Ainhoa Barriola: «Euskaldunok ez diogu beldurrik kirofanoari, jendeak esango duenari baizik»

Medikuek ikasteari ez diotela inoiz uzten esaten da. Eta zirujau estetikoek? Zu Madrilen izan zara asteburuan.
Zirujau estetikoek are gehiago, berrikuntzak etengabe datozelako eta ezin duzulako atzera geratu. Maisu garrantzitsuenak alde batetik bestera mugitu ohi dira ikastaroak emateko. Sarritan asteburuak eta oporrak ikastaroetara joateko aprobetxatzen ditugu. Asteburu honetan, rinoplastia, liftinga eta blefaroplastiaren inguruan aritu gara, baita konplikazioen inguruan ere. Horixe izan da interesgarriena, konplikazioak konpontzea zaila delako eta irakasleek duten esperientzia hori guztia oso lagungarria delako.

Zirujau estetikoa eta konpontzailea zara. Zein alde dago bien artean?
Erretakoak, zauritutakoak, sortzetiko malformazioak dauzkatenekin kirurgia konpontzailea egiten dugu. Kasu horietan berreraiki egin behar da, ahalik eta forma "normalena" eman. Estetika egitera datozenak mentalitate ezberdinarekin datoz, dena "normal" dute, baina bere gorputzeko atalen bat ez zaie gustatzen eta hobetu nahi dute. Hauek ez dira gaixoak, ez daude erreta ez dute traumatismorik pasa… Borroka batean norbaitek sudurra hautsi badu, hori zuzentzea kirurgia konpontzailea izango litzateke, baina gero nola geratu den ez bazaio gustatu eta beste ebakuntza bat nahi badu, hori estetikoa da. Espainian estetikoa soilik pribatuan egiten da. Konpontzailea egitea zure eskubidea da, baina estetikoa ez, zure aukera da eta ordaindu egin behar duzu.

Orduan kirurgia estetikoa egiten dutenak gaixoak ala bezeroak dira?
Nik denei gaixo edo paziente esaten diet. Baina kongresuetan eta, sarritan bereizi egiten dituzte. Azkenean ezberdinak dira. Kirurgia konpontzailea ahal duzun hoberena egiten duzu baina oso zaila da emaitza perfektua izatea. Estetika egin nahi dutenek askoz gehiago eskatzen dizute.

Mirariak eskatzen al dituzte?
Askotan bai. Horregatik da hain garrantzitsua kontsulta. Haiekin hitz egiterakoan zein perspektiba dituzten ikusi behar duzu, azkenean, psikologoa ere izan behar duzu nolabait. Ikusten baduzu perspektiba normalak, naturalak dituztela, eta badakitela zertaz hitz egiten ari garen, non sartzen diren, orduan aurrera egiten duzu. Baina ikusten baduzu idealizatuta daukatela, telebistan esaten duten guztia sinesten dutela, orduan luze hitz egin behar duzu haiekin, abantaila eta desabantaila guztiak azaldu. Eta hala ere, ez badute ikuspuntua aldatzen, orduan hobeto da ez egitea. Lortu nahi dutena ez dute kirurgiarekin lortuko, kirurgiak ez ditu euren bizitzan dituzten arazoak konponduko. Telebistan esaten dute kirurgia estetikoa oso erraza dela: egin eta kito, hurrengo egunean dena amaitu da. Hori ez da egia. Pazientea osasuntsu dago, bai, baina kirofanoan sartu behar du, post-operatorioa pasa behar du eta denbora beharko du errekuperatzeko.

Kirurgia estetikoa gutxiago onartzen da Euskal Herrian kanpoan baino?
Gero eta onartuago dago eta gero eta jende gehiago etortzen da. Jendeak gero eta naturalago hartzen du. Baina kirurgiaren aurrerapenak berak badu zerikusia horretan: lehenago egiten ziren ebakuntzen emaitzak artifizialagoak ziren, orain gutxiago nabaritzen dira. Hala ere, Euskal Herrian itxiagoak gara kontu hauetan, eta beldurtiagoak. Ez diogu beldurra kirofanoari, baizik eta gero jendeak esango duenari. Nire ama ere zirujau plastikoa da, orain erretiratuta badago ere. Berak dio hasieran oso jende gutxik egiten zuela, gaizki ikusia zegoela eta egiten zutenek ezkutuan egiten zutela. Egun zirujauak gero eta gehiago gara eta denok lana daukagu. Gorantz doan seinale. Baina egia esan, Bartzelonan edo Madrilen baino askoz gutxiago egiten da hemen oraindik.

Zein maila ekonomikoko jendea dator hona? Hor ere aldaketak izan al dira?
Lehen dirua zutenak operatzen ziren. Orain jende gehiagoren eskura dago eta gainera ordaintzeko erraztasunak eman ohi ditugu. Nirekin behintzat epeetan ordain dezakete. Orain denetik etortzen da: ikasleak, etxekoandreak… gizonezkoak gutxiago, baina hasi dira.

Zer da emakumezkoek gehien eskatzen dizutena?
Bularra jarri eta kentzea. Eta azken aldi honetan jartzea batez ere. Gero, adin batetik aurrera, aurpegia konpontzea nahi dute, begiak, liftinga, botoxa…

Bularretan sartzen diren inplanteak nahiko polemikoak izan dira…
Hor izugarrizko borroka egon da, batez ere etxe komertzialen artean. Batzuk hasi ziren esaten silikonak minbizia sortzen zuela edo artritis reumatoidea areagotzen zuela. Baina gero ikusi da ez zela horrela. Silikona ez da soilik bularreko protesietan erabiltzen. Barrabiletako protesiek, balbula kardiakoek… protesi guztiek dute silikona. Orduan zergatik jo dute bakarrik bularretako protesien aurka? Gerra komertzial horregatik. Bi motatako protesiak erabiltzen dira: silikonazkoak eta suerozkoak. Bigarrenak batez ere AEBetan erabiltzen dituzte, bertan silikona debekatuta dagoelako 1992az geroztik. Baina ordutik silikonazko protesiak asko hobetu dira eta Europan silikona erabiltzea aholkatzen dute, suerozkoak askoz lehenago hausten direlako, eta sueroa likidoa denez isuri egiten delako. Lehen silikona likidoa erabiltzen zen eta gaur egun debekatua dago, odolera pasa baitaiteke eta handik bihotzera, biriketara…Orduan silikonazko gela sortu zuten, pomadaren antzekoa eta gero eta lodiagoa egin zuten. Orain gelatina itxura du. Kapsula hautsiko balitz ere gela ez litzateke mugituko, bertan geldituko litzateke.

Eta hegazkinetan eztanda egitea, benetan gerta daiteke edo legenda urbanoa besterik ez da?
Suerozko protesietan bano ez da gertatu. Sueroa likidoa izanik, presioak kapsula lehertzera eraman zezakeen. Baina hori lehen gertatzen zen, orain kapsulek geruza gehiago dituzte, askoz ere gogorragoak dira. Silikonazko protesiek froga asko pasa behar dituzte, horien artean presio frogak. Egun protesiek nahi duzun guztia agoantatzen dute.

Gizonezkoak gero eta gehiago animatzen al dira? Zein ebakuntza da gehien egiten dutena?
Gehienak emakumeak dira, baina gizon batzuk ere badaude. Garai batean soldadutza egin behar zutenean etortzen ziren, belarriak konpontzera. Orain soldadutzarik ez dago eta hala ere gustuz etortzen dira. Gehien operatzen dutena sudurra da, baita belarriak ere. Badira bularrak dituzten gizonak eta horiek kentzeari ginekomastia esaten zaio. Liposukzioa ere egiten dute, gerri inguruan batez ere. Emakumeek aldiz gehiago egiten dute aldaka inguruetan.

Kirurgia estetikoak adikzioa sortzen al du?
Batzuetan gertatu zait, bai. Batzuk oso tematiak dira eta operatzen jarraitu nahi dute. Ezezkoa ematen diet, ez dute ulertu nahi eta nirekin haserretzen dira. Baina gero berriro etortzen dira. Edo batzuetan beste batengana joaten dira. Zorionez ez dira asko. Gehienak ideia finko batekin datoz, hura egin, pozik joaten dira eta kito.

Gustatzen ez zaizkizun gauzak, zuretzat estetikoak ez direnak egitea egokitzen al zaizu?
Lehen esan dugu kirurgia estetikoan bezeroekin lan egiten dugula, beraz, haiek aukeratzen dute. Kontsulta horretarako dago: zer nahi duten esaten dizute, baina zuk ere pentsatzen duzuna esan behar diezu. Azkenean, eskatzen didatena posible bada eta osasunerako arriskurik ez badu egin egiten diet, nahiz eta niri ez gustatu. Bularren adibidea ipiniz, nik 105-110 neurrira arte egiten ditut gehienez. Eta egia esan, oso arraroa da tamaina horretakoak eskatzea, hemen, Euskal Herrian. Hemen jendeak gauza normalak nahi ditu, politak baina diskretuak, besteek ongi ikus dezatela baina ez dezatela nabaritu kirofanotik pasa dela.

Kirurgia zientzia da. Baina kirurgia estetikoak ez al dauka arte puntua?
Bai. Edonork ezin du hau egin. Pertsona bat datorkizunean zuk buruarekin modelatu egiten duzu, hemen kendu egin behar zaio, hemen pixka bat jarrita hobeto geratuko da... Baina artea ez dago hor bakarrik, kirofanoan ere badago. Teknika guztiak zientzia dira. Baina teknika jakin bat aplikatzerakoan, zuk zure ukitua ematen diozu, puntu artistikoa eransten diozu: hobeto gera dadin, orbainak gutxiago ikus daitezen, alde honetatik borobilago gera dadin… Azkenean, zure firma jartzen duzu. Eta zure trikimailuak dauzkazu: batzuk beste zirujau batzuei esaten dizkiezu, baina beste batzuk zuretzat gordetzen dituzu, artistek bezalaxe.

Hor al dago lanbide honen satisfazioa?
Bai. Ederra da pazienteak "artista bat zara" esaten dizunean.

Baina beste medikuek biziak salbatzen dituzte edo osasuna hobetu, gutxienez.
Bai, baina nire pazienteak pozik irteten direnean sentitzen dut nik satisfazioa. Muxuak eta besarkadak ematen dizkizute, txokolateak ekartzen dizkizute… Konplexuarekin datoz, baina gero operatu eta handik hilabetera ondo ikusten dute euren burua eta dena ahaztu zaie. Beste gauza batzuk dituzte buruan, beste helburu batzuk. Azkenean hori da gure satisfazioa, pertsona pozik ikustea.

Piramideak bezain zaharra
Gaur goizeko kontua dirudien arren, antzinako egipziarrek dagoeneko zirujia plastikoa egiten zuten. K.a 3.000. urteko papiro egipziarretan teknika plastikoak aipatzen dira. Baita antzinako Indiako testu sanskritoetan ere (K.a. 2.600). Sushutrak K.a. 600ean sudurra berregiteko ebakuntza deskribatu zuen, gaur egungo tekniken oinarria ipiniz. Erroman Celsok (K.a. 25) ehunak mugitzeko diseinuak erabili zituen Demedicina lanean. Orbasio Bizantzioko errege medikuak ere aurpegiko akatsak zuzentzeari bi liburuki eskaini zizkion Synagogue Medicae entziklopedian.

Beste alor asko bezala Erdi Aroan zirujia plastikoa itzaltzen joan zen. XIII. mendean gainera Inozentzio III.a Aita Santuak ebakuntza kirurgiko guztiak debekatu zituen. Berpizkundearekin biziberritu ziren zientziak eta XIV. mendean Sabuncouglu turkiarrak ginekomastiaren teknika deskribatu zuen, bular erredukzioaren oinarriak ipiniz. 1545ean Gaspar Tagliacozzi italiarrak zintzilikarioen inguruko lan zehatzak idatzi zituen, gerora garrantzia handia izango zutenak.

Ezpainak berregiteko Choparten lanak (1791) eta anestesiaren lorpenek bultzatuta, zirujia plastikoa indartu egin zen XIX. mendean eta orduan hasi zen erabiltzen zirujia plastiko terminoa. Sir Astley Cooperrek lehen azal injertoa egin zuen eta urte batzuk beranduago John Roe estatubatuarrak lehen ebakuntza estetikoa egin zuen. Aurretik zirujia plastikoa sortzetiko malformazioak edo zauriek sortutakoak zuzentzeko erabili zen, baina handik aurrera, itxura hobetzeko ere erabiliko zen.

XX. mendeko bi gerra handiek bultzada izugarria emango zioten alor honi, milaka eta milaka mutilatuentzat irtenbide bila hasi baitziren zirujauak. Baina aurreko mendearen bigarren erdian iritsiko zen zirujia erreparatzaile zein estetikoaren benetako loraldia. Egun Espainiako Estatuan soilik, 40.000 liposukzio inguru egiten dira urtero.

Zenbat kostatzen da bularrak eta sudurra estrenatzea?

Elkarrizketaren egileak ez gara batere orijinalak izan gure eskakizunetan. Erredaktoreak bular pare handiagoa eskatu dio Barriola doktoreari eta argazkilariak, berriz, sudurrean ukitu batzuk egitea.

Lehenik eta behin, beste edozein ebakuntzatan bezala, doktoreak gure historial medikoa ezagutu beharko luke. «Handik aurrera lasai hitz egingo genuke. Zuetako bakoitzak zein arazo duen eta zer nahiko lukeen, zergatik, azalduko zenukete eta niri zalantza guztiak galdetzeko aukera ere izango zenukete».

Ondoren esplorazioa egingo liguke. Kalkulu guztiak atera eta pazienteoi jakinaraziko lizkiguke, «batzuek nahiago dute ez esan, baina nik dena esaten diet pazienteei». Bularra handitzeko kasuan, tamaina desberdinak frogatzeko aukera dago, nola geratuko litzatekeen ikusteko aukera. Zein protesi mota erabiltzen diren ere azalduko digu, baita non joango den eta nola sartuko den ere. Areolatik egitea da Barriolak hobesten duena, gero markarik batere ez duelako uzten. Protesia bi giharre pektoralen artean kokatuko litzateke. Beraz, azal azpian ukituko genukeena ez litzateke protesia izango. Eta gainera ez genuke arazorik izango haurra izan ondoren bularra emateko.

Odol analisiak ere egin behar ditugu kirofanoan sartu nahi badugu, elektrokardiograma eta beste hainbat analisirekin batera. Anestesistaren kontsultatik pasatzea ahaztu gabe. «Nik beti klinikan egiten dut ebakuntza. Nahiz eta pixka bat gehiago ordaindu, gauzak ongi egitea gustatzen zait». Ebakuntza egin eta hiruzpalau egunez oinazea izan ohi du ebakuntza bularrean egiten duenak. Baina lehen gaua klinikan pasa ondoren, hurrengo egunean dagoeneko etxera joaten dira sudurra zein bularra operatzen dutenak.

Bularren kasuan, laborategiek protesiak 10-15 urtean behin aldatzea gomendatzen dute. «Hori nahiko subjektiboa da eta niri urtero edo bi urtean behin kontrolatzea gustatzen zait. Egia esan, nire amak duela 30 urte jarritako protesiak aldatzea egokitu zait eta egoera onean topatu ditut».

Lerro hauek idazten ari denak gutxi gorabehera 4.500 euro ordaindu beharko lituzke bular berriengatik.

Argazkilariari merkexeago aterako litzaioke sudur berria, 4.000 euro inguru. Baina errekuperazioa luzeagoa izango litzateke. «Hezurra hautsi behar dugu, gero berreraikitzeko, nahi dugun itxura emateko. Egitura berria bere horretan mantentzeko eta inflamazioa saihesteko eskaiola jarriko genuke kanpotik, eta tapoiak barrutik». Tapoiak 3-5 egunez eraman behar dira, eskaiola 7-10 egunez eta beste astebete pasako du pazienteak paperezko partxeekin. Baina inflamazioa guztiz desagertzeko eta azken emaitza ikusteko urtebete pasako da.


Azkenak
2024-12-12 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak kudeaezin bihurtu dezake

Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Osakidetzako oposizioen filtrazioen ikerketa errudunik gabe itxi du epaileak

Blanca Ester Díaz Pulido epaileak Osakidetzako 2018ko oposizioen filtrazioen inguruko ikerketari amaiera eman dio, sei urte eta erdi igaro ondoren. Akusatu guztiak absolbitu dituzte, 22 guztira, nahiz eta bi kasu behin-behingoz artxibatu dituzten.


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?

Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Palestinarekin elkartasunez, McDonald’s berriari boikota egitera deituko dute Santutxun

Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


Eguneraketa berriak daude