Auto-ilarak: Gasolina eta pazientzia galtzen

  • Auto-ilara madarikatua! Eta, hain justu, presaz gabiltzanean. Edo agian horregatik, beti presaz gabiltzalako. Kotxea gehiegitan hartzen dugulako, edo Euskal Herria merkantzia garraioan puntu estrategikoa izanik kamioi gehiegi dabilelako, istripu asko daudelako edo azpiegiturak nahikoak ez direlako. Errudunak bilatzen saiatu arren, gure ohiturak aldatu ezean, autoan sartuta, ez aurrera ez atzera, zain egotera kondenatuta gaude. Mugikorretik berandu iritsiko garela abisatzen dugu edo ilarako bizkorrena bazterbidetik beste guztiak aurreratzen nola saiatzen den ikusten dugu, bitartean denbora, dirua eta, batzuen jarrera ikusita behintzat, osasun mentala ere galduz.
Auto ilarak garestiak dira. Garestiak ingurumenarentzat, ibilgailuen CO2 emisioengatik. Garestiak, erregaia xahutzen delako. Baina bereziki garestiak denbora galtzen delako, lan orduak, eta beraz, dirua. Azken hau da auto-ilaren fakturan pisu gehien duen kontzeptua. Eta faktura ez da nolanahikoa: Espainiako Estatuan urtero BPGren %2 galtzen da auto-ilaratan edo, beste modu batera esanda, 15.000 milioi euro.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren arabera, EAEn sortzen diren atasko nagusiak puntualak dira, ez daude egunerokotasunari lotuak. Oporretako irteera eta itzulera operazioetan eman ohi dira edo istripuen ondorioz.

Astekari honen Lasarte-Oriako egoitza ez da txarra horren adibideak topatzeko, N-1 errepidea aldamenetik pasatzen baita. Joan den apirilaren 25ean, inguru honetan lan egiten dutenen artean gutxi izan ziren lantokira garaiz iritsi zirenak. Goizean goiz kamioi batek istripua izan zuen N-1a Andoaindik pasatzen den zatian, Gasteizeko norabidean. Karga guztia irauli eta zaila izan zen errepidea berriro garbi uztea. 6 orduko ilarak eragin zituen istripu honek. Azken asteei erreparatuz gero, irailaren 26ko lehen orduetan beste kamioi batek istripua izan zuen Irungo mugara iritsi baino lehen. Errepidea azulejoz betea utzi zuen istripuak eta goizeko 09:00etarako ilara dagoeneko Lasartera iritsia zen ia. Handik egun gutxira, hilaren 30ean berriro ere Gasteizeko norabidean pilatu ziren autoak, Aieteko tunelean lau autok istripua izan ondoren. Eta azkenik, N-1aren zati beretsuan eta norabide berean, urriaren 3an, ataskoa beranduago sortu zen, eguerdi aldera. Berriro ere istripu batek eragin zuen.


Kamioiek al dute errua?

Aipatutako adibide gehienetan kamioiak daude tartean. Gainera, lau istripuetatik hiru astelehenean gertatu ziren, hots, Irungo muga berriro kamioientzat zabaltzen den egunean. N-1ean kamioien fluxua bereziki altua da. Trafiko Zuzendaritzak Aldundien datuetan oinarrituta emandako kopuruetan ikusten da hori. 2003an Etxegarateko portutik pasa ziren ibilgailu guztien artean »16.098 egunero», erdia kamioiak izan ziren. Egia da, merkantzien garraioan gune garrantzitsua osatzen dutela hainbat errepidek, baina kontuan hartu behar da hori ez dela guztietan gertatzen. Esaterako, A-8an, Bilboko Gurutzetako sarreratik 129.888 ibilgailu pasatzen dira; horietatik gehienak -117.938- ibilgailu arinak dira eta kamioiak ez dira 12.000ra iristen. Eta Etxegaraten kamioien portzentajea %50era iristen bada ere, N-1 osoan batez bestekoa %20koa da. Gainera ibilgailu gehien arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara biltzen dira errepide honetan eta kamioien maiztasun handieneko ordua, aldiz, eguerdiko 12:00etan da.

Duela urtebete eskainitako elkarrizketan, Javier Zuriarrain, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak esan zuen, auto-ilara batzuk Ertzaintzaren kudeaketa kaxkarragatik sor zitezkeela, baina gehienak istripuen eraginez eta, bereziki, kamioien eraginez sortzen zirela. Zuriarrainen esanetan, aldundiek ez dute ardurarik auto-ilaratan.

Garraioan lan egiten dutenak ez dira iritzi berekoak. Arantxa Arozena Guitranseko idazkari nagusiak dioenez, «instituzioen artean koordinazioa falta da. Koordinazio handiagoa beharko lukete larrialdi egoerak kudeatzeko eta garraiolarien sektorea kontuan hartu beharko lukete protokoloak diseinatzeko orduan». Baina beste arazo bat ere azpimarratu du Arozenak: «Asko dira auto-ilarak eragiten dituzten arrazoiak, baina denen atzean errepideak hobetu eta egungo fluxu eta beharretara egokitzeko behar larria dago. Gure errepide sarea modernizatzeko benetako ahalegina egin behar dute».


Azpiegituren muga

Auto-ilara asko ez da istripuen eraginez sortzen, errepide batzuk saturatuak daudelako baizik -goiko koadroan zehazten dira auto-ilara gehien izan ohi dituzten puntu «beltzak»-. Garraiolariek azpiegitura hobeak eskatzen dituzte saturazioa saihesteko. Baina Eusko Jaurlaritzaren 2002ko Trafikoko Plan Estrategikoak honela dio: «Arazo horiek (mugikortasun arazoak) ez dira konpondu soilik bide-azpiegitura berriak eginda edo egun daudenak zabalduta. Errepidea gero eta gehiago erabiltzen da bai bidaiarien aldetik bai salgaien garraiorako, baina ezinezkoa da, eta, gainera, ez da komeni, azpiegitura berriak sortzea». Ekologisten ustez ere ez da komenigarria eta Donostiako bigarren eraztuna eta Bilboko Hegoaldeko Saihesbidearen bideragarritasuna zalantzan jarri dute.

Azken 6 urtetan EAEn 700 milioi euro inbertitu dira errepideak eraikitzen, baina trafikoak ere gora egin du eta bide berriak berehala autoz bete dira.


Ibilgailu partikularrak

Beraz, ataskoak harrapatzen gaituen hurrengo aldian, istripuak, ertzainak, kamioiak, errepideak, erakundeak... madarika ditzakegu. Baina autokritika apur bat egitea ere komeniko litzateke. Errepideak saturatzen dituzten ibilgailuen artean gure autoek gehiengoa osatzen baitute. Gainera auto horietan gehienetan (%75) gidaria bakarrik joaten da; autoen okupazioaren batez bestekoa 1,2 pertsonakoa da.

Batetik hiritarrok nahiago dugu garraio pribatua, publikoa baino. Gainera gero eta jende gehiago bizi da hirien periferiatan eta handik mugitu beharrak ere autoen ugalketa ekarri du.

Trafikoaren fluxua etengabe gora ari da. A-8aren Gipuzkoako zati gehienetan, adibidez, trafikoa hirukoiztu egin da 1980tik hona. Donostiatik Pasairako zatian hirukoiztu ez ezik, bost aldiz handiagoa da egun. Eta igoera nabarmena izan da bereziki azken hamarkadan. Aieteko tunelean -duela egun batzuk lau autok istripua izan zuten tunel horretan bertan- 60.827 ibilgailu sartzen ziren egunero; 2003an, aldiz, 106.499.

2004. urtean EAEko autopista sarean trafikoak %3,5 egin zuen gora. Eta horrekin batera autopista hauetako peajeen diru sarrerak ere bai: iaz 213 milioi euro bildu zituzten.


Hirietako korapiloan

Ibilgailu fluxurik handiena hirietako sarreretakoa izan ohi da. Baina hor ere alde handia dago hiri batetik bestera. Gasteizen, ibilgailu gehien pasatzen den sarrera N-1ekoa da eta 38.445 ibilgailu jasotzen ditu egunero. Bilbon eta Donostian kopurua askoz ere handiagoa da. Bi hiriotan A-8koak dira maizen erabiltzen diren sarrerak: Bilbon ia 130.000 ibilgailu sartzen dira hortik egunero eta Donostian, berriz, ia 110.000. Hau guztia 2003ko datuen arabera, iaz Donostiako sarrera horrek 120.000ko errekorra hautsi baitzuen.

Guztira, beti ere 2003ko datuen arabera, 351.900 ibilgailu sartzen dira egunero Bilbon eta 268.900 Donostian.

Behin hiri barrura sartuta gauzak aldatu egiten dira, eta auto gehien jasotzen dituen hiriak ez du zertan trafiko motelagoa izan. Consumer aldizkariak berriki egin duen azterketa baten arabera, Hego Euskal Herriko hirien artean Iruñea da zirkulatzeko egokiena, edo azkarrena behintzat. Nafarroako hiriburuan kilometro bat egin nahi duenak 4 minutu eta 54 segundo beharko ditu batez beste. Bilbon, zertxobait gehiago, 5 minutu eta 24 segundo hain zuzen. Donostian sartzen denak, berriz, 7 minutu eta 2 segundo pasako ditu kilometroa egiten. Hain zuzen, ibilgailu gutxien sartzen den hiriak du trafikorik mantsoena: Gasteizen 7 minutu eta 7 behar dira.

Gainera, Consumerren azterketa horrek dio garraiobide guztien artean autobusa dela mantsoena, alde handiarekin gainera -Gasteizeko autobusek ia 11 minutu behar dituzte kilometroa burutzeko-. Beste aitzakia bat autoa hartu eta errepideak saturatzea nahiago dutenentzat.


Borondatez ala behartuta?

Errepideen erabiltzaile partikularren esku ere badago trafikoa eta, beraz, auto-ilaren arazoa murriztea. Erabakia borondatez har daiteke, kotxea partekatuz edo ahalik eta gutxien erabiliz. Edo laguntzarekin bestela: hainbat tokitan oporren eta lan ordutegien flexibilizazioak, trafikoa mailakatzea eta, ondorioz auto-ilara arriskua gutxitzea ekarri du.

Baina askotan laguntzak ere ez du emaitzarik lortzen. Joan den irailaren 22an Autorik Gabeko Eguna izan zen Europa osoan. Praktikan, hemen behintzat, autoz betetako beste egun bat izan zen. Hainbat udalek erraztasunak ipini zituzten egun hartan bizikleta edo garraio publikoa hartzeko. Baina betiko ilaratan betiko autoak pilatu ziren.

Madrilen, esaterako, karril bat soilik autobusentzat eta pertsona bat baino gehiago daramaten autoentzat zabaldu zuten. Baina neurria ez da beste toki batzuetara zabaldu.

Herritarrek beren ohiturak aldatu nahi ez badituzte, beste aukera bat, behartzea da. Besteak beste, Italian txandakako zirkulazio sistema ezarri dute. Egun batzuetan matrikula parea duten autoek zirkula dezakete, besteetan matrikulako zenbakia inparea dutenek. Herritarren artean protesta ugari eragiten du sistema honek, baina zirkulazioan eta kutsaduran emaitzak positiboak dira.

Eta bestela, beti izango dugu autoan sartuta, denbora, dirua eta pazientzia galtzeko aukera.

Autoan elkarrekin

Bideetako lanek, istripuek, kamioiek... auto-ilarak eragin ditzakete, baina ibilgailu partikularrek ere badute zeresana arazo honetan. Auto gidari asko bakarrik joan ohi da autoan eta ibilgailuak gehiago betetzeak, trafikoa gutxitzea ekartzen du. Horregatik Euskal Herriko hainbat udaletan autoa partekatzeko ekimenak daude abian. Egun, Urola Kostan, Arrasaten, Bilbon eta Zuatzu Parke Enpresarialean Autoan Elkarrekin ekimena dago abian. Zonalde berean bizi eta lanera edo ikastera toki berera joaten diren pertsonak harremanetan jartzeko zerbitzua da. Modu horretan, pertsona bat baino gehiago joaten dira auto berean, erregaia aurreztuz, kutsadura gutxituz eta trafikoa lasaituz. Ekimenean parte hartu nahi duenak www.compartir.org web gunean aurki dezake autoa partekatzeko modua, baita udal bakoitzari dagokion web gunean ere. Beste udalerri batzuetan ere antzeko ekimenak abian jartzeko asmoa adierazi dute. Oarsoaldeko lau udalerrietan, esaterako, Autorik Gabeko Egunaren atarian autoa partekatzeko foro bat zabaldu zen Agenda 21eko web orrian.
2004. urtean guztira 2.013 pertsonek eman zuten izena jatorria Katalunian duen Compartir zerbitzuan. Horietatik egunero 258 bidaia partekatu egitea lortu zuten (%14). Egunero 7.753 kilometro partekatu ziren. Auto horiek errepidetik ateratzeaz gain, bidaia hauek egiteko zirkulazioan jarraitu duten autoen okupazioak nabarmen egin du gora (1,2 pertsona zerbitzuan sartu baino lehen eta 2,84 ondoren). Kotxea partekatu duten guztiek, orotara, 157.000 euro aurreztu dituzte, 163.748 litro erregai gutxiago kontsumitu dituzte eta 180 CO2 tona gutxiago emititu dute.
Baina ekimen hauek ez dira oraindik nahikoa errotu eta gure errepideetako ibilgailu kopurua gora ari da etengabe. Autoa partekatzeko joera zabalduz gero, etorkizunean eragina izan dezake auto-ilarak murrizteko. Bitartean, auto-ilara batean harrapatuta geratuz gero, zerbitzua erabiltzen dutenek konpainia izango dute gutxienez.

Auto-ilaren ohiko puntuak EAEn

Ondorengo zerrendan EAEn auto-ilarak sarrien izaten dituzten errepide puntuak zehazten dira. Zirkulazioren intentsitateagatik sortu ohi diren auto-ilara puntuak ageri dira bertan, eta ez dira sartzen, beraz, istripu eta bestelako gertakariengatik sortzen direnak. Auto-ilaren arazoa ez da bera udan edo urteko gainerako garaietan, horregatik bi zatitan banatuta dago zerrenda.


Udako Operazioa

Gipuzkoa
A-8: Mugatik Lasarteko lotuneraino eta Zarauzko peajean.
N-1: Aritzetako lotunetik A-15eko loturaraino.

Araba
N-1: Burgoseko mugan, 322. p.k. (Miranda de Ebro inguruan)
N-1: Armiñonen (AP-1arekiko loturan, 327. p.k.)
AP-68: Aretako peajean 36. p.k.

Bizkaia
A-8: Basauriko irteera
BI-625: AP-68 eta A-8ren arteko loturan, Iruneko norabidean.
A-8: Bilbo eta Kantabriako mugaren artean.
BI-636: Alonsotegi, Zaramillo eta Sodupetik pasatzean.
AP-68: Arrigorriagako irteeran 13. p.k.


Urte Osoan

Gipuzkoa
N-1: Irungo saihesbidea (goiz eta arratsaldez)
N-1 eta A-8: Donostia, Lasarte eta Andoaingo saihesbidea
(goizez eta arratsaldez).
GI-627: Bergara-Arrasate, Gasteizeko norabidean (goizez eta arratsaldez).
GI-632: Beasain-Zumarraga-Bergara (goizez eta arratsaldez).
GI-631: Azpeitia-Azkoitia (goizez eta arratsaldez)

Araba
Ez dago ohiko auto-ilararik trafikoaren intentsitateagatik.

Bizkaia
A-8: Portugalete eta Barakaldo artean, Bilboko norabidean (goizez)
N-637: Txorierriko korridorean, Erandio eta Derio artean, Mungia- tik datorren BI-631 eta Derio arteko bidegurutzea barne (goizez eta arratsaldez).
BI-637: La Avanzadan (Getxo eta Erandio artean) goizez Bilboko norabidean eta arratsaldez Getxoko norabidean.
N-634: Amorebieta- Erletxe (Galdakao) (goizez eta arratsaldez)
Ostiral arratsaldez: A-8 Barakaldo-Kantabriako muga.
Igande arratsaldez: A-8 Kantabria-Barakaldo.

(Puntako orduak lanegunetan. Goizez: 07:00-09:00; arratsaldez: 18:00-20:00).

Iturria: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza

Andoni Arriola, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria: «Instituzioen arteko koordinazioa egokia da»

Inguruko herrialdeekin alderatuta, EAEn auto-ilaren arazoa larriagoa al da? Berdintsua?
Ez da larriagoa. Arazoa ezberdina dela esango nuke. Hemen ez dugu hiri handi batzuetan eta haien inguruan izan ohi diren eguneroko auto-ilararik. Hemen, auto-ilara handienak une jakinetan soilik ematen dira, istripuen ondoren edo opor egunei lotuta.

Baina merkantzia garraioan pasabide garrantzitsua da. Kamioiek ez al dute auto-ilaren arazoa larritzen?
Puntu jakin batzuetan soilik. Biriatuko mugan eta haren inguruetan bereziki.

Orduan auto-ilaren arrazoi nagusia istripuak eta oporretako irteera eta itzulera operazioak dira...
Hori da. Istripuak daudenean prestatutako protokoloa martxan jarri eta ahalik eta eragin gutxien izan dezan saiatu behar dugu. Baina oporretako operazioak aurreikus daitezke eta horrela egin dugu aurtengo udan. Aldundiekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean protokolo berezia jarri dugu martxan eta emaitzak izan ditu, hots, arazoa txikitu da uda honetan.

Baina badira istripuekin edo oporrekin lotura zuzena ez duten ataskoak ere. Azpiegiturek zein eragin dute auto-pilaketetan? 2002ko Trafikoko Plan Estrategikoak dio azpiegituretan egin daitekeen lana mugatua dela.
Argi dago azpiegiturak ezin direla egin egun jakin batzuetarako soilik. Baina errepide batzuk maiz saturatzen badira, arazoa eguneroko bilakatzen ari bada, argi dago azpiegiturak hobetu eta ugaldu egin behar direla. Eta hori egiten ari gara Txorierrin edo A-8ko zati batzuetan: hirugarren karrila zabaltzen ari gara.
Baina horrek ez du balio egoera berezietarako. Egoera berezi eta konkretuetan plan berezi eta konkretuak jarri behar dira martxan.

2002ko Plan Estrategikoan informazioari garrantzia handia ematen zaio.
Informazioa gidarien eskura jartzea ezinbestekoa da. Errepideen egoera zein den, arazoak non dauden eta arazoak saihesteko bide egokiena zein den jakin behar dute. Trafiko Zuzendaritzaren web orrian trafikoaren egoera kontsulta daiteke gaur egun. Lan handia egin dugu horretan eta oraindik zer hobetua ere badugu. Errepideetan bertan panel informatibo gehiago jarri ditugu. Teknologia berriak baliatu ditugu eta aurrerantzean ere baliatuko ditugu informazio zerbitzuak hobetzeko.

Kamioiak, istripuak, oporrak... aipatu ditugu, baina eguneroko erabiltzaile partikularrek ere eragina izango dute trafikoan, ezta?
Hor ere informazioa garrantzitsua da, baina epe luzean egin beharreko lana da, eta azkenean erabiltzaileak berak du azken hitza. Batetik, erabiltzaile guztiei ahalbidetu behar diegu nahi dutenean errepideetan seguru, eroso eta baldintza egokietan ibiltzeko aukera. Euren eskubidea bermatu behar da. Bestetik, jakin behar dute autoa partekatzeak edo ahal den gutxien erabiltzeak kalte ekologiko gutxiago dakarrela, erregaia aurrezten dela eta baita denbora ere, gero eta ibilgailu gutxiago, orduan eta arrisku gutxiago egongo delako auto-ilarak sortzeko. Hori guztia bide-hezkuntzarekin dago lotuta eta lan horretan ere aspaldi ari gara. Gizartea txikitatik hezi behar da horretan, baina azkenean erabiltzaile bakoitzak erabakitzen du zer egin.

Joan den apirilean, N-1ean kamioi baten istripuak eragin zuen auto-ilara luze baten ondoren, Guitrans, Gipuzkoako Garraiolarien Elkarteak salatu zuen instituzioen artean ez zenutela koordinazio egokirik.
Auto-ilara arazoak Gipuzkoan eta Bizkaian daude bereziki eta bi aldundiekin dugun harremana oso ona da. Gutxienez ni zuzendari naizenetik, koordinazioa egokia da; lan bikaina eta azkarra egin dugu elkarlanean.

Une honetan zein da Trafiko Zuzendaritzak duen erronka nagusia?
Arazo nagusiak Bilboko ingurabidean eta Donostialdean daude, muga ahaztu gabe. Gune horietara zuzendutako planak hobetzea da erronka. Horretarako lantalde multidiziplinarrak sortu ditugu. Baina beti ere arrazoizko planak egin behar dira, emaitzak emango dituztenak.

Baina gero eta ibilgailu gehiago dago eta horrek auto-ilarak eta, oro har, trafiko arazoak ugaltzea ez al dakar? Zein eboluzio izan dute azken aldian?
Hemerotekara jotzea besterik ez dago trafiko arazoak murriztu direla ikusteko. Istripuengatik hildakoen kopurua %41ean murriztu zen 2004an eta orain arteko datuek diote aurten ere kopuruak zertxobait behera egin duela. Auto-ilaren eta pilatzeen arazoa ere gutxitzen ari da. Finean, egindako ahaleginen emaitza jasotzen ari gara.


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude