Urtea joan, urtea etorri, eta tartean-tartean bada ere, beti azaltzen da Ez Dok Amairu taldeari dagokion aipamenen bat hedabideetan. Dela liburu bat argitaratu delako, dela kronika edo elkarrizketaren bat...
Nire ustez kultur fenomeno inportantea izan zen. Gure herriak bizi zuen testuinguru sozio-politiko hartan kultura hutsunea izugarria zen, eta Ez Dok Amairuren helburu nagusia, musika herrikoia »antzinako tresnak eta abar», berreskuratzea zen; horrekin batera, espresiobide artistiko moderno bat landu eta zabaltzea. Baga Biga Higa sentikaria, adibidez, kantua baino areago zen, ikuskizun borobil bat: kanta, musika, poesia, dantza… Ikuskizun hark erabat lantzen zuen estetika: eszenografia, argien jokoa, itzalak, argitasuna... Eta alor teknikoari ere benetan opa zion: kalitatezko doinua lortu behar zen! Lan honen ondorioz, Ez Dok Amairuk jendeen bihotzetan irauten du oraindik ere. Zoritxarrez, taldeak ez zuen askorik iraun.
"Zoritxarrez", esan duzu.
Bai, zeren eten zenean taldea momentu artistiko oso onean zegoela uste dut. Badakigu nola hasi zen Ez Dok Amairu. Bata, hemen kantatzen; bestea, han; frontoietan, herriko plazetan, zinema aretoetan… Hasieran zenbait herritan, lau oilo joaten ziren emanaldi haietara. Taldea pixkana-pixkana handi egin zen arte. Ni sartu nintzenean, 68an, abiadura hartuta zeukan.
Gutxi iraun zuela esan duzu. Baina mugimendu hark ereindako haziak fruitu eman du, ala?
Bizitza laburra izan zuela esan dut, baina ez dakit laburra izan zen ala ez, zeren ez dakit hori nola neurtzen den ere. Hala ere, niretzat laburra izan zen. Guk geneukan gogoa, prestutasuna, lan egiteko indarra! Baina nahiz eta Ez Dok Amairu talde bezala desagertu, hortxe ditugu, oraindik lanean, taldean parte hartu zuten gehienak, gustukoa zeukaten hura egiten segitzen dute, beste modu batera beharbada, baina kantua, musika, poesia… betiere.
Ez Dok Amairu desagertu egin zen, ordea...
Ez da kontu zaharrak berritzen hasteko garaia. Gainera, nire ustez, gaur beste modu batera ulertu eta ikusiko litzateke guztia. Garai hartako giro eta egoera soziopolitikoaren ondorioz gertatu zen etena.
Zein lan zegokizun Ez Dok Amairu barruan?
Esan dut abiadura hartua zuen momentuan sartu nintzela ni taldean. Ez nintzen kantaria, ez poeta, ez idazle… Kontua da pertsona bat behar zutela zenbait ardura hartzeko, jaialdiak prestatzeko eta horren atzetik datozen tramite eta lan guztiak egiteko. Garai batean, Lurdes eta Xabier hasi ziren ardura horiek hartzen. Gero denek zuten egitekoren bat. Taldeak erabaki zuen pertsona bat behar zela horretan jardungo zuena. Momentu politiko bortitza zen eta gauzak ondo egin behar ziren.
Nola gauzatu zen harremana?
Nik banuen taldearen berri. Urtea Ingalaterran pasatua nuen, ikasten. Hona itzuli, eta eskola lagun batek: "Aizu, Ez Dok Amairu taldearentzat zenbait lan egingo ote nuen galdetu didate, baina nik ezinezko dudala erantzun diet, Lovainara noala! Nik ezin dut, baina zuk beharbada bai!". Hark bazuen nire berri, ezagutzen ninduela esan nahi dut, bazuela nire kezken berri. "Zugan pentsatu dut". Baietz erantzun nion, egingo nuela. "Dudarik gabe!". Orain pentsatzen dut hura nire bizitzako erregalia izan zela. Bat-batean, hogeita bat, hogeita bi urterekin, zer egingo duzun ez dakizula, Ingalaterratik etorri berria, eta aukera paregabea! Lehenengo, elkarrizketa egin zidaten Joxe Angel Irigarayk eta JoxAnton Artzek Iturriotz tabernan. Artzain Onaren plazan, aurreko arkupetan zegoen Iturriotz. Hainbat bider elkartzen ginen Iturriotzen eta Aurrera jatetxean, Goenagatarrenean. Egiteko lanak zein izango nituen azaldu zizkidaten, nire iritzia ere galdetu zidaten eta hau eta hura. Erantzuna baiezkoa izan zen.
Lagun hark bazuela zure kezken berri esan duzu. Zein ziren kezka horiek?
Lagun hark eta biok gizarte laguntzaile eskolan ezagutu genuen elkar. Ez ginen kurtso berekoak, baina elkarren berri bageneukan. Alegia, garai hartan bagenekien nor zen 'gure lagun euskalduna', eta nor ez zen. Eta ni banintzen. Txikitatik bizitu nuen gurasoengandik, bai eta etxeko giroan ere, herriarekiko kontzientzia eta maitasuna; noski, kezka ere bai.
Eta taldearen emanaldiak prestatzen hasi zinen...
Bai. Hasiera batean oso konplikatua zen. Xehetasun asko ziren tartean! Jaialdi baimenak eskatzea bera ere ez zen lan motza. Gobernadorearen baimena: idazkia, hiru pezetako poliza eta guzti. Horretarako, Informazio eta Turismo bulegora joan behar zen: alegia, beste idazki bat, "kantuen bisatua" eskatuz, zentsurak kantak onar zitzan. Gainera, beste instantzia bat, bisatua eskatuz, eta interpreteen datuak erantsi, eta, azkenik, kantak, euskarazko hitzak eta gaztelaniazko itzulpenak barne. Kantari bakoitzak, adibidez, sei kanta emango bazituen, hamasei aurkeztu behar ziren, seguru zen-eta batzuk ukatu, zentsuratu egingo zituztela. Baziren kanta batzuk beti ukatzen zituztenak...
Esate baterako?
Esate baterako, Julian Lekuonarenak. Lagun ona zen Julen. Begitan hartuta zeukaten. "Apaiz hori, doala elizara! Zer egiten du kantari?". Horiek denak nik entzun behar izaten nituen, tuntun plantak eginez. "Bai, bai, bai…". Sindikatua ere bazen Okendo kalean, beste egin behar bat! Hara, lan-kontratuak eraman behar izaten nituen, nortasun agiriak eta "artista profesionalen txartela" bete. Bertara joan eta kontu bera beti: "Hauek denek parte hartu behar al dute jaialdian?". "Bai". "Baina, hemen, hiru ‘txartel profesional’ besterik ez dago, eta kantatzekoak zazpi dira!". "Bai, azterketa egiteko zorian daude", erantzuten nion...
Azterketa, zein azterketa?
Circo, variedades y folklore agiria eskuratzeko azterketa. "Artista profesionala"ren agiria eskuratzeko etsamina. Neuk ere atera nuen azkenean! Gogoan dut Bartzelonara joan ginela hiru egunez Baga Biga Higa aurkeztera, Romea antzokira. Hara joateko tramite guztiak prestatzen ari ginela esan ziguten: "Zorrotza da jende hau. Hemen, tramoiariek ere agiria dute!". Lurdesek, Benitok, Laboak eta besteren batek "agiri profesionala" lortua zuten. Geroago, Artze anaiek eta Xabier Letek ere atera zuten. Oraindik gogoratzen naiz Artze anaiek azterketa egin zutenean. Barre ederrak egin genituen! Perlara joan ziren, txalapartarekin. Azterketarako eskaera egiterakoan, txalapartaren partiturak eta "letren izenburu" edo titulua eskatu zidaten. JoxAntonek esan zidan: "Izenburuak? Ze izen, gero! Zer egin behar dugu orain?". Eta berehala bururatu zitzaion soluzioa. Eta hasi ginen izenak jartzen: Loreak mendian ederrago dira!. Tema 1. Tema 2. Partiturak eskatu zizkigutenean, berriz, guk: "Ez, partiturarik ez dago, bat-batekoa da". "A, oso interesgarria!", sindikatuko idazkariak. Eta han non azaltzen diren JoxAnton eta Jexux, epaimahaien aurrean oholak hartuta eta prestatzen. Eta jotzen hasi ziren: klon-klon, klon-klon… beti bezala oso txukun jantzita, apretatan. Epai-mahaia aho bete hortz… baina liluratuta! Esan ziguten: "Epaimahai honek ez du bigarren derrigorrezko konposizioa entzun beharrik, ez da beharrezkoa. Baina, faborez, bigarren konposizio hori interpretatzeko eskatuko dizuegu, goza gaitezen, beraz jo ezazue Loreak ederrago dira». Eta, berriz, klon-klon, klon-klon...
Eta, nola gogoratzen duzu giro eta garai hori?
Giro arrotza, zaila, errepresioa eta beldurra ere bai. Orokorki uste dut giro honek zegoen kontzientzia gehiago piztea lortu zuela. Zerbait ongi egiteko nahia eta ilusioa. Ez Dok Amairu bezala, baziren beste talde eta mugimenduak, garaikide zirenak. Arte Plastikoetan, Jorge Oteizaren inpronta eta bultzadak proiektu interesgarria osatu zuen; antzerki eta dantza taldeak ere aitzinatu ziren, Juan Antonio Urbeltzen folklore ikerketek lagundurik. Poetak, idazleak, arkitektoak eta abar, nor bere alorrean, zekiena egiten, sortzen eta sorrarazten, indartzen eta berpizten gure herriaren kultura.
Nola liteke mugimendu singular haren historia osoa egin gabe egotea? Badaude liburuak, kronikak, erreportajeak… baina historia osoa egiten duen argitalpenik ez.
Partez egin da, zerbait, eta egia da historia osoa egiteke dagoela. Ez dakit inork egingo duen ere. Pentsatu nahi dut baietz. Dokumentu interesgarria izango litzateke. Horrela balitz ni laguntzeko prest nengoke.
Utz dezagun Ez Dok Amairu. Urteak pasa eta AEBetan izan nuen zure berri, Reno-Nevadako Unibertsitatean, jarri zuten euskal artzainari eskainitako monumentu nazionalaren bitartez. Boiseko euskal jaialdian ere tokatu gara behin edo behin, eta badakit harreman estua duzula diasporarekin. Non da harreman horren hasiera?
Ez Dok Amairun.
Ez Dok Amairun?
Bai. 68-69ko kontuak dira. Behin esan ziguten: "Idahoko estatu idazkaria etorri da, emaztearekin. Afaria egingo dugu berarekin, eta Ez Dok Amairuko batzuk etortzea interesgarria litzateke. Musika tresnak ere ekarri". Ez Dok Amairuko kide batzuk joan ginen. Argia dantza taldeko hiruzpalau dantzari eta besteren batzuk bildu ginela Xabier Unzurrunzaga arkitektoaren etxean. Orduan arkitektoak ere kezkatan bizi ziren. Mugimendu oso bat zen. Tira, Unzurrunzagak joateko esan eta joan ginen. Han, Cenarrusa senar-emazteak ezagutu nituen.
Hortxe azaldu Cenarrusa...
Lehenengo aldia zen estatu idazkari izendapenarekin zetorrena. Haiekin hitz egin genuen, beraien galderei erantzun eta abar. Azken aldera, haien galdera: "Zer, ez al duzu etorri behar Amerikara?". Eta nik: "Bai, bai, Full Bright Scholarship eskatuta daukat, seguru xamar da emango didatena eta Filadelfiara joatekoa naiz". Haiek: "Etorri gure etxera, etorri gure etxera, Idahora". Garaia ailegatu zenean, ni Filadelfiara. Harremanetan ginen, eskutitzez, eta Eguberrietan, Cenarrusa senar-emazteek haienera joateko. Bestalde, beka bukatu eta, artean han nintzela, Jon Bilbaoren deia Renotik: "Nekane, badakit hor zaudena, Filadelfian, baina hona etorri behar duzu, Renora!". "Zer diozu?". "Bai, Renora. Oinarrizko euskara eskolak ematen ditut, baina Euskal Herrira noa, eta eskolan zuk laguntzea nahiko nuke! Bibliografian ere laguntzea nahiko nuke!". Esan nion: "Ez da posible. Beka bukatu dut, eta beste hilabete egon ninteke hemen, baina ez luzaroago". Hark lau bat hilabeteko nahi ninduen han. Jonen soluzioa: "Hori erraz konponduko dut nik!". Eloy Placer zegoen orduan Renon. Eloy eta biok Robert Laxaltekin hitz egin genuen. Robertek, bere anaia Paulekin. Ez dakit artean Nevadako gobernadore zen. Laster izan nituen Amerikan luzaroago egon ahal izateko agiriak. Eta horrela joan nintzen Renora, William Jacobsen hizkuntzalaria aholkulari nuela eta adiskide mina bihurtu zen Joshi Tezuka Hendricks-en etxera bizitzera. Euskal Herrira itzuli baino lehen, Cenarrusatarren etxean egon nintzen, Idahon. Hilabete eta erdi, lehenengo aldiz. 1972a zen.
Harrezkero ez duzu harremana eten. Alderantziz, estutu...
Han nengoela, harremanak egin nituen Renoko jendearekin: Bill Douglass, Basque Studies Programeko jendea eta beste. Gauza bera Idahon: Miren Rementeria, Bieter familia, Sarria, Eiguren eta hainbeste izen. Hura egin eta buelta etxera, hona. Handik lau urtera, berriro deia. Cenarrusa. "Eta, noiz etorri behar duzu berriz?". "Bai, bai, joango naiz, baina oraindik ez". Eta, ustekabean, ni hara baino lehen, beraiek etorri! Gure gurasoenean bazkaltzen eta Fredak, Peteren emazteak, bazkal ondoko berriketan: "Eta, ez al duzu kanporako asmorik?". "Bai, urtebeteko baimena eskatu lanean eta Londresa joan ez joan nago". "Londresa? Eta zer egin behar duzu Londresen? Etorri gure etxera, Idahora!". "Ez, ez… ezta pentsatu ere! Zuek, amerikarrak, umeak hamazazpi-hemezortzi urte bete zain egoten zarete haiek etxetik aienatzeko! Eta ni joan, zuen alaba banintz bezala?". "Txorakeriarik ez esan! Nik bidaia-txartela bidaliko dizut, eta etorri!". Haiena ez zen konpromisozko hitza, benetan nahi zuten ni hara joatea. Eta joan nintzen. Urtebete egin nuen Boisen 1976 inguruan.
Eta lotura ez duzu eten. Diaspora zeure egin duzu, nik dakidanez. Eta Renon dagoen Basterretxearen monumentua zuk egindako lan handiari ere asko zor diona badakit. Lastima da hemengoek hain gutxi jakitea monumentu eder horretaz, eta diasporako gaiei buruz, oro har...
Nork bere zaletasunak ditu. Nork bere interesak. Amerikako euskaldunak ezagutu, eta zaindu eta maitatu beharrekoak iruditu zitzaizkidan. Haiekin dudan harremana, lehenengo kontaktu hartatik hona, asko aldatu da. Haiek ere aldatu dira. Askoz ere irekiago dira. Euskal Herriko arazoaz ere gehiago dakite. Askoz ere joan-etorri gehiago egin dituzte Euskal Herrira. Zaindu beharrekoa da.
Ez dakit mundu hori behar beste zaintzen ote dugun...
Nik uste dut ezetz, nahiz eta orain ematen duen jendea diasporako gaietara hurbiltzen ari dela, baina ez gehiegi. Ni han egon nintzen garaian ez zen hara ia alerik ere hurbiltzen: ikasleren batzuk, onenean. Oso gutxi. Oso inportantea da jakitea han ere badela euskal kultura bat, haiek harro daudela euskaldun, eta amerikar, izateaz. Euskaldunak dira, eta amerikarrak. Han bizi dira, eta hala behar du...
Lodosa eta Sartagudako ikastolek Sabino Arana saria jaso zuten 2001ean, baita Pete Cenarrusak ere. Han zinen zu egun hartan, Pete eta Fredaren ondoan. Negar egin omen zenuen, Lodosa eta Sartagudako ikastoletako ordezkariek hitz egin zutenean. Haiek gaztelaniaz ari, eta Cenarrusak galdetu omen zizun zer ari ote ziren esaten. Gero, 10.000 dolar eman zituen Cenarrusak ikastola haien alde... Zer esan zenion?
Lehenengo aldiz Pete eta Freda gure Herrira etorri zirenean, ikastolei buruz jakin nahi izan zuten. Gero, Boisen, bere etxean bizitzen egon nintzenean ere denetaz hitz egiten genuen. Garai hartan ni Errenterian bizi nintzen, eta bertako ikastolako bozemaile nintzen. Ikastolaren egoera zertan zen kontatu nion, eta berak: "Diru falta?". "Bai. Gurasoek ordaintzen dutena, laguntzaileek ematen dutena...". "Bazkide egingo gara", esan zuen, eta senar-emazteak Errenteriako ikastolako kide egin ziren. Harrezkero, ikastolen berri zuzen izan du Cenarrusak. Nola hazi diren, indartu, sendotu. Sabino Arana Fundazioaren sariak eman ziren egunean, Lodosa eta Sartagudako ikastoletako gurasoen hitzalditxoa: "Guk ez dakigu euskaraz, baina gure seme-alabek bai, ikasiko dute. Ikastola dugun arbola-kimua landatu dugu eta fruitu emango duela seguru dakigu". Horiek 2001ean entzuteak zimiko egin zidan bihotzean. Gainera, ikastolaren irudiak erakutsi zituzten: Zer zen hura, ordea? Penagarria zen egoera hura! Emozioak malko batzuk eragin zizkidan, eta Fredak, aldamenetik: "Zer, Nekane, zer diote?". Eta azaldu egin nien: "Lodosa eta Sartaguda. Ikastola. Ez Urnietan, ez. Lodosa eta Sartagudan. Lekutan!". Eta Peteren erreakzioa. "Bada, dohaintza egingo diogu, ez estatu idazkari naizen aldetik, Pete eta Freda Cenarrusaren izenean baizik". Eta 10.000 dolar ematea erabaki zuten. Ikastolakoei idatzi zien eskutitza ere badaukat. Ingeles, gaztelania eta euskarazko kopiak. Oso eskutitz polita: "Ni, bizkaitar jatorrikoa naizena, Carey-Idahon jaioa, amerikar mendebaldean".