Net Hurbil: Gerra hotza omen dator berriro, orain Txinarekin


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Robert D. Kaplan kazetari eta idazleak honela hasi du azken artikulua: «Aspaldi honetan ez dago munduan ez itsas armadarik eta ez airekorik Estatu Batuak mehatxatuko dituenik; lurreko indarren kontra besterik ez dugu egiten borroka, izan armada konbentzionalak edo izan matxinada motako gerrillak. Baina hau laster aldatuko da. (...) Berriro ere, hamarkadatarako izango dugu gerra hotza, eta honen grabitate zentroa ez da Europan egongo Ozeano Bareko atoloietan baizik. (...) Datozen hamarkadetan Txina gurekin katua eta saguaren jokoan ariko da, bere itsas bazter zabaldua eta Asia erdialderaino iristen den atzeguardia aprobetxatuz...»

Boston-go hilabetekari historikoan -Atlantic Monthly aldizkarian- plazaratu du Robert D. Kaplanek «Gerra hotz berri bati buruz» izeneko artikulua. Kaplan (52 urte) kazetari eta erreportari lanekin egin zen ezagun. Mundu osoa korritua da, eta gerra batzuk bertatik ezagutu ditu: Irak eta Iranen artekoan kronikak Saddam Husseinen soldaduen artetik bidaltzen zituen, eta Afganistangoan -80ko hamarkadan- sobietarren kontra ari ziren talibanen artetik. Liburu sorta plazaratu du, eta batik bat Balkan Ghosts-ek -gaztelaniaz Fantasmas Balcánicos itzuli zuten- eman zion fama. Ondorengo liburuak -The Coming Anarchy, adibidez- oso ondo saldu ditu.

Orain, gainera, Amerikako Estatu Batuetako Armada, FBI, CIA, eta beste erakunde nagusien aholkulari lanak ere egiten ditu. Horrek guztiak garamatza pentsatzera berak hedatzen dituen ideiek militar amerikarren ikuspegi ofiziala islatzen dutela, hein handi batean. Egilearen azken anekdota bat: 2004an AEBetako armadak Faluja menderatzeko egin zuen ofentsiban Kaplan soldaduen artean «txertatuta» joan zen, eta gero Atlantic Monthly hilabetekarian publikatu zuen «Five Days in Falluyah» artikulua.

Gizon honek, Kaplanek, uste du gerra hotz berriaren aurrean Txinak badituela abantaila batzuk. Hasteko, jokoan dagoen zonalde zabaletik hurbilago dago. Bestetik, Txinari batez ere hutsune ekonomikoak interesatzen zaizkio. Horregatik ari da hainbeste lan egiten Panama, Ozeania, Afrika ahantzia eta abarretan sartzeko. «Txinatarrak maisu dira zeharkako eraginean. Talde finantzieroak eta abangoardia diplomatikoak ezartzen dituzte, tratu komertzialak eta eraikuntzakoak negoziatzen dituzte. (...) Txina da gaur mehatxu konbentzional nagusia Amerikako inperio liberalarentzako».

Bigarren gerra hotz honetan arrakasta izateko, Kaplanen ustez, amerikanoek lehenengoaren irakaspenak aztertu behar dituzte. Hasteko, agintaritza eskema aldatu behar omen da. NATOk batzordetan funtzionatzen du eta burokrazia diplomatiko handia dauka oztopo nagusi. Pazifiko aldean NATOren bizkia den PACOMek askoz arinagoa izan behar omen du, militarrak eszenatoki berriaz arinago jabetu direlako politikariak eta komunikabide nagusiak baino. Militarrek kontrol politiko eta traba gutxiago egotea eskatzen dutela uler dezake ideia horretan irakurle burutsuak.

Beste kalkulu beldurgarri bat aurreratu du gero Kaplanek: «Potentzia handiak eszenatokian azaldu diren aldi bakoitzean (Alemania edo Japonia XX. mendean, bi adibide gertuko ipintzeagatik) oso dominatzaile azaltzeko joera dute, eta horregatik ematen dituzte astindu bortitzak harreman internazionaletan. Txina ez da salbuespena izango». Une honetan inbertsio handiak egiten ari dira txinatarrak urpeko eta itsasontzi militarretan. Horiekin Txinak dio bere interesak defendatzea besterik ez duela egiten. Baina gerra handi guztiak horrela sortu dituzte potentzia handiek, beren interes guztiak defendatzeagatik. Horregatik, Kaplanen ustez, «litekeena da hortik sortuko den krisia izatea XXI. mendeko krisi nagusia: beharbada ez Txinaren kontrako gerra handi bat, baina bai gutxienez gerra hotzean gertatu zen moduan urte eta hamarkadatan luzatu ziren ‘enpate’ haiek bezalakoak».



Taiwan, Korea eta Indonesia

Une honetan militar amerikarrek eta txinatarrek munduko hiru gunetan dituzte begiak jarrita. Taiwan-ek independentzia aldarrikatuko balu, gerra arriskua handia litzateke. Indonesia da bigarrena: herrialde horrek aspalditik aldarrikatzen du ez-alineamenduaren bidea, eta hor AEBei ez litzaieke gustatuko Indonesia eta Txinaren arteko aliantza bat ikustea, non eta munduko terrorismoaren etorkizun iturria omen den herrialdean. Hirugarrenik, Korearen kasua dago; gero eta gehiagok uste dute bi Koreak bat egitera joango direla, baina definitu gabe dago horren estatus geopolitikoa, eta Txinak ez du begi onez ikusiko hori aliantza amerikar-japoniarrarekin estu lotuta baldin badago.

Amerikarren interesetatik begiratuta, Kaplanek ez du uste aurrez aurreko gerrara joango direnik AEBetako militarrak eta negozio handietako buruzagiak. «Gure jarrera Txinarekiko eta Ozeano Barearekiko benetako egonkortasun bati dago lotuta, eta hori izango da gerra hotz berri luze baten etorreraren adierazgarria».

Horrela gertatzen bada, hemendik aurrera AEBetako presidenteek egin beharko dute Bush aitak, Gerald Fordek edo Richard Nixonek egin zuten bezalako politika. «Arriskuaren kudeaketa bihurtuko da ideologia nagusia», sententzia hori eman du Kaplanek. Dirudienez, iritzi horretara iristeko balio izan die Irakeko gerrak AEBetako militarrei. Idazle aholkulari honek elkarrizketatu duen militar ohi eta CIAko kide batek honela definitu dio egoera: «Txinarekin gerran sartzea erraza izango da. (...) Baina benetako galdera da: Nola ematen zaio amaiera Txinaren kontra hasitako gerra bati?».

Bitartean, gerra hotzaren edo beroaren atarian egon, Txinak arlo militarrean egiten dituen aurrerapenei begira dago armada amerikarra. Oraingoz, Txina batez ere, bere arrakasta ekonomikoagatik da erakargarri munduko herrialde askorentzako. Aldiz, marina eta hegazkin militarren aldetik txinatarrak oso atzera daude amerikarrekiko. Horregatik hauek uste dute txinatarrak ez direla sartuko itsasoko edo aireko borroketan. Baina ordainetan, gerra mota asimetrikoak prestatuko dituztela. Zer den gerra asimetrikoa? Irakeko matxinoek amerikarren kontra egiten dutena da horren artisau-bertsioa.

Txinako militarrek oso gertutik aztertu omen dituzte Balkanetan eta Iraken amerikarrek egindako ofentsibak, eta badakite itsasoko indarretan datzala AEBen ahalmena. Ondorioz, Txina bere atzeguardia mendebaldean ari da antolatzen -Asia erdian- eta itsas bazterrean berriz ahalmen ofentsiboa misiletan oinarritzen du. «Misil txinatar bat gure hegazkin-ontzi bat jotzen ikusiko bagenu, ez hondoratuta ere, gure artean sortuko lukeen zirrara Al Kaedak Dorre Bikiak jo zituenean eragindakoaren parekoa litzateke». Horra gerra asimetrikoaren aplikazio bat.

Gerra hotzaren logika beste aldetik orekatzen da Txinak eta AEBek daukaten lotura ekonomiko gero eta estuagoarekin. Enpresa amerikar pila bat Txinan kokatuta, eta Txinako diru mordoa AEBetako zor publikoa finantzatzen, nori interesatuko zaio gerran sartzea? Hala ere, komeni da gerra hotzaren ikuspegi hori kontuan hartzea. Azkenean geopolitikak denok harrapatzen gaitu bere atzaparren tartean, munduko zoko batean egon arren.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Etxegabetzeetara ohitu zaitezke, baina egon, badaude

Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]


Eguneraketa berriak daude