Jean-François Saure: «Komikigileak badaki ez dela izango behin ere ‘best seller’a»

  • Dozena erdi urte da Euskal Herrira heldu zenetik. Hastapenetik zekarren pauso ziurra Bordeletik Gasteiza etorri zitzaigunean. "Jean-François! Hau ere badiagu baten bat!". Urteak joan eta nondik zetorren, nora zihoan bazekiela jabetu gara. Egundaino, komiki argitaratzaile dugu, ofizioz eta konbikzioz, eta euskarazko egileen lana inork bezain ongi zaintzen, argitaratzen eta babesten du. Jean-François Saureren maitasunaren handia. Sortzaileak ditu bidelagun eta sortzaile da bera ere, komikiak editatzeko lanean.

2021eko uztailaren 28an

Esadazu, zein izan zenituen zure lehen komikiak?
Eskola garaikoak. Le Mansen jaio nintzen eta han ohitura zen komikiak irakurtzea. Gu Tintinen edo Asterixen bidez zaletzen ginen irakurtzera. Horien komikiak osatzen genituen, bilduma egiteko joera genuen, eta horiek irakurri eta gero bestelako tituluak aukeratzen hasten ginen. Komikiak elkarri trukatzeko ohitura geneukan, "nik zuri titulu bat, zuk niri beste bat", eta horrela jarduten genuen.

Eskolak bultzaturiko zaletasuna zen ala eskolatik apartekoa, kale kantoikoa?
Afizio pertsonala zen. Eskolako lagunek ere komikia irakurtzen zuten eta horrek zaletasuna hazten laguntzen zuen, jakina. Eskola dela eta, komikiari buruz eskolan izan genituen ikasgaiak erabateko porrota izan ziren: komikiko bunbuiloei buruz hitz egin beharrean, filakterioen gainean mintzatzen ziren, hau da, komikiko pertsonaien globoen izen teknikoa erabiltzen zuten. Nonbait, usteko zuten kolegioan geundela eta behar bezalako formazio zientifikoa eman behar zigutela!

Eskola beti eskola...
Gure garaian komikiak gramatika lantzeko balio zuen, hizkuntza ikasteko: onomatopeia bat zer zen guri erakusteko. Tira, onomatopeia bat zer den ikasteko komikia erabiltzea..., gaitz erdi! Onenean, egunen batean komeniko zaizu onomatopeia zer den jakitea. Baina erabilera didaktiko hori oso labaina da: komikia gorrotatzea ere etor liteke hortik, hain zuzen, zuk, neska edo mutil koxkor, onartzen duzun irakurgai bakarra komikia izaki! Kolegioan baziren irakurketa derrigorrak, baina justu horregatik irakurtzen genituen, nahitaezko zirelako. Ordea, geure gogoz, komikia besterik ez genuen irakurtzen. Nire esperientziaren arabera, gurasoek irakurtzen zizkiguten ipuin eta alegien garaitik narrazio eta saiakera laburrak irakurtzera igarotzen ginen garaira bitarte, aldi handi eta luze bat egon zen, komikiak primeran bete zuena. Are gehiago, nire ustez, zortzi urtetik hamabostera, komikiak pribilegiozko lekua izan beharko luke gure hezkuntzan.

Pribilegiozko lekua izan beharko lukeela diozu; espazio hori ez duelako, alegia. Zein dugu komikiaren lekua gaur egun?
Arreta maila diferentea da Europako herri batzuetatik besteetara. Euskal Herrian maila polita izan du komikiak, nahiz eta beherakada izan duen aspaldi. Egoera hori ere irauli da, hala ere. Goranzko bidean ari gara berriz.

Gorantz? Zein dituzu horren adierazleak?
Batetik, orain dela bi urte Euskal Herriko liburu dendetan ez zegoen komikiari eskainitako sailik. Gaur egun joan Liburuaren Etxera, joan Fnac-era… komikiari eskainitako saila dute denek. Bestetik, oraintxe dela hilabete batzuk komiki berria sortu zen: Xabiroi, ikastolek abiarazi duten proiektua, kalitatezkoa, eta sortzaile eta irakurle askori bihotz emango diena. Beste datu bat: liburutegiek ere komikia bultzatzea erabaki dute; gure argitaletxeari dagokionez, ehun bat liburutegik harpidetza egina digute, eta gure komiki denak jasotzen dituzte. Gehiago: Gasteizko Artium Museoko liburutegiak komikiari eskainitako azpisaila du arteari eskainitako sail nagusiaren barruan. Gehiago: Gipuzkoako diputazioak era esklusiboan komikiarentzako leku bat prestatu nahi du; nonbait, funts handi bat jaso du, plantxak, originalak eta beste, eta dokumentazio eta formazio zentro bat antolatuko du Donostian, 2007.erako… Horregatik diot goranzko joera hartu duela komikiak berriz. Orain arte komiki onak izan ditugu, baina hemendik atzera ikusi ere egingo ditugu, batean eta bestean; jakin egingo dugu hor daudena, ikusi egingo ditugu. Hizkuntzekin gertatzen den bezala: ez da nahikoa hizkuntza bat badela jakitea, ez; sustatze kanpainak behar dira, jendea jakinaren gainean jarri eta ikastera bultzatzeko. Kasu berdina da komikiarena.

Zerk galaraz lezake komikiaren goranzko joera hori? Edo, gordinago esanda, zein dira komikiaren etsaiak?
Denbora-zikloak, dudarik gabe. Komikiak hogei urteko ilunaldia izan du, eta piztu aldia bizi du gaur egun. Kongratieven azterketen arabera, ekonomiaren funtzionamenduari buruzkoa eta, uste izatekoa da komikiak hogei urteko oparo aldia izango duela.

Denbora-zikloa etsai? Egundo horrelakorik aditu gabe nengoen.
Zikloa, bai, eta baliteke komikiak atzera behera ez egitea luzaro. Agian! Nahiago nuke! Egia esan, oraintxe, abantailak baino ez ditu komikiak: Getxoko komiki azoka-eta! Azoka horrek hiru urte ditu eta erakusleiho aparta da komikiarentzat. Salmentak gero baino gero handiago dira bertan.

Zuen produktuak harrera ona duela esan nahi duzu...
Ona... oso ona, oro har. Nik esango nuke irakurle, laguntzaile eta hedabideek bat egin dutela gure proiektuarekin: komikiak euskaraz argitaratzen dituen argitaletxe bakarra gara, izan ere. Aldizkari, egunkari, irratiek kasu egiten digute, gero eta gehiago. Harremanetan jartzen dira gurekin, egileekin hitz egiteko bidea egin diezaiegun. Oso inportantea da hori, prentsak egileekin hitz egitea eta horren lanaren berri ematea: zergatik egiten duen komikia, zergatik aukeratu zuen halako eta halako istorioa edo pertsonaia, zein diren gazteen artean zabaldu nahi dituen balioak...

Kaatinga izan zen argitaratu zenuen lehenengo komikia euskaraz, 1997an...
Bai. Itzulpen-lana izan zen. Baina, poliki-poliki, inportaziotik bertan ekoiztera igaro gara. Urtea amaitu baino lehen hiru titulu argitaratuko ditut, hirurak hemengo egileek egindakoak, egile euskaldunak alegia. Berebiziko garrantzia du horrek, autoreak hemengoak izatea! Hedabideek ere behar bezala jokatzea espero dut. Unai Busturia eta Julen Rivas Sasiainen lana kaleratzen denean, adibidez, espero dut hemengo prentsak horren berri ematea, biak Arrasatekoak dira-eta. Alde txar bat ere badu horrek, hemengo prentsa espainiarrak ez baitu hori aintzakotzat hartuko…

Komikia oso genero garestia da. Komiki batek ia 450 bineta ditu. Lan handia da, eta inbertsio galanta. Egile batek bi ilustrazio egiten dituenean, horixe ordaintzen zaio, bi ilustrazioen saria, baina 450 bineta direnean… diru-alportxa beteago behar duzu. Ni itzulpenekin hasi nintzen, horien eskubideak erostea nahikoa zelako. Kasu horretan benetako apustua, originala argitaratzen duenarena da. Azken finean, saltzen duzuna besterik ez duzu ordaindu behar zuk. Erraza da hori. Baina besterik da "talde-buru" jardun behar duzunean: Redondori hots egin, igoal, zenbat eskatzen duen galdetu, eta ia-ia artistek Frantzian kobratzen dutena eskatu hark. Ordea, hemengo merkatua hangoa baino askoz ttikiagoa da. Hortaz, nondik sortu dirua? Bada, adibidez, Jaurlaritzara joanda eta esplikazio franko emanda: alegia, titulu jakin batzuentzako diru-laguntza espezifikorik ez badago, sekula ez dugula lortuko itzulpena besterik egitea, eta bertako egileek Bruselan salduko dutela bere lana. Esplikazio horiek. Hemengo egileek ezin dute Italian bezala irabazi, edo Belgikan, Frantzian, Herbehereetan edo Alemanian bezala, hemen ez dagoelako herrialde horietan beste ale saltzerik, baina, sikiera, ondo egindako lanaren ordaina jaso dezatela! Izan ere, komikia urte bateko lana da, eta egileak ezin du mila eurorekin igaro urtea! Bestalde, guk ezin diogu hamar mila eman, ez daukagu-eta!

Horixe. Eskerrak, hala ere, erakunde publikoek lagundu diguten. Eskerrak Eusko Jaurlaritzari, egileen sormen-lan hori ordaintzen lagundu digulako, eta eskerrik asko Bilbo, Gernika-Lumo, Muskiz eta Bermeoko udalei, denak Bizkaikoak, komikia bultzatzen laguntzen digutelako zenbait akordioren bidez.

Erakunde horiek aipatu dituzu, eta on da. Nik, neure aldetik, Arabako diputazioan eta Gasteizko Udalaren Hezkuntza sailean ikusi zaitut. Makina bat bisita egiten duzu. Batarekin eta bestearekin hitz egiteko zain, askotan!
Bai, Arabako diputazioak, adibidez, bertako egileen alde egin du: berdin da poesia idatzi, edo komikigile izan, diputazioaren babesa dute. Hori oso ona da guretzat. Horrek, besteak beste, Angulemako Nazioarteko Azokara joaten laguntzen digu. Aurten, lehenengo aldiz, egileak hara eraman ahal izango ditut: Arrasatekoak, Gasteizkoak… geure standa ere izango dugu nazioarteko eskubideen merkatuan: inportaziotik geure ekoizpenera igaro gara eta, orain, esportaziorantz goaz. 35en bat tituluren funtsa dugu, eta bagoaz...

35 titulu, komiki album. Euskarazko argitaletxe batek egundo argitaratu duen album kopururik handiena izango da...
Bai, baliteke, baina askozaz titulu gehiago argitaratu nahi ditugu. Gurea bizitza-proiektua da. Egileak etortzen zaizkit eta bere lana, artisau lana, erakusten didate. Komikia ez da industria lana, ezin da izan, lanak urtebete irauten du eta. Horrek esan nahi du sortzailearen lana errespetatu egin behar dela eta, noizbehinka, zu zeu ere sortzaile sentitu.

"Komikia, bizitza-proiektu". Zer esan nahi duzu?
Zure lanbidea konbikzioz defendatzen duzula. Baloratu egin duzula, aldekoak eta kontrakoak balantzan jarri dituzula, eta arriskatzeak merezi izan duela erabaki duzula. Argitaletxea enpresa da, baina enpresa ez ezik, sentsibilitatea da. Poesia argitaratzaile izan zintezke, edo literaturakoa, edo saiakerakoa, edo komikikoa, baina zure hautua zuritu beharrean zaude beti: halako aukera jakin bat zergatik egin duzun arrazoitzen jakin behar duzu. Nire kasuan, irakurle gaztetxoa da nire lehentasuna, horixe zaidalako niri arorik garrantzizkoena. Irakurle heldua naizen aldetik Termopiletako borroka komikia irakur nezake, eta jabeen eta esklaboen pentsamenduaz jabetu. Eta gozatu. Baina irakurle heldu naizen aldetik nik neure santu-hartuak ditut, jakina; izan Alesandro Baricco, Niko Kazanzakis, edo Giorgis Zeferis...

Zer arriskatzen du Jean-François Saurek lantegi honetan?
Arriskatu? Dena!, nire enpresako bazkide bakarra naiz eta! Komiki batek 10.000 euro balio du, batez beste. Nik 12-14 titulu ateratzen ditut urtean eta, beraz, diru mordoxka arriskatzen dut. Enpresa handi batentzat hori txori-kaka da, baina niretzat, asko. Dena.

Zein irizpide baliatzen duzu argitaratuko dituzun tituluak aukeratzeko?
Gai sozialak. Mitologiatik aldentzeko joera daukat. Galderak eginarazten dituzten testuak maite ditut, gizarte egoerak erakusten dituzten komikiak. Argitara eman dugun azkena, adibidez, Pirata, Jose Angel Lopetegirena, gurasoak banandurik dituen haur baten istorioa da. Haurra primeran bizi da, bataren eta bestearen lanak zein diren ulertu du eta… Lope haurraren barruan sartzen da eta galderak eginarazten dizkio, baina umorea baliatuz betiere. Oso harrera ona izan du komikiak. Bartzelonako liburutegiek aukeratu egin dute, gaztelaniazko edizioa, jakina. Horrek esan nahi du, liburutegien zirkuituan sartuko dela Bartzelonako probintzian. Bestalde, Frantzian dugun banatzaileari gaztelaniazko tituluak bidali, eta Lopetegiren komikia hautatu digu. Alegia, Frantziako liburutegietan ere Pirata egongo da, gaztelaniaz ikasteko baliabideen artean. Bikain!

"Umorea betiere"...
Bai, umorea. Genero aparta iruditzen zait umorea. Hemen serio xamar ari gara, ez diet eta zure galderei itzuri egin nahi, edo oker erantzun nahi. Baina egia bat esango dizut nik ere: komikigintzan ari garen denok prest gaude pailazoaren sudurra janzteko. Eta hori oso ona da. Angulemako azokaren sariak ematen dituztenean, sariduna udaletxeko balkoira igotzen da, bi minutu baino ez bada ere, eta txiste bat kontatzen du, antzeko zer edo zer, sariak inportantziarik izango ez balu bezala, eta aurrera! Oso sanoa da hori. Sariketa asko egiten dira batean eta bestean: sukaldari onenarena, gaztagile onenarena, idazle onenarena… Zeremonia bai bazterretan! Baina benetan balio duena besterik da: norberak lan egiten duenean duen bizipoza. Horrexek balio du gehien, izan okin, joskin edo ikazkin. Diskurtso hori interesatzen zait niri, eta argitaratzaileek horri eustea nahiko nuke, komikigileak badaki eta, ez dela izango behin ere best sellera. Zer geratzen da, hortaz, bizipoz hori besterik?

Bada tituluren bat, egileren bat, gustura argitaratuko zenukeena, baina lortu ez duzuna?
Titulu gutxi argitaratzen ditugu, esan dut, hamalau, zazpi euskaraz, zazpi gaztelaniaz, eta jainkoari nahi dakiola horrela segi dezagun! Eta gutxi argitaratzen dudanez, argitaratzen dudanak benetan interes handienekoa izan behar du.

Euskarazko komikia argitaratzetik bizitzerik ba ote dago?
Euskarazkotik eta gaztelaniazkotik. Bietatik behar duzu.

Nortasun agiria
Jean-François Saure (Le Mans, 1967). "Ez al duzu behin ere aditu ‘Le Manseko 24 orduak'? Hangoxea naiz. Auto-karrera mordoa ikusia naiz, nahiz eta batere ez gustatu!". Akitaniarra amaren aldetik, bretoia aitarenetik. "Eta akitaniarrak eta euskaldunak lehengusu txiki direna badakigu. Aitak bretoieraz hitz egiten zuen, eta horrek ere zer edo zer esan nahi du". Euskarazko komikiak argitaratzen ditu orain dela zazpi bat urtetik hona Legutianon, Gasteiztik bertara. Itzulpenak argitaratzen hasi eta bertako egileekin lan egitera igaro zen gero. Tartean, emakumezkoak. "Maite Toledo, Amaia Ballesteros, Aurora Solano... emakumeen sentiberatasuna gizonezkoena ez bezalakoa da. Erlazioei indar handiagoa ematen diete". Komikiak prentsan sarrera izan dezan nahiko luke. "Frantzian bezala. Ireki Le Soir, Telerama, Ouest France... eta orrialde oso bat komikizkoa. Udaldian, orri gehiago ere bai. Hartzen duzu egunkaria, uzten duzu, eta han, etxeko ttikiak komikia irakurtzen. Hemen ere behar da hori, ARGIAk Winston Arizmendi Jr.ekin egin zuen bezala".

Nostalgia vs Sosegua
«Frantziarra baino, europarra naiz ni. Denok dugu oinarri bat, determinatzen gaituena. Baina jakin egin behar da oinarri horrek bertan geratzeko beste mugatzen zaituen ala ez. Nire kasuan zierto dakit ezetz. Frantsesez hitz egiten dut, ama-hizkuntza dut, eta mugatzen nau nolabait, baina ez erabat, ez nire kultura guztiz ixteko lain. Nire kultura europarra da, mundutarra, pasaporterik ez izatea nahiko nuke. Batzuetan ondo da pasaporte hori izatea, nostalgiak jotzen zaituenean, adibidez… baina nostalgiak ezin du sosegua galarazi. Nostalgiak atzera begira jartzen zaitu. Soseguak, aurrera. Hezkuntza ona jaso dugu, jakintza dugu, ikerketa maite dugu, geure buru baitan arakatzen dugu… Sosegurantz jo behar dugu beti».

Bertsoa

Doinua: Habanera

Nostalgia nahi zenuke
ahal denik gehien saihestu,
ez gaitzala harrapatu
nahiz ta beregan babestu.
Nostalgia ezin dugu
modu horretan aurkeztu,
sosegutik ezin baita
inola ere bereiztu.
Datorrenaz pentsatzea
badaukagu gure esku,
soseguak ezin digu
lantegi hori erreztu,
aurrera begiratzeak
ipini gaitzake estu,
ilusioa sortzen du
baina sosegurik ez du.

Ezgaitasunak
"Nire ezgaitasuna erabatekoa da euskaraz. Ondorioz, ez naiz batere sartzen ez dakidan horretan. Nire ordez, pertsona gaituak aukeratzen ditut. Itzultzaileak, Koldo Biguri, Pedro Diez de Ulzurrun, Ritxi Lizartza... eta, itzultzaileak ez ezik, zuzentzailea ere bai, Inaxio Lopez de Arana. Horien materiala lantzeko ere, maketagilea, euskalduna da, euskaraz dakiena alegia. Taldean, nork bere hutsuneak ditu eta horiek konpontzeko soluzioa ez da zaila, guztiz sinplea baizik: gaitasun handiena duen arloan egiten du norberak. Misterio gutxi, beraz. Ni itzultzaileekin oso pozik eta haiek haserre ez. Proposamena egin orduko onartzen didate, eta gogo onez gainera. 'Noiz dugu hurrengo komikia?', galdetzen didate sarri. Gehienetan, itzulpen tekniko, juridiko eta administratiboak egiten dituzte, eta komikia itzultzea irudimenari atea irekitzea da askotan. Zoragarri iruditzen zaie".

Udalen pabilioi hutsak
"Ez gara kamutsak. Komikia bizi dugu eta badakigu zertan ari garen. Hara, esango dizut, aukera dudanez gero: dei bat egingo dut. Inork, udalen batek pabilioi bat hutsik baldin badu, komikiaren museoa egiteko prest naiz ni. Tailerrak egiten trebatu gara Bilboko hogei kolegiotan, Gernikan eta Zornotzan. Badugu pertsonala, badugu materiala, baditugu kontaktu eta harremanak... Ez da museo hila izango, bizia baizik, ikasleentzako formazio-ekintzak izango ditu. Udalik baldin bada pabilioi bat hutsik duena, kasu egin besterik ez du (www.ed-saure.com). Komikia pasioz bizi dugu, eta gauzak egiten ere badakigu. Erakutsia dugu ederki!".


Azkenak
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude