Gizarte eredua: Pertsonak babestuko dituen eredua


2007ko otsailaren 21ean
Orriotan bildutako hiru sindikalistak bat datoz: egungo eredu neoliberalak gero eta babes gutxiagorekin uzten du pertsona eta hamarkadatan eraikitako babes sistemak txikitzen ari dira apurka. Rafa Diezek esparru ekonomiko eta sozialean datozen urteetan diren erronkei buruzko azterketa ideologiko mardul eta sakona egin du; Jose Elorrietak hartu beharreko neurri praktikoak jorratu ditu eta egungo euskal instituzioei kritika zorrotza egiten die indarrean duten politika soziala dela-eta; Berhokoirigoinek, aldiz, kalitatea kantitatearen gainetik jarri eta, elikadura zaindu eta ingurumenaren orekan nekazari munduak duen garrantzia azpimarratu du.

Rafa Diez, LABeko idazkari nagusia: «Aldaketa politiko eta sozialaren bidetik euskal estatuaren alde»

Mahairatu zaigun planteamendua handiguratsua da helburuetan eta, gainera, nekez lekutzen da eskatzen zaigun hedapen murriztailearekin egin beharreko lanean. Nolanahi ere, Euskal Herria murgilduta dagoen ziklo politiko berri honen ezaugarri behar duten edo behar luketen oinarrizko hainbat erreferentzia dagokien tokian ipini nahi nituzke.

Hasteko, egungo egoeraren ezaugarri orokorrei adituz, Euskal Herria dimentsio eta orientazio bikoitzeko pultsu politikoan sartuta dago, bete-betean. Batetik, sektore politiko, sindikal eta sozial garrantzitsuak bake eta aitorpen politikoko eszenatokia finkatzeko presio handia egiten ari dira: Euskal Herriaren aitorpenaren eszenatokia, indarreko erakunde esparrutik, eta herritarren borondateaz bestelako esku hartzerik gabe, trantsizio nazional eta demokratikoko prozesua gara dadin bermatuko duena.

Lizarra-Garazi garaietatik hona, gure Herria pultsua egiten ari da etorkizun klabean saihesterik ez dagoen bi erreferentziarekin: subjektu politikoa eta erabakitzeko eskubidea. "Listoi politiko" horrek ezin du baliorik galdu, ez eta Estatuen neurrirako erreformatan ahuldu ere, proiektu politikoen arteko eztabaida irekia eta aurretiazko hipotekarik gabea egitea baitagokio. Hau da, ez dago luzapenik "autogobernu", "erreforma autonomiko" ... eta halako kontzeptuetarako, eskubide demokratikodun subjektu izaerarik aitortzen ez digun Estatu unitarioaren ereduaren esparruan. Era berean, Ipar Euskal Herrian funtsezkoena ez da ea indarreko administrazioak herriaren aldarrikapen edo eskakizun jakin batzuei erantzuteko gai den ala ez, baizik eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aitorpen nazionalaren oinarri gisa, beren euskal erakundeak izan ditzaten. Behin subjektua aitortuta, subjektuaren gainean beste eztabaida bat planteatuko da: botere administratibo edo politikoak zenbaterainokoa izan behar duen inguruko eztabaida. Baina ordena horretan izan behar du, bestela berriro sartuko baikara jakobinismo frantsesak nahi duen lur lohitsuan.

Bestalde, eta arestian esandakoaren aldi berean, eremu abertzaleak argi eta garbi zehaztu behar du zer jarrera daukan eta zein den bere eredua, politikoki eta juridikoki. Hegoaldean indarrean dauden estatutuak eta Ipar Euskal Herrian aplikatzen den administrazio eredua politikoki agortuta daude eta sozialki gainezka egin dute.

Euskal Herriko lurralde guztietako emakume eta gizonen borondatearen errespetuaren inguruan bat egiteak, besteak beste, EAJk eutsi ohi izan dien teoriaren eta praxiaren arteko bizikidetza ideologikoak gaindituko dituzten jarrera estrategikoak hartzera behartzen gaitu. "Erabakitzeko eskubidean" oinarrituta, indar politiko eta sindikal bakoitzak argitu behar du zein den bere "helmugako" geltokia, zein bere eredu estrategikoa maila politikoan eta sozialean eta, hartara, horren guztiaren ondoriozko aliantzak planteatu beharko ditu.

Independentzia, lagundutako subiranotasuna, federalismoa, autonomia... litezkeen aukerak dira, baina balizko gauzapenerako hipotekarik gabe, euskal sozietatearen borondatea demokratikoki zehaztu behar dute, Europako, nazioarteko testuinguruan, non gauza eta kontzeptu asko eta asko aldatzen ari den eta aldatzen segituko duen; zehaztu behar dute, bai, baina amarrurik gabe, jakina. Ezin da Baskongadetatik lagundutako subiranotasunik itundu, baldin eta lehenago Euskal Herriaren multzoan aukera hori ala beste edozein aukera hautatzeko subiranoak ez bagara.

Horregatik, egun sektore abertzale guztien ahotan dabilen "subiranotasun" kontzeptua ezin da eredu politikoaren gainean espekulatzeko beste "txikle" bat izan. Denoi dagokigu hautua egitea. Zer erabakitzeko eskubidetik abiatuko gara? Zertarako nahi dugu erabakitzeko eskubidea? Jarrera horiek argitu eta gero finkatu beharko ditugu aliantza sendoagoak, aliantza taktiko-estrategikoak maila askotan, baita maila sindikalean ere.

Termino politikoetan, testuinguru orokor honetatik erantzun beharko genioke egiten zaigun galderari. Nire ekarpena behinik behin, honainokoan erreferentzia eta ñabardura asko falta direla jabetzen naizen arren, jarrera edota analisi horietatik abiatuko da.



1. Sindikalismoa eta bilakaera ekonomiko eta sozialak kapitala-lana harremanetan

2005-2025 ziklo horretarako eredu ekonomiko eta sozialean norantz eta zelan joan behar den inguruko berariazko orientazioetara "lurreratu" baino lehen, ezinbestekoa da egitate sindikala egungo testuinguru sozio-ekonomikoan kokatzea eta, ondorioz, sindikalismo abertzaleak Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialaren prozesuan duen betekizuna bistaratzeko gai izatea.


1.1. Iraultza teknologikoa - Kapitala-lana harremanak - enpresen atomizazioa
Azkeneko hamarkadetan aurrerapen teknologikoek iraultza handia ekarri dute lan eta produkzio metodoetan, eta oso eragin handia izan dute klase konposizioan eta, ondorioz, sindikalismoan ere bai.

Lan indarraren garrantzia industrian eta sektore lehendarrean (meategiak, altzairuaren industria, nekazari klasikoak....) giltzarri diren produkzio zainetan kuantitatibo eta kualitatiboki murriztuz joateak, eta zerbitzuen sektoreak, enplegu motaren eta behar diren prestakuntzaren ezaugarri desberdinekin, ekonomian izandako igoera nabarmenak, erakunde sindikaletako militanteen eta koadroen konposizioa ere aldarazi dute, baita esku hartzeko modua eta ezaugarriak ere.

60 edo 70eko hamarkadetako sindikalismoa konposizioz eta indarrez meategi handietako, altzairutegietako, ontzioletako eta abarretako langileen eskuetan zegoen. Azkeneko urteotan, erakunde sindikalak, batez ere, industria zein zerbitzuen alorretako enpresa txiki eta ertain ugaritan atomizatuta dagoen produkzio sistemako langileak erakarri ditu.

Enpresen eta, ondorioz, klase borrokaren berariazko esparru bakoitzeko aniztasun edo atomizazio horrek boterea eta eragina galarazi dizkio sindikalismoari. Garai batean industria zentro honetan zein hartan piztu, beste enpresa batzuetara hedatu eta ezarritako agintaritzari egindako pultsu soziopolitiko bihurtzen ziren borroken ordez, orain oinarrian sakabanatuago eta goian burokratizatuago (sektoreen arteko elkarrizketa soziala botere politikoarekin) den ekintza sindikala dago.

Horri metaketa kapitalista, langabezia, pobrezia eta desberdintasun burtsa erraldoi modura sortuz joan diren ondoreak gehitu behar dizkiogu. Sozietate industrializatuetan, langabeek, printzipioz, klaseko eta ekonomi eta produkzio eredu horren erantzun sindikalismo baten funtsezko osagaia beharko lukete, sistemaren erreserbako ejertzito huts modura hartzea saihestuz. Baina ez da horrela izan. Aitzitik, sindikalismoa ez da langile sektore horiek klase borroka eta pultsu orokorrago baten parte modura barneratzeko gai izan. Sindikalismoaren higadura eragin du horrek, elkartasunik eza edo "landunen" erakundeak izatea leporatu zaiolarik.

Horrela, bada, aldaketa teknologikoei eta ekonomi eta produkzio sisteman dituzten ondoreei dagokienez, aldaketok ekintza sindikala atomizatu eta ahuldu dute, baita aldaketa sozial eta politikoko estrategian subjektu giltzarri gisa, interbentzio sozial eta ekonomikoan, integraltasuna galdu ere.


1.2. Neoliberalismoa eta klase sindikatua - klase subjektuaren atomizazioa
Iraultza teknologikoak, arestian esandako egokitzapen ezarengatik, mugimendu sindikalak klase borrokan atzera egitea ekarri badu, 90eko hamarkadan areagotu den ofentsiba neoliberalak (ideologikoa, kulturala...) sindikalismoaren galera hori areagotu du.

Ultraliberalismoak ekonomian dituen ondoreez gain (finantzetako kapitalaren nagusitasuna, Estatuen betekizun ekonomikoa ahultzea...), dotrina neoliberal horretatik lan merkatua desarautzeko sortu diren joerek sindikalismoari behin betiko kolpea eman nahi izan diote, eta oraindik ere horretan saiatzen ari dira.

Klase subjektuaren atomizazioa (langile finkoak, aldi baterakoak, autonomoak, langabeak, pentsiodunak...), lan malgutasunaren kontzeptua sartuz, eta lan harremanen indibidualizazioa bultzatuz, egitate sindikala patronalari (=kapitalari) erantzuteko bitarteko modura desaktibatzera bideratzen da.

Lan malgutasuna, enpresarien mozkinerako bitarteko gisa erabiltzeaz harantzago, sindikatu eta langileen erantzuna ahultzeko mekanismo bihurtzen da. Euskal Herrian langileen %30etik gora prekariotasunean ari dira, langabeak %9 dira; horrek guztiak ekintza sindikala mugatzen du, langileen segurtasunik eza enpresarien arma mediatiko bihurtzen baita.

Negoziazio kolektiboaren esparruan langileen sektore desberdinentzako akordioak finkatzeko joerak (lan baldintzen, antzinatasunaren eta abarren arabera), halaber, klase subjektua are gehiago zatikatu nahi du, lantokietan sindikalismoaren funtzionaltasuna baldintzatuz.


1.3. Eredu sindikalak
Arestian aipatutako joerak, nazioartean eta tokian-tokian dagoen kapitala-lana edo kapitalismoa-sozialismoa indar korrelazioaren ondorio dira, eta sindikatuen mundutik erantzun desberdinak izaten ari dira. Bestela esanda, olatu izugarri horren aurrean, dena kutsatzen duen pentsamendu bakar horren aurrean, sindikalismoa jarrera bereiztuak hartzen ari da. Eta horrek erakundeen eta mugimendu sindikalaren ezaugarriak bi eredu handitara biltzen ditu, baita Euskal Herrian ere:

a) Kudeaketako sindikalismoa

Herrialde askotan (Estatu Espainiarrean bezala) sindikalismoak okerrera egitearekin batera, buruzagitzako koadroetan iltzatutako porrotaren eta etsipenaren kontzepzioa ere etorri da; horrela, batzuk, beren erakundeen indar birtuala baliatuz, patronalarekin negoziatu, kudeatu eta halako dinamika antzuetan sartuz joan dira, klase borrokako beren ahulezia objektiboa handiagotuz.

Elkarrizketa soziala berezko helburu bihurtzea, sindikalismoak duen eragina oihartzun mediatiko eta komunikatiboaren mailarengatik neurtzea, ondo sustraituko den eta benetako indarra hartuko duen sindikalismo borrokalari eta berritzailea indartzearen kaltetan, zenbait sindikatu sistemako bizitza ofizial-instituzionaleko parte izatera eramaten ari dira; ez dira, ordea, orientazio edo neurri politiko eta ekonomikoen benetako baldintzatzaile edo kontra-botere bihurtzera bideratzen.

Laguntasunezko sindikalismo hori gero eta morrontza handiagoak sortzen ari zaizkie azkenean besterik egiteko aukerarik ez daukaten erakunde batzuei. Estatuarekin/Estatuekin dituzten lotura ekonomikoak, buruzagien finkapen burokratikoak, jarrera sindikalaren pixkanakako ahultze ideologikoa... arian-arian irensten dituen "ingurunezko" baldintzak ehunduz doaz.


b) Kontra-botereko sindikalismoa


Beste jarrera gogoeta erabat desberdinetatik abiatzen da. Batetik, atzeraka goazela jabetzen gara baina, hala ere, dinamika huts edota sindikatuak egituraz ahultzea jomuga duten joeretatik ihes egin behar dugu eta ekintza sindikalari eta esku hartze sozio-politikoari epe erdirako perfila eman behar diogu, gure erantzuna eta eskaintza aktibatzea eta langileria osoari zabaltzea lortuz.

Indartze hori bai aldarrikapenen planoan, korporatibismoaren atzaparretatik askatuz, eta langileriaren multzoaren arazo globalei erantzunez, bai erakunde sindikalen barruko dinamikan gauzatu behar da, lantokietan ekintza sindikalaren muskulua gogortuz (prestakuntza, indartze ideologikoa, erantzuteko metodo berriak). Alor honetan garrantzitsua da sindikatuen antolakuntza ereduari eta klase subjektuaren atomizazio horretara egokitzeari buruzko gogoeta, esku hartze ekonomikoa eta sindikala osotasunean bideratzera begira.

Beraz, sindikalismo honek perfil soziopolitikoa behar du, bai diskurtso globalean bai oinarrizko interbentzioan, ideologiarik bako eta "zerbitzu" hutseko ekintza sindikala saihestuz. Horregatik, elkarrizketa soziala gutxietsi gabe, sindikalismoaren ahaleginak biziraupen fisiko hutseko faktore bihurtzen duten parametroez bestelako batzuetan kokatu behar ditugu. Belaunaldi berriek nabaritu behar dute klase borroka, enpresetan borroka sindikala, aldaketa politiko eta sozialeko alternatibetan sartuta dagoen interbentzio ekonomiko eta soziopolitikoaren barruan daudela eta, beraz, sindikalismoak alternatiba eta aurrerapeneko bloke bateko atal erabakigarri izan behar du.



2. Euskal Sindikalismoa 2005-2025 zikloan

2.1. Independentzia: demokrazia politiko eta sozialaren aldeko aukera

Lehenik eta behin, sektore jakin batzuek langileen aurrean eta, oro har, sozietate osoaren aurrean berariazko interesekin manipulatzen dituzten kontzeptuzko auziak dagokien lekuan jarri behar dira. Esparru "espainolista" zein "jakobinoetatik" historikoki abertzaletasuna ideologia burges eta aldaketa soziopolitikoen aurkakotzat hartuz garaitu nahi izan badute, azken aldian, eremu abertzale horretatik ere, langileriaren gehiengoak babestutako aldaketaren eredu sozialarekin lotuta doan pentsamendu independentista legitimo bati ideologikoki uko egiteko tentazioa izan dute.

Subiranotasuna eta independentziaren aldeko bidea bakartzearekin edo ezegonkortasunezko abenturekin lotzeko interes hori, EAJko buruzagiek duela gutxi esandakoetan islatu dena, ezker abertzalearen jarrerei, "klase subjektua banatzen omen zutelako", elkartasunik bakoak, autarkikoak... izatea leporatzen zieten egitate nazionalaren inguruko hitzaldi sutsu haiekin lotzen da, antza.

Nire ustez, bi gogoeta ildoak, manipulazio ideologikoa izateaz gain, estrategikoki agortuta daude. Egun, eskuin abertzale bereko sektoreek, eta ezkerreko sektore askok ere, berriro kokatu behar dute, euskal, kataluniar, galiziar herrien subiranotasunaren aldeko eta, dimentsio handiagora jota, independentziaren aldeko borrokaren kapital demokratiko eta aldarazle izugarria baloratuz.

Horrela, bada, abertzaletasuna eta internazionalismoa ez dira kontraesaneko kontzeptuak. Norbere nazioa eraikitzea, nazio eta kultur nortasuna eraikitzea, eta beste herrialde batzuekin, bereziki hango langileekin eta herri xehearekin elkartasunez eta lankidetzaz aritzea, egingarria ez eze, ezker abertzalearen tradizio ideologikoaren parte ere bada.

Merkatuen gainetik, Europa barruan garapen eta azpigarapen muturrak sorrarazten baitituzte, ekonomia behar sozialen arabera kokatu behar da. Beraz, Euskal Herri subirano bateko emakume eta gizonek beste herrialde batzuetako herri mailako sektoreekin, berdintasunean eta elkartasunez, planifikatzeko ekonomi eta produkzio baliabideak izan behar dituzte, haien beharrizan ekonomiko, sozial eta kulturalak asetzeko.

Horregatik, eta utopikoa eman dezakeen arren, ziur nago badagoela gurea bezala azaleratzen ari diren nazio eremuetatik, beste logika ekonomiko desberdin bat ezartzea, berdintasunezkoagoa, auto-kudeaketa edo kudeaketa ekonomiko demokratikoko formetan oinarritutakoa, alegia.


2.2. Aldaketa soziopolitikoaren alde Euskal Estatu sozialistaren bidean

a) Estrategia nazionala

Subiranotasunaren eta independentziaren aldeko euskal prozesua ezin da euskal lurraldeen errealitate soziologiko eta kultural desberdinen mende zatikatu. Euskal Herria herri bat da, ez puzzle bat eta, herria izanik, erakunde abertzaleok barruko aniztasuna eta Euskal Herriak errealitate politiko eta instituzional gisa garapen globala izan dezan egoki konbinatuko dituen estrategia nazionala eduki behar dugu. Alde horretatik, 2005-2025 ziklo horri begira, eta lurralde desberdinetako indar korrelazioaren araberako gorabeherak izango dituen garapen juridiko eta politikoarekin batera, nazio erkidegoa izan ahal dezagun prozesua bermatuko duten nazio izaerako bitartekoak finkatu eta errotu behar ditugu.

Horrela, Udalbiltza, NGB edo Gaindegia euskal lurralde desberdinetan herritarren borondatetik sortuz doazen erakunde esparruekin bateragarri izan dadin estrategia nazionalera begira. Eta horretan, euskal sindikalismoak ezin du neutroa izan, nazio izaerako erakunde berriak eta, bereziki, arlo ekonomiko eta sozialarekin zerikusirik daukatenak dinamizatzen eragile aktiboa izan behar du.

b) Eredu politiko eta soziala - Alderdi ideologikoak

Lehenik eta behin, independentziaren aldeko euskal prozesuak eraikuntza nazionala eta soziala antolatu eta elkarlotu behar ditu, Euskal Herria erakunde politiko eta instituzional subirano gisa egituratzean bizitza kalitateko beren berariazko interesetarako aktibo eraginkorra ikusi behar duten sektore ez-abertzaleak integratzea erraztuz.

Espainolismoak eta sektore abertzale jakin batzuek inoiz edo behin euskal nazio egitasmoari "ongizatearen erregionalismoa" deritzonarekin erantzun nahi izan bazioten ere, abagune honetan sektore politiko, sindikal eta sozialek independentziaren zerumuga arlo politikoan eta sozialean demokratikoki sakontzean jarri behar dugu.

Alde horretatik, ezinbestekoa da LHEE (Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Esparrua) eta EESE (Euskal Esparru Sozio-Ekonomikoa) euskal subiranotasuna, horretarako borondate politikoarekin, sozietatearen gehiengo handiaren aurrean estrategikoki legitimatuko duen espazio sozio-ekonomiko batera proiektatzea bermatuko duten bitarteko modura finka daitezen; subiranotasuna-independentzia aldaketa sozial aurrerakoira bideratu behar dugu, alegia.

Gainera, ageriko gai estrategiko bat ere badago. Egungo sozietateetan, estatuen betekizuna zelan bilakatzen den ikusiz, eta politika ekonomiko, militar, judizialak... eskuordetu edo partekatzen direneko egiturak sortzen direnez, estatuaren erreferentziarik garrantzitsuena asistentzia da herritar batentzat (langabezia sorospena, pentsioa...); hori desagertu edo ahulduko balitz, euskal independentismoak berehala beretuko lituzke espainolismoaren edo jakobinismoaren elementu "sinbolikoak"1. Beraz, botere politikoaren alderdi ekonomiko eta soziala giltzarria da independentziaren aldeko estrategia aurrera eramateko. Eta alderdi ekonomiko eta sozial hori gehiengo sozial langilearen babesarekin bideratu behar da.

c) Inmigrazioa eta prozesu politikoa

Euskal estatu bat beste edozein estaturen baldintza berdinetan sendotzera bideratzen den aldaketa soziopolitikoko prozesu batean oinarrizko gaiak lekutzean, aldagai berri bat ageri da gure analisian: inmigrazioa.

Azkeneko urteotan "globalizazioaren" aterkiaren pean garatzen diren esplotazio eta arpilatze ekonomikoko politiken migrazio ondoreak goraka doaz, etengabe, eta Euskal Herria ere inmigrazioaren harrera toki bihurtu da.

Demografikoki gutxi garenez, Madril eta Parisen politika oldarkorren hizkuntzaren eta kulturaren aldetik zaurgarri garenez, eta prozesu politikoaren garapenak berak migrazioa prozesuan barneratu beharrean gaude. Aztergai dugun epe honetan (2005-2025) immigrazioak gora egingo du, eta gaizki kudeatutako kultur mestizajea prozesu politikoaren multzoarentzat zama handia izateko baldintzak sortuko dira.

Ohartu behar dugu Euskal Herrian egunero-egunero sartzen direla "patera" isilak, etorkizunari lanarekin heldu nahi dioten eta gure herrian bizitza egonkorra aurkitu nahi duten emakume eta gizonez beteta. Euskal erakundeen aldetik inolako kudeaketa politikorik ez daukan fluxua da. Sindikalismotik gizon eta emakume horien eskubideak defendatzen ditugu, zenbait kasutan benetako esplotazio/esklabutza putzuak sortzen dituzten eskrupulurik gabeko enpresarien bazka izan ez daitezen.

Baina eskubideen defentsa horren aldi berean, erakundeek eta mugimendu abertzaleak, beren beregi, ezin dute defentsiban jarri, integrazio kultural eta sozialeko politika egokiekin garaiz esku hartzeko gai ez bagara, nazio eraikuntzarako geldigaitz bezain arriskutsua den errealitate honen aurrean. Eta horretan, berriro diot, ez da nahikoa gizon eta emakume horien eskubideez hitz egitea, euskal eremu kultural eta sozialean integratzeko orduan dituzten betebeharrez ere hitz egin behar baita.

Alde horretatik, ezinbestekoa da geure immigrazio estrategiari heltzeko ahalmen politikoa edukitzea. Euskal erakundeek izan behar dute pertsona horien erreferentea, eta ez unean uneko Gobernu Zibila, Hego Euskal Herriaren kasuan, Madrildik ezarritako immigrazio legearen harira. Halaber, nire ustez, sindikalismoak asko eman dezake eta asko eman behar du, langile horien eskubideen defentsatik, euskal subjektu sozial eta politikoarekin bat egin eta antola daitezen.


2.3. Eredu ekonomiko eta soziala nazio eraikuntzako prozesuan

a) Eredu orokorra.

Kontzeptuzko erreferentzia hauetatik, arlo politiko eta erakundezkoan forma eman behar zaio eredu sozialari independentziaren aldeko prozesuaren multzoak aurrera egingo badu. Arlo horretan, ezkerrak Sobiet Batasuna aitzindari izandako eredu sozialistaren "leherketaren ondorioz" jasan duen ahultze ideologikoa eta pisu politiko orokorraren galera aitortu behar ditugu. Horregatik eta neoliberalismoaren aurrerapenen ondorioz, duela 20-30 urte sozialdemokraziaren erreferentzia ziren aldarriak, erreformismo hutsa irizten genienak, egun ia "iraultzailetzat" jotzen dira. Eredu ekonomiko eta sozialaz oinarrizko produkzio sektoreen (energia, banka, industria sektoreak...) nazionalizazioen erreferentziekin hitz egitea, edo estatuaren botere ekonomiko eta soziala sendotzea planteatzea (politika sozialak, hezkuntza eta etxebizitzari buruzkoak, hedagarriak edo unibertsalak) dimentsio izugarriko pultsu bihurtzen da gaur indarrean dagoen egoeran.

Horregatik, Euskal Herritik ezin dugu gehiengo sozial alternatiboek landu eta abalatzen ez duten eredu itxirik, teorikorik... aurkeztu. Laborategi politiko-ideologikoa antzua da praxirik ezean eta, horrekin, arian-arian eta aurrera doa aldaketa eta berdintasun sozialeko norabidean.

Eta gogoeta honekin ez daukat, inola ere, eredu sozialista bati edo bere garapen komunista hipotetikoari uko egiteko asmorik, nire pentsamendu marxista irmotik erreferentzia izaten segitzen baitute; aldaketa politikoko prozesuak, nazioarteko egungo testuinguruan pixkana finkatuz joan behar direla jabetu nahi dut, pentsaezina baita sozietate industrializatuetan orduko urriaren 17koaren tankerako iraultzarik egiterik. Aldaketa prozesu horiek finkatzeko baina, gakoetako bat klase jarrerak indar ekonomiko jakin batzuen jazarpen eta eraispeneko estrategia etengabeen "kontrako ate" bihurtuko dituen partaidetzazko demokrazia bat bultzatuz sendotzea da.

Euskal Herrian ikuspegi orokor horrekin, gauden eszenatoki etsai eta basatiarekin ere, bere ezaugarridun eredu ekonomiko eta sozialaren inguruak eta edukiak marrazten utziko duten bitarteko, ekimen eta politikei forma emateko baldintzetan gaude. Horixe da Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Esparrua (LHEE), Euskal Esparru Sozio-ekonomikoa (EESE) eta lurralde egituraketako estrategia bultzatzen ditugunean.

b) Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua

LHEE, lan eta sozietate alorrean erabakitzeko euskal esparrua, alegia, euskal langileriaren mugimenduaren benetako beharrizan eta kezkei lotuta doan eta aldaketa sozialetan aurrera egiteko beharrezkoa den aldarrikapena da. Euskal erakundeen eta beren eragile sozialen erabakiak eta akordioak errespetatzea da, kanpoko instantziei, estatu esparruko itunak zein Espainiako Konstituzio Auzitegiaren ebazpen judizialak izanagatik ere, erabaki eta akordio horiek urratzeko edo ez ezagutzeko biderik eman barik.

Aldarrikapen integratzailea da, inolako fronte eta bazterketa konnotaziorik gabe. Langileriaren gehiengoa prozesura sartu nahi dugu, beren atxikipena lortuz, LHEE bere klase interesen defentsari, eta Euskal Herriaren kohesio sozialerako laguntza hobea eta eraginkorragoa delako ziurtasunez.

LHEE horren barruan, Segurantza Sozialeko Euskal Erakundea egituratu beharko litzateke, babes sozialaren gaineko erabateko eskumen legegileak garatzeko, onuradunei prestazio duin eta nahikoak bermatuko dizkien segurantza sozialeko sistema publikoa antolatzera begira. Erakunde horrek bere finantzaketa baliabideak bildu, kudeatu eta administratzeko ahalmena eduki beharko du, berea eta autonomoa den kutxaren printzipioari eutsiz.

LHEEren oinarrizko beste zutoin bat Enplegu eta Prestakuntzako Euskal Erakundea sortzea litzateke, INEM euskal erakundeengana eskualdatuz, oso-osorik. Erakunde honek enpleguaren eta prestakuntzaren alorrari osotasunezko ikuspegi orokorretik helduko lioke, bai enplegua sustatu eta kudeatzearen aldetik, bai lanerako lanbide heziketako hemengo politikaren aldetik. Politika pasiboak, langabeziaren ondoriozko prestazio ekonomikoen aitorpena eta ordainketa ere Enplegu eta Prestakuntzarako Euskal Erakundearen zereginak lirateke.

- Negoziazio kolektiboa eta LHEE

Negoziazio kolektiboa, alderdien autonomia kolektiboaren printzipioaren adierazpen izanik, funtsezkoa da lan baldintzak hobetzeko, eta ekintza sindikalaren bitarteko nagusia ere bada. Ondorioz, Euskal Herrian negoziazio kolektiborako geure esparrua lortzea jomuga garrantzitsua dugu LHEE eratzeaz ari garenean.
Negoziazio kolektiboko euskal esparruaren aldeko apustua printzipio demokratikoetan oinarritzen da. Euskal sindikalismoak euskal langileen lan baldintzak erabateko berme juridikoekin negoziatzeko ahalmena eduki behar du, aldarrikapenetarako eta antolakuntzarako bere ahalmenaren mugak baino ez dituela.

c) Euskal Esparru Sozio-Ekonomikoa

EESE funtsezko bitartekoa da nazio eraikuntzako proiektu hau euskal sozietatearen multzoaren zerbitzura egin dadin beste indar sozial eta produkzio indarrik sortzeko. EESEk sindikatuen, sozietatearen eta erakundeen inplikazioa eskatzen du, helburu nagusia sistema ekonomikoaren eraginkortasun soziala duen garapen endogeno eta iraunkorreko eredua Euskal Herriaren esparruan eraikiko bada. ELBk "Laborantza Ganbara" abian jarriz ebaki duen bidea adibide pedagogikoa da sindikalismoarentzat eta mugimendu politiko osoarentzat.

Zer esan nahi du garapen endogeno eta iraunkorrak? Aukera eta gaitasun nahikoa izan behar dugula, geure errealitate ekonomiko eta sozialetik abiatuz, geure balioak eta independentzia politiko eta ekonomikoa galdu barik, aurrerapen teknologikoak baitaratzeko eta, gure subiranotasunetik, elkartasunean eta lankidetzan oinarritutako nazioarteko harreman berriei heltzeko.

EESE eraiki ahal izateko, Euskal Herriak Europako Batasuna osatzen duten estatuek duten eskumen maila berbera eduki behar du, ezinbestean, eta Europaren eraikuntzarako egungo politika ultraliberalaren biderapena errotik aldarazteko mugimendu herritar eta sozial zabala sorrarazi behar du.

Eskumenen mailaz gain, badago demografikoki txikia eta munduko ekonomiaren gorabeheren aurrean ahul den herri batentzat gogoan hartu beharreko oinarrizko beste kontu bat: euskal administrazio publikoaren dimentsio ekonomiko eta soziala. Euskal erakundeek inplikazio zuzena izan behar dute garapen ekonomikoan, sektore publikoa bere dimentsio guztietan indartuz: industria, energia, finantzak eta sozietate dimentsioetan.

"Euskal sepi" behar dugu, behingoan, bere partaidetzarekin gure ekonomiaren traktore diren enpresen (Acelor eta talde siderurgikoa, Ontziolak, Babcock...) ainguraketak finkatzen utziko duena. Tesi merkantilistak gaindituz, aurrezki kutxen inplikazioan herria eraikitzeko estrategian pibotatu behar duen "euskal sepi" bat, hain zuzen. Eta, ildo berean eta lehenago ere esan dugunez, euskal administrazioaren edo erakunde publikoen dimentsio soziala erabakigarria da aberastasuna banatu edo birbanatzeko politiketan aurrera egiteko.

d) Euskal Herriaren lurralde eta sozietate antolamendua

EESE artikulatzeko beste erronka handi bat politika publikoak zein esparrutan aplikatu behar diren eta zelan lor daitekeen jarduketa publikoak eta pribatuak estrategia koherentean bidera daitezen zehaztea da.

Lurralde antolamenduak jarduketen esparru geografiko politikoa euskal nazioaren lurraldetasuna dela onartzea eskatzen du; lurraldetasun hori egungo itxura juridiko politikotik harantzago, egungo administrazio egituretatik harantzago ulertu behar da, beraz. Lurralde eta sozietate antolamendurako plan orokorrari heldu behar diogu, lurraldea eta sozietatea elkarlotuta baitaude, bereiztezinki, kanpoko erreferente argiarekin, Europako erreferentearekin: Euskal Herria Europaren eraikuntzaren egitasmoan parte hartu nahi duen herri subiranoa da.

Erreferentzia honekin, euro-eskualde "sozio-ekonomiko" baten aldarrikapen taktikoa gogoeta gai izan liteke; mugaz haraindiko lankidetza deritzonean egun dauden aukerak baliatuz, eta Baiona, Iruñea eta Gasteizko erakundeek osatuta (Euskal Herria politikoa litzateke) barruko antolamendurako estrategia esparru eta Europarekiko solaskide izango litzatekeen euro eskualdea, hain zuzen.

Bestalde, lurralde eta sozietate antolamenduak Euskal Herriko lurraldearen berrantolatuz definitu behar den barruko osagai bat ere badauka. Oinarrizko integrazio sozialeko egituratzat hartuta, tokikotik abiatzen gara; oinarrizko egitura hori bere integrazio eta garapen egitasmoa burutzeko behar dituen bitartekoez hornitu behar dugu. Probintzietako jarduketa esparruak berregokitu behar dira, beren ezaugarri historikoak gordez, eta plangintza, erantzukizun partekatu, lankidetza eta elkartasuneneko espazio berria sortu behar da, euskal erakunde nazionalen bitartez.


2.4. Ekintza sindikala sozietate berria eraikitzeko

Ahalegin ugari egin dira aldaketa sozialaren aldeko ekintza sindikala garatzeko eta, alde horretatik, euskal sindikalismoa justizia sozialaren eta elkartasunaren aldeko borrokaren buruan jarri duten diskurtso berria eta enpleguaren eta bazterkeria sozialaren inguruko dinamikak artikulatu ditugu; alabaina, asko daukagu emateko oraindik, esku hartzeko bi dinamika handiren osagarri izan behar duen aldaketa soziala bultzatzeko.

- Politika ekonomikoak eta sozialak diseinatu eta ebaluatzeko garaian, solaskidetzako eta esku hartzeko maila erabakigarria irabazi behar dugu sindikalismoarentzat, gero eta aldarrikapen estrategia handiagoa garatuz, euskal herriaren eraketaren prozesuan legegintzarako erabateko ahalmenak eta politika horiek kudeatzeko bitartekoak sartzeko.

- Sindikalismoa legitimatu behar dugu oinarriko ekintza sindikalean, lan baldintzak hobetzen aurrera eginez, langileek enplegu, prekariotasun, lan osasun, bereizkeria eta abarretan dituzten aldarrikapenik berehalakoenak koherentzia eta irmotasunez baitaratuz (ikus eranskina); legitimazio horrek indar sozialen metaketa eta aktibazioa hedatuz joan dadin ahalbidetuko du eta, ondorioz, Euskal Estatu Sozialistaren bidean aldaketa politiko eta sozialaren aldeko pultsu orokorrerako sektoreak erakarriko ditugu.



ERANSKINA

Erabateko enpleguko sozietatea

1. Lana eta enplegua

Lan kontzeptua generikoki erabiltzen da desberdinak izan arren elkarrekin zerikusia daukaten hiru kategoria adierazteko: jarduketa, enplegua eta lana. Hala ere, lan kontzeptua soldatapeko lanari, hots, enpleguari lotu ohi zaio eta, horregatik, ez dira sozietatean egiten diren beste lan mota batzuk kontuan hartzen: lan soziala, lan boluntarioa eta, batez ere, sistema ekonomikoaren oinarrietako bat diren etxeko lanak.

Lanaren kontzepzio zabal eta anitza lan merkatuan garatzen den jarduketara, hau da, enplegura mugatzean terminoa sinplifikatzen da eta diskriminaziozko emaitzak ateratzen dira. Izan ere, lan merkatuan egiten ez diren jarduketa askori ez zaio balio sozio-ekonomikorik aitortzen, enplegu modura definitzen ez diren jarduketetan lan egiten duten pertsonak ez dira langiletzat hartzen. Merkatu ofizialetik kanpo egiten den lana kontabilitate sisteman ez sartzeak jarduketa horretan lortzen den aberastasunaren balioa kontuan ez hartzea, eta sektore sozial garrantzitsuek sortutako ekarpen ekonomikoa alde batera uztea dakar.

Bestalde, jarduketa, enplegu eta lan hitzen esanahia lan merkantilizatuan oinarritzeak langile gizonezkorik gehienen lan egoera aztertzeko balio lezake, baina ez emakumeena argitzeko, batetik, euskal emakume langileen gehiengoa lan merkatutik kanpo baitago eta, bestetik, barruan daudenek (gutxiengoa) etxeko lanen ardurak baldintzatuta lan egin behar dute.

Horren guztiaren aurrean, enpleguaren eta lanaren kontzeptuak zuzen zehaztu behar ditugu, zeren enpleguari ez eze sozietatean balioa eta ekarpen ekonomikoa sortzen duten modu guztiei balio sozio-ekonomikoa esleitzeak eredu sozial justuagoa eraikitzen aurrera egitea dakar. Testuinguru horretan ulertu behar dugu aberastasuna eta lana banatzearen aldarrikapena. Egiaztatu behar dugu, halaber, klase ikuspegi batetik, ezin dela aberastasun kontzeptua merkatu ofizialeko produkzio aldagaiekin soilik neurtzerik onartu.


2. Enplegua sortu eta lanaldia murrizteko politikak
Botere ekonomikoek eta patronalak formalki aldarri egin arren, ez daukate benetako inolako interesik lanpostuak sortzea helburu duen politika ekonomiko, sozial eta laboralik artikulatzeko; are gehiago, langabezia tasa altuak beren klase interesei mesede egiten die, fenomeno hori oso metodo indartsua baita langileak diziplinapean edukitzeko eta langileen soldata eskakizunak jaitsarazteko presionatzeko.

Errezeta neoliberalak, lan merkatuaren malgutasunean oinarrituta, oparoki aplikatu dira, baina enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortzeko helburuak porrot izugarria izan dute, eta ez dira beharrezko kohesio soziala lortzeko gai izan. Hazkunde ekonomiko handiak, berez, ez du arazoa arintzen, goraldi garaietan arindu besterik ez du egiten.

Lanaldia 35 ordura murriztea erreferentzia dugu oraindik orain gure enplegu proposamenean. Enplegua sortzearen helburua bateragarria hori bezain garrantzitsuak diren beste helburu garrantzitsu batzuekin: bizitza eta lan kalitatea hobetzearekin, gizon eta emakumeek etxeko alorrean berdintasunez parte hartzearekin, edo lan osasuna hobetu eta arriskupean egotea murriztearekin. Sozietate eredu batekin zerikusia daukan gaiaz hitz egiten ari gara zeren, lan murrizketa zelan aplikatzen den arabera, bizitza sozial eta familiako bizitza hobetzen, etxeko zereginak, hezkuntza, astialdi eta kultura banatzeko bidean aurrera egitea egongo baita.


Enplegu egonkor eta kalitatezkoa

Egonkortasuna eta lan indarraren balorizazioa sozietate baten politika ekonomikoaren aukera definitzen duten funtsezko elementuak dira; lan baldintzak desarautzearen eta soldata baxuen arabera ekonomia lehiakorraren aldeko aukera, edo produktuaren kalitatean, aniztasunean eta lan indarraren kualifikazioan oinarritutako ekonomia baten aldeko aukera.

Prekariotasuna, era berean, sindikalismoak lantokietan duen kontratuzko boterearen kontrako bitarteko mediatiko bihurtu da eta, hartara, ezinbestekoa da prekariotasunak lan harremanetan eragiten duen egiturazko garrantziari koherentziaz erantzutea.

Lan prekariotasunaren kontrako borroka eta, beraz, lan indarraren kualifikazioaren eta egonkortasunaren aldeko aldarria sindikatuen aldarrikapena izan ez eze, nazioartean kohesio eta egonkortasun handiagoko produkziozko euskal eredua atontzeko aukerarik errealistena ere bada.


Euskal sozietatearen elkartasunezko eredua

1. Aberastasuna banatzea eta soldata soziala
Merkatu harremanetatik kanpo egiten diren jarduketa sozialki baliagarriak, hala nola, etxeko zereginak, kontuan hartu behar dira lan banaketaz hitz egiten denean. Lana enpleguarekin nahasteak emakumerik gehienen mendekotasun sozialari eutsi ez eze, benetako arazoari behatzea ere eragozten du, arazoa lan banaketa baino gehiago produktu sozialaren banaketa baita.

Lan banaketa bezala aldarrikatzen dugu aberastasunaren banaketa. Banatzeak kapitalaren errentak zergapetuko dituzten zerga neurriak hartzea dakar. Aberastasuna sortzea baino arazo handiagoa da aberastasun hori bidegabeki banatuta egotea.

Garapen ereduak, lanaldia murriztea ahalbidetzeaz gain, soldata soziala edo esleipen unibertsala eman behar du, beste baliabiderik ezean, erkidegoko kide guztiek duintasunez biziraun ahal izan dezaten.

Soldata sozialak, enplegua sortu eta lana banatzeko estrategiaren barruan, baztertutako pertsonen kohesio soziala sortzen du, soldatapeko pertsonen eta patronalaren arteko indar erlazioa aldarazten laguntzen du, aberastasuna oreka handiagoz birbanatzera behartuz. Bitarteko eraginkorra da lan prekariotasunaren kontra borrokatzeko, eta logika sozial eta politikoa indartzen du, logika ekonomikoaren aurrean.

2. Prestazioak eta zerbitzu sozialak

Herrialderik garatuenetan, segurantza sozialeko sistemak babes sozialeko dispositibo publikoaren atal bat dira; babes sozialean osasun artapena, soldataren ordezko prestazio ekonomikoak, langabeziarengatiko prestazioak, zerbitzu sozialak, familiaren eta ahalmen urrituen, zaharren eta sistema kapitalistak baztertutako beste sektore batzuen babesa sartzen dira.

Segurantza Sozialeko sistemak banaketa unibertsal, publiko, erabat demokratiko eta partaidetzazkoa izan behar du. Segurantza Sozialeko euskal sistema, prestazioen eta zerbitzu sozialen unibertsalizazioa bermatuko duena artikulatzeak oso lotuta joan behar du zerga erreforma aurrerakoiarekin eta gastu publiko birbanatzezkoaren banaketa nabarmen desberdinarekin.

3. Bazterketa eta ekintza sindikala

Ideologia neoliberala saiatu da enplegurik bako pertsona jasaten duen bazterketaren errudun delako ideia nagusi dadin. Baina bazterketa ez da aukera pertsonala, balio eskala jakin baten, antolaketa sozialeko eredu baten eta sistemak ezartzen dituen produkzio harremanen ondorioz sortzen da.

Pertsona bat lan merkatutik baztertzen dutenean, isolatuta geratzen hasten da, harremanak murrizten ditu eta motibazio gutxiago jasotzen du, zergatik eta zertarako bizi den ez jakiteraino. Sozietatearekin dituen loturetan indartsuena, ordainpeko lana, ez daukanean, sozietateak beste esparru kolektibo batzuetan parte hartzeko egoki ikusten ez duela ohartzen da, eta pertsonaren partaidetza eta aldarrikapen gaitasuna baldintzatuta gertatzen dira.

Egoera horretan, antolakuntza aukerak murrizten dira, bereziki asistentzia zerbitzuen oso mende dauden sozietateko talderik ahul eta behartsuenentzat, beren helburu nagusia biziraupena baita. Beste pertsona batzuen laguntzarik ez izateak eta produkzio sistemara egokitzerik ez izateak defentsarik gabeko egoera sortzen du pertsona horiengan, baita men egitera eramaten dituen pertsonaren baliogabetzea ere.

Bazterketaren kontrako borrokak herritar guztiek baztertutako pertsonen integrazio sozialaren aldeko lanean parte har dezaten eskatzen du, baina garrantzitsuena baztertutako pertsonak sozietatera baitaratzeko bere prozesuaren definizioan eta garapenean parte har dezan izan behar da

Mixel Berhokoirigoin, Euskal Laborarien Batasuneko bozeramailea: «Laborantzaren erronkak: kalitatea eta iraunkortasuna»

Zein Euskal Herria, hogei urteren buruan asmatzea ez da gauza erraza. Laborantza mundua tratatuz, saiatu naiz galderari erantzuten, baten logikak bestearena ere izan behar baitu…

Laborantza izan da orain arte gizarteko elementu nagusienetarik: baserri munduaren oinarria, baita ere hiritarren erreferentzia; alabainan, hiritar bakoitza baserrietatik atera den lehen edo bigarren belaunaldikoa da…

Laborantzak bete ditu helburu ezberdinak: janariz hornitzea eta eremuak zaintzea. Baina laborari kopurua beheiti doa, eta laborantzak bihar ez ditu eskainiko atzo laborari anitzekin eskaintzen zituen zerbitzuak, laborari kopurua apalegi bihurtzen bada.

Euskal Herrian, emaitzak zentzu horretarat doatzi. Gaindegiak eskaturik, Aztiker soziologia ikerguneak Euskal Herriko laborantzaren etorkizunari buruz egindako lanak agertzen du 1950ean, laborantzan enplegatuta zeuden pertsonen kopurua proportzio oso handikoa zela Euskal Herriko biztanleri okupatu osoari konparatuz; Adibidez, Nafarroa Garaian okupatuen %55 inguru ari ziren nekazaritzan, eta Bizkaia bezalako herrialde industrialean ere, okupatuen %19 ari ziren nekazaritzan… Ez da hor Euskal Herriaren berezitasun bat, Europa guzian gisa bereko errealitatea baitzen, Estatu batetik bestera proportzio ezberdinekin hala ere. Harez geroztik etorri dira aldaketa nagusiak batez ere 1960ko hamarkadak ekarri dituen teknika berriei esker. Eredu tradizional guziak aldatuko zituzten bide berriak garatu ziren momentu hartan: lurra ezagutzeko, lantzeko eta tratatzeko manerak, landare produktiboago berriak, abereei buruzko genetika eta selekzioak, tresneria berriak eta laborantzaren modernizazioa bultzatuko zuten politika berriak.

Garai hortan sortu zen Europako Nekazal Politika Batua; orduan zen ere abiatu 30 urtez gizarteak ezagutuko zuen eufori ekonomikoa. Laborantza ongi akomeatu zen bertze sektore ekonomikoekin: laborantzako teknika berriek libratzen zituzten "besoek" lekua aurkitzen zuten errexki garatzen ari zen industrian. Laborantza bera ere, gero eta gauza gehiago erosiz, eta gero eta gehiago ekoiztuz, industriaren bultzatzaile nagusienetarik bat izan da eta segitzen du izaten oraindik ere…

Azken 40 urte hauetan, laborantzak ezagutu duen "iraultza" hori oso "kuantitatiboa" izan da, "kualitatiboa" izateaz ahantziz, eta oso larria dena, lehenagoko garaietan belaunaldiz belaunaldi bildutako esperientzia zakarrontzira botaz, modernismoaren izenean.

Historia labur horrek agertzen dauku zein leku daukan laborantzak gizarte osoaren ereduan. Beti horrela izan da: laborantzak gizarteko bizia egituratzen zuelarik, baita gaur egun ere, nahiz zenbakietan pisu gutiago ukaiten duen ere.

Laborantza eta gizartearen arteko lotura hori karikaturaraino doa gizarte baten aurrerapena ofizialki neurtzen delarik, laborarien pisu erlatiboa kontuan hartuz, erran nahi baita laborantzan okupatutakoen kopurua herrialde bateko okupatu guzieri alderatuz. Laborantzan okupatuen kopuru erlatiboa gero eta apalagoa delarik gizartea gero eta aurreratuagoa kontsideratzen da! Entzuten ohi dugu, adibidez, laborantzan okupatuen zenbakia %15ekoa duen Herri baten aurkezpena egitean: "laborariek, oraindik, %15 ordezkatzen dute…". Hor ere Erresuma Batua da Europako modeloa, hango laborariek okupatuen %1,5 ordezkatzen baitute!

Ikuspegi horretatik abiatuz, aitortu behar dugu Euskal Herria ez dela gaizki: %3ko muga horretan baita! Niretzat, zenbaki hori zenbat eta apalago dagoelarik, errealitatea hainbat eta tristeagoa dago!

Hala ere, Gaindegiak eginiko ikerketan, ikusten dugu gauzak asko aldatzen direla probintzi batetik besterat: Nafarroa Beherean %26,5, Zuberoan %21,5, Nafarroa Garaian %5,4, Araban %3,1, Lapurdin %2,4, Gipuzkoan %1,8 eta Bizkaian %1,7. Ezin dira errealitateak konpara: industriak ere nonbait behar dira kokatu, hiriak ere…

Larria dena da martxan den prozesuak "aurrerapena" deitzen duela Nafarroa Behereko %26,5etik %13rat jaistea, eta Bizkaiko %1,7tik %0,9rat jaistea.

Larria dena da, momentu berean, Erresuma batuan %1,5etik %0,8erat pasatzeari "aurrerapena» deituko zaiola, eta nolaz ez munduaren hegoaldean proportzio berean laborarien kopurua jaisteari. Mundu osoan, okupatuen erdia laborantzan aritzen da! Aurrerapenaren izenean, zati horren erdia lurretik kasatzen bada heldu diren 20 urteetan, asmatzen ahal dugu zein katastrofea litekeen, ez bakarrik "han" bainan leku guztientzat. Gorago idazten nuen 1950etik goiti, 40 urtez Europan nekazaritzatik atera lanpostuak, gutti gora behera, ordezkatuak izan direla industriak sortu lanpostuez. Bainan, hamar milioika edo ehun milioika munduko hegoaldean laborantzatik atera pertsonek zer egingo dute? Nora joango dira? Nolakoa izanen da iheslari ekonomikoen mugimendua? Nahitaez, ondorio latzak izanen dira mundu osoan.

Hor ere, lurra, laboraria eta gizarte osoaren arteko lotura ikusten dugu. Hogei urteren buruan ikusi nahiko nukeen Euskal Herria laborantzari lotua da. Alta, ikusi nahi dudan laborantza ez da batere segurtatua eta ukan lezake desagertu diren ofizio askoren zortea. Gerta liteke laborariekilako laborantza desager dadin eta osoki industrializatua den laborantza izan dadin, haragia eta esnea autoak egiten diren bezala eginen duenetakoa.

Ereduaren helmuga hori da, eta ez da irreala! Alabainan, nolako euskal gizartea suposatzen du horrelako laborantzak? Zein izanen da elikaduraren balioa, lekua, helburua? Zer izanen da lurra, ura, paisaiarekilako harremana? Zenbat kostatuko da, eta nori, ingurumena zaintzea, gure bazterrak zaintzea, osasun arazoak tratatzea? Zer izanen da gure kultura eta zibilizazioa?

Laborantza iraunkorraren eta herrikoiaren alde lan egiten dugu, garapen iraunkorraren definizio unibertsalean kokatzen dena: ekonomikoki bizipide sortzaile, sozial mailan zuzena, ingurumen errespetatzaile. Laborantza autonoma eta ekonoma da garapen eredu horren oinarria. Laborantza intentsiboak eta industrialak ukatzen du laborarien autonomia, agro-industriaren morroi bilakaraziz; laborantza eredu horrek gero eta mugatuago eta garestiago diren elementu gehiago eskatzen du: ura, energia…

Laborantza iraunkor eta herrikoiak, errealitate bihur dadin, baldintza batzuk bete behar ditu, desafio batzuk gainditu. Adibidez:

- Baserrien transmisioa segurtatu: horrek suposatzen du laborantza atraktibo bat, autonomia eta bizipidea eskaintzen duena, eskatzen duen kapitala mugatzen duena.

- Laborariaren eta gizartearen arteko harremanak ongi antolatu: jakinez guzien ondarea diren ura, lurra, bio-aniztasuna eta lur eremuak laborarien lan tresnak direla momentu berean. Nola erabili lan tresna horiek, horretatik bizia egiteko, guzien ondarea errespetatuz? Ez da ofizio askotan ikusten zailtasun hori!

- Mundu mailako liberalismo agresibotik gure burua zaindu: MMAk (Munduko Merkataritza Antolakundeak) bere helburu liberaletan sartua du laborantza ere, sektore industrial baten gisara. Jakinez laborantza janaria dela, ez da onartzen ahal elikadura mundu mailako merkatu librearen menpe izan dadin. Onartezina da munduko beste laborarientzat, bainan Euskal Herrian ere bai: gure estrategia ez da maila horretakoa izan behar, eta balio erantsia egiazko kalitate eta sanotasunean bilatu behar da.

- Laborantza transgenikoa behin-betikotz baztertu: nahi badugu gure irudia eta kalitatea zaindu, nahi badugu agro-industri multinazional batzuetatik aske izan, teknika liluragarri horiek bazter utzi behar dira, nahi dugun ereduarekin kontradikzio osoan baitira.

- Lurraren antolaketa guzien artean asmatu, espekulazioaren aurkako neurriak hartu, laborantzari lekua utziz gune guzietan, laborari ez direnekin adostuz espazioaren baliabideak, hala nola mendian… Nola egin Euskal Herri honetan, hain mugatua dugun lurrak utz dezan gizarteak dituen behar guziak betetzen elkarren errespetuan eta orekan?

- Ezin dut aipatu gabe utzi klima eta laborantzaren arteko lotura. Laborantza sistema intentsibo eta industrialek eragin txarrak dauzkate klimaren aldaketetan ikerketa askoren arabera, eta klimaren aldaketek ere eraginak dauzkate laborantzan. Laborantzako norabide eta praktikak berrikusi behar dira, iraunkortasunaren alde joateko. Eta berriz itzultzen gara hemen laborantza ekonomoaren eremura…

Ongi gogoetatzen bada, gorago aipaturiko puntu oro hauek guzien gaiak dira, eta ez bakarrik laborarienak. Puntu horien tratatzeko manerak eginen du ere biharko Euskal Herria. Bainan, 20 urteren buruko Euskal Herri horretaz zerbait gehiago erran nahi nuke. Nire ustez Herri ttikia izateak emaiten dauku eremu berrien esperimentatzeko posibilitatea, adibidez garapen iraunkorraren alorrean. Bainan ttikia izanagatik, nahiko handiak gara esperientzia horiek egiteko gai izateko. Espero dut Euskal Herriaren abentura horretan Iparraldeak parte hartzen ahalko duela. Espero dut ere horretan Iparraldea existituko dela ofizialki! Gaur egun ikusten dudan hurbilena departamendu eredua da, bainan izan daiteke beste formula bat, ezagutza ofiziala eta konpetentziak lituzkeena, auzoekin eta batez ere Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin harremanak eta proiektuak finkatzeko. Euskal Herria oraino hiru zati administratibotan izanen da, elkarri hurbilduz ariko direnak agian, bainan bakoitza bere errealitatetik. Euskal Autonomia Erkidegoa izanen da Euskal Herri osoko motorra: konpetentziak, ahalak eta esperientzia baititu, bainan herrialdeen arteko hierarkiarik ez da beharko gure artean.

Horiek horrela izanik, eta bakoitza den bezala errespetatuz, elkarrekin behar diegu Euskal herritarrei eta munduari ekarpen bat egin. Ekarpen positiboa bi mailatan izan daiteke: demokrazia eta garapen iraunkorrean. Iturri zaharreko ur berria gara. Badugu ahala, ideia, dinamika, esperientzia eta asmoa. Demokraziari definizio berri bat eman behar diogu: teorian eta baita praktikan ere. Aske izan nahi duen herri honek asmatu behar du bere barnean demokrazi berri bat: boterearen erabiltzeko manera berri bat, gizartearen partaidetza, partaidetza berria estatu zaharkituei konparatuz. Desafioa gaitza da, guziak mobiliza litzatekena, iragan garai konfliktualaren beste fasea eta erremedioa litekeena.

Beste desafioa garapen iraunkorra da, mundu osoaren desafioa, hitz eta diskurtso anitz eginarazten dituena, bainan ekintza gutti. Hor ere Euskal Herria aitzindaria izan daiteke. Modernitate berri bat da eta ez da atzera itzultzerik. Modernitate horren funtsa da konturatzea interes orokorra ez dela norberaren interesen gehiketa. Teknikoki posible den guzia ez da kolektiboki ona ez eta onargarria. "Hobeki" hitzak ordezkatu beharko luke "gehiago" hitza.

Adibide batekin bukatzeko, hartuko dut errepideen kasuan erabaki dena: autoen abiadura mugatua da gaur egun, alta, aurrerapentzat hartzen zen gero eta fiteago ibiltzea leku batetik bestera joateko. Bainan, momentu batez pentsatua izan da faktura kolektiboa garestiagoa izanen zela interes edo abantaila pertsonalak baino, eta beraz guzia aldatu behar zela. Horrek ez zituen iniziatiba, ikerketa eta teknologi berriak mugatuko bainan beste helburu batzuen zerbitzuko ezarri: segurtasuna, gasolina ekonomia, ongizatea…

Aldaketa bera egin behar da gizarte osoan, ekonomia osoan: produktibismotik ateraz, kuantitatibotik kualitatiborat pasatuz; onargarria den garapen bakarra zuzena den garapena delakotz.

Zentzu horretarat joan nahi dugu laborantzan. Nahi nuke 20 urteren buruan, Euskal Herriak mundu osoari anitz irakasteko gai izan dezan garapen iraunkorraren mailan eta horri lotua den demokrazian.

Jose Elorrieta, ELAko idazkari nagusia: «Euskal Herri soziala eraiki»

Ekarpen hau ARGIAk "Euskal Herria 2005-2025: nora eta nola?" izenburuarekin antolatutako topaketarako egin dugu. Eta mahai-inguru baterako zehazki, "Ekonomia eta gizarte eredua". Beraz, jardunaldietan aztertzekoak diren beste gai batzuk ez ditugu jorratuko.

Autogobernuari eduki soziala ematea lehentasuna dugu sindikatu garen aldetik. Gure indarrak ahal den erarik aktiboenean zeregin jakin batzutan erabili behar ditugu: eredu sindikal erreibindikatiboaren garapena, helburutzat lan baldintzen hobekuntza eta kolokako lanaren aurkako borroka dituena, eta justizia zein elkartasun handiagoa izango dituen gizarte bat eratzeko gizarte-eta zerga-politika aurrerakoien aldarrikapena. Hauek dira egoera okerrenetan dauden taldeen egoera (emakumeak, iNmigranteak, gazteak) benetan hobetuko duten urratsak.

Konpromiso honek ondorio praktikoak ditu, eta horiek herrigintza eguneroko lan bilakatzen dute. Erakunde sindikal legez hartutako konpromiso hori hainbat eratan islatzen da: lan-harremanen eta gizarte-babeseko euskal esparrua sortzearen alde dihardugu lanean (eskubide laboral eta sozialei buruz legegintza ahalmena izate aldera); negoziazio eta itun politikoak amaitutzat eman ez daitezen saiatzen gara, baldin eta euskal gizarteak gehien aldarrikatu dituen alor soziolaboralak aintzat hartzen ez badituzte. Gainera, aliantza sindikal eta sozialak egungo egoera konplexuan posible egiteko lanean jarraitzen dugu.

Hego Euskal Herrian 1.205.600 lagun aritu dira urteko lehenengo hiruhilekoan lanean; horietarik 708.100 (%58,7) gizonezkoak, eta 497.500 (%41,3), emakumezkoak.

Lana sektoreka aztertzean ikus dezakegunez, zerbitzuen sektorea da lagun gehien biltzen dituena: 748.500 lagun, hots, kopuru osoaren %62. Hurrengo sektore garrantzitsuena industria da, 319.100 lagunekin (%26,5); ondoren, eraikuntza sektorea dator, 109.400 lagunekin (%9,1). Azken sektorea nekazaritza izan da, 28.600 lagunekin, hots, lanean ibilitako pertsonen kopuru osoaren %2,4.

2005eko lehenengo hiruhilekoan 88.800 langabetu zeuden; horietatik 41.700 gizonezkoak (guztizkoaren %46,9) eta 47.100, emakumeak (%53,1).

Hortaz, langabezia-tasa %6,9koa izan da, gizonezkoena (%5,6) apur bat apalagoa eta emakumezkoena (%8,6) handixeagoa izanik. Gazteen langabezia-tasa %20tik gora dago.

2005eko urtarriletik apirilera bitarte 306.213 lan-kontratu sinatu dira Hego Euskal Herrian. Kontratu horietatik 278.343 (hots, %90,9), aldi baterakoak izan dira (2004ko aldi bereko portzentajearen antzekoa, orduan %91,1 izan zen eta). Aldi baterako kontratazioan jazotzen den lege-iruzur itzela agerikoa da oraindik orain, legez justifika litekeen arrazoirik gabe egiten baitira aldi baterako kontratuak.

Horren ondorioz behin-behineko enplegu tasa %30ekoa da, Europakoa baino askoz altuagoa. Zehatz esateko, 2004ko bigarren hiruhilekoan, EB-15eko behin-behinekotasun tasa orokorra (%13,1) gurea baino 17 puntu baxuagoa izan zen. Eta aldea are handiagoa da emakume eta gazteen kasuetan.

Negoziazio kolektiboan ELAren lehentasuneko helburuak honako hauek ditugu:

- Diskriminazioaren eta haren agerpenen aurka borrokatzea, haiek edozein eratakoak (sexu, adin, etnia, sexu joera, minusbaliotasun…) direla ere. Zehazkiago, gogor aritu behar dugu lan bera egiten duten langileei lan baldintza desberdinak dakarzkieten faktore edo fenomenoen aurka; aitzitik, baztertutako edo diskriminatutako pertsonak lankideen baldintza beretan kontrata ditzaten erraztu behar dugu.

- Prekarietatearen aurka borrokatzea: mugagabeko kontratuak izan behar du ohiko kontratu. Hona beste ideia batzuk: behin-behineko kontratuak finko izan daitezen eskatzea; atal sindikalek aldi baterako kontratuak gertutik jarraitu eta zaintzea, arau-hausterik gertatzen den ikusteko; muga zorrotzak ezartzea aldi baterako kontratazioari; ezkutuko ekonomia eta gezurrezko autonomoak kentzea; ABLEak baztertzea; lanaldi partzialeko kontratuari (ia beti ezarria) aurka egitea…

- Azpikontratatzeen eta pribatizatzeen aurka: Enpresek eta euskal instituzioek gero eta alor gehiago azpikontratatu eta pribatizatzen dituzte. Politika hauek goitik behera aldatu behar dira, eta gure ustez presioa areagotu behar da, bai enpresetan eta bai gizartean, helburu hau lortzeko.

- Segurtasuna eta lan osasuna: Hego Euskal Herrian urtean 100dik gora behargin hiltzen da lan istripuz. Enpresek ez dute legea betetzen, justiziarik ez dago arlo honetan eta administrazioaren jarrera (bereziki ikuskaritzarena) ez da onargarria.

- Erosteko ahalmena handitzea: soldata igoerak azken urteetako joera aldatzeko xedez zehaztu behar dira, joera hori kapitalaren aldekoa izan baita aspaldian. Jarrera bizkorragoa hartu behar da, beraz.

- 35 orduko lan astea eta aparteko orduak kentzea.

ELAk askotan salatu izan ditu Euskal erakunde publikoen politika neoliberalak, eta erakunde horiek lan-harremanekiko darabilten jarrera antidemokratikoa gaitzetsi du. Izan ere, gure agintariek uko egin baitiote justizia sozialaren aldeko politikak egiteari. Aitzitik, diferentzia sozialak areagotu daitezen ari dira aspaldian lanean.

Bestelako politika sozial batzuk nahi ditugu; horiek lortzeko, ezinbestekoak ditugu gizartea kontzientziatzea eta borrokatzea.

Gero eta premia sozial gehiago uzten dituzte ase gabe herri-administrazioek. Erantzukizun handia dute horretan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako Foru Gobernuko erakundeek. Hona hemen adibide batzuk:

- Etxebizitza-defizita. Etxebizitzen eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa da (76.000 gehiago), eta defizit hau urterik urte ari da handitzen. Alokairuko etxebizitzen portzentajea ez da %6ra ere iristen (Europako Batasuneko batezbestekoa %39koa da). Prezioak, bestalde, etxea behar duten herritarrek ordain dezaketena baino bi bider handiagoak dira, gutxienez, bai alokairu, bai salmenta libreko etxebizitzenak. Egoera hori ikusirik, herritar guztiei etxebizitza duina izateko eskubidea bermatu beharrean, euskal erakundeek diru-kopuru barregarria gastatzen dute alor horretan (BPGren %0,3). Etxebizitza babestuen kopurua handitu beharra dago, eta, bereziki, alokairu sozialaren alorra bultzatu egin behar da nabarmen.

- Zerbitzu sozialen garapen eskasa. Herritarrentzako laguntza zerbitzuak eskuratzea (etxeko laguntza, egoitzak, eguneko zentroak...) guztion eskubide bihurtu behar da. Alabaina, gutxieneko eskubideak bermatzeko legerik ere ez dago alor horri dagokionez. Erakunde publikoek, berriz, lehendik dauden zerbitzuak pribatizatzeari ekin diote, eta zerbitzu pribatuak (ordainpekoak) bultzatzeari. Laburbilduz, ez dira asetzen egungo premiak, ezta gerokoak asetzeko biderik jartzen ere. Eta argi izan behar dugu etorkizuneko premia sozialak gero eta handiagoak izango direla.

- Pobrezia mailaren azpitik dago oinarrizko errentaren diru-laguntza. EAEn eta Nafarroan (batez ere) pobrezia atalasearen edo mailaren azpitik dago oinarrizko errenta, nabarmen gainera. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), berriz, ez dira eskubide gisa onartzen EAEn, eta aurrekontuen zenbatekoaren araberakoak izaten dira. Hori dela eta, hainbat gizarte-premia larri ez dira asetzen sarritan. Nafarroan horrelako laguntzarik ez dago.

Ikus daitekeenez, egoera kezkagarriak dira horiek guztiak. Beste zenbait hutsune ere aipa genezake: 0-3 urte bitarteko haurren eskolaratzea, osasun-zerbitzuen defizita, ingurumen-politikak, inmigrazio-politika... Hala eta guztiz ere, deigarria da euskal erakundeak beren buruaren propaganda egiten aritzea, eurak bultzatzen dituzten gizarte-politikak zein txalogarriak diren lau haizetara zabaltzen jardutea, alegia.

Zer eskatzen die ELAk euskal erakunde publikoei? Gastu sozial handiagoa egitea, dauden premiak asetzeko, bederen. Premiazkoa da gastu hori, eta gainera, egitea posible da. Euskal erakundeek, ordea, muzin egiten diote gastu soziala handitzeari (apurtxo bat bada ere).

Gainera, hori guztia aurrekontuak superabitarekin ixten diren testuinguruan gertatzen da. Europako Batasunean, defizit publikoaren mugari %3an eutsi behar zaion ari dira eztabaidatzen; hemen, berriz, zero defizitetik urrun gaude. Garbi dago, beraz, hemengo agintarien irizpide politikoa: dirua izan arren, nahiago dute urtea superabitarekin amaitu, edo zorra amortizatu, gizartearen premiak asetzea baino.

Sarritan salatu izan ditu ELAk politika antisozial horiek, baita proposamenak plazaratu eta mobilizazioak bultzatu ere. Datozen urteotan, are kementsuago jo behar da bide horretatik eta bestelako politika sozialak aldarrikatu. Kontzientzia hartzeak eta gizarte osoaren eta langileriaren borrokak gauzatuko dute lan erronka hori. Denbora behar dugu horretarako, eta lan handia dago egiteko.

Aipamen berezia egin nahi diogu zerga-politikari, alor honetan eskuduntzak euskal erakundeek dituztelako, eta beraien politika neoliberalaren adibide garbia delako. Arlo honetan ere aldaketak guztiz beharrezkoak dira:

- Informazio gardena eman behar da. Jarrera aldaketa behar da euskal ogasunen aldetik, zeren orain ezkutukeria baita nagusi.

- Zerga iruzurraren aurkako borroka. Gaur egun errazagoa da loteriako sari bat irabaztea inspekzio bat jasotzea baino. Horrela ez da harrigarria lan errentak ez dituztenen artean iruzur fiskala ikaragarria izatea. Arazo honekiko euskal erakundeek daukaten jarrera iruzur demokratiko handia da.

- Zerga-politika aurrerakoia. Alor horretan, beharrezkoa da zerga nagusiak aldatzea. PFEZean, tarifaren gehikortasuna handitu behar da (aldaketen aurreko egoeretara itzuli); tratamendu bera eman behar zaie errenta guztiei, edozein jatorri dutela ere (hau da, multzo eta errenta guztiek beren benetako sarrerengatik ordain dezatela eta ezar diezaietela zergaren tarifa), eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei (BGAE) ez diezaietela eman pentsioei baino zerga tratamendu hobea (eta, aldi berean, muga dezente apalagoak ezar daitezela kenkarientzat, Europako Batasuneko beste leku batzuetakoen antzera). Sozietateen gaineko Zergan handitu egin behar da tasa aplikagarria, eta gutxitu egin behar dira, erabat, kenkarien aukerak, horiek guztiz apalagoa egiten baitute zergaren benetako tarifa.

Euskal Herria justizia sozialaren oinarrien gainean eraiki behar da. Ekarpen honetan plazaratu ditugun datu eta proposamenek argi uzten dute lan handia dagoela egiteko. Gure iritziz egoerari buelta emateko beharrezkoa da aliantza sindikalak eta sozialak lotzea.


Azkenak
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude