Iruñean (edo postala maiteari)


2005eko urriaren 16an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Iruñean, bitxia da gero, hiri autobusei villavesak deitzen zaie. Iruñean, villavesak hartzen dituzten gehienak emakumeak direla ikusi dut egunotan. Iruñean, maitea, zebrabideak errespetatzen dituzte, zuk ozenki aldarrikatu ohi duzun bezala. Iruñean, bertako jendea mintzo delarik, Tuterakoa ez den eta Berakoa ez den azentu nafarra antzematen dute aise nire belarriek. Euskaraz nahiz erdaraz.
Iruñean ohartu naiz ez naizela bertakoa, baina ezta kanpo-kanpokoa ere. Tarteka, gustura egoten naiz Iruñean. Tarteka, hala ere, bakarrik sentitzen naiz. Iruñean konturatu naiz berriz ere negarrak gutxitan izaten direla gazi-gozoak, gazi-gaziak baizik. Iruñean ere, maitea, trapuzko etxeak ez dira jasotzen, eta Obabatik etorritako jende anitz ikusten da kalean. Iruñean, zurekin solas egiten dudanean telefonoz, behar eta maite aditzek zintzurra urratzen didate.
Dena den, pentsatzen dut lehenagotik ere bazirela gauza hauek guztiak Iruñean. Baita neure baitan ere. Beharbada, halako enkontru egoki baten esperoan zautzan. Larruaren azpian. Edo, begi-ninietan.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude