Adimen artifiziala: hau ez da zientzioa fikzioa

  • "Ordenagailuak adimenaz jabetu eta mundua kontrolatzera hel daitezke". Hitzok ez ditu telebistan agertu ohi diren sasi-iragarle xelebre horietako batek esan. Ezta zientzia fikziozko film bateko heroiak edo ospetsu bilakatu nahi duen zientzialari ero batek ere. Arriskuaz Stephen Hawking fisikari britainiar ezagunak ohartarazi gaitu. Dioenez, ordenagailuen ahalmena izugarri ari da handitzen oso denbora gutxian, gizakiena mila bider motelago garatu den bitartean. Aurrerapen teknologikoak kontrolpean izan ezean, etorkizunean makinek gu mendean har gaitzaketela dio zientzialariak.

2007ko otsailaren 21ean

Gizakiek sortutako makinen adimenari buruz hitz egitean, adimen artifizialaz ari gara. Litekeena da hitz horiek entzun eta zientzia fikziozko filmetako androide beldurgarriak irudikatzea. Hala ere, teknologiaren adar honek aplikazio ugari du jada. Gure artean dago eta bere presentzia handituz doa. Zientzialari gehienak bat datoz ordenagailuak geroz eta azkarragoak izango direla baieztatzean, baina batzuek gure adimen maila izatera sekula helduko ez direla dioten bitartean, apokaliptikoenak aspaldi hasi ziren gizakien eta makinen arteko borrokaz hitz egiten.

Ziurrenik 2001: Odisea espazioan filmeko HAL makina edo Harrison Ford protagonista duen Blade Runner pelikulako replicant izeneko androideen modukoak gure artean ikusi arte denbora franko pasako da, baina Stephen Hawking fisikariaren hitzak kontuan izan beharrekoak dira, etorkizun hurbilean zer topa dezakegun aurreikusten lagun diezaguketelako.


Arma adimendunak?

Roboten aurkako borrokak oraingoz zinema pantailetan soilik ikusiko ditugun arren, adimen artifiziala oinarri izanik eremu militarrean aurrerapauso handiak ematen ari da zenbait herrialde. Urrats horien fruituetako bat Eurofighter hegazkina da. Pilotuak zer egin nahi duen esaten dio hegazkina kontrolatzen duen ordenagailuari eta hark ematen ditu beharrezko aginduak. Armagintza industriaren helburua makina adimendunek kontrolatutako geroz eta arma indartsuagoak sortzea da eta jada Afganistan eta Irakeko herritarrek ezagutu dute modelo batzuen "eraginkortasuna". Bestalde, AEBetako armadaren menpe dagoen DARPA agentziak, neuroteknologiaz baliatuz, erdi makina erdi gizaki diren soldadu bionikoz osatutako ejertzitoa sortu nahi du 2020. urterako. Ordenagailuak pertsona baten pentsamendu eta aginduak jaso eta interpretatzea eta jarraian agindu horiek robotari helaraztea da helburua. Dagoeneko beso bionikoa garatu dute. Medikuntzaren alorrean aplikazio ugari izan dezake, hura besoa galdu duen lagun bati txertatuz gero, elbarrituaren hainbat aginduri benetakoa balitz bezala men egiteko gai litzatekeelako.

AEBetako Giza Genomaren Ikerketarako Institutuak eta Suediako Lund Unibertsitateak garatu duten txipak ere onura handiak ekarri ditzake. Biotxip hau analisi genetikoetan erabiliko da eta gai da, besteak beste, minbizi motak desberdintzeko. Halaber, oroimen galerak sortzen dituen arazoei aurre egiteko, zientzialariak laguntza bidezko ezagutza sistemak garatzen ari dira. Aparailu horiek gaixoari leku guztietara laguntzen diete eta adimen artifiziala oinarri duen softwarea, GPS teknologia, sentsore sareak eta identifikazio-plaka infragorriak dituzte. Haiei esker adinduak denbora luzeagoz egon ahal izango dira euren etxeetan, laguntza jaso beharrik gabe.


Sofan esertzean telebista piztuko da...

Adimen artifizialaren beste adar bat teknologia sentikorra da. Gure beharretara egokitzen diren -ez alderantziz- aparailuez ari gara. Alegia, aginduen zain egon beharrean, gure pausoak jarraitu eta une bakoitzean zer behar dugun asmatzen dute. Hainbat adituk dioenez, hiruzpalau urteren buruan era honetako tramankulu ugari izango dugu etxean. Gu bilatu eta ikusten gaituzten sentsoreez eta ematen ditugun pausoen arabera jokatuko duten makinez osatuta daude eta hauen antzeko egoerak bizitzera eramango gaituzte: gelara sartu eta argia piztuko da, mugikorrak gugandik gertu pertsona ezagun bat dagoela jakinaraziko digu, sofan esertzean telebista piztuko da, telefonoak jotzen duenean telebistaren bolumena automatikoki jaitsiko da, etxean gaudenean gugandik gertuen dagoen telefonoak joko du, ordenagailuak "pertsona berezi baten mezua" heldu zaigula jakinaraziko digu, gure agenda elektronikoa belarrira hurbiltzean telefonoaren funtzioa martxan jarriko da eta abar.


... eta ordenagailuek gure sentipenak irakurriko dituzte

British Telecom konpainiako prospektiba arloko ikerlariek etorkizun urrunago bati begira jarri eta BT Tecnology Timeline 2006-2051 zerrenda osatu dute. Bertan, 2051. urtera bitartean ezagutuko ditugun aurrerapen teknologikoen berri eman dute, adimen artifizialaren esparruan gertatuko direnak barne. Egileek diotenez, litekeena da guztiak errealitate ez bilakatzea, baina aurrerapen teknologikoek zein nolako bilakaera izan dezaketen jakiteko eta horien inguruan hausnartzen hasteko balio dezake ikerketak. British Telecom-eko ikerlarien aurrikuspenen arabera, 2035. urterako ordenagailuak gizakiak baino adimentsuagoak izango dira, 2040an burmuin artifiziala sortuko da eta 2051tik aurrera gizakion burmuinetan gorderik dagoen informazioa -sentipenak, pentsamenduak, oroitzapenak...- ordenagailu batera transferitu ahal izango dira. Ordurako, automatikoki gidatuko diren ibilgailuak, elkarrizketak denbora errealean itzuliko dituzten sistemak, jakietan txertatutako mikrotxipak, hortzak terapia genetiko bidez birsortuko dituzten sistemak eta gure emozioak kontrolatu eta suspertuko dituzten objektu elektronikoak izango omen ditugu inguruan, besteak beste.

Makinek garaituko al gaituzte?
Egun, adimen artifiziala oinarri duen aparailu ugari dugu inguruan: pertsonak begiko irisagatik edo ahotsagatik ezagutzen dituzten sistemak, agenda elektronikoak, spam mezuen aurkako programak, diafragma automatikoki egokitzen duten kamerak, kanpoaldeko informazioa jaso eta horren arabera ehunaren tenperatura igo edo jaitsiko duten sentsoreak dituzten jantziak, automatikoki erregulatzen diren haize egokituko sistemak eta abar. Makina horiek, erregela jakin batzuen bidez ondorio logiko bat ateratzen dute. Alegia, giza burmuinak egiten duen moduan, jasotako informazioa alderatu eta egoera bakoitzaren aurrean erabaki egokiena hartzen dute. Dena den, hainbat datu prozesatzeko ahalmena izan arren, makina horiek ez dute sentipenik. Ez dira gai emozioak garatzeko. Gizakiok, aldiz, erabaki bat hartzean emozioak kontuan hartzen ditugu. Albert Einsteinek zioen bezala, "makinek arazoak konpondu ahal izango dituzte, baina ezingo dituzte sekula planteatu". Stephen Hawking fisikariaren iritziz, ordea, etorkizunean teknologiak gizakia gaindi dezake. Hori eragozteko, giza burmuinaren eta ordenagailuen arteko konexio zuzena ahalbidetuko duten teknologiak garatu behar direla uste du, gure kontra egin beharrean, makinek gizakioi lagun diezaguten.

«Hizkuntza naturala». Aditu programa
Adimen artifizialaren esparruan lanean diharduten zientzialarien helburuetako bat makinek gizakion moduan hitz egin dezaten lortzea da. Oraindik lortu ez duten arren, aurrerapauso handiak eman dira eta jada posible da makina batzuei zerbait esan eta erantzun egokia jasotzea. Noski, beti ez da hala gertatzen eta pertsona ugarik iraindu ditu aparailuak, pertsona batekin hitz egiten ari balitz bezala. Aipatu makinak lortzen ari diren "gizatasun mailaren" erakusgarri dira jasotzen dituzten errietak.
Pasa den ekainean, Eusko Jaurlaritzak euskaraz dauden ahots teknologiako produktuak ezagutarazi eta garatzeko hitzarmena sinatu zuen Belgikako Scansoft enpresarekin. Teknologia horren bitartez, ahotsa testu eta testua ahots bihur daitezke. Besteak beste, eguraldiari buruzko informazioa edota tren eta autobusen ordutegiak kontsultatu, banku transferentziak egin eta zinema sarrerak erosteko aukera eskainiko luke. Hitzarmen horren fruitu Aditu programa da. Hari buruzko informazioa web gune honetan eskura dezakezue: www.euskara.euskadi.net/


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude