen hainbat argitaletxeren eginkizun bilakatu da. Zer esanik ez antzerkia eta poesia ere.
Beste alde batetik, nabarmendu nahiko nuke euskal literatura eta liburugintzan oso liburu esperimental gutxi argitaratzen dela. Ez dakit, dagoeneko, idatzi ere idazten den.
Halakoetan gertatzen den bezala arriskua dago otsoa artzain bihurtzeko, eta arriskua euskal liburugintzak sorkuntza zapuzteko.
b. Egoak moztu
Dagoenera egokitzeak ez du esan nahi, niretzat, euskal idazleok dagoenarekin euskal liburugintzaren sistemarekin konforme gaudenik. Gure konforma-ezinaren aldarriak nonahi irakurtzen dira prentsan. Baina Egokitzapen-izpiritua indartu besterik ez du egiten norbere egoa elikatzeko helburuarekin egiten diren euskal liburugintzaren irakurketak.
Euskal liburugintzaren irakurketa horiek hainbat aurriritzi gizentzen dute, eta aurreiritzi horiek oso kaltegarriak dira euskal sorkuntzarentzat.
1.- Gutxiengoak eta gehiengoak direla eta
Euskara hiztun-komunitate txiki baten hizkuntza da. Eta txikiari gutxiespenez begiratu ohi diogu, eta beraz, baita euskarari eta euskaraz egiten dugun orori ere. Berebiziko konplexuak sortzen dizkigu aurreiritzi honek eta esango nuke, hainbat sortzaile gaixotzeraino eraman dezakeela dilema honek.
2.- Euskara hautatzen dugu, baina kultura egiten dugu
Euskararen egoeraz hitz egiterakoan, gazte nintzela, diglosia izan zen egoera deskribatzeko eta definitzeko Txillardegik »uste dut» proposatu zuen hitza. Gero, egoera diglosiko horretatik irteteko Normalkuntza izan da hitza. Hizkuntza-Normalkuntza Politikaren aroan bizi gara aspaldian.
Aspaldian, "euskal" hitzarekin hasten den sintagma oro , normalkuntzaren paradigmetara eraman behar da. "Euskal zinema", euskararen normalkuntzaren bideko urratsa da; "euskal kantagintza", hizkuntza-normalkuntzarako baliabidea, "euskal literatura", euskaraz hobeto idazten eta irakurtzen erakusteko bidea.
Antza denez, euskararen normalkuntzari laguntzeko edota hizkuntza-legedia betetzeko adina apal badago gure kultur-politiken oinarrian. Eta euskal idazleak, de facto, idazterakoan, onartu egiten du egoera hau.
3.- Autozentsura
Lehen esan dut, oso liburu esperimental gutxi egiten dela euskal letretan. Baina, aldi berean, azken hamarkadetan euskal poesia, esate batera, ari da jorratzen publiko zabalago batetara iristeko bideak.
Hala ere, hizkuntza-egoerara egokitu beharra dela edota liburua argitaratzeko beharrezkoak diren parametroetara egokitu beharra dela; dela Euskal Herri gatazkatsu honetan hainbat parametro politiko liburugintzaren aurretik jarri beharrak... lehen esan bezala, itzali egin du sortzeko grina.
Autozensuraren muga-mugan ari gara. Aurrena idazleari ezartzen zaion erreparoa zera da, zertarako argitaratu irakurriko ez bada? Hurrena idazleak bere buruari ezartzen dion erreparoa da, zertarako idatzi argitaratuko ez bada?
4. Paradoxa: euskal irakurlearengana hurbiltzeko, euskal irakurlea abandonatu egiten du euskal idazleak
Eta ez da hau hitz-jokoa. Idazle bakoitzak gehiegizko lana egiten du euskal liburugintzaren sistemara egokitzeko. Sorlan behartua da hein batean, baina hori ez da axola duena. Egoera trabatuak inspirazio-bide bihurtzeko berezko gaitasuna du eta idazleak.
Axola duena, gai honetan, euskal literaturaren irakurle onaren neurria ematen ez asmatzeak. Askotan euskal idazleei egindako elkarrizketetan berotu egiten naiz. Gogoan dut, prentsan irakurritako bat orain dela hilabete batzuk. Bertan hamarren bat idazleri galdetu zitzaion gustuko idazle edo liburuen izenak. Horietatik hiruk bakarrik aipatu zituzten beste batzuen euskal liburuak. Aipatutako zerrendako proportzioa 50/8 zen. Hau da aipatutako berrogeita hamar liburutatik zortzi bakarrik ziren euskarazkoak.
d. Egoak moztu eta hegoak eman, euskal liburugintza kimatu, euskal liburugintza indartzeko
Arestian aipatutako kalteak, sobera dugun izerdia bezala ateratzen dira. Erretsina bezala eranskorra eta likitsa... eta izerdia bezala xukatzen jakin behar dena. Baina, aldi berean, berekin dakarte sorlanaren hazia.
1. Txikia baina ez eskasa, Lazkao Txikik zioena.
Euskara hiztun-komunitate txikia eta gutxitua ere bada. Baina euskal idazleok euskara hautatu egin dugu.
Euskararen hiztun-komunitatea txikia da... baina jo dezagun atomo bat edo hazia bezain txikia ere badela. Ez da beste hizkuntza batzuk baino gehiago gizarte-esparru batzuetan, baina aski da euskal sortzailearentzat. Euskal sortzaileak bere hizkuntza hautatu egin du, gure inguruko erdal sortzaile gehienek ez bezala.... eta hautaketa horretan, azpimarratu nahi nuke, ez direla arrazoi nazionalak eta abertzaleak bakarrik izan pisua dutenak.
Esango nuke, euskara hautatu dugun askok euskarari beste alderdi batzuk aurkitu ahal izan dizkiogulako hautatu dugula. Ez noski, inolako inperioko hizkuntza eta kultur-industriak aberasteko ere eman ditzakeen aukerak... baina bai, agian, barneagotik idazteko aukerak, bai erro-hizkuntza batean hitz egiten, hausnartzen eta amesten ikasi izanak; bai, agian, alor guztietan kanonizatu ez den hizkuntza batek damaigukeen askatasuna.
Oso gutxitan antzematen dut euskal sortzaileen artean bere hizkuntza-hautaketen irizpideei buruzko hausnarketarik. Gehiagotan nabaritu dut euskara galdu duten hainbat sortzaileek, hizkuntza nola edo hala errekuperatuz, bere erroetara egin duten bidaiaren testigantza.
Bistan da, antza denez, alde horretatik, Oteitza edo Escudero-ren hausnarketak onartzeko, aurrena, Unamunok espainolari eta euskarari buruz esan zituenak ahazteko adinako ahaleginik ez dela egin gure artean, eta Oteitzaren erroetarako itzulera hartaz hausnartzeak beldurtu egiten gaituela, bakarren batek arlotetzat hartzeko beldurra baita euskal idazle kultuentzat beldurrik izugarriena.
Ni aspaldi jabetu nintzen nire erdal-idazle estimatuenen artean, hizkuntza hautatu zuten idazle asko nituela kuttun: Kafka, Edmond Jabés, Marina Tsvietaieva, Julien Green... On egiten du beste batzuetara biltzea.
2. Euskaraz idazten dugu, baina hizkuntza askotan irakurtzen. Euskaraz idazten dugu eta hizkuntza askotan irakurriak izan nahi dugu.
Irakurle euskaldunek erdaraz bakarrik irakurtzen dugula pentsa dezakete, agian... baina komunikabide erdaldunetan irakurri ere egiten ez dugun idazle arlotetzat gauzkate.
Arestian aipatutako elkarrizketetan, euskal idazleen erreferentzietan... nabarmengarri gertatzen da, nire iritzian, euskal idazlegoak erreferentzia propioak osatzeko egin duen ahalegina. Beste alderdi askotan ez bezala, hemen sentitzen dut eman duela euskal idazlegoak hausturarik handiena. Inguruko hizkuntza handietako idazle gehienek aski dute bere tradizioarekin: gaztelerazko, frantsesezko edo ingelesezko tradizioarekin.
Euskal idazleok geure tradizioa ahazteko arriskuan batzuetan »dena esan behar baita» eskolan ikasi ahal izan dugun tradizioa gainditu dugu. Tradizio nazionaletara baino gehiago, gure sor-muinean geure lanekin osagarri izango zen tradizio baten bila ekin diogu. Euskaraz idazten dugu, beraz, inolako tradizio nazionaletatik irtenda. Geu bagara mestizo, nahita ez, geu izateko.
Horregaitixe, uste dut, euskal irakurleek bezalaxe, beste irakurle batzuk ere -ez beti komunitate nazional handietakoak eta gertukoak, haiek ere, gu bezala, irudipentsu eta ez batere irudimentsu- oso erraz uler gaitzaketela.
e. Nola kimatu euskal liburugintza eta nola kilimatu euskal sorkuntza
Nire artean, galdetzen dut, posible ote da ezagutzaren gizartea euskal idazlerik gabe sortzea? Idazketari buruz »baina ez modu indibidualean bakarrik, baizik talde gisara» dugun planteamenduarekin lortuko al dugu euskaraz ekoiztutako pentsamendu sortzaile bat ezagutzaren gizartean? Beharko al dugu, egunen batean, euskaratik abiatuko den itzultzailerik, euskal pentsamentua beste hizkuntzetara itzultzeko?
Daukagun euskal liburugintza sistemak -daukagun bakarrak eta ondo kostatuta lortutakoak, bestalde- bere akatsak ditu eta baita bere zirrikituak ere. Ez dut nik proposatzen euskal liburugintza sistema goitik behera eraldatzea, ez eta apurtzea ere... berritzea, hazkunde-bidean jartzea baizik.
Horretarako, uste dut, dagoeneko euskal sorkuntza indartzeko -asko gutxi, hobeto edo okerrago- dauden neurriak (sariketak, bekak…) lerrokatu egin behar direla, bete gabe dauden hainbat hutsunerekin batera.
Ziur naiz Euskal Herria munduko ziklista onenak emateko gauza bada, munduko idazlerik onenak emateko gauza ere badela. Ziur naiz, Euskal Herriak, bere hizkuntza-gutxituaren erroetan bertan jaso duela bere handitasunaren hazia. Euskal Herriak egokitzen eta sortzen asmatu duen heinean iraun du eta iraungo du euskaldun, herri, kultura.
Horregatik, berriro azpimarratu dut, Ezagutzaren Gizartearen aurren-puntan aritzeko prestatu behar duela euskal idazleak, eta orokorrean, euskal sorkuntzak -edozein arte-molde dela-.
Horretarako, uste dut, euskal idazleak badituela, lehen aipatu bezala, Ezagutzaren Gizartean behar-beharrezko diren bi ezaugarri: etorkizuneko gizakiak sormena eta sorlana du behar-beharrezko; ezezagun denari galdetzeko nahi ta nahiezko joera, besteak beste, alegia, esperimentatzeari beldurrik ez izatea.
Ezaugarri horiek, historian zehar, asmatzaile zientifikoez gain, sortzaileok geureganatuak ditugu... baina, asmatzen ari garen ezagutzaren gizartean, antolaketaren eta etengabeko hobekuntzaren paradigmetan ari denean, beldur dio, oraindik, paradigma-apurketari, ziurrenera, oraindik, egitura ekonomikoen egungo premietara lotuegi delako. Eta bistan denez, egungo egitura ekonomikoa ez da apenas errotzen euskal kulturan. Hori da behar dugun lorpenetako bat.
Baina horretarako, behar-beharrezkoa da euskal sortzaileen lan-baldintzei erreparatuz hastea.
Pentsaezina zen arren, hala ere, egun, ez da harrotzekoa, kezkagarria baizik, dozena bat idazle eta kantari profesionalki ari daitekeen sistema batekin konformatzea.
Horregatik, ezagutzaren gizartean egon behar badu euskal idazleak, dagoeneko neurri batzuk eta metodologia batzuk onartu beharrean gaude.
1.- Elkarlanaren printzipioa.
Aitortu behar dut, aspaldian nabilelako euskal kulturgintzan, modu batean zein bestean, printzipio hau dela betetzen zailenetakoa. Erakunde gehienek badituzte, gurean 20-25 urte. Iritsi dira, gehienetan, hasmentetan pentsatzen ez zuten punturaino… baina orain, badirudi, Ikastoletako guraso batek behin esan zuen bezala, 20-25 urteko esperientzia duen giza-taldearen ordez, urtebeteko esperientzia 25 aldiz errepikatzeko joera duen giza-talde batean ari garela.
Nekeza da, askotan, elkarte baten barruko elkarlan-printzipioari eustea. Ez gutxiago, askotan, beste elkarte eta erakunde batzuekin elkarlana bultzatzeko zirrikituak profitatzea. Elkarte bakoitzak, erakunde bakoitzak… euskal kulturan ere, bere interesak dauzka… eta elkarte horretan eta sistema honetan, elkarteen eta guztien interesen gainetik ezartzen dira norbere interesak. Orain-oraindik, esango nuke, konspirazioa, batzuetan, inspirazioa baino indartsuago dela.
2.- Lurraldetasunaren printzipioa.
Banaka egin ezin ditugun gauzak egiteko biltzen gara elkarteetara. Elkarteak, ordea, askotan, oso diru-baliabide propio gutxi ditu.. eta behartuta daude, diru-baliabideak ematen dituzten eremuetan lan egitera. Baina ezin da etsi honetan ere.
Hala ere, politika tradizionalak ez dituen beste baliabide batzuk ditugu elkarteok. Horiek eta beste guztiak jarri behar ditugu Euskal Herri osoan euskal sorkuntza indartzeko eta babesteko. Nafarroan eta Iparraldean, ordea, ezinbestekoago dugu, hemen baino, oraindik, sorkuntza bultzatzea. Sorkuntzara emanak daudenak -direla musikari, antzesle, idazle…- izan behar dutelako euskal kulturari eutsi nahi dion giza-taldearen erreferente.
Beste inon baino gehiago, euskal kulturaren erreferentziarik gabe osa daitekeen ezagutzaren gizarteak berak zapuztu egingo baitu, erabat, gerora, euskal sorkuntza.
3.- Egile eskubideen defentsaren printzipioa
Orduan eta sortzaile profesional gehiago dago, aurren-berritan urrats handi hori eman zuten batzuei esker. Hala ere, oraindik, lotsa eta aizu gara, sarri, egile eskubideak defendatzeko.
EIEk egile eskubideen defentsan beste urrats batzuk emango ditu… baina ez da aski elkarte batek urratsak eta baliabideak proposatzea. Iritsi da egileen-eskubideen defentsari buruzko debate garrantzizko bati eragiteko garaia.
Prentsan haizatu, harrotu eta manipulatu den pirateria-antipirateriaz haratago doa sortzaileen premia. Maximalismoetatik urrundu egin behar dugu.
Orohar, esango nuke, ez gaudela ederki, dozena bat idazle edo kantari bizi ahal badaiteke, zuzenean, sorlanetik. Ekologiaren legeetara begiratu ezkero, desagertzear dagoen espezietzat joko nuke euskal sortzailea.
Egia da, sistema beti elika daitekeela literaturan eta musikan klasiko diren egileez. Besteak beste, haiek ere, sarri, bere gizaldian morroi eta neskame izanagatik, hurrengo gizaldietarako ere baliagarriak izan ziren erakustaldiak eman zituztelako baita. Egia da, sistema beti elika daitekeela beste kultura batzuetan sortu denaz, beste ekoizpen batzuk itzuliz eta egokituz. Are eta gehiago, egia da, euskal liburugintzaren sistemak -eta ia liburugintzako sistema orok- biziraupena ere bermatua dukeela sortzaile askorik gabe, informazio-sareak elikatzeko adina sortzaile berri bultzatu hutsarekin. Eta egia hauek gordinegiak dira, esateko ere. Eta egia hauetara ohituegiak gaude, hainbatetan, erreakzionatzeko ere.
Baina sortzailerik gabeko kultura batek, errepikapenaren aroa besterik ez du sortuko. Horregatik defenditu behar dira egile-eskubideak. Ni ez naiz honetan oso iaioa -poesia idatzi dudanez, ez naiz sekula asko kezkatu gai honetan-. Baina uste dut euskaldunen komunitatearen neurriak, euskal argitaletxeen neurriak, euskal idazleen lanek sarean duten hedapena kontutan hartuta, badela zertaz pentsatua.
Hau da galdera: zer komeni zaio gehiago euskal idazlegoari: copyrigth delakoa, copyfigth-a (auzolan lizentzia bat: creative commons deitu ohi dena) ala copyleft-a. Hala beste lizentzia motaren bat sortu behar al da?
Izan ere, egile-eskubideen harira, idazle gehienek -arrakasta handia dutenek salbu- ez dute ezer asko jasotzen egindako lanarekin alderatu ezkero -eta satisfakzio pertsonala alde batetara utzita-. Ez ote litzateke hobe, norbere apurrak jasotzeaz gain, guztion egile-eskubideak euskal sorkuntza indartzeko baliatuko bagenitu?
Hala egiten da, hein batean, CEDROn. CEDROtik norbanakoaz gain hainbat kultur elkartek jasotzen dugu dirua gure proiekturako. Ez da inongo erakundek ematen digun dirua, egileen eskubideen kudeaketa kolektibotik datorrena baino.
Baina, oraingoz, orokorrean, paperezko euskarrian diren eskubideak kudeatzen dira. Eta eskubide digitalak?
Euskal sortzaileen lanak sarean banatzearen alde, ezin al da sistema konpentsatzaile bat eragin, sortzaileak bere lana duintasunez egin ahal izan dezan, duintasunez bizi ahal izan gaitezen, duintasunez hil ahal izan gaitezen?
Gai honetan badut beste kezkarik. Euskal sortzaile bana bada Euskal Herriko alderdi politiko bakoitzean. Baina euskal sortzaileok sortu al dugu alderdi politikoetan euskal sorkuntza indartzeko kezkarik?
Nik dakidala Euskal Herrietan ez dugu Propietate Intelektuala babesteko -eta ezta erregistratzeko- erakunderik. Oraindik orain ari gara Biblioteka Nazionalaz hitz egiten…
Baina alor honetan, altxortegiaren egoerari begiratzetik, inbertsioetara jotzeko garaia ere iritsi da.
4.- Euskal sorkuntza atzerriratzeko erronka
Euskal liburugintza euskaraz sorkuntako eta euskaratutako liburuez elikatzen da. Euskal sortzaileak, biziko bada, itzulia behar du eta bere lanak atzerriratua behar du. Hainbatek lortu du urrats hori ematea, inolaz ere, aurrelari izan den Zugaza jaunari esker.
Bestalde, EIEk, Batzar Orokor batean bazkide batek hala eskatuta, eta Mallorcan GALEUSCAk burutapen hau izan zuelako nagusi, ekin dio azken urte hauetan, euskal liburugintza atzerriratzeko plangintza horri. EIEk , Galtzagorri eta PEN KLUBaren laguntzarekin hasiera-hasieratik, Editoreen eta Itzultzaileen elkarteekin batera, uste du, sorkuntza indartzeko behar-beharrezkoa dela urrats hau.
Badakigu honek euskal sistema aldatu egiten duela. Orain artekoan, euskal liburugintza izan da protagonista, euskal lurretan dago lana, euskal liburugintza Euskal Herrian errotu behar da, ezpairik gabe.
Baina lehentasun hori gutxietsi gabe, biderkatu egin behar da euskal sortzailearen oihartzuna erdal-munduetan. Arrazoiak, asko, nire iritzian. Bat edo beste baino ez dut aipatuko:
a.- Euskal Herriaz, euskal kulturaz interesa dago munduan. Hizpide gara eta gutaz aritzen uzten diogu edozeini. Mintzagai izatetik, geure ahotsa ezagutzera ematera pasa behar dugu.
b.- Euskal idazleek euskal idazlegoa hutsaren hurrengo ipintzeko joera gainditzeko, kanpoan ere -kirolariak bezala, industriak bezala- lehiatzeko gauza garela frogatu behar diegu geure buruei, barruan ere asentatzeko.
d.- Hiztun-kopurua euskal sorkuntzak behar duen lurra abonatzeko gauza ez den bitartean, euskal idazleak erdal lurretara iritsi behar du. Orain euskaratik beste hizkuntzetara itzuliko duten itzultzaileak behar ditugula pentsatu behar dugu. Orain, atzerriko literatur-sistemak ezagutzen dituzten pertsonak behar ditugu… baina ez erdal kultura euskaratzeko, euskal kultura munduratzeko baizik.
Amaiera hitzak.
Espero dut euskal idazleak errazago bilatuko dutela ezagutzaren gizarteko bidea, euskaldun batek Marterako bidea baino.
Ziur naiz, beste neurri asko hartu beharko direla eta beste hutsune asko bete beharko direla, hogeita bost urte barru -zahartzera iritsiko ahal naiz, andreok!-, euskal kultura aurren-puntan izan dadin.
Baina horretarako, aurrena, erabaki xume batzuk hartu behar dira. Euskal liburuaren sistema haratago eraman behar dugu, eta urtero, gure aurreko urteetako esperientzia berritzeko moduko antolaketa eta neurriak hartu behar dira.