Landare magiko eta terapeutiko hura

  • Tabakoak mundu magikoarekin eta terapeutikoarekin zuen lotura Amerikako kontinentean, europarrek lehenengo aldiz haren berri izan zutenean. Eta botika bezala etorri zen Europako klase sozial altuetara. XVII. mendearen bukaerarako Europa guztian erabiltzen zen. Sevillan sortu zen munduko lehenengo tabako fabrika, eta bertatik igarotzen zen kolonietatik etorritako tabakoa. Espainiar inperioak sare handia osatu zuen tabakoaren inguruan eta sare horretan euskaldunak ere izan ziren.

2021eko uztailaren 27an
Europarrek, «Indietara» iritsi orduko tabakoaren berri izan zuten. Ameriketan oso zabalduta zegoen landare honen erabilera eta hainbat modutara hartzen zuten bertakoek: hauts bihurtuta, hostoa ahoan ibilita edo erreta (zigarro moduan, pipan...). Tabakoak izen ugari zituen. Aztekek pisietl deitzen zioten, Maia zibilizazioan kutz eta Brasilen petum. Nondik dator orduan "tabako" hitza? Ez, ez dator Karibeko Tobago (Haiti) irlatik, askok uste bezala. Tabakoa arabiar hitza da, tabbâq terminoaren eratorria. Hitz honen bidez, arabiarrek, izena ematen zieten medikuntzarako erabiltzen zituzten hainbat belarrei.

Tabakoa mundu magiko eta terapeutikoarekin oso lotua zegoen amerikar kontinentean eta botika berezia balitz bezala pasatu zen Europako klase sozial altuetara. Jean Nicot Portugaleko enbaxadore frantsesak Frantziako gortera eraman zuen eta Catalina de Medicis erreginak gustura hartu zuen landarea; ordura antzean Nicotiana tabacum deitu zioten. Bestaldetik, Ameriketatik etorritako esklabu beltzen eta marinelen artean ere oso azkar zabaldu zen tabakoa, lan nekezaren ostean "lasaitu egiten zuelako". XVII. mendearen bukaeran, tabakoa Europa guztian erabiltzen zen. Aristokratek eta aberatsek tabako hautsa hartzen zuten sudurretik (rapé deitzen zitzaion). Jende xehearen artean ordea normalagoa zen tabakoa erretzea. Gero, tabakoa erretzeko ohitura hori klase sozial altuetara pasa zen.

Noski, tabakoaren kontsumoa geldiarazteko saiakera asko izan ziren. Izan ere, medikuntzarekin baino, aztikeriarekin lotu baitzuen batek baino gehiagok. Errusian esate baterako, tabakoa sudurretik hartzen zuenak sudurra mozteko arriskua zuen; Urbano IV. Aita Santuak berriz, tabakoa hartzen zuten elizgizonak eskumikatzeko agindua eman zuen. Baina herrialde gehienek kalterik ez, onurak ikusi zizkioten tabakoari, poltsikoak betetzeko aukera paregabea, adibidez.


Produkzioa eta merkataritza, euskaldunen itzal

1634an Espainiak tabakoa estankatu zuen. Estankoak esan nahi zuen estatuak monopolio guztia zuela tabakoa produzitu eta saltzeko. Gerora, izen hori bereganatu zuten tabakoa saltzen zuten saltokiek eta gaur egun horrela ezagutzen ditugu. Tabakoa estankatu aurretik, Sevillan munduko lehenengo tabako fabrika sortu zen. Bertatik pasa behar zen kolonietatik etorritako tabako guztia. Espainiar inperioak produkzio eta merkatal sare handia osatu zuen tabakoaren inguruan eta laster produktu hau Koroaren diru sarrera nagusiena bilakatu zen.

Sare handi horretan euskaldunak ere izan ziren. Madril eta Sevillako euskal jatorriko familiek tabako erakundeetan zuzenean parte hartu zuten. Ameriketako kolonietan tabakoari esker aberastu zen euskaldunik ere badugu, batez ere Kuban. Juan Jose Justiz Etxabarria gipuzkoarra, Kubako kreol aberats batekin ezkondu zen eta horrekin batera bilakatu zen irla hartako lurjabe handienetakoa. XVIII. mendeko urte oparoetan, tabakoaren industrian etekin ugari izan zituen Justiz-eko markesak (jubilatzean eman zioten titulua), eta bere tabakoa espainiar gortera eramaten zuten zuzenean, kalitate handikoa zelako. Badugu beste adibide bat. Oraindik existitzen da "Por Larrañaga" puru marka. Ignacio Larrañagak asmatu zuen 1834an Kuban eta fabrika eraiki zuen. Puruak industrializatzen aitzindari izan zen Larrañaga. Mende horren amaieran hain zuzen, Heraclio Farias izeneko batek makina berezi bat patentatu zuen puruak egiteko, Farias puruak.

XVIII. mendean, tabakoa eta beste "kolonialak" (azukrea, kakaoa, kafea...) merkaturatzeko, hainbat ekimen martxan jarri ziren eta horien artean euskaldunek sorturiko bi merkatal konpainia daude: Habanako Errege Konpainia eta Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra. Habanako Konpainiaren bultzatzaile nagusi izan zen Martin Arostegi arantzarra. Arostegi, tabako produkzioarekin oso lotuta zegoen, Kuban zituen jabegoen bidez. Hain zuzen, konpainia honen lehentasuna zen Sevillako fabrikak tabakoz hornitzea. 1739an Espainiako erregearen baimena lortu zuten Kubako merkataritzaren monopolioa izateko eta hurrengo urteetan Kubako tabako produkzioa izugarri igo zen konpainia honi esker. Habanako Konpainia akzioen bidez sortu zen, eta akziodunen artean euskaldun ugari aurki daitezke, batez ere nafarrak eta gipuzkoarrak: Arostegi, Basabe, Goienetxe, Iturralde, Zuaznabar... Urte batzuen ostean Koroak tabakoaren "asientoa" kendu zion Habanako Konpainiari. Tabakorik gabe konpainiak nekez egin zuen aurrera, azukrearen negozioari nola hala helduta.

Caracaseko Konpainia ezagunagoa da agian. Donostiako kontsulatuak eta merkatariek sortutako konpainia honek Venezuelako kakaoa zuen helburu, baina horretaz gain tabakoa ere ekarri zuen Ameriketatik. Dena den, konpainiak aurkari gogorrak izan zituen, holandarrek aspaldi sortu baitzuten venezuelar tabakoarekin merkatal sare sendoa. Gipuzkoarrek, tabakoa Cadiz edo Donostiara eraman eta gero, Amsterdamera bidaltzen zuten, bertan manufakturatu zezaten. Jakina den bezala, merkatal pribilegioa galdu zuenean desagertu zen Caracaseko Konpainia, 1778an.


Tabako kontrabandoa Euskal Herrian

Eta zer gertatzen zen Euskal Herrian tabakoarekin? Foruen bidez, Hego Euskal Herriko probintziek zerga sistema berezia zuten. Oinarrizko produktuentzako aduanak ez zeuden kostaldean, barrualdeko mugetan baizik. Oinarrizko produktu horien artean dago tabakoa. Bilbo edo Donostiara inolako trabarik gabe iristen ziren Ameriketako tabakoak eta horrek, hala beharrez, kontrabando emankorra sortu zuen.

Gipuzkoa eta Bizkaiko kostara "Brasil" tabakoz beteriko barku holandarrak eta ingelesak iristen ziren behin eta berriro. Caracas eta Habanako konpainiek ez zieten sekula itzalik egin. Horretaz gain, Donostian, Baionatik ekarritako tabakoa sartzen zuten. XVII. mende amaieran, donostiarren merkatal jarduera okerrenean zegoenean, Baionakoek sartu zuten tabako gehiena Gipuzkoan, Donostiako portutik. Iparraldetik bestelako tabakorik ere sartzen zen muga pasata: bertako faktoria eta plantazioetatik ateratakoa. Nafarroari dagokionez, erreinuan estanko sistema berezia zegoen eta etekinak berarentzat izaten ziren.

Gauzak horrela, agerian zegoen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, kontsumitzen zena baino askoz ere tabako gehiago sartzen zela eta sobera zegoen hori kontrabandora bideratzen zela, Gaztelara batez ere. Horrek, Espainiaren eta euskal probintzien arteko auzi eta liskar ugari ekarri zituen mendeetan zehar: lehenak kontrabandoa geldiarazteko neurriak hartu nahi zituen, bigarrenek berriz ez zuten konpetentzia kentzerik nahi. Soluzioa izan zen probintzien esku uztea lurralde hauentzako tabako estankoaren kudeaketa. Hala ere, kontrabandoa eragozteko zigorrak, indarra eta kontrola izan ziren ohikoena: Oiartzunen, bertako alkateak bizilagun bat salatu zuen mikeleteek bere lurretan tabako plantazio bat aurkitu zutelako; Hernanin, 1770ean aguazila auzitan sartu zuten tabako kontrabandoagatik atxiloturik zuen pertsona batek ihes egin ziolako; Bergaran, Tolosako bizilagun bat izan zen auzitan sartu zutena tabako kontrabandoagatik, "bi fardel tabako hostotan eta beste bat tabakoa hauts bihurtuta" zeramatzan. Euskal Herriko artxiboak tabako kontrabandoarekin zerikusia duten horrelako dokumentuz gainezka daude.


Tabakoa, ohituratik modara

Tabakoa beti landatu izan da Euskal Herrian, eskasia garaietan batez ere, Gerra Zibilaren ostean adibidez. Normalean gauza bitxi bezala landatu da, ezkutuan, eta kalitate txarrekoa. Tabakorik ez zenean, beste landare batzuetako zuztarrak eta hostoak ere erretzen ziren: artabizarrak, patatorria... XX. mende hasieratik tabakoa zigarro txikitan edo zigarrotan erretzeko moda zabaldu zen Europa osoan. Dirurik ez zuenak tabakoa txikituta erosi eta berak biltzen zuen zigarrotxoa Zig-Zag edo Bambú markako paperarekin. Euskal Herrian Gener tabako marka oso ezaguna zen, soltean erosi eta libratan neurtzen zen. Diru pixka bat zuenak egindako zigarrotxoak erosten zituen, ordukoak dira Frantziako Gitanes eta Gauloises zigarrotxo beltz famatuak. Tabako rubioa, suabeagoa, mende hasieran sortu zen, baina beltza gehiago erretzen zen oraindik. Espainian Celtas edo Ideales markak dira ezagunak. Zigarro puruak ere aberats jendearentzat ziren, "habanoak" batez ere. Pipa sinbolo bat bilakatu zen, eta pobreenek igeltsuzkoa erabiltzen zuten bitartean, aberatsenek tailatutako egurrezko pipa izaten zuten ahoan.

Zinemak asko eragin zuen tabakoa zabaltzeko garaian. Hogeiko hamarkadan neska aktoreak zigarrotxoak erretzen ikusteak, hiriko neskatila asko horretara bultzatu zituen. Baina hala ere, emakumeek erretzea ez zegoen ondo ikusia euskal gizartean. Euskal Herriko zenbait nekazal herritan ordea, bazeuden tabakoa erretzen zuten emakumeak, baina hauek salbuespena ziren. Itxurak garrantzi berezia zuen eta tabako inguruan parafernalia handia sortu zen: metxeroak, petakak, bokilak... Beraz, tabakoa, ohitura izatetik moda izatera pasatu zen XX. mende korapilatsuan.

Donostiako tabako fabrika: Tabakalera
Donostiako Tabakalerako eraikinak protagonismo itzela hartu du azken garaietan. Bertan jartzekoa omen dute Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunea. Baina nondik dator eraikin hori? Zein da bere historia?

Bilbo eta Donostiako tabako fabrikak 1878an egin ziren. Foruak abolitutakoan tabako estankoa Hego Euskal Herriko probintzia guztietan ezarri zuten, Espainiako probintzietan bezalaxe. Tabakoaren salerosketa Estatuaren menpe geratu zen eta bi fabrika ireki zituzten, bi hiriburuek karlista gerran erakutsi zuten "leialtasuna" saritzeko (Bilbo eta Donostia liberalak ziren). Bilboko tabako fabrika Santutxun zegoen, Begoña ondoan, gerrate karlistetan babesleku eta koartel bezala erabili zen lau pisuko eraikinean. Donostiakoa, Garibai kalean jarri zuten, Probintziak biltegi bezala erabiltzeko egin zuen edifizioan. Fabrika honetan lanean hasi ziren ordura arte tabako faktoria txikietan zebiltzan langileak. Konstituzio plazan, esaterako, bazegoen faktoria horietako bat, baina Garibai kaleko fabrika egindakoan desagerrarazi zuten. Tabakoa ez zen libreki salduko ordutik aurrera, Estatuak jarritako denda edo "estankoetan" baizik.

Donostiako Garibai kaleko fabrika laster txiki geratu zen eta tabako fabrika berria eraikitzeko proiektuak egiten hasi ziren. Lehenengo momentutik pentsatu zen fabrika berri horrek Egia auzoan izan behar zuela, trenbidearen ondoan. 1912an bukatu zuten gaur egun Tabakalera bezala ezagutzen den eraikin handia. Hiru nabe ditu alderik alde eta beste hiru gurutzatzen zaizkio, horietako bat nabe zentrala. Guztira bost patio ditu barrualdean. Eraikinak 13.000 metro koadro ditu eta 2.169.500 pezeta. gastatu zituzten hura egiten. Baina Tabakalera ez da fabrika soila, arkitektura eta estilo aldetik eraikin dotorea da eta ez industriala. Kasu bitxia garai haietarako. Bertan, batez ere, zigarrotxoak egiten ziren. 1913an 140.000 zigarro (puruak) eta 27 milioi zigarrotxo egin ziren bi hilabetean. 1950eko hamarkadaz geroztik fabrika mekanizazio prozesu batean sartu zen eta langile kopurua gutxitu zuten. Donostiako tabako fabrika orain urte gutxi saldu zuen Altadis-ek (Tabacalera S.A-ren ondorengoak) eta orain ikusteko dago bertan zer egingo duten.


Donostiako "zigarrerak"

Jakina den bezala, tabakalera guztietan emakumezko langileak gizonezkoak baino gehiago ziren. Emakumeak eskulanak egiteko abilagoak omen. Donostiako kasuan ere, emakumeak askoz gehiago ziren: garai oparoenetan 1.200 langiletik gora izan zituen fabrikak, horietatik 900 baino gehiago emakumezkoak. Donostiako zigarreren lanpostua ez zen txarra beste batzuekin alderatuta. Soldata ona jasotzen zuten (beste fabriketako gizonen parekoa) eta lanpostua heredatu zitekeen. Dena den, ez zuten jubilaziorik, horregatik normala zen zigarrera batek hil artean lanean jarraitzea.
Zigarrerak askotan azaldu dira literaturan, mito bilakatuta, batez ere Sevillakoak. Baina horretaz gain, edo horren harira, langile borrokaren abangoardia ere izan dira zigarrerak. Ez dira gutxi tabako fabriketan emakume hauek egin zituzten grebak eta protestaldiak. Donostiako fabrikan, beste fabrika batzuk baino txikiagoa izanagatik ere, indar berdinarekin borrokatu ziren.


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude