Erramun Osa (Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko Euskaraz bizi eta hizkuntz proiektuaren arduraduna: «Ibilbide luzean mugarriak»
Lasterketaren luzea kontuan hartu gabe badira abiada bizian hasi ohi diren korrikalariak. Alabaina, hautatutako erritmoari eutsi ezin eta, handik denbora gutxira, gainerakoei so, bide bazterretan geratzen dira horietako asko. Badira, halaber, erritmo egokia hartu ez eta probarako ezarritako denbora gainditzen dutenak, helmugan inor ez dagoela iritsiz. Badira, azkenik, norberaren baldintzen eta, besteak beste, aldez aurretik egindako entrenamendu ahaleginen araberako erritmoari eutsi eta, lehenengoak izan ez arren, ezarritako gehienezko epearen barruan, azkenera iristea lortzen dutenak.
Bidea, nekeza suertatzen da askotan, zenbaitetan erritmo aldaketei eustea ere ezinbestekoa izaten da, eta halakoetan, geratzen denaren leungarri, bultzatzaile, egindako bidea suertatzen zaio askori. Euskararen indarberritze ahaleginak ere lasterketa baten tankera du, nire ustez.
Berez ahuldu ez den hizkuntza bat indarberritzeaz, hots, euskarak hiztun-taldeetan bizirik segitzeaz dihardugu, eta jarraipen-bide hori gertatzeko gure herriak urte luzeetan heldulekurik izan ez duenez gero, gure hizkuntza berriro ere belaunez belaun ama-hizkuntza gisa igaro dadin lortzeaz. Izan ere, XIX. mendera egin beharko genuke atzera, hots, Frantziak eta Espainiak Estatu eta Nazio sentimenduak haien eraginpean zeuden lurraldeetan sortu, hedatu eta belaunaldi batetik bestera igarotzeko asmoz, eskola berriaren oinarriak ezarri zituzten sasoira, euskaraz zein bestelako hizkuntzetan ari ziren hiztun-elkarteen gainbehera areagotzearen arrazoiak bilatzeko. Izan ere, hizkuntza aniztasuna oztopoa zen, ezabatu beharrekoa zen, Estatuak habe komunen inguruabarrean eraikiko baziren.
Garai hartakoa da, gutxienez, euskara eskolan txertatzearen aldeko aldarria. Nahi hori islatzen da, halaber, XX. mendearen hasieran, Eusko Ikaskuntzak berak eskola berri eta euskaldunaren oinarriak landu zituenean, edota garai bertsuan, sasoi hartako mugimendu politikoaren eta intelektualaren emaitza gisa, lehenbiziko ikastolak sortu zirenean. Lauaxeta bera ere, 1931n, alderdi jeltzaleko diputatuekin batera, Madrilera joan zen, Euskal Herriko eskoletan elebitasuna eskatzeko. Baina, aldarriak aldarri, Espainian gertatu Estatu kolpeak eta osteko Gerra Zibilak, aldi baterako bederen, euskara are gehiago baztertzea ekarriko zuen, ordura arte eraikitakoa birrinduz, euskaraz ari zen hiztun-elkartea indartsu jazarriz.
Gainbeherari buelta ematea ezinezkoa zirudien. Euskaraz jarduteko geroz eta erabilera-eremu urriagoak, zituenak gaztelerarekin edo frantsesarekin erdizkatuak, idatzizko eredu estandarrik ez zeukala, beharrizan berrietarako egokitu gabeko hizkuntza, belaunaldi batetik bestera euskara igarotzeko katea, hein handi batean, etenda, belaunaldi berriak euskaraz hezteko aukerak ezabatuta eta, etorkinen etorrerak areagotuta, dislokazio demografikoa gertatuta, hamarkada batzuk lehenago zenbaitzuek aurresandako desagerpena gertu zirudien. Euskarak ez zuen XXI. mendeko eguzki izpirik ikusterik izanen.
Aurresanak, ostera, ustel gertatu dira, zorionez! "Ezinbestekoa, hil edo bizikoa, dela uste dugu euskara batasun bidean jartzea" zioen Mitxelenak, hirurogeiko hamarkadan, euskararen batasuna ahalbidetzeko egindako urratsetan ezinbesteko mugarria izan zen Arantzazuko biltzarrerako ondutako txostenaren lehenbiziko pasarteetan. Euskararen batasunak, berez, ez zuen euskararen indarberritzea ekarriko, baina, H. Kloss gogoratuz, corpus-plangintza ondo bideratzen bazen, hortik sortutako hizkuntza eredu bateratua oinarritzat hartuta, zuzenago eta errazago eragin ahal izango zen, besteak beste, eskola-munduan eta handik, azken finean, egoera hobea eskuratuko zitzaion hizkuntzari.
Testuinguru horretan, corpus-plangintzan diharduten elkarte zein erakundeen artean garrantzitsuenak, Euskaltzaindiak, askotan bitarteko oso urriekin, gabeziak eta ahuleziak gorabehera, zein corpusaren alorrean ari diren bestelako elkarteek zein erakundeek egin duten ibilbidea harrigarria izan da, besteak beste, beste hizkuntza batzuek egiteko behar izan duten mendeetako lana, hamarkada gutxi batzuetan bideratzeko gauza izan baitira. Honetan, premiaren larriak izango zuen eraginik, ziurrenik. Bideak, baina, ez dauka amaierarik, bada, etengabe saiatu beharko dugu eredu bateratu hori osatzen eta behar berrietarako eguneratzen, atzeraka joateko arriskua dago, bestela.
Errenteriako hizkuntzalari handiak, halaber, "haur eta gazteei euskaraz irakasten bazaie, eta euskaraz irakatsi behar euskara biziko baldin bada, premiazkoa da guztiei batera edo bateratsu irakastea" gaineratu zuen txosten gogoangarri hartan. Eredu bateratu horren zabaltze eta hedatze ahaleginean, idazleekin batera, lehenagotik zetorren ikastolen mugimendua indartzea eta hedatzea, eta honekin batera, R. Arregiren ekinari esker eta Euskararen Akademiaren pean, jatorriz euskaldunak izan arren, euskaraz idazteko eta irakurtzeko gauza ez ziren eta zailtasunak zituzten helduei zuzendutako alfabetatze mugimendua sortzea, garrantzi handikoak izango ziren ezbairik gabe. Azken honi, gerora, euskaraz ez zekiten helduen euskalduntzea gaineratuko zitzaion, egun horren ezaguna den helduen euskalduntze eta alfabetatzearen zimentarriak ezarriz. Erraldoien garaia izan zen ordukoa.
Ereduen sistema agortua dago; eredu bakarrak ere ez du balio
Baina "haur guztiei euskaraz irakasteko" oinarririk ez zen ezarriko harik eta diktadorea hil eta euskarak ofizialkidetasuna erdietsi zuen arte. Izan ere, Duela hogeita bost urte eskas, frankismoak ezarritako gauaren osteko egunsentian, ezarri ziren Hego Euskal Herrian, EAEn batez ere, euskararen indarberritzean eragin erabakigarria izango zuten hizkuntza politikaren zorua zein habeak. Orduan zegoen euskararen aldeko giroak, besteak beste, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea erditzea ahalbidetu zuen. Euskara instituzio publikoen menpeko ikastetxeetara zabaltzeko ereduak onartu ziren, gizartearen eskariei erantzuten joateko irakasleen euskalduntze plangintza zabal bati ateak ireki zitzaizkion, eta abar luzea. Ereiteko sasoia izan zen garai hartakoa.
Baina, abaguneaz baliatuta, ahalik atarramenturik handiena ateratzeko xedez, elkar hartuta jokatu behar genuen sasoian ez genuen hala jokatu, ez genuen gure hizkuntza indarberritzea lehentasunez -nonbait- hartu. Hartara, batzuek berreskuratu berri ziren autogobernu erakundeen aldeko apustua egin zuten; beste batzuk, ordea, hortik kanpo geratu ziren. Lehenbizikoek sortutako instituzio berrietan har zitezkeen erabakietan jarri zituzten itxaropen ia guztiak, herritarren esku hartzea gutxietsiz. Bigarrenekoek, ostera, euskara eta haren aldeko gizarte mugimenduaren zati esanguratsu bat, sortu berri ziren erakundeak erasotzeko baliatu zituzten, nonahi zatiketak eraginez. Badugu euskaltzaleok ordutik zer ikasia eta zer gainditua, berez nahikoa makala den euskararen indarberritze ahalegin hau sostengatzen duen egurrezko itsasontzi hau, enbata gogorren artean, ur azalean gera dadin eta aurrera segi dezan nahi badugu.
Giro horrek 80ko hamarkadan genituen aukerei ahalik atarramentu handiena ateratzen lagundu ez badigu ere, euskarak aurrera egin du, ezbairik gabe. Hiztun kopurua hazi egin da, erabilera eremuak zabaldu egin dira eta abar, baina, orain arteko hizkuntza politikaren errapeak eman du, akaso, eman zezakeena.
Hezkuntza sistemaren eraginez, gazte belaunaldiak geroz eta euskaldunagoak dira, hori egia da, baina, baieztapen horrekin batera, euskaraz moldatzeko ez-gauza diren gazte dezente ateratzen ari direla oraindik eskoletatik erantsi egin beharko genuke. Era berean, 80ko hamarkadatik aurrera jaiotze-tasak nozitutako gainbeheraren zioz, gazte horiek adin-piramidean duten pisua eta garrantzia dezente apaldu da. Alta, euskaraz ez dakien jende andana dago. Egoera honi bizi-itxaropenaren luzatzea gehitzen badiogu, hezkuntzan egin den eta egiten segitu behar den ahaleginaren emaitza ikusteko, hamarkadak behar izango dira. Testuinguru honi, etorkinen fenomeno berritua, lehenago ere Euskal Herrian gertatua, gehitu beharko genioke. Azken hauek, informazio egokirik gabe, hurreratu diren lurraldean integratzeko aukerak izango dituzten jakin gabe, gaztelera ahalik lasterren ikastera bultzatzen dituzte haien seme-alabak.
Esan dezagun garbi. Ereduen sistema agortuta dago eta alternatiba ez da, batzuek kontrakoa uste izan arren, eredu horietako bat gailen dadin uztea, euskara ardatz eleaniztasunean eraikiko den hezkuntza sistema eraikitzea baizik. Batetik, gazteek euskararekiko lortzen duten mailaren inguruko datuak agerikoak dira. Gazte belaunaldiek lortzen duten komunikazio-gaitasun ez-nahikoak, euskararen erabileran eragiten du, dudarik gabe. Bigarrenik, etorkizuneko eredua eraikitzeko orduan, Euskal Herriko nola baita Europako testuingurua oso kontuan eduki behar dira, hargatik, euskara ardatz, eleaniztasun planteamendua gorpuztea da egun dugun hil edo biziko erronka; honakoa eraiki ezean, atzerriko hizkuntzen eskuratzeak geroz eta garrantzi handiagoa hartuko baitu, euskara eta euskarazko irakaskuntza bigarren maila batean utziz. Hirugarrenik, egungo ereduen eskemak Lanbide Heziketarako zein Unibertsitaterako ez du balio, ezen, horren eskaintza zabala eta denboran aldakorra dena bi hizkuntzetan eskaintzeko modurik zein baliabiderik ez baitago egon.
Baina, ez diezaiogun euskal gizarteari egiazko ez den pagotxa saldu! Eskolan egiten den ahalegina eraberritu egin behar da, hori egia da; hizkuntzen erabilera ardatz, metodologia egokiak balia daitezen saiatu egin behar dugu, horretarako, materialak ekoitziz, irakasleak prestatuz; euskararen erabileran, ikasleen jarreretan eta motibazioan eragiteko egitasmoak indartu egin behar dira eta abar. Baina, ez gaitezen engaina. Ez dugu Fishmanen hitzak gogora ekarri beharrik ohartzeko eskolak bere mugak dituela. Eskolak, berak bakarrik, gure hizkuntza ezin du indarberritu, eta euskal gizarteari laguntza eske ari zaio, geroz eta ozenago, nabarmenago.
Lehenago ere esana dut. Euskara dakitenen kopurua hazi da Euskal Herrian; erabilerak, ordea, oso gutxi egin du gora. Erdaraz -batez ere- funtzionatzen duen euskararen aldeko gizarte batean, euskaraz bizitzeko aukera urriak dituztenek zein motibo eduki dezakete euskarari atxikimendua izateko? Euskara eta haren kultur ondarea bereizi ditugun hamarkada hauetan, gure hizkuntzaren eta kulturaren arteko etena nola berreskuratu dezakegu? Era berean, gazte belaunaldiek ez dute haien gurasoen edo irakasleen antzera hitz egin nahi, eta hizkuntzaren zuzentasunaren zuzentasunaz, nazkatu ditugu, euskararekiko grina are gehiago apalduz, hizkuntza baliatzeko behar duten askatasun giroa murriztuz. Zein erregistro eta zertarako? Gai hauei buruz, lasaitasunez baina, alperreko luzamendurik gabe, hitz egiteko unea iritsia da. Giltzarri hauetan ere baitago egon indarberritze ahaleginaren arrakasta.
Hizkuntza eskubideak birjartzea eskatzen dugu
Hiztunek, hizkuntzari atxikimendua izango badiote, erabilera eremu ahalik zabalenak behar dituzte. Hartara, orain artekoa aztertzean eta mugarri berriak erabakitzean, Administrazioaren euskalduntzearekin gertatutakoak gogoetarako gai izan behar du, ezbairik gabe. Estatuaren menpeko administrazioaren utzikeria hor dago, eta halakoetan eragiteko orain arteko ahaleginak eskasak izan direla begi bistakoak dira. Baina, gurean ditugun pitzadurak -Osakidetza, Ertzaintza, Justizia Administrazioa, udaletako zerbitzuak, eta abar- are larriagoak iruditzen zaizkit.
Administrazioaren atal zein maila desberdinak euskalduntzeko abian jarritako plangintzek izan dituzten emaitzek zera utzi dute agerian, ezen, administrazioari buruz dihardugunean, sail eta zerbitzu beste hizkuntza politika ditugula abian, eta horrela nekez egin dezakegu aurrera. Horregatik, etorkizunari beha, instituzio guztietan, euskararen indarberritze ahaleginari zehar lerroaren trataerarik eman gabe, bultzada politiko argirik, sendorik, komunik, bateraturik eta iraunkorrik ez duen plangintza bateraturik prestatu eta exekutatu ezean, atzera egiteko arriskua dugu. Euskarari buruz dihardugunean, alderdien agenda politikoan, lehentasunen artean kokatzen den zalantza geroz eta zabalagoa da. Euskaldunok ez dugu abantailarik, pribilegiorik eskatzen, ez dugu ezer oparitu diezaguten nahi, gazteleraz edo frantsesez mintzo direnen berdinkideak izan nahi dugu, ez dugu inposaketaz hitz egiten, herritarrei dagozkien hizkuntza eskubideak birjartzea, ez besterik, eskatzen ari gara.
Baina, Administrazioek ez ezik bestelako eragileek ere badute euskararen normalkuntza ahalbidetzeko langintzan zereginik. Izan ere, itxurakerietan erraz murgiltzen den gizarte honetan, denona den ardura lagun hurkoaren bizkar utziz, euskara indarberritzeko erronka irabazita dagoelako ustea zabaldu da, eta hori ez da inolaz ere egia. Gure hizkuntza indarberritzeko ahaleginean konpromisoa behar da, apustu komuna, norberarena zein gizartearena, arian-arian landutakoa, jarduera eragingarrietan etengabe berritutakoa. Ahalegin honetan, denon eskuak eta ahaleginak behar-beharrezkoak ditugu. Horregatik guztiagatik, bateko eta besteko indarrak noranzko berean jartzeko urratsak egin behar ditugu. Testuinguru horretan sakonduz, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ebaluazioa laster batean burutu behar izango dugunez gero, ahalegindu gaitezen indarrak biltzen, orain artekoa zorrotz aztertzen, adostasunak bilatzen. Hala jarduten badugu, euskara irabazten aterako da eta gure belaunaldiak, belaunaldi berriei hizkuntza jasoagoa, hiztun kopuru eta erabilera-eremu zabalagoak dituela utziko die. Apika, ez dugu lasterketaren bukaera ikusteko modurik izanen, baina, gure aurrekoek eskuetan utzi ziguten lekukoak segida izan dezan lortuko dugu. Hala biz!